Eli Zaldua Barquin
Eli Zaldua Barquin

2026-08-25

Traizioari jarriak II

Traizioari jarriak II –

Doinua: Izarren hautsa egun batean

 

Ezin da inor, inoiz, aurretik
honetarako prestatu,
ze traizioak molderik ez du,
ez aurrekari, ez patu.
Hortaz, zu nola egongo zaren
pentsatzen nabil, orain, dena den,
ezin burua freskatu.
Overthinking-ak egin aurretik
koadro osoa keztatu,
damuak jota zaudela, triste,
nahiko nuke baieztatu.
Itxaron nahian zure senari,
barkamenaren su-etenari…
Asko ez zara kezkatu
ez badidazu eskatu.

 

Pentsamenduen kateak, beraz,
barkamenera narama,
horixe behar izaten dugu
lurperatzeko labana.
Teorizatuz bere forma, ba,
Derridarentzat barkamena da
bete ezin den programa:
azken finean, balioa du
barkaezinean barna
―barkagarrian erraz gainditu
dezakegu iragana―.
Ta ortzimuga hor ezartzeko,
ba ote nago prest barkatzeko
barkatu ezin dudana
ni itzultzeko zugana?

 

Barneratuaz hipotesian,
ustean edo baldintzan,
berez nahi nuen irtenbideak
batera bila genitzan.
Imajinatzen nuen setatsu
barkamen eske zentozela zu,
ilusioen gerizan…
Baina bakarrik nago azalpen
ta arrazoien peskizan,
pomada edo ukendu bila,
arrakalak bete ditzan.
Berekoikeri hutsa al zen ba,
zure ekintzen zioa, senda?
Ta nor ez da ―zure gisan―
noizbait berekoia izan…?

 

Hortaz, aurrera egitekotan,
hainbat bide, zenbait modu…
Amorrua ta mendekua ez
nituzke nahi bizimodu.
Ta “justizia” hain da lausoa…
Eman behar dut lehen pausoa:
neure barrua atondu.
Irristakorra den hori ezin
baita sinpleki konpondu.
Barrenak behintzat askatu ditut
dena ez zedin odoldu.
Eduki arren, berez, xedetzat
sendabidea zauriarentzat,
lortu arte, orduz ordu,
denborak orbainduko du.

 

Traizioari jarriak II
Arg: Dương Nhân

Traizioari jarriak I

Traizioari jarriak II