Para que nos entiendan –
(Iñigo Aranbarriren artikuluari kizkurra ateraz)
Doinua: Horra sei bertso kale
Harro gaude Aitorren
hizkuntza zaharraz
denei ze altxor dugun
esan beharraz
dena da euskara on,
zuzen edo narrats
belarri-xuxurla fin
edo irain garratz,
oi, euskara aratz
garenaren ardatz
mitoen Reparaz
zapi ta gobaraz
ta gero Elustondo
plazan erdaraz.
Mutila jarri zuten
erregeen aulkian
fokoak bizkarrean
ta bekokian
hobe ez baldin balu
besteen aitzakian
gaztelera hobetsi
bere erabakian.
Galdera irekian:
euskara egokian
al gabiltz trotian
gabiltzan tokian?
Denok gara eredu
gure txikian.
Kirolak badu hainbat
kode ta balio
joko-arau librean
aldiz, adio!
Protokolo-kontutan
dena bozkario
baina hortik aurrera,
euskarak zer dio?
Balkoiko hitz-jario
solemne, serio
horri bai, dedio,
ondo eutsi dio!
Baina lagunartean
ez du balio.
Belarriak finduta
intentzio garbiz
aditu ze hizkuntzan
egiten dan hitz
terrazetan, parketan
ohituren emariz
Aia izan leike Madril
eta Sara Paris
lastoz eta gariz
deskorekan gabiltz
beraz, lasai, Aritz
segi aho handiz
hobeto ez geundeke
gugatik balitz.
Euskara eskatzen dugu
maiz ospitalean:
gero herrena gure
eginahalean.
Harluxet hiztegia
etxeko apalean
hantxe, lehenengo mailan
luze-zabalean
baina Realean
hiztunak alean
erdaraz kalean
ta ez bada bale han
berriz egongo gara
regionalean.


