San Valentin –
Doinua: Ez nau izutzen negu hurbilak III
Gogoratzen dut; terraza baten
pote bat hartzen genbiltzan,
laguntasunak eskaintzen duen
konfiantzaren gerizan.
“Maitemindu naiz!” esan zenuen
gure txaloen peskizan,
“holako ezer ez dut sentitu
inorengatik bizitzan”.
Ta deskribatu egin zenuen
ia jainko bat bailitzan;
tipo majoa ematen zuen
beti gertatzen den gisan.
Nahiz eta zure hitzetan dena
zen lausengu ta opari,
nahiz hiru bihotz ipini bere
whatsappeko izenari,
haren ondotik, haren ondoan,
diferente zeunden, kari…
Apalago ta itzaliago
denok zintugun nabari.
Utzi zenion ia kolpetik
juergan ateratzeari,
ta gutxinaka larunbatetan
gurekin geratzeari.
Ta bakarrik behin ikusi ditut
zure bi betazalak blai:
“hauxe esan dit, hauxe egin dit”
kontatu zenigun ta ai…
Guk ere entzun izan ditugu
kanpotik zenbait gauza, bai;
zure ondoan gaude benetan,
nahi duzunerako, noiznahi.
Baina ondoren esan zenigun
“jada ondo gaude, lasai”,
argi utzirik ez zenuela
gaiaz berriz hitz egin nahi.
Eta ez pentsa, gizon ugarik
badakite teoria:
kuadrilla ongi tratatzen dute,
aiba(!), baina ez nobia.
Mantendu nahian beti gainetik
beraien kategoria,
nahi duten eran giratuz gure
sentimenduen noria.
Gaur ikustean piztu egin zait
amorruaren goria
San Valentinen biok batera
igotako story-a.
Nahiko nizuke esan “tipoak
txikitzen zaitu zeharo,
kontrolatu du zure bizitza
bere nahieran luzaro.
Badakit zer den, noizbait ni ere
izan naiz horren esklabo,
ta ohartzea benetan zaila
dela ondo dakit, klaro”.
Nahiko nizuke esan “harreman
hau utzi beharra dago”,
baina ez dut nahi alden zaitezen
nigandik are gehiago.
Nahiz ez dakidan azkenaldian
egina duzun negarrik,
nahiz ez dakidan pairatu duzun
zelo edo hitz zakarrik,
nahiz hartu dudan denbora hontan
ziur erabaki txarrik,
saiatuko naiz mantentzen beti
zure alboan, itzarrik,
jakin dezazun hau uztekotan
badagoela biharrik,
ta bera gabe zu zeu zarela
ta ez zaudela bakarrik.


