Alazne Untxalo: “Emakume bertsolariok esfortzu gehiago egin behar dugu oholtza gainean”

2021-11-17

Alazne Untxalo –

Baztan ikastolako LH 6. mailako ikasleek Noticias de Navarran.


Bertsolaritza gure kulturaren ikur nagusietako bat da. Untxalo ttikitatik egon da bertsolaritzarekin lotuta eta egun Nafarroako erreferente batean bilakatu da.

 

Alazne Untxalo

Baztan Ikastolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak, Alazne Untxalorekin.

 

ELIZONDO – Bertsolaritza mundua hurbilagotik ezagutzeko asmoz, Baztan Ikastolako 6. Mailako ikasleek Alazne Untxalori elkarrizketa egin diote. Bertan, bertsolaritzaz galde-tzeaz gain, bertsolaritzan emakumeak duen presentziaz ere mintzatu dira berarekin.

 

Noiz hasi zinen bertsolaria izaten?

Hori galdera zaila da. Bertso eskolan hamabi urterekin hasi nintzen, baina egia da zuk bertsolaria zarela sinistea zaila dela. Zer da bertsolaria izatea? Nor da bertsolaria? Bertso-eskolan dabilena? Bertsoak idazten edo bertsoak kantatzen dakiena? Edo plazaz-plaza jendeari giroa paratzen diona eta jendeak ongi pasatzeko kantatzen duena? Orain bai bertsolaria sentitzen naiz baina ez nuke jakingo erraten noiztik naizen bertsolaria.

Zure kabuz hasi zinen bertsotan?

Zortea izan nuen nire amatxi arras bertsozalea zelako. Berak aunitz kantatzen zidan eta baita nire aitak ere. Hortaz, beti erraten dut beraiei esker hasi nintzela bertsotan. Hala ere, zaletasuna nire barruan egon da eta beti.

Nola jakin zenuen bertsolaritza gustatzen zitzaizula?

Betidanik jakin izan dut bertsolaritza gustoko dudala. Bertso eskolan izena eman nuen egunean handitan bertsolaria izanen nintzela erranez itzuli omen nintzen etxera. Batzuetan zaila da jende aurrean paratzea. Ez zaude beti gogotsu, ezta kontent edo indartsu baina horrelako momentuetan, bertsotan aritzeko gogorik ez duzunean ere, bertsotan aritzeko beharra sentitzen duzu.

Bertso eskoletan egon zinen?

Bai. Estitxu Fernandez eta Estitxu Arozena izan ziren nire lehendabiziko irakasleak. Iturenen hasi ginen eta gero bertso eskola Doneztebera pasatu zen. Ondoren, bertze hainbertze tokitan ibili izan naiz. Adibidez, Bittor Elizagoienekin, Jon Barberenarekin Erratzun, Sustraiko Kolinarekin Iruñean eta gaur egun, irakaslerik gabe lagun talde bat elkartzen gara elkarrekin bertsotan egiteko, baina honi ere bertso eskola deitzen diogu.

Zein motatako bertsoak kantatzen dituzu? Noizbait kantatu duzu reggaeton doinua duen bertsorik?

Niri gustatzen zaizkidan doinuak neurri ttikiko doinuak dira. Horrek ez du erran nahi bertso motzak gustatzen zaizkidanik. Zortziko ttikia eta doinu kantatuak gustatzen zaizkit. Gainera, azken aldian famatuak egin diren abesti batzuk bertsolaritzan doinu gisa erabiliak izan dira.

Zenbat bertso lehiaketetan parte hartu duzu?

Galdera hau ez nuke jakingo zehazki erantzuten. Hamabi urterekin lehenengo eskola artekoa egin nuen eta hemezortzi urteak bitarte lehiaketa aunitzetan parte hartu izan dut. Euskal Herri mailan gazte sariketetan kantatu izan dut, Mariano Izeta sariketan bizpahiru aldiz, Xalto bertso sariketan, Nafarroako txapelketan baita eta kopla lehiaketetan ere hainbertzetan.

Noizbait irabazi duzu bertso txapelketarik?

Bai, irabazi izan dut. Hamalau urterekin eskola arteko bat irabazi nuen eta hamazazpi eta hemezortzi urte nituelarik bertze bi eskola arteko irabazi nituen. Xalto txapelketa ere beste bitan irabazi dut eta badira irabazi ditudan bertze lehiaketa batzuk ere.

Zure ikasleei bertsorik kantatu diezu inoiz?

Bai kantatu izan diet inoiz bertsorik. Ikasleek kuriositatea izaten dute aunitzetan. Bertsolaritza zer den galdetzen didate eta doinu ezberdinak ere ikasten ditugu.

Bat aukeratuko bazenu zein aukeratuko zenuke? Irakaskuntza edo bertsolaritza?

Bi gauzak desberdinak dira eta ezingo nuke aukeratu. Niretzat bertsolaritza afizio bat da. Nire aisialdiko gauza bat da, egitea gustatzen zaidana eta lagunekin partekatzen dudana. Horrek, afizioa lasaitasunez bizitzeko aukera eskaintzen dit.

Nola sentitu zinen eszenatokian aritu zinen zure lehenengo aldian? Noiz izan zen?

Arras urduri sentitu nintzen. Malerrekatik Lekarozko institutura etorri ginen hamabi urterekin eta urduri ginen. Hala ere, abestu ondoren arras kontent eta harro sentitu nin-tzen.

Uste zenuen orain zauden lekura iritsiko zinela?

Ez dut inoiz nire burua proiektatu. Bertsolaritza betidanik gustuko izan dut eta egiten dudanarekin gustora sentitzea izan da nire helburua beti.

Lehenago, emakumeak bertsotan aritzen ziren?

Lehendabiziko bertsolariak emakumeak ziren. Merkatuetan kanta-tzen zuten, norbait hiltzen zenean… baina debekatu egin zitzaigun eta ez dugu plazan kantatzeko askatasunik izan gaur egun arte. Baziren emakume bertsolariak, Lucia Goñi erraterako, baina plaza ukatua izan zuten urte luzez eta gero plazara salto egin zuten hurrengo emakume betsolariak Estitxu Arozena, Maialen Lujanbio, Oihana Enbeita… izan ziren eta beraien bitartez, ondorengoak plazara atera gara.

Zer sentitzen duzu bertsolari famatuenak mutilak direla ikustean?

Nire ustez, Maialen Lujanbio da bertsolari famatuena txapelduna delako, baina Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko azken finalean zazpi gizon eta emakume bat izateak eragina duela uste dut. Jende aunitz ez da bertsozalea baina egun horretan finala ikustera joaten da eta zazpi gizonezko eta emakume bat ikusten ditu taula gainean. Hala ere, bagara bertsolari emakume aunitz eta plazaz-plaza kantatzen ari gara, antolatzen ari gara eta uste dut gero eta ahots gehiago dugula.

Emakumea izanik, uste duzu jendeak berdin onartzen dituela zure bertsoak?

Ez. Emakumea izanik oholtzan paratzen zaren momentuan bertze modu batera begiratzen dizutela uste dut. Jendeak ez dizu gizon bati bezala begiratzen, entzuten edota sinesten. Oholtzan esfortzu handiagoa egin behar dugula uste dut eta oraindik lan aunitz dago egiteko.

Alazne Untxalo Alazne Untxalo Alazne Untxalo Alazne Untxalo Alazne Untxalo