Eli Zaldua Barquin
Eli Zaldua Barquin

2026-06-25

Coolpla berriak, kulpa zaharrak

Coolpla berriak kulpa zaharrak –

Doinua: Abadiño San Blasetan

Julen Zelaietaren “Coolpla berriak” sortari erantzunez

 

Akusazio larriak,
euskal gazteoi jarriak,
coolpla berriak bai baina
ez dira kulpa berriak

 

Interpelatuta asko,
sentitu naiz ipso facto,
beraz esan nahi nituzke
orain nik pare bat facto

 

Ez arrazoi ta ez froga,
aspalditik dator moda:
euskara galtzen badugu
gazteon kulpa_izango da

 

Hitz, jerga ta esamolde;
kontuan hartu amore:
euskal mailegugintzak du
aurretik nahikoa lore

 

Cringe, bro, txungo ta zera
egin ei dugu atzera…
Aparkatu, pizza jan ta
joan futbola ikustera

 

Antiojuak ta silla,
erriyua ta kuadrilla…
“Euskaldun jatorra”, noski,
tronuan gera dadila

 

Zenbat irri ta iseka,
baina ipini arreta:
segun nork egiten duen
ez da berdin ikusten ta

 

Esan behar dizut barkatu,
ez duzu ta debora-tu,
ondo pentsatu behar da
zer ta nondik kritikatu

 

EE.UU., española,
McDonald’s ta Coca-Cola,
toki askotatik sartu
diezagukete gola

 

Kapitalaren logika
ez dugu gauza polita,
agian horri zuzendu
behar diogu kritika

 

Uler dadin erasoa:
ardia eta otsoa,
haren gosearentzako
jana da mundu osoa

 

Zuentzat zen rock-kultura,
guk TikToken diktadura,
globalizazioak jarri
digu guzti hau eskura

 

Sistemak bere barnean
du hori ezinbestean,
beraz errua ez jarri
gazte batzuen gainean

 

Euskañolaren kartzela,
euskara dela, ez dela,
uler dezagun zergatik
mintzatzen garen horrela

 

Errudunen bila itsu,
ta eman nahian guri su,
nagusitzen ari dira
zenbait troll ta skill issue

 

Beraz, entzuten duguna:
Sabinoren oihartzuna,
hizkuntzaren oinarrian
jarriaz purutasuna

 

Ta hortxe doa fun fact-a:
garbizaleen matraka…
Horrela euskarak ez du
inoiz egingo glow up-a

 

Algoritmoen bultzada
ta diglosiaren karga…
Aldatu behar duguna
zapalkuntzen erroa da

 

Zerbait asmatu artean
bila dezagun bakean
euskararen clean look-aren
ta suizidioaren artean

 

Gazte, zahar eta nerabe
denok euskararen alde,
museotik ateraz ta
erruak ezarri gabe

 

Coolpla berriak kulpa zaharrak

 

Coolpla berriak

Coolpla berriak kulpa zaharrak