[Ttakun eta Herren] Denboraren presiopean / Prokrastinatutakoak
Etxahun Lekue eta Ane Zuazubiskar
2025-11-05
Denboraren presiopean
Etxahun Lekue

DOINUA: Menditarra naiz eta gogoan
Norbere akatsak ezagutzea
ona izango ez da ba
gaur lanerako dudan jarrerak
hurreratu nau kezkara.
Honegaz harro ez nagoela
esango dut badaepada
baina ez dakit ezer egiten
presiopean ez bada.
Aspaldidanik ibili arren
jarrera aldatu guran
hau eragozten duen zeozer
ez ote daukagu gugan?
Ez dakizue nire bizitzan
zenbat gauza egin dudan
denbora asko izanagatik
epearen muga-mugan.
Azterketaren bezpera nuen
ikasteko momentua
ordurartean gurago nuen
jolasa edo kantua.
Piztu egiten naiz entzundakoan
tik-tak atzerakontua.
Ez heltzearen sentsazioak
ote dauka enkantua?
Ta enkarguzko bertsoak ere
sarri egina naukazu
ezetz esaten ez dakigunok
denei egin behar kasu.
Niri ez esan “Trankil ibili,
hile osoa daukazu!”
berez gurago dut entzutea
“Hau biharko egidazu!”
Ai zenbat txosten bidali dudan
hamabiak bost gutxitan
jakina horrek estuasunak
eragiten dizkit tripan.
Ingurukoak lanak eginda
ikusten ditut sarritan,
ipuinetako erbia naiz ni
dordokaren inbiditan.
Entrega data ikusten baldin
badut puntu urrunean
batere lanik ez dut egiten
libre naizen egunean
eta batzutan era horretan
funtzionatzen duzunean
bezperarako zena bidaltzen
duzu biharamunean.
Ai irakurle sekretutxo bat
gurako nizuke konta
Bertsolari-ren azken alea
zure eskutan dago ta.
Nahiz irakurtzen ariko zaren
puntuka edo lerroka
jakin ezazu beranduegi
bialdu nuela sorta.
Prokrastinatutakoak
Ane Zuazubiskar

Doinua: Emazurtz jaio hintzen
Deitu bazitekeen
(bi burutazio):
“norbere arduraren
subkontratazio”,
zein “baiezko zaleen
intoxikazio”,
zergatik deitzen zaio
prokrastinazio?
Esan ahal badut “lartxo
zaizkit bi akzio”,
esan “igual ez dut nahi
hainbeste espazio”,
“ez ditut nahi sei saio,
zortzi grabazio”,
zergatik deitzen diot
prokrastinazio?
Esan bazenezakeen
“muga dut pasio”,
“ordena ez dut izan
nik aspirazio”,
edota “konstantzia
ez dut bokazio”,
zergatik esan duzu
prokrastinazio?
Ze protokolo puztu
ze edukazio
lan-jardunean asko
da dekorazio,
nahiz ahaztu zenbait txosten
zein balorazio,
alfer den oro ez da
prokrastinazio.
Bertsolariak berez
du deformazio.
Kotxeko anekdota,
mitifikazio,
eta ohiturak egin
du ohiko sentsazio.
Baina orain deitzen zaio
“prokrastinazio”.
Nahiz agenda litekeen
zure salbazio
azken ordua zaizu
berez tentazio,
“halakoa naiz” ez da
justifikazio,
baina arren ez deitu
“prokrastinazio”.
Ez dizuet eman nahi
ehun esplikazio,
zerbait esatea da
bertsoentzat zio,
zazpi bertsotan zazpi
“prokrastinazio”,
egin nahi ez nituzkeen
lanen distrakzio.

