Unax Aizpurua da Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako irabazlea

Unax Aizpurua da Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako irabazlea –

Unax Aizpurua da Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako irabazlea

Iragan larunbatean jokatu zen Euskal Herriko Eskolarteko Finala Arantzan, Bortzirietan. Bertsozaleak leporaino bete zuten frontoia goizeko 11:3otan hasi zen saioan.

Ekhiñe Zapiain eta Eki Mateorena aritu ziren gai-jartzaile lanetan, eta oholtzan honako bertsolariak zeuden: Kattin Madariaga Apaolaza, Jon Abasolo Sarralde, June Astegieta Unzaga, Maia Ortiz de Zarate Idiakez, Adei Urbitarte Ayestaran, Kattalin Arabolaza Palomo, Nahia Etcheverry Lopepe, Iradi Barrenetxea Akesolo, Gana Berhokoirigoin Zubeldia, Johane Larre Salaberri, Unax Aizpurua Ibargarai, Kattalin Lizarraga Mendia, Leina Alkhat Larrandaburu.

Saioko lehen atalean bertsolariek honako lanak egin behar izan dituzte: zortziko handiko ariketan bina bertso osatu dituzte eta jarraian bina bertso zortziko txikian. Iradi Barrenetxea Akesolo, Kattalin Arabolaza Palomo, Kattalin Lizarraga Mendia, Kattin Madariaga Apaolaza, Nahia Etcheverry Lopepe eta Unax Aizpurua Ibargarai igar dira bigarren fasera. Banaka aritu dira atal honetan: lehendabizi lehen puntua emanda, bertso bat osatu behar izan dute zortziko txikian; gero, bertso bat osatu dute gaia emanda, gehienez bost puntuko neurrian.

Ondoren eman dute epaileek beren deliberoaren berri: Unax Aizpurua Ibargarai txapeldun, eta txapeldunordea Kattalin Lizarraga Mendia.

Hainbat sari jaso dituzte bertsolariek. Hasteko, udazkenean egingo den Ahots Bat Sormen egonaldian parte hartu ahalko dute finalistek. Antzerkian, kantugintzan eta literaturan ari diren gazteak ezagutu ahalko dituzte, sormen adierazpide horiekin jolasean gozatzen duten bitartean. Jarraitzeko, abenduan jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalerako sarrera ere jaso dute. Azkenik, liburu bana eskaini zaie: Maddi Ane Txoperenaren Zaldi bat edo Oihana Aranaren Zerua hemen liburuak.

Sari banaketa ekitaldian hainbat lagunek parte hartu dute: Bittor Elizagoien Etxegarai Bortzirietako Bertso Eskolarten sortzaileetako batek; Irati Alcantarilla Urdanpilleta Bertsularien Lagunak Elkarteko irakasleak, Nekane Artola Labordeta Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Oier Iurramendi Etxeberria Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak eta Peru Abarrategi Sarrionandia Arabako Bertsozale Elkarteko irakasleak.

Unax Aizpurua da Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako irabazlea