Maia Ortiz de Zaratek irabazi du Arabako eskolartekoa

Maia Ortiz de Zaratek irabazi du Arabako eskolartekoa –
Maia Ortiz de Zaratek irabazi du Arabako eskolartekoa

Aramaioko Kultur Etxean jokatu zen Arabako Eskolarteko finala iragan larunbatean. 14 eta 18 urte bitarteko sei finalistak igo ziren oholtzara: Anitz Abarrategi, Jokin Onaindia, June Astegieta, Oinatz Basabea, Urko Lafuente eta Maia Ortiz de Zarate. Peru Abarrategi aritu zen gai-jartzaile lanetan.

Honakoak izan dira bertsolariek egin behar izan dituzten lanak, antolakuntzatik jakitera eman dutenez: zortziko handian bina bertso kantatu behar izan dituzte lehenik, kamerak jarri dituzten institutuko ikasleak, neba-arreben gurasoekiko erantzunak eta lagun minak ikastera nora joan izan dituzte hizpide. Zortziko txikiaren txanda izan da hurrena, hegazkin batean koarentenan elkar ezagutu duten ezezagunak izan dira, elkar gustoko duten talde bereko lagunak eta etxean bakarrik geratu diren anai-arreben ahotik kantatu dituzte ale ederrak.  Bakarka puntuei azkar erantzun ostean,  gaiari bertso bat botatzeko ordua izan da.

Mikel Fernandez de Arroiabe, Aitor Jimenez eta Oihane Pereak osatu duten epaimahaia, eta eurek deliberatu zuten Maia Ortiz de Zarate eta June Astegieta izango direla ekainaren 13an Arantzan jokatuko den Euskal Herriko finalera joango diren ordezkari arabarrak.

Unai Anda Arabako bertsolari txapeldun ordeak jantzi zion txapela Maiari, eta urtero txapeldunez txapeldun ibiltzen den egurrezko mikrofonoa jaso zuen Eli Zalduaren eskutik. 

Txapeldunaren agurra:

 

Ostiraleko denei bihotzez

milaka esker benetan

baina betoak nola darraien

aurten Gasteizko txosnetan

eta kamerak jartzen dabiltzan

guztion ikastetxetan

ikasleria isilik  eta

hotza nahi duten honetan

lehen lerroan egongo gara

istitutu zein kaleetan

 

Finaleko argazkiak eskegi ditu antolakuntzak, hemen ikusgai.

Maia Ortiz de Zaratek irabazi du Arabako eskolartekoa