Bizitza kantu bat da –

8 urte besterik ez nituela bertso-saio asko entzunda nengoen dagoeneko. Ama txofer lanetan aritu ohi zen asteburutan, Euskal Herrian zehar, eta ni ere eramaten ninduen neben bertso-saioetara (noski, bestela ez bainuen norekin geratu). Gogoan ditut Mungiako eskolarteko finalak, BBK-ko sariketak, Herri Urratsak Senperen, Intsumiso egunak Iruñean, txapelketak, sariketak.. Bertso-turismoa; horrela ezagutu nuen Euskal Herriko hainbat bazter, bertsoari esker.
Adin horrekin parte hartu nuen nire lehenbiziko bertso-idatzien txapelketan eta saririk ere eraman nuen etxera. Gerora ni neu ere bat-batean hasi nintzen kantuan, inprobisatzen, eta ordutik plazaz plaza aritu izan naiz, neure buruaren txofer. Hasieran saio asko izan nituen, batez ere, Jone eta Arraterekin batera. Algortako hiru neska, euskaldunberri eta bertsolari ginen: exotikoak oso. Kilometro beste errima inprobisatu genituen denbora luzez. Frediri, Xabiri eta Jon Lopategiri esker hasi ginen eskolaz eskolako bertso zirkuitoan eta ondoren, Kristina Mardaras bezalako pertsona ederren deiak ere jasotzen hasi ginen. Zenbat autobus galdu ote genituen? Zenbat aldiz geratu ote ginen sakeleko bateriarik gabe? Ia beti nahita, nola ez.
Gerora etorri ziren beste hainbat bertsolarirekin partekatutako plazak. Gogoan dut Sopelako jaietan Mañukortarekin aritu nintzela Michael Jackson hil zen urtean. Ezin ahaztu Laudioko patxaran festak, Manolo Arozenarekin bertso-egunetan egindako txotxak edo Karbonerako bertso-bazkariak. Hernandorenak, Osinaldeak, Abrak, Bertxokoak..
Hala ere, orainarteko istorio hau ez dago orainaldian jarraitzerik.
Nahi baino dexente gutxiago aritzen naiz bertsotan azken urteetan. Suposatzen dut txapelketan ez parte hartzearen ondorio zuzena izan daitekeela. Neure herrian bertan, adibidez, urteak daramatzat kantatu gabe. Suposatzen dut bertso-eskolan ez parte hartzearen ondorio zuzena izan daitekeela (nahiz eta ez naizen bere herrian saiorik ez duen bertsolari bakarra).
Zorionez, badaukat sekula aldean utzi ez dudan eta aldean utzi ez nauen bertso-familia ederrik. Etxeko txapeldunez gain, badira behin eskutik heldu eta sekula askatu ez nautenak: Jone Larrinaga eta Izar Mendigurenez ari naiz, baita Viñaspre eta arabar kuadrilla ederraz ere. (Zerrenda potoloagoa da berez.. badakizue nor zareten). Zuei esker, gaur egun, inprobisatzen jarraitzen dut Euskal Herrian zehar.
Aurten, adibidez, Gasteizko gaztetxean Isindahouse Freestyle txapelketako finalean aritzeko aukera ezin ederragoa izan genuen, Astrako saioa eta gero. Orduñako gazte egunean ere, esate baterako, bertso-bazkaria izan genuen orain dela gutxi. Bestalde, maiatza amaieran, bertsoa eta rapa uztartu genituen oholtza gainean Gasteizen. Eta.. uztailean, beste batzuen artean, Correllenguan arituko gara bertsotan eta kantuan, Lleidan.
Bizitza kantu bat dela ikasi genion aspaldi Mikel Mendizabali. Eta horretan ari gara. Argi daukat kantuan, bertsotan, freestylean zein denen arteko fusioan badela guretzako tokirik.

