Eli Zaldua Barquin
Eli Zaldua Barquin

2026-07-29

Traizioari jarriak I

Traizioari jarriak I –

Doinua: Izarren hautsa egun batean

Guztiok noizbait irentsi dugu
beste baten marketina;
gezur txikiren bat ahazteko
egin dugu ahalegina.
Laztan edota maitasun falta,
jokabide bat ez hain aparta
ez al da saihestezina?
Begirada bat, hitz bat, keinu bat,
idorra, desatsegina…
Desenkusatu eta barkatu
dugu nahi gabe egina.
Inor ez baita perfektu beti,
dena ezin da egin ederki…
Baina zerbait ezberdina
da traizioaren mina.

 

Traizioak zein du bere forma,
erliebea, hedadura?
Noiz, nola, nondik eta zergatik,
nork jartzen du sinadura?
Nahiz eta hitza egon kolokan,
beti zerbaiti esleitzekotan
zabaltzen da kutsadura:
dezepzioa, frustrazioa
amorrua ta ardura,
bizkarraldeko aizto zorrotzak
egindako higadura.
Beraz, ibiltzen gara gogotik,
momentu oro, harrez geroztik,
laztanduaz urradura,
sortu zaigun pitzadura.

 

Nik eman nizun zerbait nirea
ta zure eginkizuna
zen gordetzea eta zaintzea
ondo nitaz dakizuna.
Zabalik zure esku-ahurra,
begizta batez nire beldurra;
zure erantzukizuna.
Ta traizionatu egin nauzu ni
eta eskaini nizuna…
Espero gabe etortzen denak
astintzen du behazuna.
Hemen naukazu parean zutik
armarik gabe, xume, biluzik.
Nire zaurgarritasuna
da eskuan daukazuna.

 

Amorruaren sukarraz hasi
ninteke azkar irainka,
edo murgildu dezepzioan
arrazoiekin ezbaika…
Eta batere ez dut topatzen,
ezertxok ez du justifikatzen;
ezinegonak hamaika.
Beraz, zugandik alde egin dut
ahal bezala, nolanahika,
baina ez ote dut une oro
zerbait atzetik jarraika?
Dauzkat josteko nire zauria
faltan orratza, faltan haria,
gainditzea zaila baita
egin zenuena nahita.

 

Traizioari jarriak I
Arg: Rae Angela
Traizioari jarriak I