Erramun Amundarain bertsozale eta herrigilea hil da

Erramun Amundarain bertsozale eta herrigilea hil da –

Erramun Amondarain Otegi (Itsasondo, 1951) urriaren 31n hil zen, gaixotasun baten ondorioz. Herrigintzan sutsuki aritutakoa izan zen Erramun, hamaika kontutan, tartean Bertsozale Elkarteak antolatutako edo bertsolaritzaren bueltan eginiko hamaika ekimenetan sukaldari. Aldizkari honen harpidea eta laguntzailea ere izan da hastapenetatik.

Herritarrek agur ekitaldia egin zioten igandean Ordiziko plazan. Honela jaso du Goierriko Hitzak:


Erramun Amundarain bertsozale eta herrigilea hil da
Arg: Gorka Gomez

 

Ordiziako Plaza Nagusia jendez beteta zela, azken agurra eman zioten atzo iluntzean, ostiral gauean hil zen Erramun Amundarain Otegiri. Txalaparta doinuz lagunduta, Emaneurre taldekoen ikurrinek eta Laguntasuna Errondailakoen musika tresnek osatutako pasabidetik sartu ziren plazara Amundarainen familiartekoak, hildako senidearen argazkia eskuan.

Igor Egurenek egin zituen agur ekitaldiaren aurkezpen lanak. Amundaraini bere bizitzan egindako lana eta ekarpena eskertzeko ekitaldia bilakatu zen. “Eskerrak emateko asko gaudek, ez danak, asko behintzat bai. Ikusten da plaza nola dagoen”. Adin eta kolore desberdinetako goierritarrak elkartu zituen azken agurrak, “izan ere, behin baino gehiagotan eta hamarkadaz hamarkada,  elkar ezin ikusi arren bata eta bestea mahai berdin baten jartzea lortu duk. Edozein lokatzatan sartu eta lokatz horietan koherentziaz aritzea. Beti eredu izatea”.

Kuxkuxtu txarangako kideek abestutako Azken dantza kantua, Goierriko herri desberdinetako txistularien doinuz dantzatutako aurreskua [Adur Ezenarro alkatea tartean zela] eta Amets Arzalluzen bertsoen ondoren, ezker abertzaleko Julen Agirrek hartu zuen hitza: “Agur ekitaldia baino gehiago, Erramuni omenaldia eta haren sukalde lanaren gorazarrea izan nahi duen ekitaldia da”.

Sukaldeko lanagatik oroitua

Ordiziako udaletxean HBko zinegotzia, Goierri Lanbide Eskolan LABeko ordezkari, preso eta iheslarien eta euskararen militantea izateaz gain, “dimentsio askotariko gizona” izan zela oroitu zuen Agirrek: “Iparra-Hegoa ekimenean egindako lanagatik, Errigoran egindakoagatik, Rondallako kantuengatik… edo irakasle moduan gugan utzi zuen arrastoagatik. Gure txikienek Olentzero bezala ere oroituko dute. Gertuko familiak eta lagun minek bihotzeko adiskide ordezkaezinaren moduan”.

Hala ere, “begiak itxi eta haren figura irudikatzeko eskatuko banizue, gehien-gehienok mantala jantzita sukaldeko pertza astintzen gogoratuko genuke”. Eta galdera bat egin zuen: “Borroka militanteagatik ez, baizik eta sukaldeko lanengatik oroitu behar al dugu Erramun? Bada, bai, eta bai, eta mila aldiz bai. Eta ez bakarrik oroitu, baizik eta baita eredu bezala hartu ere”.

Ordiziako ezker abertzalearen esanetan, “ba al dago Erramunen sukalde lana baina gauza politikoagorik?”. Izan ere, “Erramunen sukaldari lanak Euskal Herria egiten izugarrizko bultzada eman du, esaterako, Iparra-Hegoan, Herri Urratsen, edo beste hainbat ekimenetan. Zentzu horretan, euskal sustraiak izan dituen sukaldea izan da”.

Ordizia “egiten” ere lagundu duela (eta Itsasondo, Segura, Zaldibia, Goierri…) azpimarratu zuen: “Urtean zehar milaka lagun eserarazi ditu mahaiaren bueltan herriko taldeen ospakizunetan”. Azken batean, “Erramunen sukalde lanak herria egin du. Erramunen sukalde lanak ez du sekula inor bazterrean utzi. Erramunen sukalde lanak berarentzat hain garrantzitsua den belaunaldien arteko harremana sustatu du”.

Iparra-Hegoako sukaldeko sua

‘Sar dadila kalabazan’ antzerkia egin zuten jarraian Amundarainen sukaldeko laneko kidekoek, eta jarraian Segurako Iparra-Hegoako Euri Albizu eta Idoia Lopetegiren hitzartzea izan zen. “Duela 29 urte piztu genizkian gure sukaldeko suak lehenengoz. Hasiera hartan su txikia huan, baina hala ontzen dituk jakirik goxoenak, ezta? Hasieratik hik hartu huen gure sukaldeko sua pizteko ardura, piztekoa eta itzaltzen ez uztekoa.

Nola egiten huen hori dena, ordea? Hire tokea, seguraski: saltsa guztietako perrexila izatearen grazia!

Iraungitzen ez den perrexila, baina espezia (belar) berriekin betiko saltsei ukitu berezia emateko prest zegoena, lekukoa emateko gai zena eta horretarako belaunaldi gazteengan beti konfiantza izan duen perrexila.

Ke artean ere argia ikusten zuen su arteko ameslaria izan haiz. Amets egiten huelako baitzeudek oraindik bizi-bizirik gurea bezelako hainbat proiektu.
Amets egiten eta, agian, batez ere amets eragiten huelako. Makina bat ordu sartutakoa haiz horiei forma ematen.

Hemendik aurrera euskaldunok ospatzeko dugun leku goxo horretan, hik herri honi eta Iparra-Hegoari hainbeste eman dioan leku horretan oroituko haugu: gure sukaldean. Eta seguraski kipula txikitzen ari garenean malkoren bat gehiago eroriko zaiguk, baina batez ere irribarrez oroituko haugu. Irribarrez ospatuko haugu”.

Familiaren eskertza

Ekitaldiarekin amaitzeko, Lander Arizmendik eta Gorka Izagirrek bina bertso, Kuxkuxtu txarangak Txikia kantua abestu zuen eta familiaren eskertzarako unea iritsi zen: “Amunda, aita, aitona, senarra, osaba, anaia, lagun ona, sukaldaria, saltseroa, irakaslea, abeslaria, Olentzero, bidelaguna, beti laguntzeko prest. Nola agurtu?

Gero arte besterik ez dizugu esango, badakigulako gure artean jarraituko duzula beti. Baina ze hutsune utziko diguzun!

Eskerrik asko eman diguzun guztiagatik. Nahiz eta badakigun denbora beharko dugula, espero dugu laster txikiagoa izatea zu galdu izanaren tristura. Zu gure bizitzan parte izanak eragindako poza baino”.

Mokadutxoarekin amaitu

Laguntasuna Errondailakoen eskutik Ordiziarrak gera, Kuxkuxturen Behin Betiko abestiarekin eta  Amundarainentzat hain garrantzitsua izan zen mokadutxoarekin amaitu zen ekitaldia.

Erramun Amundarain bertsozale eta herrigilea hil da  Erramun Amundarain bertsozale eta herrigilea hil da  Erramun Amundarain bertsozale eta herrigilea hil da