Bordel bertsolaria Donostian soldadu

2021-11-16

Bordel bertsolaria Donostian soldadu –

Joseba Aurkenerenak ZuZeun.


Luzaideko seme bertsolaria, XIX. mendeko gerlak eta triskantzak ezagutu zituena. Horren berri eman zigun bere bertso minberetan. Zoritxarrez, bere bertso anitz galduak dira, eta salbatu direnak Luzaiden bikario izan zen Jose Maria Satrustegi apaiz ikertzaileari esker. Ikus dezagun:

 

Bordel bertsolaria Donostian soldadu

 

1.- Bordeli buruzko biografia laburra

Joan Etxamendi Larralde, Jean eta Manex izenez ere ezagutua izan zena, Luzaiden sortu zen 1792ko urtarrilaren 7an, Bordelia izeneko etxean, hortik etorri zitzaion Bordel edo Borddel izengoitia. Etxe hau herriko hamalau etxe zaharrenetako bat omen zen. Aita Pedro Etxamendi Gaztanbide zuen eta ama, Josefa Larralde Auzki. Aitaren aldekoak baxenafarrak ziren, Mendibe herrikoak eta Auzki familiakoak ziren Bordelia etxeko berezko deitura zeramatenak.

Frantziako Iraultzaren urteak ziren, eta 1793ko apirilaren 25ean, frantsesek herria hartu eta su eman zioten. Luzaidarrek alde egin behar izan zuten eta inguruetako herrietan aterpetu  ziren. Joan Etxamendi urte bateko haurra zen garai hartan. Badirudi Etxamendi familia Auritze eta Erroibarren artean ibili zela aterpeturik. Hiru urteren buruan herrira itzuli ziren, gainerako luzaidarrekin batera, baina ez zuten etxe bat ere zutik aurkitu, den-denak kiskalita baitzeuden.

Horrela izanik, herriko etxe guztiak berreraiki behar izan zituzten eta etxamenditarrek, urte askoren poderioz,  Bordelia berritu eta berriz bizitzeko moduan jarri zuten. Lan horietan zirela, hazi eta koxkortu  zen Joan Etxamendi. Senideek ostatu batean lan egiten zuten arren, berez laborariak ziren, baita Joan Etxamendi ere, laboraria bizibidez eta bertsolaria zaletasunez. Arnegiko Baxoa auzoko Joana Harrietekin ezkondu eta lau seme-alaba munduratu zituzten: Aña Koxepa, Frantzisko, Maria eta Migel. Aña Koxepa Eiheralarreko Arrosagarai deiturako mutil batekin Bordelera ezkondu ziren, eta orduz geroztik Arrosagarai abizenekoak izan ziren bertako seme-alabak.

Bordel gazte-gaztetik hasi zen bertsotan, bat-batekoetan eta baita bertso-paperetan ere. Laster ospe handia bereganatu zuen bai Nafarroa Garaian eta bai Baxenafarroan. Iparraldean Otxalde eta Etxahunekin batera ibili omen zen eta punta-puntako bertsolaria zela erraiten da. Bertso anitz egin bazuen ere, gehien-gehienak galduak dira, eta salbatu direnak Luzaiden bikario izan zen Jose Maria Satrustegi apaiz arrazuarrak bildu eta plazaratu zituen, Auspoa argitaletxearen bidez, 1965ean argitaratu zuten Bordel bertsularia izeneko liburuan.

Manex Etxamendi ezterenzubitar bertsolaria (1873-1960) sendikoa zuen eta jakin badakigu, 1958ko apirilaren 27an, Donibane Garazin omenaldia egin ziotenean izen bereko ilobak, hau da, Manex (edo Joan) Etxamendi Larraldek  osabaren omenezko bertsoak bota izan zituela, zoritxarrez galduak direnak.     Bestalde, aipatu beharra dago Juan Kruz Arrosagarai, Bordel II.a deitua izan zena, birbiloba zuela eta etxe berean sortua eta hazia zela.

Gizon erlijiosoa eta sinesmen handikoa izanik, Joan Etxamendi liberala ere bazen -Luzaiden anitz ziren bezala-, antimonarkikoa  hasieran eta antikarlista gero.  Hori oso kontuan hartzekoa da, bere bizitzan izandako ibilerak eta egindako bertsoak ulertu ahal izateko. 1879ko maiatzaren 30ean zendu zen, 87 urte zituela.

 

2.- Bordel soldadu Donostiako gazteluan

1823ko apirilaren 7an, Frantziako Luis XVIII. erregeak igorritako armada boteretsuak Bidasoa ibaia zeharkatu zuen. Angulemako Dukea zen agintari nagusia eta haien xedea  Espainiako gobernu liberala kentzea eta haren ordez, Fernando VII.a Madrilen errege ezartzea. Armada hau  historian ezaguna da  San Luisen ehun mila semeak  ezizenaz. Apirilaren 9an, hau da, bi egun berantago, Oiartzunen Espainiako Errege Junta eratu zuten. Handik zenbait egunetara Gasteiz hartu zuten eta maiatzaren 24an Madrilen sartu ziren. Espainiar gobernu liberala Cadizen zegoen eta urriaren 1ean aipatu hiria hartu zuten. Donostia hesitu bazuten ere, ez zuen amorerik eman  irailaren 27ra arte. Frantsesak urriaren 3an sartu ziren eta bertan izan ziren 1828ko maiatza arte.

Gerla honetan kokatu behar dugu Bordel bertsolari luzaidarra. Enrike Zubiri Manezaundi (1868-1943) Luzaiden sortutako idazle eta artikulu-egile oparoak herrikide zuen Bordeli buruz zehazkizun biografiko anitz idatzi zituen. Erran daiteke bera izan dela Bordelen biograforik onenetako bat. Manezaundik idatzi zuenez, 1822. urtean, Espainiako Gobernuko liberalek Luzaideko gazte multzo bat hartu eta bortxaz, Donostiako gaztelura soldadu igorri zituzten. Horien artean zeuden Bordel bera eta bere anaia gazteago bat.  Hor zeudela frantsesak Gipuzkoan sartu ziren eta Donostia hesitu. Hortxe barruan ziren mutil luzaidarrak agintaritza liberala defendatuz.

Hor ikusi eta jasan zituenak ikaragarriak izan ziren eta hori dena kontatuz Donostian soldado izeneko bertso sorta landu zuen. Osora hogeita hamar bertso ditu eta balore autobiografiko handikoak dira. Antonio Arruek, Donostiako Camino Historia Batzordearen bitartez, liburuxka bat plazaratu zuen 1971. urtean, gertatu zena kontatuz eta iruzkinduz. Aipatu liburuak El bertsolari Bordel en el castillo donostiarra, 1823 ( Bordel bertsolaria Donostiako gazteluan, 1823) izena du.

Lehen bertsoan urtearen berri ematen digu: Mila zortzi ehun eta / hogei ta hirurian / zerbitzuan ginauden / Donostia hirian / liberalitateko / bandera berrian. / Hartatik desertatu / inozentkerian, / miserable erori / etsaien erdian.  Bertso honetan kontatzen digu liberalen bandotik desertatu zuela.

Bigarren bertsoan honela jarraitzen du eguna eta ordua zehaztuz:  Hura zen ekainaren / hamabigarrena / gauazko bederatziak, / partitzeko orena; / Konda ahala bana / gehiago du pena; / Sofritzia ere ahal da / hala dabilena, / etsaiaren esklabo / munduko abilena. Beraz, 1823ko ekainaren 12an, gaueko bederatzietan desertatu zuten eta ihesari ekin zioten.

Hirugarrenean zenbat ziren ihesari ekin ziotenak eta nondik abiatu ziren kontatzen digu: Murraila pian sartu / bederatzietan, / kanale bati barna, / atera errestan. / Bederatzi baginen / konpainia hartan, / zenbaitek malezia / zuten beren baitan, / deklaratzera nua / aski doloretan.  Beraz, bederatzi lagun ziren, gaueko bederatzietan, harresi azpiko zulo batetik sartu eta arrastaka ihesari ekin ziotenak.

Baina tamalez, beraien artean bazen salatzaile bat, eta zulotik atera orduko frantsesak ziren beraien zain. Bi aldeetatik tiroka hasi zitzaizkien eta frantsesek, espioi liberalak zirelakoan, preso hartu zituzten. Hori kontatzen du 4., 5. eta 6. bertsoetan. Seigarrenean honela dio: Arribana baneza / ongi manifesta, / lastima ez laitenik / konpainian ezta. / Bi aldetarik tiroka / gure errekesta, / kosta haize bateki, / lur barna tenpesta, / han ikusi ginuen / terribleko besta.

Egun berean Hernanira eraman zituzten eta ekainaren 13an Tolosara. (13. bertsoan). 16. bertsoan Donostian ziren soldadu liberalek 1823ko maiatzaren 3ko gauean egin zuten hilketa handia aipatzen du:  Utzi ginuenian / Tolosa gibela,  / segur da bihotzian / pena ginuela; / Ordenatzen zaguten / heriotze krudela, / anitz pikarderia / egin ginuela, / Mitxelenaren plaza, / behar ginuela. Aipatu gauean Donostiako Lamota gazteluko goarnizioko soldadu liberal batzuek Matias Mitxelena apeza eta San Telmo komentuko zazpi fraide erail zituzten eta ondoren Urgull menditik itsasoko labarretara bota.

Tolosatik Ordiziara eraman zituzten (17. bertsoan), gero Arrasatera

(18. bertsoan), Arrasatetik Gatzagara (19. bertsoan) eta azkenean Gasteizera (21. bertsoan) Han gobernadoreak galdekatu zituen eta nafarrak zirenez gero, Iruñera bidali zituen bertan epaiketa egin ziezaieten. (23. bertsoan). Astotik mandora, Iruñeko juntan ziren nafarrak Erriberakoak ziren, mendialdeko nafar euskaldunak gorrotatzen zituztenak, traidore izatea leporatzen zietenak, eta ehun makil-ukaldiko zigorra agindu zieten. Honela kontatzen du 26. bertsoan:  Nafarruako serbil / Lepondo gorriak, / Luzifer lotsa diro / haren koloriak. / Montañesak girela / oro tridoriak, / martier finitzeko / emanez odriak. / Arrasatu balitu / Enperadoreak!. Bertsoan Bordelek aipatzen dituen Nafarroako serbil, lepondo gorriak, Errege Juntako Erriberako nafar erdaldunak ziren, mendialdeko nafar euskaldunei montañesak  erraiten zietenak.

29. bertsoan eman zieten zigorra kontatzen digu. Preso hartutako zortzi mutilei ehun makilazo bizkarrean, bederatzigarrena, salatzailea izanki, libre utzia baitzen. Zortzira, ehun palo / ordenatu zauten, / duda niz halakuek / arimarik bauten. / Ez dakit nehork ere / sinetsiko nauten, / zenbat purgatorio / erakutsi zauten! / Bihotza trankilago / bizi gira aurten. Manezaundik idatzi zuenez, eta Luzaiden kontatzen denez, Bordelen anaia gazteago bat zortzi mutil horien artean omen zegoen, osasunez makal samar zebilena. Bordelek pentsatu zuen halako zigor gaiztotik ez zela bizirik aterako eta berari berrehun makilkada emateko eskatu zion hango arduradunari. Eta horrela egin omen zuten. Bertsoetan Bordelek ez digu horretaz deus aipatzen.

Zigorra jaso ondoren, askatasunean utzi zituzten eta Luzaidera itzultzen utzi zieten. Hori kontatzen du Bordelek  azken bertsoan, hau da, 30.enean. Gure libertatia / ongi etorri dela! / Lehen ikusi dugu / denbora krudela / estima dezagula / gure amodio fidela. / Pena duten guziak /  kontsola ditela, atsegin duteneri / egin guri bezala.

Badago kontakizun honetan ongi ulertzen ez den afera. Zergatik, liberalak izanki, desertatu zuten Bordelek eta beste mutilek, eta pasatu ziren monarkikoen alde borrokatzen ari ziren frantsesen aldera? Antonio Arruek bere liburuan erraiten duenez, Bordelek eta gainerakoek bazeukaten gertatzen ari zenaren berri, eta bazekiten liberalek jadanik gerla galdua zutela. Horregatik garaileen aldera pasatzea erabaki zuten.

 

3.- Bordelen beste bertso sortak

Bertso anitz egin bazuen ere, maleruski gehien-gehienak galduak dira eta gure egunetara iritsi direnak Jose Maria Satrustegik herritarren ahotik jaso zituenak ditugu. Hona hemen, Satrustegiren liburuan, modu kronologikoan antolaturik diren bertso sortak:

Gurasoeri.

– Donostian soldado (1823)

– Karlisten gerrako kantiak (1838 edo 1839)

– Bihotza zeraut nigarrez urtzen.

– Barberaren koplak.

– Ene andregaiari.

– Mendekoste bestetan.

– Etxaundiko kantiak.

– Ayundamendukoak.

– Baigorriko hegalian.

– Ene izpirituan bazen zenbait bertsu.

– Luzaideko indemnizazioaren gainian.

– Aldudeko kantiak (1864).

– Heriotz krudel bat (1864).

– Limiten gainian (1865)

– Napoleonen bertsuak (1870)

– Bankako nexkatuak.

– Apezenak. (1876)

– Sortuz geroz guziek.

– Oroit gaiten guziok.

Hasieran erran dugun bezala, 87 urterekin hil zen Luzaideko bere etxean. Bere bizitzaren azken urteetan heriotzaren hurbiltasunaren aitzinean, biziki bertso sentituak egin zituen horren berri emanez. Hona hemen, amaiera gisa, Oroit gaiten guziok izeneko bertso sortaren lehena:

Oroit gaiten guziok / hiltzeko orenaz, / munduko izaitia / zenbat den gorenaz. / Jinko Jauna adora / obra hoberena,  / gaztigatu gaberik / ifernuko penaz.

 

Bordel bertsolaria Donostian soldadu Bordel bertsolaria Donostian soldadu Bordel bertsolaria Donostian soldadu Bordel bertsolaria Donostian soldadu Bordel bertsolaria Donostian soldadu Bordel bertsolaria Donostian soldadu Bordel bertsolaria Donostian soldadu Bordel bertsolaria Donostian soldadu Bordel bertsolaria Donostian soldadu Bordel bertsolaria Donostian soldadu Bordel bertsolaria Donostian soldaduBordel bertsolaria Donostian soldadu Bordel bertsolaria Donostian soldadu