Xabat Illarregi
Xabat Illarregi

2026-07-20

Espainiarturik

Espainiarturik –

Mundiala den tresna sozial
politiko eskuindarra
iritsi da ta berriro piztu
zaigu futbolaren harra
Ahaztu zaigu zer den zapaltzen
gaituen Estatu zaharra
Eta etxeko bihurtu dugu
selekzio espainarra

 

Ez dakit ziur zer den sentitzen
dudan barne zoramena
kasu batzutan haserrea da
besteetan etsipena
zerk pozten eta pizten gaituen
pentsatu behar den lehena
Oiartzabalen gola ez baita
soilik Oiartzabalena

 

Futbolak duen euforiaren
ondorio da Espaina
azkarrak dira gure mesede
ta onerako ez baina
honekin sortu berri dutela
zuk badakizu nik haina
Euskal gazteak erdalduntzeko
makinaria bikaina

 

Garai batean zenbat sesio,
borroka, lan, oihu, sute…
Nork sinistuko ote zuen hau
orain dela hamar urte
Euskal ume ta euskal gazteak
ikusi izan duzu zuk e
Espainiaren kamiseta bat
normalizaturik dute

 

Zentzugabeko arrazoiketan
jardun dute bat edo bik
nahiz ta askotan isilik egon
ez sortzeko endredorik
“Soilik futbola dela” diote
“ez pizteko sesiorik”
eta orduan guk zergatik ez
daukagu selekziorik

 

Espainia ta Frantzia lotzen
dituen mila uztarrik
eragiten du oe-oe-ka
eustea hainbat eztarrik
Dagoeneko pentsatzen ari
naiz ez al gauden bakarrik
Edo ta kontra egiteko ez
ote daukagun indarrik

 

Nahiz gure hitzak ez diren kasik
ailegatuko inora
egoera hau iritsiko da
auskalo nork jakin nora
isilduko naiz, bukatuko dut,
nahiz ez geratu gustora
edo egia esatearren
norbait haserretuko da

 

Espainiarturik