Eta gu hemen –
Doinua: ezezaguna
Pisua zeri eman
ta zeri ebaki
ezin dugunez horren
erraz erabaki,
bertso batzuk jartzera
noa zalantzati
azkenaldiko nire
buruhauste bati.
Esan gabe gehiago
ez dut aguantatzen:
mundua ari dira
suntsitzen, zanpatzen,
borrokak gutxiesten,
patrikak hanpatzen,
eta gu bitartean
bertsoak kantatzen.
Ez diot gu garenik
horren errudunak,
baina pisua hartu
izan dit garunak
pentsatzean, izanik
honen jakitunak,
ba al duen zentzurik
egiten dugunak.
Demagun: larunbata,
bertso bazkaria;
aipatu ditut Gaza
ta Groenlandia.
Baina ez dakit gure
bertso-emaria
den guk uste besteko
ekarpen handia.
Ez dadila, bederen,
hau gaizki ulertu,
diot, nahiko bagenu
mundurik edertu,
ezin dugula egin
basoa desertu,
bertso bat bota eta
gero desagertu.
Nahi badugu bertsoak
eragin dezala,
– ze guztiok horixe
nahi dugu, ez ala? –
hau entenditu behar
da, nahitaez, hala:
borroka egiteko
modu bat bezala.
Bai, igual bertsootan
ikaragarrizko
txorakeria jarri
dut super-lodixko.
Lasai egon pentsatu
baduzu “ze kristo?”,
igual nire mobida
bat da eta listo.


