Literaturaren doinuan

2020-09-04

Literaturaren doinuan-

Argiako artikulua, Dabi Piedraren eskutik


Sormenaren lurraldea hedatzeko eta kultur adierazpideen arteko mugak lausotzeko joera agerikoa da gaur egun, eta horren erakusgarri dira literatura eta bertsolaritza uztartzen dituzten saioak. Idazleak eta bertsolariak oholtzan elkarrekin ikustea publikoaren gustokoa da, nonbait. Alabaina, Karmele Jaiok aitortu zuen lehenengo aldia zuela Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak eskainitako hura, eta lehenengo aldiek adin batetik gora duten bakantasunaren jakitun zela.

Literaturaren doinuan

Olga Ruizen argazkia, Argian

Bertsolariei gaiak jartzeko lehenengo aldi hartan eskarmentudun bidelagunak jarri zizkioten Jaiori: Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga. Esperimentuak emaitza ona eman zuen, bertsolariek kanturako zirrikitu ugari aurkitu baitzituzten Jaiok trebetasunez jositako planean. Idazleak irakurritako aipu literarioek markatu zuten bidea, umoretik kezka esistentzialetara eta munduaren gordintasunetik fantasiara ia oharkabean salto eginez.

Literaturak zer leku duen gaur egungo munduan, lehenago beste askok erantzun nahi izan duen galdera, aurrez aurre aurkitu zuten Iturriagak eta Lujanbiok lehenengo ofizioan. Jaiok egina zien oharra: zalantza nagusi den garaiotan, jendeak erantzun zehatzak, erabatekoak nahi ditu; baina literaturak erantzunak baino galdera gehiago ematen ditu.

Ondoren, Olga Tokarczuk eta Milan Kunderaren aipu bana lagun, hizkuntza boteretsuez eta txikiez gogoeta egin zuten bertsolariek. Umoretik jo zuten, gaia ere ohiko zortziko txikiko ofizioetan bezala planteatuta eman zielako Jaiok. Lujanbio euskal idazle militanteari erdaraz idazteko eskaintza mamitsua egin diote, eta, bere printzipioen kontra badoa ere, dirutza horrek ekarriko dien lasaitasunak itsutu du Iturriaga senarra: “Alabaren ingelesa honek ordaintzen du”, amaitu zuen bertso bat. Lujanbioren arrazoi zorrotzek konbentzitu egin zuten azkenean, militante bi “epikarik gabe” ezin direla bizi onartu baitzuen.

Literaturak, ordea, bihurguneak eskaintzen dizkigu argiuneak baino sarriago, eta Jaiok berehala eraman zituen bertsolariak gai ilunagoetara. Lehenengo, Juan Carlos Onettiren amodiozko jokabide zalantzagarriak oinarri, hilurren jarri zuen Iturriaga, gaztetan abandonatu zuen emakumea ikusi nahian. Ondoren, bortxatua izatearen ikara jarri zuen Jaiok mahai gainean, Lujanbio neska eta mutil gazte banaren amaren azalean jarrita. Oreka zaileko gaiak biak, baina bertsolariek ondo eutsi zioten. Azken puntuan bota zuen egia biribila Lujanbiok: “Bat arduratsu den mundu baten, besteak beldurrik ez du”.

Nostalgiak eta betiko joandako garaiek ere kuku bat baino gehiago egin zuten saioan. Guraso hil berrien etxean txikitako oroitzapenak begiratzen ari diren neba-arreben paperean, gazte garaiko erreferenteekin jolastu ziren bertsolariak, bakoitza doinu batean. Maialen Lujanbiok, nork bestela, bertso batean kateatu zituen bandera more, hardcore eta in illo tempore errimak. Itxura eskaseko aspaldiko adiskide ahaztua ikusi duen enpresaburuaren ahotik kantatu zuen Iturriagak gero, bertsoaldi hunkigarri batean.

Literaturatik ernetako zalantzei erantzuten jakin zuten Lujanbiok eta Iturriagak, bertsotan nekez zapaltzen diren lurraldeetan sartzeko Karmele Jaiok egin zien gonbidapenari segika. Pandemiak kulturgintzari eragindako estualdian, arnasgune izan zen Bidebarrieta.

Literaturaren doinuan-