Kalean da Bertsolari aldizkariaren udaberriko alea

Gure ohiturei fidel, aurten ere udaberrian gatoz Urteberri on esatera.

Kalean da Bertsolari aldizkariaren udaberriko alea –

Kalean da Bertsolari aldizkariaren udaberriko alea

Zaldieroaren umoreak emango dizu ongietorria, jarraian Josebe Blanco artzainarekin topo egiteko. Ttakun-Herren atalean hitz eta pitz jarraitzen dute Ane Zuazubiskarrek eta Haritz Mujikak, eta Oihane Pereak bertsoaldi gogoangarri bat ekarri digu Perlak atalean. Segidan ohartuko zara blogari taldea handitu egin dela, hamar sinadura ditugu oraingoan.

Idazmakinaz sekzioan Bittor Agirre Bitti bertsolaria bere oroitzapen eta pasadizoez mintzo zaigu, eta ez zaigu oso garbi gelditu Andoni Rekondo bertso saio batera edo pailazo emanaldi batera joan den. XIX. mendean epaiketa bat eragin zuten bi bertso sorta aurkeztu dizkigute Ekaitz Santazilia NUPeko irakasleak eta Rikardo Urritzola ikerlariak.

Tamalez, bi lagun agurtu ditugu ale honetan, biak iragan abenduan itzalduak. Alan Griffin musikari eta ikerlaria izan dute hizpide Antxoka Agirrek eta Beñat Hach Embarekek; Nikolas Segurola fraide, artzain eta bertsolaria izan du gogoan Xabier Euzkitzek.

Idoia Granizo bertsolariak Bertxhori ekimena zer den eta zertan den kontatu digu, eta, ondoren, iragan urteko txapelketei begirada bat emateko tartea hartu dugu: Bizkaikoa Igor Galarzaren eskutik, Nafarroakoa Alazne Untxaloren begiradatik, eta Taldekako Xilabarena Haize Lekuonaren ahotik.

Emeki Emakume Elkarteko kideek, duela 32 urte, lehenengo bertso saio parekidea antolatu zuten. Maria Jesus Berrotaran, Miren Legorburu eta Tzane Carrillo euren esperientziaren berri ematen aritu dira, Iraitz Mateoren galderei erantzunez.

Latindar autoreen poemak gaur egungo bertsolaritzako eta pastoraletako moldeetara egokitu eta horri buruzko gogoeta egin du Jone Makazagak. Juan Luis Zabalak elkarrizketatu du.

Bertsoa eta krimena uztartzen dituzten erreportajeekin jarraituz, Martin Larralderen historia eta haren ingurukoen zenbait bertso dakartza Beñat Hach Embarekek.

Trinidad Urtasun bertsolaria eta Perpetua Saragueta idazlea bikote ziren, besteak beste frankismoan zailtasun ugari pasatutakoak, eta Reyes Ilintxetak haien historia kontatu digu.

Nazioartetik inuiten bat-bateko ahozko inprobisazioa ekarri dugu gurera oraingoan: tordlut. Francesc Bailon antropologoak eman dizkigu azalpenak. Amaitzeko, Ipar Polotik itzuli eta bertso ibilbide bat egingo dugu Markinan zehar, Josune Aramendirekin.

Ale bat eskuratu nahi izanez gero idatzi administrazioa@bertsolari.eus helbidera, edo jo ELKAR-era edo gertukol liburudendara.

Gozatu irakurketaz!

Kalean da Bertsolari aldizkariaren udaberriko alea