Itxaso Paya
Itxaso Paya

2026-06-15

Numero gorritan

Numero gorritan –

2024 eta 2025 bitartean, Maria Rivero Campok eta biok eMcumeak antzezlana taularatu genuen Euskal Herriko hainbat txokotan. Satira musikala zen, baina barrearen azpian bazegoen serio hartzeko moduko gai bat: emakume sortzaile euskaldunen egoera kultur sisteman.
 
Numero gorritan
 
Antzezlanaren abiapuntua sinplea da. eMcumeak euskal emakume sortzaileen kontratazio-bitartekaritza egiten duen enpresa txiki bat da. Bulegoan lanean ari diren bi langileek egunero jasotzen dituzte herritarren, elkarteen, enpresen eta udalen deiak. Eskaera batzuk zintzoak dira; beste batzuk, ordea, ez hainbeste. Askotan ez dute artista jakin baten lana bilatzen, ezta proposamen artistiko jakin bat ere. Emakume bat behar dute. Euskalduna bada, are hobeto. Martxoaren 8rako bada, primeran.
 
Eta merkatuak berehala sortzen ditu bere arauak.
 
Horregatik, antzezlanaren unibertsoan, emakume sortzaileak fast food kate handi baten produktuak balira bezala saltzen ditugu. Katalogoa zabala da. Badugu Madalena LujanBIO, ekologikoa eta jasangarria. Anari Makrobiotikoa, zapore sakonekoa eta digestio geldokoa. Zopa Martina, uda zein negurako aproposa. Tallarines Osinaga, beti al dente. Flana Goitia, itxuraz gozoa eta barrutik are gehiago. Burgers Iriondo, klasiko moderno bat. Eta, noski, Zukuriñe Hidalgo, gure azken nobedadea.
 
Merkatuaren logikara eramanda, kultura ere produktu bihurtzen da. Eta artistak, markak.
Baina eMcumeak ez dago bakarrik negozio horretan.
 
Bere lehiakide nagusia Telepitxa da, sektoreko beste bitartekaritza-enpresa handi bat. Eta haren buru da Pepe Roni, antzezlaneko antagonista nagusia. Telepitxak dena azkarrago, merkeago eta eraginkorrago egin nahi du. Berdin dio edukia zein den; garrantzitsuena salmenta da. Pepe Ronik kulturaren merkantilizazio basatiena ordezkatzen du, baina baita emakume sortzaileen inguruan eraikitzen diren aurreiritzi, inertzia eta interes oportunistak ere. eMcumeak bulegoko langileak ahalegintzen dira sorkuntzari duintasuna ematen, baina Telepitxak etengabe zapuzten ditu haien planak. Sistema oso baten karikatura.
 
Testuinguru horretan, antzezlanaren une batean, eMcumeak bulegoak kasting berri bat zabaltzen du katalogoa handitzeko. Sortzaile berriak behar dira. Eta hautagaien artean azaltzen da proposamen harrigarri bat: bertsolaritza eta balleta uztartzen dituen artista bat. Oholtzara igo, eta honela aurkezten du bere burua, bertsoa botaz balleta dantzatu bitartean:
 
 
Plié, en dehors, en dedans,
deboulé bi; pin pan!
Lan asko izaten dugu
martxoak zortzitan.
Urtean baten baino
balitz hamabitan…
ez nintzateke egongo
numero gorritan.
 
Emakume sortzaile askoren lan-baldintzen inguruko egia mingotsa azaltzen du bertsoak. Martxoaren 8aren inguruan telefonoak sutan egoten dira. Programatzaileek deitzen dute. Udalek deitzen dute. Elkarteek deitzen dute. Denek nahi dute emakume sortzaile bat beren kartel edo programazioan.
 
Baina urteko gainerako egunetan?
Hor dago koska.
 
Interesa egun seinalatuetan pilatzen da askotan. Ikusgarritasuna efemerideetara mugatzen da. Aldarrikapena data jakin batzuetan kontsumitzen da. Eta artista asko, lan handia egin arren, hilabete amaierara iristen dira… numero gorritan.
 
Horregatik da bertso hori antzezlanaren une gogoangarrienetako bat. Umorez esaten duelako serioegi esanda askotan entzun nahi ez dena.
Numero gorritan