Bideopodcast berria sortzera goaz: ABD, Bertsolaritzaren alfabetoa

Bideopodcast berria sortzera goaz –

Bideopodcast berria sortzera goaz

Etxe honek, Bertsolari aldizkariak, 35 urte beteko ditu aurten, eta hori ospatzeko modurik onena gure komunitateari begira sorkuntza berri bat plazaratzea zela erabaki genuen. Hemen duzue oparia: ABD, Bertsolaritzaren alfabetoa.

Atal bakoitzak letra baten izenburua eramango du, eta programa letra horrekin hasten den kontzeptu baten bueltan joango da.

 

Powered by RedCircle

Eduki honen ideia Ane Zuazubiskar kazetari eta bertsolariak izan du, erredakzio batzordeko kidea ere badenak. Bera izango da programaren gidoilaria. Aurretik Zulora! edo Ez hain ondo (Gaztea) bideopodcastak aurkeztu ditu. 

Aurkezlea Mikele Arizkorreta izango da. Lanbidez erizaina den legazpiar hau bertso eskoletan aritua da, eta ibilbide oparoa egin du aktore zein abeslari lanetan: zineman Hil kanpaiak filmean edota Bat, Arrano eta Minutu bat laburmetraietan; telebistan Go!azen, El Internado, Alardea, Ixa, 3ZPA4…; antzerkigintzan “Bihar arte soilik” eta “Ekain & Mikele”; eta audiogintzan “Egia Gordinetik!”. . Gaian aditua den norbait gonbidatuko du elkarrizketa egiteko, eta programan zehar bigarren gonbidatu baten audioa ere sartuko da lantzen ari den gaiari buruzko ekarpena egiten. 

ZuZeu hedabideko Urko Uranga eta Anartz Bilbao arduratuko dira programaren grabaketaz. ZuZeu aitzindaria izan zen podcastgintzan, euskaraz podcastak egiten hasi zen lehen hedabidea izan baitzen (Barruan Gaude, Euskal Gaizkileak…). Horrela definitzen dute ZuZeu bere kideek: “ZuZeu orainkari digitala da, aldizkari digitala, hedabidea, uneoro aldatzen den albistaria… euskaldunok munduari begiratzeko leiho moduko bat… Blogen blog moduko bat ere izan nahiko luke ZuZeuk, nor bere aldetik ibili beharrean, elkarren ondoan hobeto gaudelakoan… Baina, batez ere, ZuZeuren helburua, erabiltzaileek eurek albistari digital bat egitea da. Horizontalki. Zu zeu gabe jai daukagu”. Hedabidearen podcast guztiak, baita euskaraz egiten diren beste asko ere, podcast.eus helbidean entzun daitezke.

Edizioa Beñat Hach Embareken lana izango da (Bertsolari aldizkariko koordinatzailea eta ZuZeuko erredakzioko kidea).

Programak eszenaratze txukuna izateaz arduratuko da Unai Gaztelumendi. Gaztelumendi bertsolaria eta marrazkilaria da. Aldizkariko erredakziokoa da, eta gure diseinatzailea. Sorreratik Hiru Damatxo kooperatibako kidea ere bada, eta besteak beste, EITB-k emititu duen Linbo programaren eszenaratzeaz arduratu da.

Euskaltzaindia egitasmo honen laguntzailea da, bere Donostiako egoitzako ganbaran, Luis Villasante eraikinean, grabatzen baita programa.

Babeslea KELER garagardo etxea da.

Atal pilotoan Arizkorretak Hach Embarek eta eta Gaztelumendi elkarrizketatu ditu, programaren nondik-norako nagusien berri izateko.

 

Powered by RedCircle

Bideopodcast berria sortzera goaz