Proaktibo –
Neu izan nintzen erruduna, azken aldian gehien gorrotatzen nuen hitzarekin gainera. Ez dakit nondik nora etorri zen “proaktibo” hitza, baina gorroto dut. Nahiko lan lehen aktiboa izaten, eta orain aktiboa nahiko ez, eta jarrera proaktiboa izatea eskatzen dute. Curriculumetan ere ikusi dut bai eskatzen bai eskaintzen. Ze mierda da proaktibo izate hori? Zer da pro + aktibo, oso pro eta oso aktibo, aktibo premium bat? Ze ostia da? Inor ez da proaktiboa bere lagunekin, imajinatzen? Bakarrik testuinguru estupido batean izan zaitezke proaktiboa. Kaixo Lur naiz, jatorra eta proaktiboa. Ba, beittu, Lur, segi handik, han baso handi bat daukank proaktiboa izateko, joan eta galdu hadi.Eta neuk hitza sartu bertsolaritzan! Mia mamma.
“Peskisan”, “truk”, “Hamaika bertute” sufritu eta gero, orain, jaun-andreok, “proaktibo”.
Maiz gertatzen zait nahi ez dudan pentsamenduak agobiatzen nauela, gogoko ez dudan ametsak nire loa aztoratzen duela, maite ez ditudan oroitzapenek asaldatzen didatela oraina. Bertsotan, berdin, hor datozkit gehien gorroto ditudan errima mierda haiek denak… Bertsoa ez zihoan batere gaizki: nire beldurren mendira igo, ez ikara ez bertigo, jaitsi nadila orain astiro… Gero bi puntu labur nituen elkarren segidakoak… “Baditut mila motibo” bota nuen lehena eta inposizio bat bezala etorri zitzaidan “izateko proaktibo”. Bota nuen. “O(r)aindik ez bahaiz, hil ene lagun, bizitzari heldu berriro!” Han publikoaren marmarra, begietako dizdira, Maialen Lujanbiorekiko alderaketa deserosoak… “Auto-laguntza bertsoa”, ezagun eta lagunen zorionak, esker mezu anonimoak.. Uf.
Gainera, hedatu zen eta bertsoaren inguramaria osoa zikindu zuen, Prestigeko txapapoteak nola. “Horren proaktibo”, “oso proaktibo”, “proaktiboago”… Gipuzkoako txapeldunak hitz jokoa ere egin zuen: “proadiktibo”, eta horrek adarkatu zuen hitza, bere indarra biderkatu, jende guztiak nahi zuen proaktiborekin zerbait esan. Hitzaren kontrakoek ere, amorruz, baina finean hitza erabiltzera kondenaturik.
EHko Txapelketa dator, beldur naiz 48 bertsolari gehi beren laguntzaile, sparring, dealer eta abar zenbat entrenamendu proaktibo egiten ari diren.
Ezetz inork egin irristadarik. Mamma mia.

