Eñaut Agirre Goiari elkarrizketa

Eñaut Agirre Goiari elkarrizketa-

Eñaut Agirre Goia bertsolariari elkarrizketa egin dio Berrian Amaigoia Gurrutxaga Urangak


Bertso berri zein zaharrak nahasten dituen saio bat, ‘Auskalo zeinek jarriak’. Horixe Unai eta Eñaut Agirre anaiek ondu duten proposamena, iragana eta oraina kantuz kantu gurutzatuz.

Eñaut Agirre Goiari elkarrizketa
Berrian, Antoni Canelladaren eskutik

 

Zaparraden joan-etorriari begira dago Lazkaomendi (Lazkao, Gipuzkoa). Lanetik heldu berri, eskuan dakartzan liburuei begira dator Eñaut Agirre Goia (Hernani, Gipuzkoa, 1977). Lehena, Antonio Zabalak Auspoa sailean argitaratutako Motza, Zulaika ta Ugalde bertsolariak. Hortik hartu zituen duela bi urte sare sozialetan asko zabaldu ziren Piztien bertsoak, Juan Kruz Beloki Aranburu Motza-renak, Zaldibiako (Gipuzkoa) Agarre baserrian Unai anaiaren ondoan kantatu zituenean. «Han zen batek grabatu egin gintuen, eta Motzaren sail hori bazter guztietan entzun zen». Batetik eta bestetik hasi zitzaizkien deika, eta halaxe hasi ziren gaur egun Auskalo zeinek jarriak izenez aurkezten duten saioari forma ematen eta jendaurrean egiten. Ostiral honetan bertan Bedaion (Gipuzkoa) dute hitzordua.

Bertso zaharretara hurbiltzeko bide bihurtu ote zarete?

Tira, bertso zaharrak ez da termino erabat egokia; bertso jarriekin ari gara. Gerorrek ere jartzen ditugu bertsoak, eta hartzen ditugun sail batzuk ere badira gaur egungoak. Bertso jarriena berreskuratu dugula esan daiteke, bai, baina ez dut uste hori ere erabat galduta egon denik. Bat-bateko bertsoak hartu du indar handia, eta pixka bat ahaztua-edo egon da, baina ez erabat.

Bertso jarriak kritika sozial eta politikorako ere erabili izan dira. Erabilera hori ia erabat galdu da, zer kritikatua egon baden arren.

Bai. Horregatik, noiz edo noiz galdetu izan didatenean ea potentzialitaterik ba ote daukan bertso jarriak gaur egun, beti erantzun izan dut baietz, dudarik gabe. Sare sozialen zabalpena-eta, alde horretatik, ez datoz bertso jarriaren kontra, baizik eta alde. Sekulako zabalbidea ematen dute. Gero, jendeari zenbateraino bururatzen zaion hori egitea edo ez egitea, beste kontu bat da.

Zertarako baliatu izan dira bertso jarriak, batez ere?

Gauza askotarako. Batetik, prentsa horiarenak egiteko. Gizarteak eta pertsonak behar dute prentsa horia, antza: ikusi besterik ez dago jendea zertara dedikatzen den gaur egun ere. Ni harritu egiten naiz, baina hala da. Txutxu-mutxu eta zurrumurruen saltsa hori, lehen ere bazegoen, eta bertsotan jartzen ziren. Zergatik? Dirua ematen zuelako. Hor bide bat ireki zen bertso paperekin, eta dirua egin zuten bertsolari batzuek.

Nortzuk nabarmenduko zenituzke horretan?

Bazen bat hor bereziki nabarmenduko nukeena, dirua egiteko aukera ikusi zuelako prentsa horiaren kontu horretan. Anbuerri edo Aranburu Berri deitzen zioten Asteasuko bat zen [Joxe Migel Bitoria, 1887 – 1931]. Esaten dute, besteak beste, hura dela Txirritarekin kantuan ari dena, bertsolarien lehendabiziko grabaziotzat hartzen denean. Hala idatzi du Joxean Goikoetxeak ikerketa batean, eta litekeena dela uste dut. Bazen nor, bazuen maila bat, eta txutxu-mutxugintzara dedikatu zen. Itsusi dedikatu ere.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Aita [Antonio] Zabalak zentsuratu egin zuen bertsolari hori, garbi gainera. Askoz material gutxiago zeukaten bertsolariak publikatu ditu Zabalak. Aranburu Berrirenak, berriz, bertso piloa zeukan, eta ez zituen publikatu. Neuk ere ez nituzke publikatuko, gaurko begietatik, eta zeuk ere ez, seguru asko. Faltoia zen erabat. Baina izugarrizko arrakasta zeukan garai hartan. Herrira joan eta kantuan hasten zenean, bidali egiten omen zuten plazatik, kantatzen zituenak kantatzeko modukoak ez zirela esanda. Bidaltzen zutenean, tabernaren batera sartu eta han kantatzen omen zuen. Jendea bultzaka hasten omen zen hara sartzeko. Auzokoren bat edo dena delakoa larrutzen omen zuen. Eta izan ez ziren liskarrak asmatu ere egiten omen zituen.

Antonio Zabalak Aranburu Berriren bertsoak zentsuratu zituela aipatu duzu. Gehiago ere ez ote dira izan?

Nik Zabala ezagutu dudanagatik, esaten dutena baino askoz gutxiago zentsuratu duela uste dut, eta zentsuratu duenetan aitortua daukala zergatia.

Beste gauza bat da konturatu gabe egiten diren gauzak. Alegia, zenbat saiatu garen zenbaiten izenak bilatzen eta beste zenbaitenekin ze ahalegin gutxi egin dugun. Adibidez: Patxi Bakallok bizilagunari kantatzen omen zion, leihotik leihora, eta bizilaguna aldameneko etxeko alaba zen. Inork ez du esaten nor zen, «aldameneko etxeko alaba» gisa geratu da. Asko joan dira hala.

Txutxu-mutxuak eta prentsa horia aipatu dituzu lehen. Zabalak eta bestek bildutako bertso jarrietan baziren gai gehiago ere.

Gaitegia oso zabala da. Serioak dira, normalean, gertaera gogorren inguruan kantatzen direnak. Hor gerrek toki handia hartzen dute. Noizbait izandako izurriak eta gaitzak ere gaitegi serioan daude. Gero, beste sail handi bat amodioarena da, ez nioke erromantikoa deituko bereziki. Horrek abaniko oso zabala du, eta prentsa arrosa eta horiraino ailegatzen da. Denetik azaltzen da. Belaunaldiz belaunaldi asko aldatzen da mamia, baina belaunaldi berean ere, alde handiak daude.

Gero, naturari buruzko bertsoak ere asko daude, edo baserriari jarritakoak eta baserriko txakurrari, katuari edo ahuntzari. Azkenean, bi behar daude hor: informatua izatekoa, eta, gero, pertsona bezala, komunikatzeko edo espresatzeko daukaguna.

 

Testuingurua halakoxea izanik, izurriteen inguruko bertsoak kantatzen ari zarete, besteak beste, zuen emanaldian.

Horren inguruan hiru sail-edo ikasi ditut, bai: bata, Unai anaiak jarritako berri bat; bestea, 1918ko gripearen ondorioz bederatzi umerekin alargundu zen Joxe Zapirainena; eta hirugarrena, Hernaniko gertaera bat.

Emakume batek jarriak, azken sail horretakoak.

Bai, Joxepa Zubeldiak. Hori da beste adibide bat, zenbait emakumeren izenak nola ezkutatu diren edo ezkutuan gelditu diren. Denok daukagu parte horretan. Bertso eskolako jendeak ere ez genion batere garrantzirik eman. Joxepa Zubeldia kantuan hasten zenean, etxekoek ez zuten onartzen; seme-alabek haren bertso guztiak erre zituzten. Eta emakume hark kristoren indarra eta irrika zeuzkan bertsolari izateko.

Gertaera oso gogor bati jarri zizkion bertsoak: baztanga izurrite bat, oso hilgarria, Lehen Mundu Gerraren testuinguruan. Hernanin ospitalea zen, eta horra ekarri nahi zituzten hainbat baztangadun, gobernadoreak hala aginduta. Eta Hernani itxi egin zuten barrutik. Emakumeak nabarmendu ziren itxiera erabakitzeko erreboltan, eta errebolta hori irabazi zutela ospatzeko egin zuten bazkarian, mahai gainera igo eta bertsook kantatu zituen Zubeldiak. Orduko kroniketan hala dago jasoa.

Kroniketan jasoa ez dagoen daturik ere ematen dute Zubeldiaren bertsook.

Bai, eta horregatik ere badira onak bertso jarriak, beste kroniketan azaltzen ez direnak aurkitzeko. Joxepa Zubeldiaren bertsoetan azaltzen da Hernaniko alkateak eskaini zuela ospitalea ez beste leku bat baztangadunak egoki hartzeko. Beste inongo kroniketan ez da hori ageri. Aukera horri uko egin zion gobernadoreak, eta orduan erabaki zuen Hernaniko herriak bere ateak ixtea. Detaile horrek aldatzen du bertsio ofiziala, ezta? Horregatik esaten dugu askotan gure historia bertsoetan dagoela, herritarrek kontatuta, onerako, txarrerako eta nahi denerako. Bertsioa batzuek ala besteek eman, aldatu egiten baita. Gure historiaren parte handi bat dago bertsoetan. Hori gabe, ez dago historia osoa egiterik.

Zabalaren bi liburu besapean etorri zara. Material gehien Auspoa sailetik ateratzen duzue?

Bai. Liburu horietan dagoen musikaltasuna, dauden istorioak… Pello Errota (Bizitza, bertsoak, itzala) ekarri dut hona, eta bertan dago, esaterako, Pello Errotaren bizitza, bere alabak kontatua. Mikaela Elizegi zen alaba hori, eta ikaragarria da zer poesia dagoen liburu horretan. Amets Arzallusen Miñan irakurri eta Ibrahima Balde aditu, eta Mikaela Elizegi etortzen zait burura niri. Igual-igual hitz egiten dute. Ibrahimak poesia latza dauka; harentzako, denak bizitza dauka: basamortuak, eta itsasoak, eta bere minak. Mikaela Elizegirentzat ere bai.

Doinutegian, zein duzue iturria?

Bertsozale Elkartean doinutegi ikaragarria dago bilduta. Dena dago eskuragarri sarean. Doinutegitik tira egin izan dugu, baina gure memoriatik edo orain aditutako grabazio zaharretatik ere bai. Orain, gainera, jakinda nola gabiltzan, jendea etortzen zaigu «adi ezak hau», esaten.

Zuen saioan a cappella kantatzen duzue. Ez da ohikoa.

Hori da guk bilatzen duguna, hain zuzen ere, a cappella kantatzea. Etxean dezente kantatu izan dugu, eta hortik gehiegi ez urrutiratzen saiatzen naiz. Ez naiz saiatzen lehengo zaharrek bezala kantatzen edo Txirritaren ahotsa imitatzen. Ez dut ailegatu nahi hori barregarri uztera; bere lekua eman nahi diot. Gu hastea orain eztarritik kantatzen, adibidez… beldurra ematen dit. Nik ez dut hala ikasi. Ni saiatzen naiz nire boza ateratzen, eta kito.

Tesia ere ari zara egiten.

Bai. Filologoa naiz, eta gaia da ahozko hizketaren ezaugarriak nola ikusten diren bertsolarien jardunean. Interesgarria da ikusteko nondik gatozen, zer den bertsolaritza, zergatik iritsi garen gaur eguneraino… Ahozkotasunari garrantzi bat emateko ere interesgarria da. Alfabetatzeak izugarrizko garrantzia du, baina, lehenik eta behin, erakutsi umeei hizketan, hitzen grazia. Gaitasun horrekin datoz mundura!

Oraintxe arazo larria dago detektatuta gazteenen euskara gaitasunean.

Bai, eta uste dut bertsolaritzak asko daukala eskaintzeko. Indar asko jarri dugu arlo formalean, hori zelako garai batean gure hutsunerik handiena, baina eremu informalean lekua galtzen ari gara orain. Eremu informala, prestigiorik gabea izanik ere, oso inportantea da hizkuntza batek bizirik iraun dezan, eta hor lan ikaragarri bat dago egiteko.

Eñaut Agirre Goiari elkarrizketa-
Eñaut Agirre Goiari elkarrizketa-
Eñaut Agirre Goiari elkarrizketa-
Eñaut Agirre Goiari elkarrizketa-
Eñaut Agirre Goiari elkarrizketa-
Eñaut Agirre Goiari elkarrizketa-