June Aiestaran
June Aiestaran

2026-09-18

Badator Txapelketa

Badator Txapelketa –

Badator Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Dantza, monologo, bertso eta musika artean aurkeztu zuten, joan zen ostegunean, Azpeitiako San Agustinen, eta guri ere esnatu zitzaigun eztarri-sabeletan zeozer; guri, bertsolarien argazkia Instagramen ikusi genuenoi; zeozer, ez diogu oraindik izen aproposik bilatu zera horri.

Badator Txapelketa
Arg: Conny Beyreuther

Oholtzan zaudela, zaila izaten da pareko jendea jatorra dela sinestea. Noan hori garatzera: oholtzaratzen zara eta egiten dizute txalo, esaten dute zure izena eta egiten dute txalo, altxatzen zara eta egiten dizute txalo, baina bertsoa pentsatzen ari zarela publikoaren iluntasunera begiratu, eta ikusten dituzu bi begi handi-handi, eta sentitzen duzu zure sudur-puntaraino iristen direla haien betileak; ikusten duzu atzamar potolo-potolo batzuk ari direla elkar igurzten, euliek haien hankatxoak nola; entzun ere egin dezakezu azkazal luze eta zikin horiek elkarren aurka egiten duten zarata hozkirriatsua; publikoaren iluntasunean, ikusten dituzu lau hortz puntazorrotz, eta momentu batean imajinatzen duzu zeure burua horien artean. Eta azkenean erabakitzen duzu hurrengo ofizioan publikoaren iluntasunera ez begiratzea.

Ba, kaixo. Munstro hori naiz eta zurekin hitz egin nahi dut, bertsolari.

Orain dela urte erdi gorde nituen irailetik abendurako asteburuak nire agendan. Hiru alarma jarri nituen ekainaren 17an, ez nendin zure saiorako sarrerarik gabe geratu. Goizeko hamarrak eta batean sartu nintzen. 2098garrena zara itxaron zerrendan. Hartu nuen arnasa sakon, oso sakon nire sudur-zulo erraldoietatik, bota nuen fuerte, hartu, bota, 1989garrena zara itxaron zerrendan, hartu, 1879garrena…, eta hirugarren botaldi fuertean irten zen hegan ondoko laguna. Lortu nuen, azkenean, nire bono preziatua erostea. Gero, egin nuen WhatsApp talde bat nire munstro koadrilarekin, eta zehaztu genituen egunpasa, bazkari, ondorengo juerga eta abar posible guztiak.

Bai, munstrook ere agendak eta lagunak dauzkagu.

Badakit hor goitik nire begi erraldoiak, sudur-zulo borobilak eta betile luzeak baino ez dituzula ikusten. Baina eskatu nahi nizuke bigarren, hirugarren ofizioan ere begira nazazun eta saia zaitezen bilatzen irribarretxo bat nire hortz puntazorrotzen inguruan; hor egongo da eta. Eskatu nahi nizuke saia zaitezen sinesten zu entzuteko irrika bizian daramatzadala azken hilabeteak, eta zure bertsoaren esperoan dauden esku-azkazalen igurztea ez dela mehatxu bat, barruan eutsi ezin diodan gogo bizia baizik.

Eskaparate labainkorra da txapelketa; eskaparatetik bezainbeste baitu labainetik oholtzak. Horregatik, oholtzapeko nire besoetan fida zaitezen eskatu nahi nizuke. Aurten dakarzuna aditzeko desiatzen nago, eta sinesten zaila bazaizu ere, munstro itsusiok, azkazal luze eta zikindunok, hortz puntazorrozdunok ere, bihoztxo bat gordetzen dugu azal azpian.

Animo eta maitasun pila bidaltzen dizue, beraz, oholtzapeko munstro honek, udazkenean zehar Hazparne, Tolosa, Agurain, Gotaine, Altsasu eta Euskal Herri osoko oholtzetara igo beharko duzuen denoi. On-on-on-onak zarete eta super-super-super gustora adituko zaituztegu.

Aupa zuek!

Badator Txapelketa  Badator Txapelketa