Aukera leihoa

Aukera leihoa –

Harkaitz Zubiri, Txapelketako webgunean.


Harkaitz Zubiri Esnaola EHUko irakasle eta ikertzailearen analisia.
 
Aukera leihoa

Kultur-sorkuntza ez da kontsumo-gai soila. Ez da entretenimendu hutsa. Ez da apaingarria. Kulturak eta sormen artistikoak betidanik moldatu izan dute jendearen sentsibilitatea, harpeetako margoetatik Erdi Aroko katedraletara; hezurrezko lehen xiruletatik gaur egun ahoz aho dabiltzan kantetara; buztinezko taulatxoen gainean idatzi ziren lehen istorioetatik liburuaren industriara, filmetara eta serieetara. Ikusezina dena ikusgarri bihurtzen dute. Existitzen ez dena pentsagarri bilakatu. Atsegin eta gorroto duguna sustatu: lehenik tiro egin eta gero galdetzen duena, askatzeko zain dagoena, jazarlea gurtzen duena, sasien gainetik hegan egiten duena, bere burua askatzen ari dena, gerotik gerora dabilena, eskua luzatzen duena, diruagatik guztia egingo lukeena, botereak liluratuta dabilena, inbidiak erretzen duena, heroia, anti-heroia, adar jotzailea, galtzailea, traidorea, gezurtia, iruzurtia, baztertua, maitalea, deprimitua, laguna, etsaia.

Komunitatea eraikitzeko hariak fabrikatzen dituzte kulturak eta sormen artistikoak. Komunitatea eraikitzen dute, edo desegin, edo forma eman. Bizipen eta emozio eta ideia gogoangarriak ekoizteko makinariak dira, eta horrela sortzen dira harremanak, eraikitzen da taldea, mugitzen da mundua.

Komunitatea eraikitzeko hariak fabrikatzen dituzte kulturak eta sormen artistikoak.

Arreta baliabide mugatua da, petrolioa, litioa eta altzairua bezainbeste. Arreta erakartzea da estrategia askoren helburu behinena. Arretaren ekonomia da harreman askoren ardatza, familian, ikasgelan, lagunartean, lantokian, hedabideetan. Baita kulturan eta sorkuntza artistikoan ere. Arreta erakartzea, besteen denbora eta energia eskuratzeko modu oso eraginkorra da. Betidanik ezagutu izan dugu fenomeno hori. Besteek begira ditzaten, ikaragarria da zer egiteko gai diren batzuk. Baina aspaldi honetan, arretaren ekonomia monetizatu ere egin da. Adibiderik basatiena, agian, scroll infinituaren estrategia da: sare sozialetan begira jarrai dezagun, kateatuko gaituen edozer gauza erakutsiko digute. Plataformetako serieak, musikaren industria eta gamer-en mundua ere ez dira oso atzera gelditzen. Horiek ere komunitatea eraikitzen dute, baina beste era batekoa, akaso scroll infinituaren erkidego globala edo gisako zerbait. Baina izan daiteke bestela. Gainera, ez da teoria hutsa, adibide jakingarriak badaude.

2026an irailaren 19tik abenduaren 20ra egingo da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Beteko ditu aretoak milaka zalez. Atxikiko ditu milaka lagun pantailetara. Egingo dute barre, zer pentsa geldituko dira, hunkituko dira, haserretuko, eta poztuko. Kultur bilkura jendetsu horiek hamaika lagun mugiarazten dituzte, fisikoki, alde baterik bestera, baina baita barrutik ere.

Erakarpen indar handia du txapelketak. Ez da gauza txikia arretaren ekonomian.

Txapelketak beti izango du zer hobetua, eta hobetu beharrekoak gauza garrantzitsuak izango dira gainera, baina ezin da ahaztu txapelketak egiten duen ekarpena oso garrantzitsua dela. Aukera leiho bat da txapelketa. Ez bertsolariarentzat bakarrik. Zaleentzat ere hala da. Ziur aski, batez ere zaleentzat da aukera leihoa, eta ez soilik zale sutsuenentzat. Esate baterako, 2017ko txapelketako finalean lautik bat zen bertsozale sutsua; erdia-edo zalea zen baina moderatuagoa; eta hamarretik ia bi zale periferikoagoa zen. Erakarpen indar handia du txapelketak. Ez da gauza txikia arretaren ekonomian. Kultur sozializazio mota bat sustatzen du. Lorpen gogoangarria da hori. Gainera, jarraitzaile ez direnen artean ere lortzen du oihartzuna: adibidez, euskaldunen artean hamarretik seik txapeldunaren izena badakienean (eta hori erakutsi izan dute inkestek), arrastoa utzi izanaren seinale da hori. Edonola ere, txapelketek zer lortzen duten bezain nabarmentzeko modukoa da nola erdiesten duten txapelketek funtzio hori betetzea.

Txapelketak antolatzea lan eskerga da. Ikusten ez den ahalegin oso handia egiten dute hainbat lagunek guztia prest egon dadin eta funtziona dezan. Eta, aldi berean, txapelketak puzzle zabal samar baten piezak dira. Puzzle horren parte izateak biderkatzen du txapelketaren indarra. Puzzle horretan txapelketakoak ez diren bertso-saio ugari daude. Gehienak. Euskal Herriko Txapelketa egiten den urte batean, urte horretan egiten diren bederatzi bertso-saiotik bat izan ohi da txapelketakoa; hau da, txapelketa urteetan bederatzi bertso-saiotik zortzi ez da txapelketakoa izaten. Puzzle zabala da, eta hori osatzen duten piezak dira bertsolariak, bertso-eskolak, tokian tokiko boluntarioak, hainbat eremutan lan egiten duten eragileak, dokumentazio zentroa, hedabideak… Beti berregiten ari den puzzle horren piezek osatzen dute bertsolaritzaren mugimendu soziala. Horrek eman zion buelta garai batean gainbehera zetorren bertsolaritzari. Eta puzzle zabal samar bat eratzen segitu dute puzzlearen betiko piezekin, doituko ziren ikuskizun zegoen pieza berriekin, eta forma aldatu duten beste hainbat piezekin. Horrela eraiki du bere burua bertsolaritzaren mugimendu sozialak. Horrek hauspotzen du bertsolaritza. Ez da kontsumo-gai soila. Ez da entretenimendu hutsa. Ez da apaingarria.

Aukera leihoa  Aukera leihoa  Aukera leihoa