Haira Aizpurua Ibargarai irabazle Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan

Haira Aizpurua Ibargarai –

Haira Aizpurua Ibargaraik jantzi du txapela eta Maddi Agirre Epelde izan da txapeldunordea. 
 
Haira Aizpurua Ibargarai
 

Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez “Abadiñoko probalekuan hartu du lur gaur 2021eko Euskal Herriko Eskolartekoaren saguzarrak”. Udaberritik hasita lurraldez lurralde egin diren saioetatik sailkatutako Euskal Herri osoko hamaika bertsolari gazte elkartu dira gaurkoan oholtza gainean: Aetz Etxart Sarasola (Urdiñarbe, 2004), Beñat Astiz Isasi (Barañain, 2004), Ekain Tolaretxipi Errazti (Hernani, 2003), Eki Mateorena Zozaia (Leitza, 2005), Eukene de los Aires Amundarain (Gasteiz, 2005), Haira Aizpurua Ibargarai (Sara, 2006), Janire Arrizabalaga Munduate (Gernika-Lumo, 2003), June Diaz Franco (Algorta, 2005), Maddi Agirre Epelde (Gasteiz, 2005), Naia Arrizabalaga Arrieta (Azkoitia, 2004) eta Oneka Arteaga Olasagasti (Kanbo, 2003). 230 ikusleren aitzinean aritu dira kantuan.

Xabier Irakulisek gidatu du saioa. Hasierako agurra eginda, hura ere puntuagarria, bina bertso bota dituzte zortziko handian eta txikian bertsolari gazteek. Ariketa horietan puntu gehien jaso dituzten sei parte-hartzaileak igaro dira hurrengo fasera: Beñat Astiz, Ekain Tolaretxipi, Haira Aizpurua, Maddi Agirre, Naia Arrizabalaga eta Oneka Arteaga. Ainhoa Sarasua, Aitor Jimenez, Julen Zelaieta, Leire Etxebarria eta Zigor Leunda aritu dira epaile lanetan, eta Eneritz Artetxe idazkari.

Bakarka egin dituzte sei bertsolariek bigarren faseko ariketak: puntua emanda lehena, eta gaiarekin bigarrena. Epaileen erabakiaren berri emateko igo da Idoia Anzorandiaoholtzara: Haira Aizpuruak eskuratu du 2021eko Euskal Herriko Eskolartekoaren txapela, eta Igor Elortzak jantzi dio. Txapelketatik harago, plazan kantuan jarraitzeko deia eginez bota du agurreko bertsoa, eta anaiari eskaini dio txapela: “ametsetako txapel eder hau eskaintzen diot anaiari, sortu denetik nire bizitza alaitu duenari”. Maddi Agirrerentzat izan da bigarren postua. 

  • Ikusi argazki bilduma HEMEN
Haira Aizpurua Ibargarai