[KRONIKA] Zorionaren ataria

Zorionaren ataria omen da benetako zoriona. Esaldi horrek azal dezake urtarrilero Tolosako Leidor aretoan gertatzen dena. Tolosaldeko Atariak antolatutako bertso jaialdia izan zen hilaren 18an, eta, urteroko legez, bertsoaldi gogoangarriak utzi zituzten bertsolariek. Irribarretsu sartu eta asebeteta atera ziren bertaratutako 800 bertsozaleak.

Andoni Rekondo-(r)en argazkia Andoni Rekondo 2026-09-15
Argazkiak: Tolosaldeko Ataria

Zorionaren ataria –

Zorionaren ataria

Gehiegizko informazioaren garaian bizi garela esaten dute askok. Hainbeste iturrirekin zaila izaten da emaria edangarria den edo ez bereiztea, eta tarteka gezurrek sukalderainoko bidea egiten dute. Hain justu, zarata guztiaren erdian, arnasgune rola dute tokiko hedabideek. Tolosaldean, esaterako, eskualdeko 28 herriak uztartzeko eta lan egiten du Tolosaldeko Atariak, inguruan gertatzen denaren berri gertutik eta euskaraz emanez. Herritarrekin eta eragileekin elkarlanean osatzen dute eguneroko informazioa, eskualdeko sarea eta komunitatea indartuta.

Bertsolaritzarekin ere lotura estua du Atariak. Badira urte batzuk bertso jaialdia antolatzen hasi zirenetik, eta dagoeneko urte hasierako hitzordua ondo gordeta dago inguruko bertsozaleen agendan. Plazako oso saio gutxitan elkartzen da horrelako jendetza.

Sei bertsolari aritu ziren kantuan: Andoni Egaña, Maider Arregi, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Xabat Illarregi eta Onintza Enbeita. Gai-jartzaile lanetan, ohi bezala, Amaia Agirre aritu zen. Bertsoaldi onak eta hobeak eskaini zituzten denen artean, eta behin baino gehiagotan lortu zuten plaza lehertzea. 800 bertsozaleak irribarretsu sartu eta asebeteta atera ziren Leidorretik. Ez dago gehiago eskatzerik.

Lehenengo ofizioan, ordea, ataritik kanpora begira jarri ziren Ibarzabal eta Colina. Josu Jon Imazek Trumpi egindako maitasun adierazpenen harira, Xenpelarren ‘Iya guriak egin du…’ kantatzen gerturatu zitzaion Ibarzabal Colinari, lagunarteko mendi buelta egin bitartean.

Zorionaren ataria

N. Ibarzabal

Beraz Josu Jon bihurtu dala

erdi Yankee erdi Gringo

Dirua dute hauek mamitzat

euren arrautza gorringo

Ateak bira-biraka dabiltz

fuertego nork eragingo

Iya guriak egin du baina

hauenak ez du egingo

S. Colina

Erniyon gora abitu gara

gure motxila karraio

Ta Josu Jonen adierazpenek

jarri serio arraio

Beti baitauka nundik edan ta

beti baitauka nora jo

Lehendik ez zeukan jarrita baina

maskara erori zaio

N. Ibarzabal

Hor ari dira elkarri oihuka

mezu bat handik entzunda

Petrolioa dela lurpean

beraz Venezuela zunda

Baina ez al zaizu iristen Sustrai

kontraesanen burrunba

Oin trantsizio klimatikoan

garaia ez al gendun ba?

S. Colina

Nahiz trantsizio klimatikoa

ipini zuten abian

Kukuak beti jarri ohi ditu

arrautzak besteen kabian

Martxa honetan baietz ikusi

bihar-etzitan agian

Amerikako enbajadore

Josu Jon Groenlandian

Zorionaren ataria

Tokiko gai-jartzaileak

Tolosaldeko Atariak antolatutako saioak berezitasunik badu, Amaia Agirrek gaiak jartzeko izaten dituen laguntzaileak dira. Herriko, kaleko edota inguruko jendea igotzen da oholtzara, euren auziaren eta arazoen berri lehenengo pertsonan ematera. Nekane Berriotxoa Oneka Euskal Emakume Pentsionisten plataformako kidea izan zen lehenengo gonbidatua. Pentsiodunen egoera prekarioa salatu zuen, emakumezkoen egoeran azpimarra jarrita. Komunikatua irakurri ondoren, galdera zuzena egin zion Agirrek Arregiri: “Neska gaztea izanik, nola ikusten duzu egoera?”. Hiru bertso borobilekin erantzun zuen Arregik.

Zorionaren ataria

Kontuan hartu behar genuke

denok Nekanek esana

Emakumea beti nahi dute

etxean eta otzana

Horretarako ezartzen zaigu

gizonekin harremana

Kotizatzea kentzen zaigu ta

ukatu pentsio plana

Modu horretan ikusten dugu

kapitalak daukan drama

Sistemak beti baliatu du

ordaindu gabeko lana

Izan daiteke emakumea

izan trabesti edo gay

Hemen sistemak leku berdina

ez digu ematen denei

Ta aldarriak ezin ditugu

bihurtu zeruko hodei

Ta horregatik erakundeei

fuerte egiten diet dei

Dirua beti ematen zaie

makrokartzelei ta trenei

Milioietako aurrekontutan

zer da mila ta laurogei?

Beraz borrokan zabiltzatenei

segi hortan, segi aupa

Erakundeek ez dezatela

pribatizatzea hauta

Eta gazteen ikuspuntuak

ere kezkatuta nauka

Sarri askotan eztugu oso

serio hartzen gai hau ta

Nahiz ta abstraktuki egiten dugun

guk pobreziaren aurka

Goseak ere bere adina

eta generoa dauka

 

Arregirena ez zen arratsaldeko bakarkako borobil bakarra izan. Bertsolariek bereziki asmatu zuten langintza horretan, propio euren neurrira egindako gaiei erantzunez. Bizkaiko Txapelketa irabazteko falta izan zitzaion puntu erdia izan zen Enbeitaren abiapuntua, eta konparazio argigarri batekin azaldu zituen bere sentimenduak: “Esplikatuko dizuet/ konparazio batetan; gau osoan egotea/ tipo batekin olgetan; eta kobra egitea/ portaleko ateetan”. Egañak, berriz, azaroan Urbian zendutako Jose Luis Uribe-Etxeberria Txantxangorri artzainari kantatu zion, laguntasunetik sortutako ale hunkigarriak utzita: “Urepeleko artzaina/ ekarri didak gogora; hi ere ihes joan hintzen/ mendi hegaletan gora”.

Zorionaren ataria

Doinu eta neurri librean

Imajinatu ofizio berean bertsolari bakoitzak doinu eta neurri ezberdina erabiltzea. Zer irudituko litzaizueke? Esperimentu txiki bat egiteko aukera izan zuten Egañak eta Enbeitak Leidorren, segidilla eta hamarreko txikia tartekatuta.

Aiara Agirrezabala Realeko jokalari berastegiarra izan zen ofizioko protagonista. Bideo labur baten bidez eman zien testuingurua bertsolariei. Oraindik adin txikikoa denez, eliteko futbolean aritzeko dituen zailtasunak zerrendatu zituen, gurasoen laguntza eta ahalegina goraipatzearekin batera. Futbola eta gurasoak esaldi berean aipatuta, denoi datorkigu burura Egaña bezalako aita pelma bat, alaba futbolaria izatea beste helbururik ez duen horietakoa. Enbeita, ordea, bestelakoa da. Alaba futbolari profesionala duenez, ondo baitaki zein den errealitatea. Alaba txikia futbolariei sinadurak eskatzera bidalita, elkarrizketa emankorra abiarazi zuen Egañak…

Zorionaren ataria

A. Egaña

Kaixo egun on señora, itxuraz nolako lora/ Hemen naiz zuren onduan, normala degun moduan/ Realzalea naiz oso, ta sentitzen naiz eroso/ Gaur zure aldamenian, eta jakin detenian/ Aiaran ama zarela, horrela egin det bela/ Zuk daukazu paotxa…

 

O. Enbeita

Et, et, et… Apur baten

ixildu beharko

Bai Aiararen ama

ni neu naizelako

Baina erretolika

zuk utzi biharko

Zure frustrazioak

gorde zuretzako

Ez zara aita ona

alabarentzako

 

A. Egaña

Etzaite izan txepela, aita ona enaizela/ Zuk nundik dakizu hori, beti portatzen naiz ongi/ Beti hara ta hona, Tolosa, Villabona/ Hurrena Legorreta, edo Ikaztegieta/ Alaba banu Aiara, joan ninteke Aiara/ Edo berdin Brasilla, kaipiriñaren billa/ Zer-nolako inbidia, zuen alaban bidia/ Ezta batere errexa, eta ez zintezke kexa…

 

O. Enbeita

Zuk kabiarra nahi duzu

beti zure mahaian

Eta hortxe zabiltza

kontratuen nahian

ez dut jarraitu gura

zurekin ezbaian

Amaitu behar dugu

guk azken kanpaian

Ataskau egin zinen

Toshacken garaian

 

A. Egaña

Ai ene JB Toshack, hark eman zizkigun pozak/ Tipo haundia galesa, berdintzen ez da erreza/ Jardun degu jardun jardun, baina bukatu dezagun/ A zer-nolako parea, zure alaba nirea… Haiek dute sasoia, baina nik arrazoia!

Lore jokoak

Askotariko ariketak egin zituzten bertsolariek ia bi orduko bertso jaialdian. Ofizioak, bakarkakoak, puntu erantzunak, taldeko ariketak… Esperimentuak ere izan ziren tartean, marrazkilari eta guzti egindako saioxka barne. Hala ere, arratsaldea borobiltzeko ohiko formula erabili zuten: puntuka librean. Saioa ixteko ardura Illarregirena eta Colinarena izan zen, eta bixi-bixi egin zuten gertatutakoaren errepasoa, aurreko gai gehienetako erreferentziak erabilita. Halako batean, azken agurretan hain ohikoak diren loreek hartu zuten erdigunea.

X.I.: Ta zuk sare soziala

ibiltzen al duzu

S.C.: Nere sare soziala

ez ote zara zu

X.I.: Igual Twitterren gauzak

idazten dituzu

S.C.: Keba hortatik kanpo

hobeto naukazu

S.C.: Nere sare soziala

entzulea da ta

X.I.: Pelota egiten dabil

hau da hau pirata

S.C.: Zuk ere egin zazu

loreak botata

X.I.: Ni askoz hobe nago

hortik aterata

X.I.: Gazteak ez du inoiz

egin behar pelota

S.C.: Gazteak egiten du

munduaren kontra

X.I.: Nahiz ta gero ez dugun

egingo borroka

S.C.: Txikiak pentsatu ta

gero haundiak bota

 

S.C.: Benga esan lore bat

ez da ezer pasatzen

X.I.: Ba gaur ari naizela

gogotik gozatzen

S.C.: Eta saio bikain bat

bersotan osatzen

X.I.: Baina Hernaniko plaza

hobeagoa zen

X.I.: Lehenbizi ona eman

eta gero danba

S.C.: Lasai geratu al zara

egurra emanda

X.I.: Gero ospatuko dugu

trago bat edanda

S.C.: Esaiezu entzule

plazer bat izan da

Aparteko lorerik gabe, baina zoriontsu egin zuten bertsozaleek Leidorreko atarirainoko bidea.

Zorionaren ataria  Zorionaren ataria  Zorionaren ataria  Zorionaren ataria  Zorionaren ataria  Zorionaren ataria  Zorionaren ataria