Gurpila –

Doinua: “Esaminatu izanttut ongi / Basetxe eder maitagarria”
Dei lehor batek kanposantura
joan nendila agindu
didan unean euri langarrak
errepidea busti du.
Aterki beltzak estaltzen duen
pertsona bat da hurbildu…
Guztiz ulertu eginen nuke
agurtuko ez banindu.
Aurten ere bai doluz jantzita
dator urteurrenean.
Etorkizuna hurrandua du,
ahantzia onenean.
Hotzikararen indarrez zerbait
mugitu zait barrenean
Emmylou Harris If I Needed You
kantatzen hasi denean.
80 urte pare-parean
dituen pertsona baten
bizia zein den biziki zaila
egiten zait antzematen.
Zalantza badut pertsona bat den
iragana iragaten
edo gehiegi sufritutako
kaleko katu beltz bat den.
—Taxi honetan zenbat denbora
daramazu, zazpi urte?
Bakardadea zer den sekula
galdetu ote dizute?
—Pentsatuz gero… ba, sekula ez.
Amorratu da, nik uste.
Baldin tristurak begirik balu,
haren begiak lituzke.
Bakardadeak kezka dezake,
memoriak maiz meskaba…
baina nirekin beti mintzo da
filosofoen gisara.
—Memoriaren etsaia zein den
galdetzerik baldin bada
denbora dela erraten dute
baina isiltasuna da.
Mututu eta isiltasuna
bilakatu zait zerizan.
— Iritsi gara. — Pausa hartzeko
badu aski beharrizan. —
— Ez bustitzeko utziko zaitut
atariaren gerizan (…)
Eskudirutan ala txartelaz? (…)
Mila esker, ongi izan.

