Hendaiatik Varsoviara

Hendaiatik Varsoviara –

Eneko Bidegain Bertsozale Elkartearen atarian.


Eneko Bidegain Aireren gogoeta dakar aste honetako adituen analisiak: “Bidean era askotako paisaiak zeharkatzen diren bezala, bertsoetan ere badago denetarik, eta gozamena ugari. Varsoviara ez; batzuek ilargiraino ere eramaten gaituzte.”
 
Hendaiatik Varsoviara
 

Bertso Txapelketa Nagusiko epaimahaikide izatea bidaia bat da. Bidaia bat Euskal Herrian barna. Bidaia bat bertsolari bakoitzak kantatzen dituen munduetara. Bidaia bat gai bakoitzak gure baitan pizten dituen ideien erresumara. Bidaia bat zenbakien bidez kontatzen duguna. Neurtzen duguna. Kilometroak. Minutuak. Silabak. Oinak. Puntuak. Eta puntuak.

Zer dira 6 puntu? Zer dira 7,5 puntu? 8,5? Zer dira 6 segundo, 2 minutu eta 44 segundo edo 4 minutu eta 37 segundo? Zer dira ordu bat eta 39 minutu? Zer dira 129 kilometro? 92 kilometro? Hendaiatik Lizarrara, 140 kilometro. Geldialdi bat Oiartzunen, beste epaimahaikide batzuekin egiteko bidea. Autobidean barna, Andoain, A15, Bi Aizpeak, Iruñeko sarrera, udako suteek utzitako arrastoa Erreniaga bazterretan, Lizarrako arkitektura kontrastedunak eskaintzen duen bidaia denboran… 128 kilometro Gotaine-Irabarnetik Hendaiara, itzulera, Oxkaxen gauari oraindik erresistentzia egiten dion egunaren azken hasperenaren printzaren poesian, saioan entzundako –eta puntuatutako– maisulan batzuk komentatuz bidenabar.

Hain segur, bidaia emozionanteena Hendaiatik Getxorako 129 kilometroetakoa da. Txapelketatik txapelketarako lau urteak luze badira, pentsa bost urte! Eta pandemia 2021ean izan balitz? Sei urteko etena? Badakigu lanera goazela. Badakigu antzokiko aulkiak ipurdiarentzat erosoak badira ere, toki hain murritzerako antolatu den nolabaiteko mahaian idazteak eskatzen duen posturak nekea eragiten diola bizkarrari. Eta badakigu Hendaiatik Gasteizera 121 kilometro diren bezala, bertso baten neurria ez dela termometro batekin hartzen.

Puntuazioa sekula ezin da izan perfektua, ezin baita makinekin puntuatu. Edo, horrexegatik, bere inperfekzioagatik izan liteke makinarena baino fidagarriagoa.

Urte bat lehenago hasi ginen biltzen –eta txapelketatik txapelketara ere izan genituen ikastaroak–, berriz ere xeheki irakurri genituen epai irizpideak, eztabaidatu genuen… Baita bertso epaitze modu distopikoez ere: adimen artifizialak neur ote lezake bertsoa? Eta ezinezkoa dela ebatzi genuen. Nola uztartu bertsoak komunikatzen duen egoera eta eragiten duen –edo ez duen– emozioa, beste hainbat ezaugarri teknikorekin (oinak, gramatika, silabak…)? Ez dago formula matematikorik. Puntuazioa sekula ezin da izan perfektua, ezin baita makinekin puntuatu. Edo, horrexegatik, bere inperfekzioagatik izan liteke makinarena baino fidagarriagoa. Kantariaren ahotik entzulearen belarrira, bertsolariaren bihotzetik zalearen erraietara nola heltzen den islatzen da, hein handi batez, puntuazioan. Hori egokitzen da bertso horretatik ihes egin duten akatsak zigortuz eta bertsoa ongi jantzi duten merituak sarituz.

Kantuen, filmen edo liburuen gisan –baita ere pertsonen gisan– bertso bakoitzak lortuko du edo ez gure larru-azaletik barnago sartzea. Badira larru-azala ferekatzea ere lortzen ez dutenak. Badira gustagarri zaizkigunak, entzuteko atseginak direlako, ikusteko politak, baina ez duena epidermisa zeharkatuko euriak plastikozko geruza baino gehiago. Badira bertsoak larrua zulatu eta bibrazioa eragin digutenak. Eta badira bihotz erdiraino heldu zaizkigunak. Bertsoak entzuleari bat-batean eragin dion inpaktu hori ekar ote daiteke, nolabait, puntuetara? Hori da gure lana.

Subjektiboa dela? Bistan da. Horregatik, zazpi epaimahaikideren, zazpi sentsibilitateren eta zazpi emozioren batuketa da azken emaitza. Zazpiak bat bihurtzen gara. Zazpi erreka batzen dituen ibaia da puntuazioa.

Bai, badakigu lanera goazela. Badakigu puntuazioak beti sor dezakeela eztabaida. Baina buruko-min horien gainetik, pozik joan ginen Getxora (eta hurrengoetara), bertsoa maite dugulako, Txapelketa Nagusia ekitaldia bera bihotz altxagarri zaigulako euskaldun gisa, aspaldi elekatu gabeko edo maiz ikusten ez ditugun lagunak agurtuko ditugulako, komunitate maitagarri baten parte izateak alaitzen gaituelako…

Beraz, kilometroak… erregai litroak… batzuk-batzuk badira. Kanporaketen fasea eta finala epaitzea egokitu zait. Kanporaketetan, hiru asteburuz jarraian (hots, hamasei eguneko tartean) 1.270 kilometro –hamabost ordu– zeharkatu ditut. Ia-ia Hendaiatik Amsterdamera joango banintz bezala. Txapelketa osoa epaituz gero (edo txapelketako saio guztien jarraipena egiten duen kazetaria izanez gero), Amsterdametik segi eta Varsoviaraino iritsiko nintzateke, 2.500 kilometro pasa direlako joan-etorri guztiak.

Kilometroak errealak dira. Baina bidaia bertsoei esker egiten dugu. Bidean era askotako paisaiak zeharkatzen diren bezala, bertsoetan ere badago denetarik, eta gozamena ugari. Varsoviara ez; batzuek ilargiraino ere eramaten gaituzte.

Hendaiatik Varsoviara Hendaiatik Varsoviara Hendaiatik Varsoviara Hendaiatik Varsoviara