Mala –
Doinua: “Esaminatu izanttut ongi / Basetxe eder maitagarria”

1)
Telefonoko beste aldean
ahotsa entzun dut hebain
kale izena ni ez naiz izan
ongi konprenitzeko lain…
Hiru itzuli luzeen bueltan
ikusi nezake orain
stop seinale baten ondoan
noiz iritsiko naizen zain.
2)
Boz urratua sumatu diot
hasi denean hizketan
Isiltasuna bere egin du
hiriko aldirietan.
Amorruaren bisaia dakar,
arnas falta biriketan,
negarrak utzi dion arrasto
gorria du begietan.
3)
McFerrin-en run kantak hautatu
du guregana jitea.
Tamalez oso konplikatua
da pertsonaren psikea.
Halakoetan biziki zaila
egiten zait jakitea,
isildu edo oihukatzea,
zer den ihes egitea.
4)
Bere baitara bildua doa,
ezin dut hala ikusi.
Enpatiaren arrastoren bat
ahal baneza erakutsi!
— Laguntza behar baduzu, erran.
Erran diot. Ezer gutxi.
— Zuk ez. Zuk ezin nauzu lagundu.
Mesedez, bakean utzi.
5)
Soineko gorri motza jantzita,
zabuka, noraezean,
sartu bezala erregutu dit
utz nezan erietxean.
Sosegu doi bat iritsi zaio
autoaren babesean
eta enbata berriz altxa da
bere begien ertzean.
6)
Helmugaraino istant batean
helduko garen premisan
mukizapia eskaini diot
malkoak sikatu ditzan.
— Atean bertan utziko zaitut.
— Zerorrek nahi duzun gisan.
— Eskudirutan ala txartelaz? (…)
Mila esker, ongi izan.

