Kalean da Bertsolari aldizkariaren udazkeneko alea: Frankismo garaiko glaziazioa eta su berritua

Frankismo garaiko glaziazioa eta su berritua –

Frankismo garaiko glaziazioa eta su berritua

1945, Tolosa; gerraosteko lehen bertso jaialdi garrantzitsua. Irabazleak gorazarre bere kantuan kronista frankistari. Irabazlea Basarri zen, hiru urte erbestean eta beste lau Trabajadoreetako lan behartuetan zigortuta egin ondoren, bere etxera itzuli berria. Kronista frankista, aldiz, Jose Rodriguez Ramos, Gernika gorriek erre zutela lehen aldiz zabaldu zuen bera.

1935 eta 1936ko txapelketak antolatu zituzten eragile ia guztiak erahilak edo erbesteratuak. Beldurrak lurrazpian ehortzitako bertso-paperak. Autoritate frankistak Tolosako saioa bedeinkatuz, euren ustez hilurren zenari azken sakramentua emanaz. 

1967, Anaitasuna aldizkaria; historian lehen aldiz bertsolari bat bestea elkarrizketatzen. “Bertsolaria barre eragiteko bakarrik ezta, batez be erriaren itxartzalle baño”, ziotsan Lopategi oso gazte batek Amuriza oso gazte bati, eta Kepa Enbeita jartzen zuen eredu.

Bere Bigarren Pizkundea bizi zuen euskal kulturgintzak. Oteiza, Aresti, Ez Dok Amairu, ikastolen mugimenduaren sorrera, euskara batuarena. Kaleak sutan, eta protesta politikoen irakinaldiarekin bat egin zuen bertsolaritza soziala loretan.

Tartean, neguko kanpamenduetako lana. Basarrirena Hegoaldean eta Hernandorenarena Iparraldean, Markinako karmeldarren komentuan egindako biltzarrak, martxan jartzeko euskaltzale frankistez baliatu behar izan zuen Euskaltzaindiaren txapelketak, Loiolako Herri Irratiak bertsolari gazteekin egindakoak…

Ondoren, belaunaldi talka. Basarriren sermoiekiko eta komentuetan egindako biltzarrekiko akidura, txapelketekiko nekea… Negua bera atzean utzi nahiaren antsia.

Honako lan honek garai zail haietan bertsolaritzak egindako bidea kontatu nahi du, eta sarrera hau belaunaldi talkak gora behera bertsolaritzak aro ezberdinetan egindako bideen jarraitutasuna gogorarazteko baliatu. 

Testuak Antxoka Agirrerenak dira, eta ilustrazioak Patxi Gallegorenak.

Ale bat eskuratu nahi izanez gero idatzi administrazioa@bertsolari.eus helbidera.

Frankismo garaiko glaziazioa eta su berritua