Bizi ditudan bi munduri jarriak

Bizi ditudan bi munduri jarriak –

Danel Herrartek, Berrian.


Bizi ditudan bi munduri jarriak
Arg: bertsoa.eus

Danel Herrarte (Aramaio, Araba, 2004). Peru Abarrategi irakasle zuela hasi zen bertso eskolan, gaztetxotan. 2019ko Arabako Eskolartekoan kantatu zuen lehenengo aldiz, eta hurrengo urtean Kuadrillarteko Sariketako txapela irabazi zuen, Aramaioko Izenbakuek taldeko kide modura. Arabako Bertsolari Txapelketan bi bider kantatu du gaur artean; 2022an parte hartu zuen aurreneko aldiz, eta iazko txapelketan ere aritu zen kantuan.

 

Doinua: Elizan sartu ziradenian A

 

Mundu honetan badaramatzat
ia hogeita bat urte
Ta gutxiegi direla ere
edonork esango luke
Aitakeria jarrera_ordea
ona denik ez dut uste
Nik hogeita bat urtez bizia
bertsotan jarri nahi nuke

 

 

Baserri giro bete-betean
jaio nintzen buruz buru
Baina ni enaiz baserritarrik
finena izan seguru
Bizi izan ditut baserri giro,
herri eta hiriburu
Eta kanpotik begiratuta
bereizten ditut bi mundu

 

 

Nahizta bakoitzak ireki didan
maitasun handiz atea
Nabaria da bi mundu hoiek
duten polaritatea
Baserriaren lan beharra ta
hiriaren disfrutea
Nola uztartu litezken zail da
niretzako esatea

 

 

Jende artean naizenaz inoiz
agertu arren lotsati
Lotsak harrotzen ongi_ikasi dut
denbora_aurrera joaki
Harrotasuna ez da ordea
baserri giroan aski
Probatu duen gozo bat ezin
ken dakioke haur bati

 

 

Konfort gunea alboratzea
kontu erraza al da ba
Nahizta guztiok gustuko dugun
bizimoduan patxada
Gizartearen lege berriei
jarraika ari bagara
Aurrerapena atzerabide
izango da beharbada

 

 

Nola guztiok gurpil berari
bultza ta bultza gabiltzan
Ni ere enaiz gurpil hortatik
bereizteko kapaz izan
Baina bereiztu izan nautenez
gauza batzuek bizitzan
Horra sei bertso nire bizitzaz
nahi duenak entzun ditzan

Bizi ditudan bi munduri jarriak