Iker Zubeldia: "Entzulearengan bestelako efektua sorrarazten ahalegindu naiz"

Gorka Azkarate-(r)en argazkia Gorka Azkarate 2022-09-09
Argazkiak: Andoni Lubaki

Iker Zubeldia –

Zegamako plazan egin dugu Iker Zubeldia Katarainekin zita (Zegama, Gipuzkoa, 1981). Handik zuzenean herriko elkartera egin dugu jauzi, eta hitz-aspertu ederra egiteko aukera izan dugu, bere bertso ibilbidearen eta bizitzaren errepaso zabala osatuz. Bertsozale Elkartearen datu basean horrelako zerbait jartzen du Iker Zubeldiari buruz: “…bertsolari fresko eta umore bizikoa…”. Baina, esaldi horrek definitzen al du, bere soiltasunean, Iker Zubeldia? Ondorengo lerroetan bildu dugun testigantza irakurrita, hori baino askoz gehiago dela ondoriozta dezakegu inolako zalantza izpirik gabe: egungo gizarte ero honetan, desagertzeko arriskuan dagoen mundu ikuskera baten zaindari leiala.

 

Iker Zubeldia

 

Noiz izan zenuen lehenengo kontaktua bertsoarekin?

Gaztaroan, astean zehar Beasainen bizi ginen eta bertako La Salle ikastetxean ibili nintzen ni umetan; irakasle bat izan genuen, Juan Mendizabal, azkoitiarra, Xabier Euzkitzeren osaba zela gogoratzen dut. Euskal hizkuntzako testu liburuetan bertsoak zeuden idatzita han-hemenka, eta Ander Murgiondo nire klasekide bati eta bioi bertso haientzako doinuak aurkitzen saiatzeko esaten zigun Juan Mendizabal irakasleak. Geronek buruan geneuzkan doinuekin zein Hitzetik Hortzera saioan entzundakoekin probaketak egiten aritzen ginen, Orioko balearena eta halakoekin, eta behin doinu egokia aurkituta, klase guztiak kantatzen genituen bertsoak. Esango nuke orduan hasi nintzela bertsoarekin esperimentatzen, erdi jolasean bazen ere.

 

Bertsoarekin jolasean ibiltzetik bertso eskolan izena ematera, urrats txiki bat baino ez…

Bertso eskolek garai oparoa bizi zuten laurogeita hamarreko hamarkada hasiera hartan, bertsoaren booma puri-purian zegoen eta olatu hark harrapatu ninduen ni ere… Ordiziako Argi Berri elkartekoak etorri ziren ikastetxera, Goierriko bertso eskola ezagutarazi eta gaztetxoak izena ematera anima gintezen. Eta neuk ere izena eman nuen beste hainbatekin batera. Beste hainbatekin batera, diot, hasiera hartan 60 lagun inguru animatu ginen-eta, Goierriko herrietatik. Beti gertatzen den moduan, ordea, lehenengo klaseetako aparraldi hura baretzen joan zen asteak pasa ahala, eta, gero, taldea txikitzen joan zen.  

 

Nola oroitzen dituzu bertso eskolako hasierako saio haiek?

Ume edo hasiberrien taldea astelehenetan biltzen ginen, eta bertso eskolak bertara joateko autobusa eta guzti jartzen zigun. Bertsoarekin nolabaiteko lotura zuen jende asko ezagutu nuen bertan. Gogoan dut bigarren urtean Aitziber Garmendia ere bertso eskola hartan ibili zela… Ordu eta erdi inguruko saioak egiten genituen. Lehenengo erdian doinuak lantzen genituen Xanti Garmendiarekin, eta, ondoren, Mikel Mendizabalekin koplak osatzen, errimak lantzen eta bertsoarekin zerikusia zuten ariketak egiten aritzen ginen. Asteazkenetan beste talde bat elkartzen zen bertso eskolan, nolabait esatearren helduen taldea edo deitzen genion talde hura, eta urteek aurrera egin ahala, talde hartara igaro nintzen. Euxebio Igartzabal zen talde hartako gidaria. 1991 eta 1996 urteen artean egon nintzen bertan.

 

Zeintzuk ziren zure erreferenteak bertsoen munduan murgildu zinen garai hartan?

Gogoratzen dut saio askotara joaten ginela. Aitaren bizkarrera igota Lazkao Txiki kantuan entzun izana gogoan dut, adibidez. Garai hartan jaialdi formatuko saio asko antolatzen ziren, oholtza gaineko saioak, esan nahi dut. Herri guztietan antolatzen ziren halako saioak, eta jende asko mugiarazten zuten. Arantxa Larrea jostunak bertso-kasetez beteriko poltsa bat eman zidan, eta kasete haiek entzuten nituen etengabe. Gerora, baita txapelketetarako entrenatzeko ere! Gaztaroan pasio handiz bizi genuen bertsolaritza. 1997ko Txapelketa Nagusiko finalera joateko, adibidez, Beasaingo geltokian trena hartu beharra genuen, eta haraino eramango gintuen norbait behar eta Legorretako taxistari erregutu genion eramateko. Hura iritsi bitartean, ordea, beste norbaitekin joateko aukera suertatu zitzaigun eta halaxe utzi genuen gizajoa… Modu ero samarrean ibiltzen ginela aitortu beharra daukat, betiere bertsoaren arrastoari segika…

 

Garai hartan hasi zinen eskolarteko txapelketetan parte hartzen.

1993ko eskolartekoan kantatu nuen lehen aldiz, taldeka, Izar Sarriegi, Ikerne Urrestarazu eta Ander Murgiondorekin batera taldea osatuz: taldeko bik lau oinak emanda eta beste biek gaiari erantzunez. Ez genuen finalera pasatzea lortu. Ondorengo urtean, Ekaitz Goikoetxea, Aritz Zeberio, Ander Murgiondo eta laurok osatu genuen taldea, eta finalera iristea lortu genuen arren, bigarren geratu ginen Oiartzungo taldearen atzetik. Hirugarren ekinaldian, 1995ean, txikien mailako txapela irabaztea lortu genuen. Orduko hartan, Ander Murgiondo eta Nerea Elustondorekin osatu nuen taldea, besteei txikien mailan aritzeko garaia pasa zitzaiela eta. Bereziki deigarria izan zen Nerea Elustondoren kasua: bertsotan kasik hasiberria zen, edo hasi gabekoa ia, eta bat-batean bertso ikaragarriak kantatzen zituen.

 

Handien mailan ez zenuen eskolarteko txapelketan zorte handirik izan…

Eskolarteko txapelketan parte hartzen jarraitu nuen, handien mailan, 14 urtetik 18ra bitartean, baina ekinaldi haietan ez nuen finalera sartzerik izan. Hortxe atean geratu nintzen urtero-urtero, “puntu erdira geratu haiz”, esan zidaten epaileek aldiren batean… Kontsolamendu moduan esan izango zidatela pentsatzen dut, auskalo… Edozein kasutan, bertso eskolan eta bertsotan gustura nenbilen eta hori zen garrantzitsuena…

 

Iker Zubeldia

 

Bertso munduak jende ugari ezagutzeko aukera emango zizun, Goierrin batez ere…

Bertso munduko sarea zabala da zorionez gure eskualdean. Goierriko bertso eskolan jende askorekin izan nuen tratua; lehenago aipatu ditudan horiekin eta beste askorekin ere bai, Joxe Munduate, Nikolas Zeberio… 18 urterekin lanean hasita kotxeko karneta atera nuen eta Ataungo taldearekin biltzen hasi nintzen, Ekaitz Goikoetxea ere tartean zela. Larunbat goizetan biltzen ginen, eta gaztetxoen talde sonatu hura orduan hasi zen bere ibilbidea egiten: Aitzol Barandiaran, Oier Zurutuza, Iban Urdangarin, Haitz Aierbe, Joseba Berasategi zegamarra, eta beste batzuk ere bai. Entrenaldi eta saio onak egin nituen Ataungo talde harekin batera… baita parranda onak ere!

 

Behin 18 urteak beteta hasi zen zure gorakada.

Gorakada ez dakit, baina gazteen mailako sariketetan emaitza hobeak lortu nituen, eta esango nuke urte haietan egin nintzela nolabait esateko “ezagun” bertsoen munduan. 2000. urtean, esaterako, Osinalde sariketan kantatzeko aukera izan nuen. Hala ere, orduko hartan errebotez aritu nintzen finalean. Aztiriako kanporaketan kantatu nuen, eta saio hartatik Alaitz Sarasola eta Joseba Barandiaran pasa ziren aurrera. Azken honen aita zendu zen, ordea, Osinalde finalaren atarian, eta, ondorengo sailkatu bezala-edo, niri deitu zidaten.

 

Bertan egoteko zortea izan genuen bertsozaleok oraindik gogoan daukagu 2002ko Osinalde sariketan eman zenuen erakustaldia…

2001ean kanpoan geratu nintzen, baina 2002an finalean kantatu eta irabazi egin nuen. Gustura aritu nintzen kantuan gau hartan. Osinalde elkartean beste inon ez bezalako giroa sortzen da eta han saio ona egiteko gai den bertsolariak pauso handia ematen du bere burua ezagutarazteko bidean. Bertsoen munduko jende asko egoten da saioa bertatik bertara jarraitzen. Mikrorik gabe, isiltasuna, jendea gainean… ederra da oso. Gogoan dut saio haren amaieran Peña (Anjel Mari Peñagarikano) gerturatu eta honela esan zidala: “Hik esandako guztiarekin ados nagok, baina hire kamisetarekin ez”. Izan ere, Errealaren kamisetarekin kantatu nuen egun hartan, eta bera Athletic taldearen jarraitzaile sutsua da…

 

Saio hura izan al zen publiko orokorraren aurrean, nolabait esatearren, zure aurkezpen ofiziala?

Lizardi sariketan postu onak lortu nituen behin baino gehiagotan, eta Orixe sariketan ere aritu nintzen kantuan. Aurreko urtean, gainera, Txapelketa Nagusirako Gipuzkoako sailkapen fase moduko bat jokatu zen udaberrian (herrialdeko txapelketa indibidualik egin ez zenez, 2001eko udazkeneko Txapelketa Nagusian nork parte hartu erabaki behar zelako). Oñatin kantatu nuen, eta saio hartatik Ekaitz Goikoetxea eta Jokin Uranga sailkatu ziren. Edozein kasutan, bai, agian esan daiteke Osinaldeko saio hura mugarria izan zela… zenbaitek gau hartako bertsoaldi batzuk gogoan dauzka oraindik ere, eta horrek zerbait esan nahiko du…

 

Bertso eskolan aritu ez bazina, bertsolari izatera iritsiko al zinen?

Ez dut uste bertsolari izatera iritsiko nintzenik, ezta gutxiago ere. Norberak beretik ere jarri behar duen arren, bertso eskolak egin ninduen ni bertsolari. Egia da nolabaiteko tradizioa bazegoela etxean, izan ere Miel Frantzisko Zubeldia Artxanberri bertsolaria eta artzaina nire birraitonaren anaia zen. Aitari etxean askotan ateraldiak entzundakoa naiz, eta horrek guztiak ere laguntzen dizu zure bidea egiten. Gero, ikastetxean, irakasle jakin batekin topo egitea, hark bultzada txiki bat ematea, une jakin batean jende jakin bat ezagutzea… Hala ere, bertso eskolarik izan ez balitz beste guztiarekin bakarrik ez nintzen ibilbide hau egitera iritsiko.

 

Goierriko bertsolari beteranoen bilkura “sekretu” haietara joaten ere hasi zinen…

Astearte iluntzetan elkartzeko ohitura zuen taldetxo hark, Ordizian. 2004an, Zaldibiako Santa Fe jaietan, Iñaki Muruarekin kantuan aritu nintzen eta beren bilkura haietara joateko aukeraz hizketan aritu ginen. Horrela hasi nintzen. Patxi Aldekok garaje moduko bat zeukan, soziedade koxkor bat bihurtuta, eta bertan elkartzen ziren Florentino Goiburu, Patxi Iraola, Iñaki Murua, Euxebio Igartzabal, Iñaki Añei, Mikel Mendizabal, Jexux Mari Jauregi Altzo Txiki, Joxe Mari Aranburu Gabika (Mikel Aranburu bertsolariaren aita) eta Patxi Aldeko bera, besteak beste. Tarteka, gonbidaturen bat ere azaltzen zen. Bertso eskola izan gabe, eskola berezia zen hura. Hutsik egin gabe elkartzen zen talde hura asteartero, orain pixka bat utzita daukaten arren, urteak ere aurrera…

 

Iker Zubeldia

 

Astearte buruzuri batean afaltzeko elkartu eta bertsotan jo eta su!

Ez pentsa parrandarako elkartzen ginenik; bertsotan egitea zen helburua. Iluntzean, 20:00etan hasten ginen afaltzen, Mari Karmen Barandiaranek, Patxi Aldekoren emazteak, afaria prest izaten baitzuen ordurako. Kupel zahar bat ere bazegoen hozkailu baten barruan… 21:30ak aldean kantuan hasten ginen, afarian hitz egindako kontuak harturik bertsotarako gaitzat. Mikel Mendizabalek doinuren bat proposatzen zuen tarteka, baina librean aritzen ginen gehienbat. Maila ezberdinetako jendea zegoen talde hartan, baina bakoitzak beretik, serio eta intentsitate handiz hartzen genuen jarduna. Bertso eskola oso ona izan zen hura niretzat, txapelketetan kantatzeko entrenamenduak ere bertan egin izan nituen… 23:00ak aldera arte egiten genuen kantuan, eta, ondoren, erretiratzeko garaia iristen zen. Oso giro berezia sortzen zen. Hamar urte inguru egongo nintzen bertan, eta azkenean, lana, familia eta gainerako kontuak tarteko, joateari utzi nion. Pena txiki hori badaukat, han biltzen ginenekiko zor txiki bat baneuka bezala, urteak pasa eta bertan biltzen ziren kide batzuk mundu honetatik joan baitira beraiei agur esateko aukerarik gabe… Bizitzak halakoak ditu tarteka…

 

2007ko Gipuzkoakoa izan al zen zure bizitzako txapelketa?

Agian bai, baina errematea ematea falta izan zitzaidala uste dut. 2003an Gipuzkoako Txapelketako finalerdietan kantatu nuen, Leidorren, eta lau urte geroago koxka bat gora egitea lortu nuen. Plaza asko egiten nituen ordurako, eta bertsoen munduan nire lekutxoa banuela esango nuke. Esan beharra daukat finalera erabat ustekabean iritsi nintzela. Lau aurpegi berri geunden final hartan: Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Unai Agirre eta ni. Laurok ere, esango nuke sorpresaz hartu genuela, neurri batean, sailkatzea. Txapelketa hartako finalerdietan gauza politak egingo nituela sinestuta joan nintzen bezala, finalean ez nuen gorputzaldi berarekin kantatu. Tentsio ikaragarria bizi izan nuen egun haietan, eta ez nuen finalak eskatzen zuen altueran egotea lortu. Zurrunbilo batean banengo moduan sentitu nintzen uneren batean. Adibidez, finaleko saioan kantatzeagatik zenbat kobratuko genuen esan zigutenean, parre txikiak ihes egin zidan niri. Lekuz kanpo nengoen seinale… Saioaren amaieran jendeak zoriondu eta “publikoa mugiarazi duk” eta halakoak esan zizkidaten arren, nire buruarekin triste itzuli nintzen etxera, gehiago egin nezakeen sentipen horrekin.

 

Ordurako plazan tope zenbiltzan…

Segura Irratiko Lierni Elortzak elkarrizketa bat egin zidan 2004an, eta amaieran agenda bat erregalatu zidan bertan saioen datak apuntatzeko. Orduan hasi nintzen nire ibileraren kontzientzia hartzen, eta bai, saio mordoxka nituen ordurako. 2005eko Txapelketa Nagusian kantatu nuen bien bitartean, Idiazabalen, eta artean ume koxkorra zen Maialen Akizuk kartel bat egin zidala gogoan dut, lore txiki batekin. Oroimenean iltzatuta geratzen diren pasadizoak…

 

Txapelketetako saioak askotan oso linealak izan ohi dira. Zure kasuan, zure ezaugarriak kontuan harturik, sentitu al duzu inoiz zerbait ezberdina eman beharraren presio hori?

Egia da nik beti beste zerbait bilatu izan dudala, gaiak umoretik hartzea edo, gutxienez, kolpea ematen saiatzea. Txapelketetako saioetan, askotan gai jakin bati kantatu behar diogu bertsolari denek. Kartzelan atzera xamarrean kantatzea egokitu zaidanetan, eta besteek zer egingo duten gutxi gorabehera imajinatzen hasita, nik zerbait ezberdina emateko hautua egin izan dut sarritan, betelana egin eta hiru bertso gris kantatu ordez. Entzulearengan bestelako efektua sorrarazten ahalegindu, behintzat. Beti asmatzea zaila da, eta egia da beti berdina eginda ere sorpresa efektua galtzen dela azkenean. Txapelketa batean edo beste edozein saiotan ere bai, oholtza gainean kantuan jartzen zarenerako, jendeak badaki zure berri, aurretik zer egin duzun, nola kantatzen duzun, zer eskaini dezakezun… eta horrekin bizi behar dugu bertsolari guztiok, onerako eta txarrerako.

 

Txapelketetan, beharbada, saioen formatua ez da egokiena zuk puntuaketan oso goian amaitzeko…

Txapelketek hori daukate, puntu banaketa, sailkapena… Hala ere, puntuaketan gehiegi pentsatu gabe aritzea lortu izan dudan aldietan lortu ditut emaitzarik onenak. 2011n, adibidez, plaza asko eginda joan nintzen Txapelketara, eta ez nuen batere maila ona eman. Betebehar edo presio horrekin joanda, askoz okerragoa errendimendua. Apalaren paperetik hobeto aritu izan naiz ni faboritoaren paperetik baino.

 

Sentitu al duzu noizbait zure bertsokerak edo, modu zehatzago batean esanda, bizitza ikuskera jakin bat bertsotan isladatzeak, inoren arbuioa sorrarazi duenik?

Egia esan ez diot horri aparteko garrantzirik eman sekula. Naturarekin harreman handia izan dut nik betidanik, baserri giroa gustuko dut, txakurrarekin mendi buelta bat ematea, artaldeari kasu egitea, behorrei jaten ematea… baita ehizera joatea ere. Naturarekiko harreman horretan oinarritzen da nire bizi ikuskera. Jendeak askotan ezjakintasunetik hitz egiten du, eta jarduera horien alderdi negatiboa ikusten tematzen da. Hala ere, esan bezala, modu naturalean bizi izan dut nik hori guztia. Gauza bat baita norbera zer den, eta bestea zer kantatzen duen. Edonorekin egin izan dut nik bertsotan, mota askotako saioetan, eta ez bakarrik ustezko nire ezaugarri horietara egokitzen diren saio konkretu horietan bakarrik.

 

Iker Zubeldia

 

Uste al duzu oraindik ere bertsokera urbanoaren eta baserri girokoaren artean talka hori badenik?

Bakoitzak beretik tira egiten du, baina bereizketa hori gizartean dago gehiago gure artean baino. Niri edozein tokitatik deitu izan didate eta edonorekin kantatu izan dut. Kuadrilla erdia Beasainen daukat, eta beste erdia Zegaman. Jende ezberdina da, baina elkarrekin ondo ezkontzeko moduan!

 

Azken urteotan bertsolaritza asko aldatzen ari dela iruditzen al zaizu?

Plaza kopurua jaitsi egin dela gauza nabarmena da, nire ustez. Gaur egun, bertsolari gazteek ez daukate erraza plazan euren lekua aurkitzen. Sariketa eta txapelketek eskaparate onak izaten jarraitzen dute, betiko moduan, baina ez da erraza. Berdintasunaren alorrean urrats handiak egin dira, emakumezko bertsolari erreferente asko dago gaur egun, eta hori gauza ona da. Hala ere, maila oneko bertsolari gazte asko erdibidean geratzeak kezkatzen nau, kantatzeko aukera beharko lukete denek ere. Bestalde, lehiakortasunaren aldekoa izan naiz ni beti, eta umeen txapelketetan lehia puntu hori ezabatzea ez dut egoki ikusten. Jolas egitea ondo dago, baina jokatu ere egin behar da. Oraingo formatua ez dut oso gustuko. Nire garaian eskolartekoak asko eman zidan, eszenatokiko bertigo hori sentitu eta kudeatzen irakatsi zidan, eta oraingo formatuan haur batek nekez ikasiko du halakorik, nire ustez.

 

Nola uztartzen dituzu bertsogintza jarduna eta egunerokotasuna?

Batzuetan ez da erraza, baina beti antzera xamar ibili izan naiz, eta modu naturalean egiten dudan zerbait da. 2021ean 40 plaza inguru egingo nituen, astero bat batez bestekoa eginda. Kopuru horrekin gustura nago, nire egungo errealitatera ondo moldatzen den kopurua dela uste dut. Ez naiz bertsotatik bizi, eta bolada batean plaza gutxixeago izateak ez dit tentsiorik sortzen. Normala da txapelketa garrantzitsu baten ostean bertan ondo ibili diren bertsolariek aukerak izatea, sari hori merezi dutela uste dut. Txapelketa osteko aparraldia igaro eta saioetarako deiak jasotzen jarraitzen dudala egiaztatzeak asko pozten nau, bestalde.

 

Plaza batera kantura zoazen unean, zein da eramaten duzun helburua? Zeren bila zoaz plaza batera?

Helburua okerren ni ez aritzea, kar, kar! Esate bat da, baina egia da batek lasaitua hartzen duela berak saio txarra egin ostean saioa bera ere osotasunean txarra izan baldin bada. Alderantziz, zerorrek bidean zerbait ona utzi eta gainera besteak ere ondo ibili badira, orduan poza erabatekoa da. Saio kaxkar batean neronek kolpe on batzuk emateak ez nau asebetetzen. Inguruak asko eragiten du bertsolariaren jardunean: eroso baldin bagaude erraz egingo dugu kantuan, eta bestela, ez. Aste ona izan badut, adibidez.

 

Bertso jaialdi bat antolatzen duen norbaitek zer dela-eta uste duzu Iker Zubeldiari deitu beharko liokeela kanturako?

Onerako eta txarrerako, ez dut uste estandar xamarra naizenik, eta hortik etor daiteke, beharbada, antolatzaileak nitaz akordatzen jarraitzea. Nirekiko fidela den jendea badago, eta beste batzuek, agian, ez naute oso gogoko izango. Edozein kasutan, nik uste niri Iker Zubeldia naizelako deitu izan didatela kanturako, eta ez txapelketa edo sariketa jakin bateko finalista edo irabazle izan naizelako. Alde horretatik, poz txiki hori badaukat. Nire agendaren %80 inguru mahai bueltako saioak dira, eta espero dezagun pandemia txatxu hau behingoz amaitzea, astinaldi ederra eman baitio beste askori bezala nire bertso jardunari…

 


 

KATE MOTZEAN

 

-Bertsolari bat: Florentino Goiburu

-Kantukide bat: Julio Soto

-Neurri motzean ala luzean nahiago? Habanera, agurretarako. Gainerakoan, gaiaren eta ariketaren arabera, bat edo beste. Aukera oso zabala dago.

-Oholtza gaineko jarduna ala afalostekoa? Afalostekoa, bat hartu beharko banu.

-Agurra etxetik edo bertan, bat-batean. Batzuetan etxetik eta besteetan bertan. Edo etxetik eraman, eta gero, aldatu. Egia da ez naizela sekula agurra asko pentsatzekoa izan. Illunbeko finalerako ez nuen gehiegi landu, adibidez, kotxean egin nuen. Eta hortaz damutu izan naiz tarteka, gainerako kantukideek oso agur landuak eraman baitzituzten saiora.

-Entzule bezala gogoan duzun bertso saioren bat? Andoni Egañak 1993ko Txapelketa Nagusiko finalean “Irriparra” hitzari jarritako bertsoa. Tximeletak sabelean diskoan entzun nuen, ordea, ez bertan.

-Zuk kantatu duzun saioren bat? Iban Urdangarin eta biok Segurako Elorripe elkartean orain dela urte asko egindako bertso afari bat.

-Zenbat bertso dakizu buruz? Asko, ikaragarri, Aitor Sarriegik baino bakarren bat gehiago bai, kar kar kar… (iazko elkarrizketa batean Aitor Sarriegik buruz 1.000 bertso inguru jakingo zituela esan zion Bertsolari aldizkariari).

 

Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia Iker Zubeldia