[Perlak] Jone Uria: 2001eko finala

Kudeatzailea Bertsolari Aldizkaria

Kudeatzailea Bertsolari Aldizkaria

2021-10-25

2001eko finala –

2001eko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala. Kronika bat, 11 urteko haur baten ahotik. Edo, hobeto esanda, 20 urte geroago haur hura izan zen helduak gogoratzen duenetik. Saiatuko naiz paternalismo gehiegiz ez jokatzen nire buruarekin.

 

2001eko finala2001-12-16, goizean goiz: Ez dut ordua gogoan. Baina goiz zen, oso goiz. Autobusa genuen zain Algortan. Ez dakit non, zehazki. Gurasoen kuadrillako zenbait lagun, bertsolaritzan nirekin batera izena emanda zeuden eta ez zeuden zenbait ikaskide, gure neba-arreba gazteagoak eta beste hainbat euskal-/bertso-zale Donostiara bidean.

Porra egin genuela gogoratzen dut. Hura izango zen nire lehen porra. Buruz ari naiz, baina gogoan dut bi bizkaitarrak goialdean jarri nituela. Andoni ez zen urruti ibiliko. Bihotzarekin egin behar dira porrak, baina buruarekin ere bai. Hori 11 urteko haur batek ere badaki. Irazu ere goi samarrean neukala gogoan dut, amaren gustukoa zen. Mendiluze jarri nuen azkena. Badira 11 urteko haur batek ez dakizkienak porrak egiterako orduan, bistan da. Maialen, Sustrai, Jon, sentitzen dut, zuek ez dakit non jarri zintuztedan.

2001-12-16, goizeko saioa: Autobusa goiz hartu genuela iruditu zitzaidan niri, baina berandu iritsi ginen. Bai, behintzat, leku ona hartzeko. Belodromoko goiko ezkerreko aldean jarri ginen. Urrun eta txiki ikusten ziren handik bertsolariak.

Hasi zen saioa, eta ni han, nire koaderno eta guzti. Lotsa apur bat ematen dit aitortzeak, baina hala zen. Gauza nahiko absurdu bat egin nuen gainera, bertsogintzaren ikuspegitik. Errimak apuntatu nituen, baina ez hitzak, amaierak baizik. Adibidez: “8H. Aitor: -au, Maialen: -az, Aitor: -una, Maialen: -urrean, Aitor: -tua, Maialen: -tea”. Eta horrela denekin. Izatekotan ikuspegi estatistiko batetik izan lezake interesa. Zein diren amaiera erabilienak eta zein ez. Baina zer nekien nik orduan estatistikaz? Auskalo. Beharbada orain baino gehiago.

Goizeko saioaz gogoan dudana hurrengo zerrendak laburbil dezake: argia joan zen, Sustraik ondo aprobetxatu zuen, ofizio umoretsua Unaik eta biek (zer ulertuko nuen gaiaz?); “Jon! Guapo!”, gurasoen kuadrillako baten oihua Jon kantuan hasi aurretik, Belodromoa isil-isilik zegoela (lotsa puntu bat); Andoni bakarka bere ikasleaz maiteminduta 9 puntukoan (zer da ardagai?); Irazu alarguna (edo ezkongabea?) haurrari marrazkia aita zenaren argazkiari erakusteko eskatzen; Maialeni gurpildun aulkitik egin zioten lapurreta, mundua ez doa gurpil gainean.

 

2001eko finala

 

2001-12-16, bazkaria: Gurasoen lagun batzuekin, niretzat “txoko”, izatez soziedade batean bazkaldu genuen. Alde zaharrean, uste dut. Saioa komentatzen ari zen jendea. Nire porra ez omen zebilen oso ondo. Ez nintzen gehiegi fidatu, badaezpada. Irazurenak onak baietz, baina gaitik kanpo aritu zela. Zer zen hori? Gaitik kanpo? Nola ba? Horri ere kasu handiegirik ez.

2001-12-16, arratsaldeko saioa: Honetara bai, honetara leku ona hartzeko soilik ez: berandu iritsi ginen. Saioa hasita, alegia. Kalkulu falta, nonbait. Arratsaldean behean egokitu zitzaigun. Ez nago ziur egurrezko aulkietan ala lurrean geunden eserita. Nik datu batzuk galduta neuzkan ordurako, baina ez nuen nire lan estatistiko hura abandonatu. Imanol eta gazteago ziren beste batzuk belodromoko aldapan jolasean. Bertsozaleren bat haserretuko zuten, akaso.

Arratsaldeko saioan amaiera aldekoa oroitzen dut batez ere: Aturri eta Ebro, Igor El Desaparecido-n luzitzen; Irazuren herri hau belodromoa finean, buelta ta buelta irten ezinean; Andoniren antsia-garrantzia-itxia-irentsia-herentzia. Eta buruz burukoa. Une hura bai daukadala gogoan. Maialenen izena esan zutenekoa. Han lehertu zen txalo zaparrada eta emozioa. 11 urteko ume hark ulertu zuen han berezia zen zerbait ari zela gertatzen. Emozionatu egin nintzen. Gero eskuak, langileek lakar ta pianistek fin-fin, eta Himalaiako postala. Andoni emozioak jota. Eta sailkapena eta txapela eta emozio gehiago. Eta… nire porrak egiteko gaitasuna zein izango zen argituta.

Autobuseko buelta ez daukat gogoan, beharbada nekeak gaindituta lo hartu nuen, beharbada emozioek ez zidaten lo hartzen utzi. Bietako edozein izan daiteke.

Nik hala gogoratzen dut 11 urteko ni hark egun hartan bizitakoa. Ahaztuko nituen detaile ugari, asmatuko nuen baten bat. Baina gutxi gorabehera hala gertatu zen.

20 urte pasatu dira ordutik. Zenbat aldatu diren gauzak. Nekez imajinatuko genuen hurrengo finalera autobusez beharrean metroz joango ginenik. Soziedadean beharrean tuperretan bazkalduko genuenik. Eta, zer esanik ez, 20 urte barruko finala ezingo zenik 20 urte barru jokatu. Lehiatu behar zuen helduak ez hainbeste, baina 11 urteko haur hark faltan botako du Txapelketa.

2001eko finala 2001eko finala 2001eko finala