Leire Ostolaza: "Izan dut bolada bat oso bertsozale izan ez naizena"

Leire Ostolaza –

Julene Frantzesena, Azpeitiako GUKAn.


Leire Ostolaza
Leire Ostolaza, Soreasuko kulturgune atarian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Leire Ostolazak modu askotan bizi izan du bertsolaritza; barrutik, gertutik, urte batzuetan; kanpotik eta urrunetik, besteetan. Itzuli da agertokietara, Gipuzkoako Herriartekoarekin, baina argi du horretan ez duela urrats gehiago egingo. Haren ustez, ez dira gauza bera bertsotan egitea eta bertsolaria izatea. Martxoko Azpeitia Guka aldizkariko elkarrizketa da hau.

Bertsolaritzat ez du bere burua Leire Ostolazak (Azpeitia, 1978), bertsotan ederki moldatzen den arren. Bertsoaren mundura sartu-irtenean ibili da gaztetatik, eta berriz itzuli da plazara, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketarekin. Bertso eskolaren bueltan ezagututako lagunek osatu dute lehiarako taldea; Zaharrak Berri izendatzea horren erakusle. Kazetariak lehen saioa irabazi ondotik egin dio elkarrizketarako proposamena, eta hark baietz. Hitzorduan lasai jardun du hitzak josten.

Herriarteko Txapelketarekin itzuli zara plazara. Zer moduz?

Oso gustura. Plazarako beldur handia nuen, urtean saio bakar batean parte hartzen dudalako –Inpernue soziedadean kaldereroen bueltan egiten den bertso afarian–. 2017ko Herriartekotik, saio horretan soilik kantatu dut; bederatzi urtean ez dut gehiago jardun. Lehen saioa ondo atera zen, baina ederrena bertsolariok berriz elkartzea izan da. Herriartekorako prestatzeko, saiatu gara astean ordubetez-edo juntadizoa egiten, entseatzen, eta batzuetan luzatu ere egin zaigu kontua; afaldu, kantatu eta gero ezin etxera joan. Bertso eskolari esker, Ministrok [Aritz Etxeberria], Jokinek [Uranga], Beñatek [Lizaso] eta laurok gazte-gaztetatik ezagutzen dugu elkar, eta ordutik urteak pasatu badira ere, elkar oso ondo ezagutzen dugu. Agertokiko estutasunetan nabaritzen da hori.

Asko kostatu al zaizu berriz agertokira igotzeko pausoa ematea?

Erraz utzi nuen bertsolaritza, hala egokitu zelako eta neuk hala nahi izan nuelako. Sufritu egiten nuen, bai bertso saioaren aurretik, bai ondoren, eta ondo ateratzen ez zenetan, are gehiago. “Hau ez dun niretzako”, esaten nion neure buruari, eta utzi egin nuen. Saioaren aurretik beti izaten dut ondoez moduko zerbait, baina heldutasunarekin eta urte batzuk gehiagorekin, lortu dut neure burua gehiago kontrolatzea; Azpeitiko hitzorduan, adibidez.

Zaharrak Berri izena jarri diozue taldeari. Zaharrak Berriz ere izan zitekeen, ezta?

Zaharrok berriz elkartzeko aukera izan dugu, bai, eta egia esan, ez dut uste ezer berririk egingo dugunik. Taldeko kide denok nahiko bertsokera klasikoa daukagu, Ministrok kenduta; haren klasikotasunak umoretik asko dauka. Bertso bakoitza da berria, eta agian, urteek eramango gaituzte lehen esatera ausartzen ez ginen gauzak kantatzera.  

Filtroa galtzen hasita zaudela esan nahi al duzu?

Adinarekin filtroa pixka bat ezabatzen joaten dela uste dut [barrez].

Zer moduz txapelketarako prestaketak?

Oso gustura ari gara. Bertso eskolarik ez dugu zapaldu, baina elkartu gara. 2017ko Herriartekoa prestatzeko bizpahirutan elkartuko ginen, gehienez; aurten, baina, gehiago ari gara entseatzen. Abuztuan deitu zidan Ministrok Herriartekoa zetorrela esanez, eta erantzun nion bertsolaritzatik oso urrun nenbilela. Gero Beñatekin ere hitz egin nuen, eta esan nien nire beharra zegoela ikusten bazuten, taldea osatzeko beharra bazuten, animatuko nintzela. Kontuak kontu, urrian hasi ginen elkartzen; Jokinen elkartean, Landetan, edo taldera batu diren hiru fitxajeetako baten soziedadean [Xuban Gallegok, Oihana Elduaienek eta Oihana Arangurenek osatzen dute taldea], Inpernuen. Egia esan, kide horiek akuilu lan izugarria egin dute, bizitasuna ekarri dute taldera. Izan ere, gu pixka bat utziak-edo gara… 

Kantatu zenuen Herriartekoaren lehen saioaren ostean, jaso al duzu feedbackik?

Bai, agertokitik jaitsi eta berehala, neure adin bueltako emakume bat etorri zitzaidan zeinen ondo egin nuen esatera. Gauzak ondo ateratzen direnean, gustura entzuten dira halakoak. 

Bizikletan ibiltzen ez dela ahazten diote. Gauza bera gertatzen al da bertsoarekin?

Baietz esango nuke. Dena den, ez dakit lehen ere zenbateraino genekien bizikletan ibiltzen. Urte askotan jardun gabe egon baldin bazara, kostatu egiten da bertsoa osatzea. Pentsa, prestatzen hasi ginenean ez nintzen botila hitzarekin errimatuta bertsoa osatzeko gai izan. Dena den, jardunarekin, bertso batzuk entzunez eta abar, hartzen duzu berriro martxa; orain errazago aurkitzen ditut oinak. Eta doinu aldetik ere baleko nabilela uste dut. Bagabiltza bizikletan. 

Bertso etenean izan zaren urteetan, zarata handirik atera gabe, baina kantatu duzu saio batean. Inpernuko bertso saioak balio izan al dizu bertsoarekin duzun lotura txiki hori mantentzeko?

Bai, urteetako isiltasuna saio horretan hautsi izan dut, nahiz eta urteko gainerako egun guztietan bertsoarengandik oso aparte ibili naizen. Gertuko jendea joaten da saio horretara, eta bederatzi urtean, batzuk joan eta besteak etorri, entzule ugariren aurrean jardun dugu. Dena den, bertso saio pirata izaten da, jendea aztoratu egiten da, eta kontzentrazio arazoak izan ohi ditut, giro bikaina egoten delako. Urteotan bertsoari heldu dion soka izan da niretzat saio hori. 

Bertsolaritzatik oso urrunduta egon zara gainerakoan, beraz. 

Bai, oso. Azpeitiko Eroskin hainbat urtez jardun nuen lanean, eta 2019an, lankide batek eta biok kooperatibatik irten eta frankizia gisa hartu genuen Eroski saltoki bat Astigarragan [Gipuzkoa]. Enpresa munduan sartu ginenetik, bestelakoa da lanari eskaintzen dioguna. Dena den, ordurako ez nuen lotura handirik bertsoarekin. Bolada batean dena izan zen niretzat, baina 2005ean, alabetako bat jaio zen, urtebetera senarra gaixotu zen, lan egiten nuen, eta… Bizitzak nahikoa lan eman zidan, eta gauza batzuk baztertu egin nituen. 

Egiatan, bertsolari batek ba al du bertsolaritzatik erabat aldentzeko aukerarik?

Erabat aldentzerik ez dauka. Izan ere, inoiz bertsolari izan baldin bazara, bertsozale izan zara aurretik. Hitzekin jolasten duzu, belarria joan egiten da errimetara nahiz doinuetara… Baina izan dut bolada bat oso bertsozale izan ez naizena. Joan naiz txapelketetara eta entzun ditut inoiz bukatzen ez diren zortzi edo bederatzi puntuko bertso horiek, baina nik nahiago ditut ahozkotik gehiago duten bertsoak; ondorioz, saio batzuk astunak egin zaizkit. Eduki dut desengainu momentu bat bertsoarekin, baina igual izan da ez nengoelako gertatzen zen guztiari adi; izan ere, beti egon da martxan niri gustatzen zaidan bertsokera hori ere.

Herriartekoarekin piztu al zaizu berriro bertsozaletasuna?

Bai, hala da. Lehen baino adiago nago, publikoari zor diodan errespetuagatik, nahi izaten baitut gauzak duin egitea. Ezin da edozein moduz jardun.

Leire Ostolaza

Gazterik hasi zinen bertsotan. Nolatan?

Ez neukan agertokira ateratzeko harrik, oso bultzatuta irten nintzen, besteek bultzatuta. Izan ere, 14-16 urte nituela, bertsoak idatzi egiten nituen, baina ez nuen bertsolari izateko ametsik. Pentsa, Eskolarteko Txapelketan lehen aldiz 18 urterekin parte hartu nuen, eta irakasle batek eman zuen nire izena; ez nintzen neu apuntatu. Gipuzkoako finalera iritsi nintzen, eta gero Euskal Herrikora, baina egoeraz oso kontziente izan gabe. Gerora, ibili nintzen gazteen txapelketetan, Erniarraitz txapelketan eta abar. Ez nintzen neure ekimenez hasi, ordea, eta, beraz, ez nuen batere sufritu lagatzeko sasoia iritsi zenean. Orain Herriartekoan ari naiz, baina ez dut izenik emango Gipuzkoako Txapelketan; ez daukat batere asmorik.

Zerk gerturatu zintuen bertsolaritzara?

Ama Aiakoa da, eta aita Arroakoa zen; biak baserritarrak. Gurasoen kotxean beti entzuten genuen trikitia, eta ni betidanik izan naiz kantazalea. Kanten hitzak berehala ikasten nituen, guzti-guztiak, eta kantatzen jarduten nuen, isildu ere egin gabe. 1991-1993 urteen bueltan asko bertsozaletu nintzen; orduan izan zen Gipuzkoako Txapelketa ere, eta orduan hasi ziren Hitzetik Hortzera ematen Euskal Telebistan. Uste dut eragina izan zuela saio hark nigan, nahiz eta ordurako banuen hitzarekiko zaletasuna. Lehen bertsoa jendaurrean 14 urterekin kantatu nuela uste dut, jolastokian, irakasle batek erretiroa hartu zuela eta; eta [Mikel] Ugalde izeneko irakasle bat izan genuen institutuan, euskara saioak ematen zizkiguna, eta haren bidez Azkoitiko bertso paper lehiaketara aurkeztu nintzen eta saria irabazi nuen. Gero etorri zen Eskolartekoa. Bertsozalea nintzen arren, ustekabean hasi nuen bidea. Parrandan ere bertsotan jarduten genuen maiz. 

Zer da bertsoa zuretzat?

Hitz egiteko eta gauzak esateko era polit bat, gauzak esan baitaitezke kantatuz eta errimatuz, eta gainera, arrazoituz. Gauzak esateko modu zoragarria da bertsoa, ondo ateratzen zaizunean, baina gehienetan lotu ezina ere sentitzen dut nik. Gustatzen zaidan bertsoa oso lotua da, goitik behera josia. Imanol Lazkanok beti esan ohi du hizketan jardutea bezalakoa dela bertsoa, baina hori lortzea oso zaila da.

Zerk egiten du pertsona bat bertsolari?

Gauza bat da bertsotan egiteko gaitasuna edukitzea, eta hori, gehiago edo gutxiago, badaukadala uste dut. Bertsolari izatea beste kontu bat da, ordea. Bertsolaritza ofizioa da, nolabait esateko, eta ertz asko ditu. Bizimodu oso gogorra iruditzen zait bertsolariarena; oso besteei emana, oso besteen lekura egokitu beharrekoa –ordutegiak, lekuak…–. Nire bizitzarekin bat ez datorren jarduna da. Bertsoak egitetik haratago doan zerbait da bertsolari izatea. Bertsotan ondo egiten duen jende asko dago, baina bertsolari izateak bertsolaritzatik bizitzea esan nahi baldin badu, ez dira asko. Ez da sekula izan hori nire helburua, ezta ametsa ere.

Bada Erniarraitzen sorrerako argazki bat, Enparan dorretxearen aurrean ateratakoa. Hamahiru lagun ageri zarete, eta zu zara emakume bakarra. Zer oroitzapen dituzu garai haiez?

Ia nahi gabe jakin nuen bertsotan egiten nuela. Idazten hasi nintzen, eta kolpera kantura egin nuen jauzi. Azpeitia herri bertsozalea zen, bertsolariak hainbat ziren, baina ez zegoen egiturarik; ez zegoen bertso eskolarik. 1999koa da argazkia, oker ez banago. Sasoi hartan, Herriarteko Txapelketaren bueltan, egin zituzten hainbat bilera Meola tabernan, eta ordurako bertsotan zebiltzan hainbat lagunek eta orduantxe hasten ari ginenok elkarrekin topo egiteko zortea izan genuen. Erniarraitzen sorrera hortik etorri zen.

Nolakoak izan ziren hastapenak?

Oroitzapen oso onak ditut. 20-21 urte nituen orduan, eta aitakeria pixka bat bazegoela esango nuke, bertsolari zaharragoen aldetik; esne mamitan bezala sentitzen nintzen, oso zainduta. Gozo hartzen ninduten, lore asko botatzen zizkidaten, asmo onenarekin [barrez]. Gaur egundik begiratuta, agian, gehitxo izango zen, baina bakoitza bizi den aldian bizi da. Gerora, Erniarraitzen estimu handia diedan kideekin jardun nuen lanean; adibidez, Laxaro Azkunerekin. Langile nekaezina da, beretik asko ematen duena, eta harekin harreman oso ona izan dut beti. 

Argazki hartatik majo aldatu da bertsolaritzaren estanpa…

Orain emakume ugari dabiltza plazan, zorionez, eta gauza asko ari dira aldatzen. Izan ere, plazara ateratzen denean, emakume bati ez zaio eskatzen gizonak egingo duen gauza bera egiteko. Emakumeek besteek esango dutenaren zama dute gainean, haiei egiten zaien juzgua bestelakoa da, batez ere, umorearen aurrean, aldrebeskerien aurrean. Barreak ez lirateke berdinak izango gizonek bertsotan hartzen dituzten rolak emakumeek hartuko balituzte. Herriartekoan parte hartzeko erabakia horregatik ere hartu dut, hein batean: nahi nuen andreak ere hor gaudela erakustea. Emakume gazteak agertokira igotzea ondo ikusten da, andreak igotzea baino hobeto, eta hori gertatzen da, askotan, geuk egiten dugulako pausoa alde batera. Nire alabei erakutsi nahi diet bagarela nor eta badaukagula orain azaldu eta orain ezkutatu ibiltzeko eskubidea. Emakumeek bertsolaritzan espazio handia dute oraindik konkistatzeko.

Urteak pasatu badira ere, berriro elkartu zarete sasoi hartan taldeko gazteenak zineten bertsolariak. Aliatuak al ziren zuretzat atzera taldekide dituzunak?

Seinalerik onena da berriro elkartu izana, ez baitugu galdu orduan genuen harremana. Urte haietan, Lapatxeneko etxeen ondoan zeuden barrakoietan elkartzen ginen bertso eskolan, [Juan Jose Eizmendi] Loidisaletxerekin. Sasoi hartan hainbat saio egin genituen elkarteetan, eta orduan aurkitu nituen aliatuak, emakumeak, beste herri batzuetakoak: Amaia Agirre, Alaitz Sarasola, Nerea Elustondo… Antzeko jendea ezagutu nuen, nire antzeko egoeran zegoena eta nire modukoa zena. Geroztik izan da bertsolaritzan aldaketa, baina gu sekula ez gara izan señoritak, nahiz eta orain señorak garen. Etorri da bertsolaritzara beste irudi bat, beste kantatzeko modu bat, delikatuagoa, eta zoragarri iruditzen zait, era denetako emakumeak baikaude.

Zer etorkizun irudikatzen diozu bertsolaritzari?

Ez dut sentitzen bertsolaritza bukatuko denik, ez behintzat euskara bizirik den bitartean. Euskara nahikoa sano dagoen lekuetako erakusle nabarmenena da bertsolaritza. Pentsa, Herriartekoaren Azpeitiko saioan ehundik gora lagun elkartu ziren Korrale tabernan, inongo musikarik gabe, protagonista bakarrak mikrofonoa eta hitza zirela. Zahar eta gazte, emakume zein gizon elkartzeak erakusten du euskara bizi den lekuetan bertsoak baduela zerbait erakargarria. Bertsoa bizirik dago, euskara bizirik dagoelako, nahiz eta ikusten dugun gauzak ez doazela nahi bezain ondo. Kanpo eragin asko ditugu, eta kezka badaukat. Lan egiten dudan herrian, esaterako, guraso askok umeei eta txakurrei soilik egiten diete euskaraz, eta ez dira jabetzen umeek beraiek egiten dutena egingo dutela. Uste dut gurea badela mehatxatuta sentitzen denean erreakzionatzen duen herri bat, eta urte batzuk lasai egon garen arren, jendea piztu egingo delakoan nago. Zentzu horretan ondo etorriko zaigu mehatxua, piztu beharra bai baitaukagu.

Eta zer etorkizun du Leire Ostolazak bertsolaritzan?

Herriartekoan iritsiko gara iristen garen tokira, eta listo. 2017ko Herriartekoaren harira, sortu zen desafioren bat edo bertso saio informalen bat, baina hortik aurrera… Bertso Parranda edo halakoren bat egiten baldin badute herrian, akaso hartuko dut parte, baina gainerakoan, ez dut nire burua publikoaren aurrean bertsotan ikusten. Dena den, bada bertsoaren sokan mantendu nauen zera bat: ospakizunetarako-eta enkarguak. Horretan gustura jarduten dut, gustatu egiten baitzait esan beharreko hori esateko bertsoa eraikitzea. Gainontzean, bertsolari pila bat daude onak, eta nire beharrik ez dago; bakarra banintz, tira, segitu beharko nuke, baina ez dago falta handirik.

Zer eman dizu bertsolaritzak urteotan?

Lagun asko. Halaber, jende interesgarri asko ezagutu dut, nahiz eta ez naizen askorik ibili bertsotan. Ezagutza ere eman dit, baita nire buruari barkatzen irakatsi ere. Bestalde, asko kostatzen zait, baina nire burua baloratzen ere ikasi dut. Nire burua ikustea eta entzutea kostatu egiten zait; ez dakit hori emakumeok geurekin daramagun zerbait ote den, baina nik badaukat. Finean, bertsoak gauza onak bakarrik eman dizkit; txarra eman didanean, neu joan naiz atzeko lerrora. Tamaina onean ibili naiz.

Leire Ostolaza  Leire Ostolaza  Leire Ostolaza  Leire Ostolaza  Leire Ostolaza  Leire Ostolaza  Leire Ostolaza  Leire Ostolaza  Leire Ostolaza  Leire Ostolaza