Eli Zalduak eta Suhar Gesalagak osatutako bikoteak irabazi du Gaztetxeak Bertsotaneko finala

Bigarren urtea du txapelketak, eta Euskal Herriko zazpi gaztetxetan egin dituzte saioak. Azkoitikoan izan da finala, larunbatean, eta publikoak aukeratu du zer bi bertsolari saritu.

Eli Zaldua eta Suhar Gesalaga –

Iñigo Astiz, Berrian.


Eli Zaldua eta Suhar Gesalaga
Gaztetxeak Bertsotan txapelketako finaka, larunbatean, Azkoitiko gaztetxean. GAZTETXEAK BERTSOTAN

Urtarrilaren 2an hasi zuen ibilbidea Gaztetxeak Bertsotan txapelketaren bigarren aldiak. Igorreko Kiñu gaztetxean (Bizkaia) egin zuten lehen saioa, eta larunbatean azkena, Azkoitian (Gipuzkoa). Lehiaketan, bikoteka aritu dira bertsolariak kantuan, eta Eli Zalduak eta Suhar Gesalagak eraman dute aurtengo txapela. Publikoak hartu zuen erabaki hori, baina, horretaz gainera, beste bi sari ere banatu zituzten. Azkoitiko Gazte Asanbladak erabakita, Ander Sarriugartek eta Haira Aizpuruak eskuratu zuten asanbladaren saria, eta Aitor Tatiegik eta Iradi Barrenetxeak antolatzaileena.

Bertsolari gazteei plaza bat eskaintzeko asmoz jarri zuten abian txapelketa, iaz, eta bigarrenez antolatu dute aurten. Festa giroko saio eroso eta dibertigarriak egitea da helburua, antolatzaileen hitzetan, baita gazteen kezka eta interesekin lotutako «ahots kritiko eta politizatuei» lekua ematea ere.

Zazpi gaztetxetan egin dituzte aurten saioak: Igorren eta Azkoitian ez ezik, Berrizko Hiltegixe gaztetxean (Bizkaia), Beasaingo gaztetxean (Gipuzkoa), Garazikoan (Nafarroa Beherea), Iruñeko Txantreako Maiatzak 1 gaztetxean, Gasteizko gaztetxean eta Bilboko 7katu gaztetxean, zehazki. Gaztetxe bakoitzeko asanbladarekin batera antolatu dituzte saio horiek, eta, antolatzaileen hitzetan, emanaldi guztiek izandako erantzuna «oso ona» izan da.

Gaztetxeen aldeko ekitaldia

Antolatzaileek kontatu dute iazko txapelketa «esperimentala» izan zela, baina aurten, iazko esperientziari esker, gutxiago kostatu zaiela dena martxan jartzea. Formatua fintzen ere asmatu dutela azaldu dute.