Gipuzkoako Herriarteko finala jokatuko da larunbatean, Aian
Gipuzkoako Herriarteko finala jokatuko da larunbatean Aian –

Urtarrilean hasi zuen bere bidea Gipuzkoako herriartekoak, eta larunbatean amaituko da, Aian.
Antolakuntzatik nabarmendu dutenez “ibilbide ederra eginda sailkatu dira Leintz taldeko kideak”. Debagoienako irabazleek Oñatin eskuratu zuten finalerako pasea. Ane Zuazubiskarrek, Haizea Aranak eta Oihana Aranak osatzen dute hirukotea. Finalean izango da ere Zumarraga-Urretxu 1 taldea, Antton Fernandez, Manex Mantxola eta Mikel Iturriotz bertsolariekin. Elkartetik nabarmendu dutenez “aipatzekoak dira talde goierritarrak prestatu dituen hasierako agurrak, mozorro eta musikaz lagunduta”.
Finala 18:00etan hasiko da Aiako probalekuan. Honako lanak egin beharko dituzte bertsolariek:
- Agurrak
- Librean (6na bertso). Talde bakoitzeko batek.
- 10eko txikian ofizioka 3na bertso. Talde bakoitzeko batek.
- 12 oinak emanda 3na bertso. Talde bakoitzeko batek.
- 8ko handian ofizioka 3na bertso. Talde bakoitzeko batek.
- 8ko txikian ofizioka 3na bertso. Talde bakoitzeko batek.
- 3 puntu erantzun. Talde bakoitzeko batek.
- Bakarka gaia emanda, 3 bertso nahi den doinu eta neurrian. Talde bakoitzeko batek.
- Koplaka rola emanda. 4na kopla. Talde bakoitzeko bik.
- Atzekoei kantatzeko ariketa. Talde bakoitzeko batek gaia emanda beste taldeko bertsolari bakoitzari kantatu beharko dio eta hauek erantzun.
- Ganbarako lana. Taldeko kide denek puntuka osatu beharko dute.
- Agurrak.
Eguneko egitaraua, ordea, goizetik abiatuko da. 12:00etatik aurrera bertso poteoa izango da Aian barrena Herriartekoan parte hartu duten eskualdeetako bertsolariekin. Duna Urteaga, German Urteaga, Danel Etxeberria, June Aiestaran, Harri Agirresarobe, Iker Ormazabal “Tturko”, Uxue Alkorta, Urko Arakistain, Egiar Otegi, Asier Ibarguren, Leire Ostolaza, Eneritz Artetxe, Urko Arregi eta Gontzal Belategi entzuteko aukera izango da.
Ondoren, 14:00etan, herri bazkaria izango da Aiako frontoian.
Saiorako eta finalerako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude salgai.

