Joseba Etxebarria hil da

Joseba Etxebarria hil da –

Joseba Etxebarria hil da
Irudia: bertsoa.eus

Bertso munduak eragile handi bat galdu du. Joseba Etxebarria larrabetzuarra atzo hil zen, 69 urterekin, gaixotasun baten eraginez. 

Bertso eskola ugari sortutakoa da, eta Bizkaiko Bertsozale Elkartearen sortzailea eta zuzendaritzako kidea ere izan da. Aldizkari honetan idatzitakoa ere bazen Etxebarria, Bizkaiko Bertsolari Txapelketari buruz, hain justu.

[Herrialdeetako Txapelketak I] Bizkaia: antolatzaile baten gogoeta

Honakoa adierazi du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak: “Bereziki, Bizkaiko Txapelketako Talde Antolatzailean egin du behar gehien. 2000 urtean hasi zen taldean eta oraintsura arte izan da talde horretako zutabe garrantzitsu. Talde horretan egindako beharra omentzeko, 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean txapela ipini zion Nerea Ibarzabal txapeldunari, Moises Enbeitarekin batera. Biek Talde Antolatzailean zein eragiletzan egindako beharra ikusarazi gura izan zen orduko hartan. Elkarrizketa egin zioten Hitzetik Hortzeran.

Behar handia izan da Josebak egindakoa, baina egindakoaz gain, bera izan den modukoa izateagatik maite izan dugu hainbeste Elkartean bere alboan ibili garenok. Lagun ona, beti ahots goxoz, laguntzeko prest, gazteenekin zein nagusiekin, gertuko eta maitagarri.”

Elkarteak honako argazki sorta ere eskegi du:

 

AEKn euskara irakasle ere aritu zen, eta bikoiztailea lanetan ere aritu zen Euskal Telebistan. Bere pertsonai ezagunena Son Goku izan zen. Hitzetik Hortzeran elkarrizketa bat egin zioten, besteak beste, horren harira. 

Behilatokia Galarza Ehorztetxean izango da (Galdakao) irailaren 24an, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. 

Joseba Etxebarria hil da