Eli Zaldua Barquin
Eli Zaldua Barquin

2026-05-28

Hannah Montana

Hannah Montana –

Hannah Montana

Ingurune erdaldunetan bizi garen bertsolariok edo, edozein arrazoirengatik, gure bizitzaren parte handia edo gehiengoa gaztelaniaz egiten dugunok bertsoarekin harreman berezia dugula esango nuke. Hasteko, bitxiak dira askotan testuinguru horretako bertsolariok bertsolaritzara heltzeko egin dugun bidea. Hots, nahiko urrun egoten da ohikoagoa izaten den bidetik: afizioa familiatik jaso izana, lagunartean saioetara joan eta haiekin batera bertso eskolan hasi izana, herrian bertsolaritzak duen presentziaren harira interesa piztu izana… Istorio dibertigarriak aurkitu daitezke bestelako bidea egin dugunon artean: ez da behin bakarrik gertatu, adibidez, lotsa gainetik kendu eta Instagrametik aurrez aurre ezagutu gabeko bertsolari ezagun bati idatzi izana bertsotan hasteko aholku eske. Egongo dira adibide kuriosoagoak ere.

Beste alde batetik, pentsatzen dut mota horretako bertsolariok sarri sentitu izan dugula bi bizitza ezberdin dauzkagula, bat gure “ohiko” bizitza izango zatekeena, eta bestea bertsolari edo bertsozale garen heinean daukaguna, zeinetara sartu-irtenak egiten ditugun noizean behin, ahal dugun neurrian. Lehenengoa, noski, erdaraz bizi dugu nagusiki, eta, esan gabe doa, salbuespenak salbuespen, oso ezberdina dela bertsoarekin lotutako bizitzarekiko, bai testuinguru aldetik, bai plazaratzen diren hizketagaien aldetik, kulturarekin eta politikarekin duen harremanaren aldetik… Bertsoa eta haren bueltako gaiak ia hutsalak dira (egon badago horrelako bertsolaririk zeinaren lagunek, adibidez, ez baitakite ezta bertsotan dabilela ere). Beste bizitza, aldiz, bertsotan ibiltzen garen horiekin eraiki duguna da, beste toki batzuetan gertatzen da, beste erregistro mota batean, eta noski, euskaraz. Bitxia da, beraz, bi bizitza edo bi mundu horiek elkartzen diren momentua, gutxitan bada ere, batzuetan elkartzen baitira, hala nola gure ohiko lagunak edo kuadrilla saio batera datorrenean gu entzutera, gu oholtzaren gainean ikustera eta babesa eskaintzera. Aldi berean kezka eta esker ona nahastu daitezke horrelakoetan: kezka, adibidez, publiko artean erdaraz ariko ote diren beldurrez. Kezka, alde banatan eraiki ditugun bi pertsonalitateek bat egin behar dutelako leku berean, eta hori gestionatzea batzuetan ez delako erosoa. Eta esker ona, noski, gu ikustera etorritakoak zeinen lagun onak diren pentsatzean, seguruenik nahiago luketelako beste edozein lekutan egon saio hori entzuten baino, maite gaituztelako baitaude hor. Esker ona, miresmenez begiratzen gaituztelako oholtza azpitik, eta saioa amaitutakoan hitz ederrak besterik ez baititugu entzungo haien ahotik.

Jende askori gertatu ohi zaio hainbat testuingurutan: nekagarria izan daiteke bi bizitza edukitzearen irudipena izatea, eta batzuetan Hannah Montana bezala sentitzea. Eta sentitzea sarritan jokoz kanpo, batez ere bi aldeetan, batean zein bestean, arau eta kanon ezarriak daudenean. Bi ekosistemenak horren ezberdinak direnean, gainera, oraindik zailagoa izango da bietan enkajatzea, eta errazagoa, beraz, sentitzea norbera ez dela nahikoa ez alde baterako ez besterako. Horregatik nire esker on eta maitasun guztia zirkuitu hegemonikotik at kokatzen diren ekimenei, bertsolaritza modu ezberdin askotan bizi daitekeela erakusten ari direnei, besteak beste Gaztetxeak Bertsotan-i, Señora Sariketari, Bertxoko Sariketari. Horrelako plazek eskaintzen duten babespean lortu dugu gutako batzuek bat egin behar izate horretatik askatzea, eta garen horretatik kantatu ahal izatea.

Hannah Montana  Hannah Montana