Aurten ez da Bertso Udalekurik izango

2020-04-29

Aurten ez da Bertso Udalekurik izango –

Maiatzean hezitzaileekin egin beharreko prestaketa lanak ezin eginda dabil Bertsozale Elkartea, eta udako egoera nekez aurreikus dezake inork.
Aurten ez da Bertso Udalekurik izango
 

“Udaberria ez da geratu; eta konturatzerako, ate joka dugu uda. Harekin, Bertso Udalekuak izan ohi ditugu, baina aurten, zoritxarrez, ez ditugu egingo”, adierazi du Elkarteak.

Otsailean ireki zuten hezitzaileen izen-ematea eta martxoan, bi epetan, gazteena. Guztira, 45 hezitzaile eta 180 gazte zeuden Orioko, Uitziko, Sopelako, Zugarramurdiko eta Zuhatzako udalekuetarako izena emanda.

Udalekuak aurrera atera ahal izateko berebizikoa da udaberrian prestaketa lanak egitea, eta pandemiaren erruz hori ezinezkoa denez, egitasmoa bertan behera uztea deliberatu dute antolatzaileek.

Bertsozale Elkarteak zabaldu duen mezuan dioenez “erabaki zaila da, parte hartzen duten gazteek, hezitzaileek, gurasoek eta Bertsozale Elkarteak ilusioz elikatzen duten egitasmoa baita. Bertsolaritzarekin jolastu, lagun berriak egin eta egonaldiotan sortzen den giroa paregabea da parte hartzaileentzat; horren erakusgarri 22 urteotan izan duen arrakasta”.

Hori bai, agindu dute datorren urtean itzuliko direla Bertso Udalekuak.

Aurten ez da Bertso Udalekurik izango