Badatorrela badatorrela –
Azken bertso sortako azken bertsoan hile hontako gaia aurkeztu nizuen. Leitzako Bertso Eskolak 25 urte bete ditu eta horri buruz sorta bat egingo nuela jarri nuen. Badakit ez zaretela horren zain egon, baina argitze aldera, hilabete atzeratuko dut lan hori. Gainera, nire buruari esan nion aurtengo hileroko nire lanean sortak bakarrik egingo nituela, ez nuela testurik idatziko. Bi aldiz huts eginen dut, beraz. Barkatuko didazue.
Eta zertaz hitz egiten du bertsolari batek gairik ez daukanean eta txapelketa urtea denean? Ezetz asmatu?

Aste hontan aurkeztu dute Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa 2026. Bertan kantatuko dudan heinean, ez naiz hasiko apustuak edo aurreikuspenak egiten, lasai. Txapelketa urteak bertso-mundua astintzen du goitik behera, edo behintzat, bertsolaritzan zentraltasun handia hartzen du. Beti esaten dugu bertsolaritza ez dela soilik txapelketa, baina beti erortzen gara tranpa berean.
Mugimendu asko gertatzen dira txapelketan. Bada bertsozaletzen den jenderik, baina bada bertsoaz nekatzen denik ere. Egunkariak eta hedabideak saio bereziak eta atal bereziak sortuko dituzte. Morboa eta interes bereziak bilatzen dituen kritikorik ere egongo da. Izango da saio guztietara joango den entzulerik. Batzuk haserre geratuko dira emaitzekin, besteak penaturik, gutxi batzuk pozik. “Sorpresa” emango duen/duten bertsolariak egongo dira. Ale gogoangarriak ere sortuko dira tartean. Petodun ugari ariko da lanean 6 edo 8 bertsolarik abestu dezaten. Gai berriren bat plazaratuko da, edo ez. Kiroldegiak eta aretoak goraino beteko dira. Sintonia berria entzutean ileak puntan jarriko zaizkie batzuei. Eta abar, eta abar…
Batzuei gogoa piztuko zaie hau irakurtzean, beste batzuei nagia.
Badatorrela, badatorrela…
Animo antolatzaileei, gai jartzaileei, epaileei, entzuleei, bertsolarien senideei, boluntarioei, langileei… eta noski, animo bertsokideei.
Pasa dezagun udazkena ahalik eta girorik onenean, bakoitzak bere onena ateratzeko ahalegina egin dezala eta izan dadila euskararen eta bertsolaritzaren festa handi bat. Besterik ez.

