Unai Elizasu: “Gai-jartzailetzaren inguruan gauza larriak gertatu dira azken urteetan, eta oso ados ez nagoen modu batean moztu dira”
Unai Elizasu –

Badira ehundaka aldiz ikusi bai, baina inoiz egon ez zaren tokiak. Normalean errepidetik edo trenbidetik egunero ikusten dituzun txokoak izan ohi dira, baina sekula zapaldu ez dituzunak. Renfeko aldirietako trenetik sarritan begiratutakoa zapaltzeko parada eskaini digu Unai Elizasu Lertxundirekin (Altza, Donostia, 1980) elkartzeak, Loiolako Urumearen erriberatik paseo bat emanez. Metro gutxi batzuetara daude Elizasuren bi lantokiak: Arrauning (kanoa paseoak antolatzen dituzte), eta Puntutan arropa markaren denda.
Duela 15 urte hasi zuen bere bidea Puntutanek, eta badira 25 urte ere Elizasu gai-jartzaile lanetan estreinatu zela. Mostradore, serigrafia makina eta arropa artean egin dugu berriketaldia.
Aspaldi egon gabe ginen, Unai. Beraz, lehen galdera agerikoa da: zer moduz bizitza?
Ba, nire diseinu batek esaten duen bezala, txarra kenduta, oso ondo. Gustatzen zaizkidan gauzak egiten, eta ahal dudan heinean hortik bizitzen. Ez dut asko behar bizitzeko eta oraingoz horrekin moldatzen gara.

Orain eta hemen elkartzeak badu bere zentzua. Puntutan arropa markak bertsoak, esaera ezagunak edo bestelako kontzeptuak ditu oinarri, eta duela hamabost urte sortu zenuen. Nola otu zitzaizun ideia, eta zergatik heldu zenion erronkari?
Duela hamabost urte Lankun nenbilen lanean, Bertsozale Elkartean. Uztekotan nintzen, eta ideia Lankun bertan proposatu nuen. Proposamenak ez zuen aurrera egin. Erokeria zirudien, akaso. Ikusten nuen euskarak ez zuela arropategirik, ezta bertsoak ere, eta erronka horri heldu nion axolagabetasun izugarriarekin, ez nekielako ezer.
Euskalgintzan eta gure mundutxoan ez zegoen identifikatua sentitzeko moduko arropa markarik, ez bazen aldarrikapen bat, edo musika taldeenak (Negu Gorriak eta…)… eta esaten nuen: “Jo, bertsoak baditu ba denok gogoan ditugun esaldi pilo bat. Zergatik ez ditut ba arropetara eramango?”. Galdera horri erantzunez hasi nintzen, afiziotik, batik bat, eta gaur arte.
“Ikusten nuen euskarak ez zuela arropategirik, ezta bertsoak ere, eta erronka horri heldu nion axolagabetasun izugarriarekin, ez nekielako ezer”
Zu zara ekimen honen sustatzaile nagusia, baina zenbat lagunek hartzen duzue parte?
Eneko Salaberria oiartzuarra oso lotuta egon da Puntutanekin. Diseintzaile grafikoa da, berarekin hasi nintzen eta berarekin jarraitzen dut elkarlanean, berak txukuntzen ditu diseinuak, eta bera da nire “aztertzailea”. Salaberria Puntutanen sustengu handi bat izan da.
Bertsolari baten testua arropetara eramaterakoan, ekarri baino lehen bertsolariarekin harremanetan jartzen naiz, eta normalean beti jaso izan dut oniritzia. Bestela, Puntutan ni besterik ez naiz. Besteetatik elikatzen naiz, baina betiere baimena eskatuz, hori da gutxienekoa.
Hamar bat urte daramatzat Loiolan, leku ezberdinetan. Aurretik bi lokaletan egona nintzen, nahiko ezkutuan, egia esanda, Puntutan online marka bat baita. Baina beti izan nuen kuriositatea nire lana agerian jarriz gero zer gertatuko zen, eskaparate baten aurrean eta jendearen bistan. Eta hemen nago abenduaz geroztik.

Puntutan Loiolan egoteak badu bere koherentzia puntu bat, logistikoki gertu gelditzen zaidan leku bat izatez aparte. Denok bertsoarengatik toki bat ezagutzen badugu Loiola da: “Behin batian Loiolan erromeria zan”. Egon ninteke ziurrenik herri askoz ere euskaltzale eta bertsozaleago batean, eta akaso gehiago saldu ere egingo nuke, baina koherentziatik begiratuta iruditzen zait Bilintxek famatu egin zuen tokian egoteak bazuela bere pisua. Auzoa bera ez da erabat euskalduna, baina bada euskal mugimendu bat. Donostiako periferian gaude, eta hemen egoteak badu puntu koherente bat. Auzoak oso ondo hartu nau, denek esaten dute: “Uf, auzo honetan geroz eta komertzio gutxiago daudenean…”. Online lan egitearekin kokalekuari ez diot hainbeste garrantzi ematen, baina hemen baldin banago, gaur eta orain, arrazoia hori da.
Hemen daukat material guztia, plantxak, plantxetan inprimatzeko diseinuak… Hemen dago “talo-makina” deitzen diodana: jendeak bere kolorea, neurria eta arropa mota aukeratzen du. 50 diseinu baino gehiagoren artean bat aukeratzen du eta hamar segundoan egina da.
“Puntutan enpresa normala balitz aspaldi egon beharko luke itxita”
Zer moduzko nerabezaroa ari da bizitzen proiektua? Etorkizunik ikusten al diozu?
Aldaketa, gogoeta eta borroka askorekin, zeren eta horrelako proiektu bat aurrera atera eta pixka bat honetatik bizi ahal izateko borroka handiak egin behar dira. Talka egiten duten elementuak daude: hau denda bat da eta nik saldu egin nahi dut, baina ez dut ohiko denden jarduera erabili nahi, ez dut saltzaile agresibo bat izan nahi… Oreka hori mantentzen ahalegintzen naiz, eta nahiko zaila da eramaten. Bezero bat hamar kamiseta eskatzen badator esango diot: “Baina zertarako behar dituzu hamar kamiseta?”. Baina niri ere saltzea interesatzen zait… Edozein marketin edo publizitate egiten dudanean ez dut beste dendak bezalakoa izan nahi, baina aldi berean denda bat naiz. Urtetik urtera gauza bera esaten dut: “Gaur hemen nago. Hurrengo urtean ez dakit hemen egongo naizen”. Denbora guztian nabil borrokan, numeroek ematen dutena ematen dute. Puntutan enpresa normala balitz aspaldi egon beharko luke itxita.

Ertz asko dauzkan lana da, denetik egin beharko duzu…
Denetik egin behar da. Honek duen alde ona da niretik sortua denez niretik egiten dudala. Ez dut delegatzen, nire buruarekin lasai gelditzeko moduko gauzak egiten ditut. Alde horretatik lasai nago, koherente. Ikusita, gainera, beste arropa marka batzuk nola dabiltzan, uste dut badaukadala ezberdintasun puntu handi samar bat. Oraingoz horri helduko diot.
Pixkana-pixkana Puntutaneko kamiseta eta produktuak jendearen soinetan ikustea ohikoa bilakatu da, eta diseinu batzuk bereziki zabaldu dira.
Diseinurik ezagunena hauxe da, jantzita daukadan hau, egin genuen aurrenekoa. Egia da gehien saltzen dena eta gehien gustatzen dena ere badela. Lotsatiak gara, berez, eta ezagutzen ez duzun norbait kaletik zure diseinu bat jantzita ikusten duzunean kristoren poza ematen du, sentsazio oso arraroa da. Oholtzan bertsolari batek zure kamiseta daramala ikustean ere pozten zara. Gogoan dut merkataritza gune batera joan eta ordaintzera joaterakoan parean nuen neska bere janari guztia Puntutaneko poltsa batean sartzen ari zen. Hamabost urtean asko saldu da, ez dakit kalkulatu ahalko nukeen zenbat kamiseta egin diren, baina asko mugitu dira.
“Lotsatiak gara, berez, eta ezagutzen ez duzun norbait kaletik zure diseinu bat jantzita ikusten duzunean kristoren poza ematen du, sentsazio oso arraroa da”
Bertsolari batzuekin elkarlan zehatzak jarri dituzu abian.
Puntutanek ere izan nahi du bestelako sortzaileentzako leiho bat. Nire diseinuak edukitzeaz aparte, Ødeiren arropak kudeatzen ditut, orain arte Jon Maiaren Kantu bat gara-ko arropak ere nik egin ditut… Bertsoarekin lotua bada are eta hobe, baina euskararekin lotua bada nik nire ataria eta nire produzitzeko modua eskaintzen dut. Norbaitek bere denda zerotik abiatzea sekulako lana da, eta Puntutanek hori eskaini nahi dio bertsotik eta euskaratik sortzen duen jendeari.

Atzerago joko dugu orain, 1999ra. Bertsolaritzaren Datu Basearen arabera, urte hartako Altzako Santa Ixabel jaietan aritu zinen gai-jartzaile lanetan lehendabizikoz, Jon Azpillagari eta Joxe Lizasori gaiak jarrita. Nola sortu zitzaizun aukera hori?
Santa Ixabeletako festetan, beti, bi bertsolari etortzen ziren Altzara, eta orduan bertso eskola moduko bat genuen, bertsoaren bueltan mugitzen zen lagun talde bat. 1998 bueltan gaiak jartzen zituen Luis Mariri esan nion hurrengo urtean gaiak jartzeko prest nengoela, nire lotsagabetasunetik. Berak baiezkoa eman zidan, nekatua zela ere sumatzen nuen. Nor etorriko ziren esan, eta Jon Azpillaga eta Joxe Lizaso zirela entzun nuenean… oso urrutikoak ziren niretzat, baina nahiko egun berezia izan zen. Santa Ixabel egunean 12etako saioa izaten da, bazkalostekoa eta arratsaldekoa. Goizekoa eta arratsaldekoa gaiekin izaten dira. Egun hartan, goizeko saioan zehar, Joxek kalte egin zion zerbait jan edo edan zuen, ondoezik sentitu zen eta joan egin zen. Orduan Jon Azpillaga eta biok geratu ginen. Nik esaten nion “Jon, eta gaiak eta?…”, eta berak “lasai gazte, nik egingo diat dena”. Ez nuen lan askorik egin, gai-jartzaile ikuspegitik ez zen oso aberatsa izan, baina bai Jon bezalako pertsona batekin egotea. Badakit goizeko saioan bost gai jarri nituela. Gogoratzen dut Joxeri jarri nion bakarkako gaiak zioela nola orduan bere biloba Beñat bertsotan hasi berria zen, eta hiru belaunaldien arteko gai bat bota niola horren inguruan, eta bukaeran esan zidan gustatu zitzaiola.
Hor hasi zen dena. Hortik aurrerako Santa Ixabeletako jaietako saio guztiak egin nituen (duela bost urte arte). Hurrengo urtean Andoni eta Sebastian etorri ziren, eta hurrengoan Andoni eta Mendiluze. Urte hartako bazkalostean Andonik esan zidan ea Euskal Herrian barrena gaiak jartzen aritzeko prest ote nintzen. Ez dakit zer ikusiko zuen nigan… Baiezkoa esan nion. Nire datuak Lankura eraman eta astebetera lehenengo saio egin nuen Altzatik kanpo.
“Xenpelar Dokumentazio Zentroan ere aritu nintzen lanean urte batzuk, eta gogoratzen naiz jaialdi guztietako gai egitura guztiak irakurtzen nituela, bertsoak entzun baino. Kezka hori banuen”
Imajinatzen dut garai hartan ez zela gai-jartzaile ikastarorik edo antzekorik izango…
Nire kasuan dena autodidakta moduan egin dut. Gogoan dut behin Altzara Joxerra Gartzia etorri zela hitzaldi bat ematera, Bertsolaritza atzo, gaur eta bihar edo antzeko zerbait. Nire ezjakintasuna nolakoa zen ohartzeko, hitzaldi bukaeran Joxerra kotxe batzuen artean harrapatu nuen, eta hasi ginen hizketan. Berak bazekien ni gai-jartzaile lanetan nenbilela. Nire lotsagabetasun guztiarekin galdetu nion ea bazuen gaiei buruzko liburuxkaren bat, niri emailez bidali eta gauzak ikasteko. 25 urte pasa dira eta ez dit ezer bidali, baina orain pentsatzen jartzen naiz: “Zer eskatu zenuen?”. Niri oraintxe norbait etortzen bazait ez daukat ezer emateko. Baina banuen gai-jartzailetzaren inguruko gose bat, lan dezente egin nuen, eta bertsolariekin harremana nuen. Sustrai eta Ametsekin Barkatu izeneko emanaldi bat sortu genuen, eta asko ikasi nuen bidean, bere bi zentzuetan, bai kotxean eta bai emandako denboran.

Geroago ikastaro edo hitzaldi batzuk entzutera joan bai, baina ez daukat sentsaziorik esateko “uau, zenbait ikasi nuen”, edo ikasi nuenik ez nekien zerbait. Gehiago zen ikustea. Joxerra garai hortan bazebilen gaiak jartzen, Josu Goikoetxea ere bai… Xenpelar Dokumentazio Zentroan ere aritu nintzen lanean urte batzuk, eta gogoratzen naiz jaialdi guztietako gai egitura guztiak irakurtzen nituela, bertsoak entzun baino. Kezka hori banuen.
Santa Ixabelak bai, hor hasi baitzen dena. Baina plaza kuttunak baino, saio kuttunak izan ditut. Hasiera hartan Lugaritzen izan genuen saio hura oroitzen dut, Andoni, Maialen, Mendiluze eta Amets izan ziren bertsotan. Belodromoko finala baino hilabete lehenago zen. Egun hartako gai guztiak esango nizkizuke goitik behera. Gogoan dut saio aurretik baratxuri-zopa afaldu genuela soziedadean, Joxe Mari Altunak antolatua. Oso oroitzapen kuttuna daukat. Bi egunera gaixotu egin nintzen. Halako adrenalina edo estres puntu bat daukazunean zerbaiten bueltan gero gorputzak pott egiten du.
Lugaritzez gain Trinitateko saioak ere… Baina askotan Euskal Herrian barna ibili naizenean, ezagutzen ez nituen tokietan, San Inazio egunez Algortan, adibidez, oroitzapen polita daukat. Plaza guztietatik atera daiteke gogoratzeko gairen bat, sentsazioren bat…
“Jarri izan ditut bertsolariak puntuka i bokala esan gabe… Hori bertsotan egitea al da? Ez. Ikuskizuna da, eta hori egiten nuen. Ikuskizuna bertso piezek eman behar dute eta ez atretzoak”
Edonork sorkuntza lan bat egiten duenean bere ukitua ematen dio, bere sinadura. Gaiak jartzen aritu zarenean zein izan da zurea?
Hastapenetan, eta gaur egungo ikuspegitik, ikuskizunean jartzen nuen fokua gehiago. Horregatik gogoratzen dut bertsolari askok esaten zidatela: “Ea gaur ze gauza berezi prestatu diguzun”. Beti nintzen zerbait ez-ohikoa egiten zuena. Jarri izan ditut bertsolariak puntuka “i” bokala esan gabe… Hori bertsotan egitea al da? Ez. Ikuskizuna da, eta hori egiten nuen. Ikuskizuna bertso piezek eman behar dute, eta ez atretzoak.
Azken urtean plaza kopurua asko jaitsi zait, eta orain beste bide batetik noa. Lanera. Ni lanera nator, bertsolariak lanera datoz, eta kontziente izan nahi dut ikuskizuna sortzen bada gai egokiak jarrita izango dela, eta bertsolariak bertso onak kantatzen. Bertsolariei esan ohi diet, txorakeriarik egiten badute gaiak iradokitzen dielako izango dela, baina ez diedala bokalik kenduko, ez ditudala egoera arraro batean jarriko… hori ere ikasi dudalako. Bertsolariek inoiz esan didatelako: “Oso ondo gaur egin duzun hau, baina egin duzun azkenengo aldia izan dadila”. Eta, gero, publikoaren partetik entzun: “Ba ariketa horrekin oso ondo pasa dugu”. Ba, ez dut gehiago egingo. Nire ustez, helburu bakarra ez da publikoak ondo pasatzea, baizik eta bertsolariak bertsotan aritzea, eta nire lana horretara bideratu.

25 urteotan asko aldatu da mundua, baita bertso mundua ere, eta ondorioz, gai-jartzailetza. Nola aldatu da urte hauetan guztietan gai-jartzailearen figura, eta nola ikusten duzu egun daukan rola?
Ez naiz kapaz hori ondo ikusteko. Gaur egungo gai-jartzaile gazteagoak gaiak jartzen ikusten ditudanean, batzuetan pentsatzen dut gai horrek duela hamabost urte berdin-berdin funtzionatuko zuela. Ez dut zerbait diferentea ikusten eszenaratzeko garaian, aurkezteko moduan…
Bai ikusten dudala ni banaizela txapelketatik sortu ez den gai-jartzaileetako bat. Gai-jartzaile gehienak herriarteko txapelketan hasten dira, hortik plazara… Nahiz eta txapelketan parte hartu dudan, txapelketak ez dit plazarik eman. Plazak eman dit plaza. Elkarteak antolatzen zituen Bertso Egunetan aritu izan naiz gaiak jartzen, eta horrek bai ematen zuela beste eskaparate bat, plazan gehiago aritzeko aukera bat. Gaur egunean, ez dago eskaparate hori. Ez dago gai-jartzaile berriei aukera bat emateko eskaparaterik, zeren eta ez dut uste txapelketak horretarako balio duenik. Txapelketan aurkezleak agertzen dira, ez gai-jartzaileak. Telebistan agertzen diren momentu hortan izango da hiru minutuko zatiren batean, eta tarte horretan jendeak ez du gai hori oso ona edo oso txarra den pertzibitzen, izango da gehiago zerbait berezia egin duzun. Nire aurreneko Bertso Egunean komunikabide guztietan agertu banintzen Silveirarekin izan nuen enkontru harengatik izan zen. Gai bat jarri nion (“Zertarako zaude prest?”), eta berak bi bertso bota eta bigarrenaren azken puntuan “ezetz beste gai bat jarri!”erantzun zidan. Eta ni altxatu eta beste gai bat jarri nion, eta berak bederatziko txiki batekin erantzun. Saio hartako momentu klabeetako bat izan zen. Hor agertu zen nor nintzen ni, ez gai-jartzaile estiloarengatik, baizik eta jendetza haren aurrean prestatuta ez zegoen zerbait atera eta Silveirak kristoren bertsoaz erantzuteko aukera sortu zelako.

“Gaur egungo gai-jartzaile gazteagoak gaiak jartzen ikusten ditudanean, batzuetan pentsatzen dut gai horrek duela hamabost urte berdin-berdin funtzionatuko zuela. Ez dut zerbait diferentea ikusten eszenaratzeko garaian, aurkezteko moduan…”
Gaur egun gai-jartzaileek ez daukate horretarako aukerarik, ez dagoelako eskaparaterik, eta ez ditut gai-jartzaile berri asko sumatzen plazan. Txapelketan bai. Baina txapelketa oso gauza deskafeinatua da, zaila neurtzen, zaila jakiten nork egin duen zer eta nork ez. Ez da sormen lan propio bat.
Hau azkenaldian helarazi dudan zerbait da: gai-jartzailea ez da sortzaile bat bakarrik, langile bat da. Lau bertsolariko saio bat hamabi gai eta lau ordezko dira, egitura batekin baina egoera batzuetan aldatuko dena. Lan hori prestatu egin behar da. Gai-jartzaileak sukaldariari produktuak ematen dizkiogun pertsonak gara, guk jakin behar dugu zer produktu den freskoa, zer produktu den egokia leku horretarako, zer produktu den aproposa bertsolari horrentzat, eta produktu hori sukaldatzeko garaian zer momentutan egon behar den zer. Ez dizkiot hostopila eta krema emango lehenengo platerean. Eta hasieran jarri behar badut, oso kontzienteki eta koherenteki egin behar dudan zerbait da.
Irudikapena daukat lan horren ikusgarritasunik ez dela ematen. Gai-jartzaile batzuei egindako elkarrizketa batzuk tarteka mingarriak ere suertatu zaizkit, saio baten aurrean komunikatzerakoan zer axolagabe hitz egiten duten. “Ez zegoen beste inor eta bertso eskolakoak joan gara gaiak jartzera”. Ostia, hau serioa da, e! Ez duzu herriko jaietara Eneko Atxa edo Martin Berasategi kozinatzera ekarriko, eta merkataritza gune batetik ekarritako edozer gauza eramango.
“Txapelketatik sortu ez den gai-jartzaileetako bat naiz… Nahiz eta txapelketan parte hartu dudan, txapelketak ez dit plazarik eman. Plazak eman dit plaza”
Bere garaian gogoeta bat egin zen, saioetako antolatzaileei gutxieneko batzuk eskatzeko: megafonia egoki bat, pertsona bat bertsolariei harrera egiteaz arduratzea… Gai-jartzailea horietako bat izan behar da. Horri garrantzi bat eman behar zaio, eta hori ondo sumatuko du bertsolariak. Bertsolariak ikusten badu gai-jartzaileak lan egin duela, eta gai horiekin bertso onak bota ditzakeela, emaitza bestelakoa izango da. Zu joan zaitez ordubeteko kotxe bidaia batean herri batera, bi ofizio egin, biak gai eskasekin, eta etxera itzuli. Ez da oso motibagarria.
Esaten duzuna bertsozale komunitatearen erantzukizuna izan beharko litzatekeela uste duzu? Elkartea, antolatzaileak, hedabideak…
Bai. Gai-jartzailetzaren inguruan gauza larriak gertatu dira azken urteetan, eta ni oso ados ez nagoen modu batean moztu dira. Baina egon behar da bestelako balio emate bat. “Herrian badaukagu bat…”. Ba, igual ez. Esaten didatenean gaiak-jartzeko bertso eskolako batzuk badaudela, esan ohi izan diet: “Bertsotara joan daitezela”. —Ez, baina bertsotarako ez dira kapaz—. Eta nork esan die badirela kapaz gaiak jartzeko? Nola daki norberak bertsotarako ez dela kapaza, baina gaiak jartzeko bai? Noiz iritsi zara konklusio horretara? Ez dago azterketa bat, ez dugu oposaketarik egingo gai-jartzailea nor den eta nor ez jakiteko, baina galdera horri erantzun behar lioke mugimenduak.
Izan duzu gai-jartzaile erreferenterik?
Josu Goikoetxea izan zen gauzak egiteko eta aurkezteko modu oso propio zuena, eta, nik uste, denoi gustatzen zitzaiguna. Gero igual gaia xehetuz gero ez da hainbesterako gai, baina bere aurkezteko eta gauzak bilatzeko modua ederra zen. Erreferentzialtasuna jartzen dut beregan gaiak ekartzeko beste begirada bat zeukalako. Ni hori egiten ahalegintzen naiz. Gizartean egon daiteke asko entzuten den gai bat, eta gai hori begiratzeko modu asko daude. Begirada horiek bilatzea da, nik uste, lan egiten ari den gai-jartzaile bati dagokion papera.
“Ez dago gai-jartzaile berriei aukera bat emateko eskaparaterik, zeren eta ez dut uste txapelketak horretarako balio duenik. Txapelketan aurkezleak agertzen dira, ez gai-jartzaileak”
Bertsozale Elkartetik gai-jartzaileei begirako formakuntza saioak egin izan dira, eremu horretan pauso batzuk eman dira. Ez dakit azken urteetan esparru hori ezagutzeko aukerarik izan duzun.
Kontua da orain elkartetik aparte samar sentitzen naizela gai-jartzailegintzari dagokionez. Urte asko daramatzat elkarteko atea jotzen honen inguruan, nire kezka azaldu nahian, gertatu diren gauzen inguruan nire ezinegona adieraziz. Ez dut jaso nahiko nukeena. Gai-jartzaileen ikastaro eta hitzaldietan ez naiz egon, eta beraz, ezin dut iritzirik eman. Baina lehengora itzultzen gara: zuk egin ahal dituzu nahi beste hitzaldi, baina gero ez baduzu plazan jarraikortasun bat… Gai-jartzaile normal batek zenbat saio egingo ditu urtean? Hiru, lau, bost? Saio kopuru horrekin gai hau ez da zure kezka izango. Gai-jartzaileak izan behar du kezkarako momentu bat. Txapelketarekin irizpide bat dago eta ez da aldatuko, baina zortzi aurkezle egon beharrean, edo zortzi lagun gaiak jartzen, hiru egon beharko lirateke, lanean. Eta lanean ez da nire lana bukatu, eta nire nekeekin tokatzen den tokira joan, astearte batean, asteburuan egongo den saio hori txukun prestatzera. Ez dut esaten erabat liberatu behar direnik, baina neurri batean bai. Lan bat egin behar da, batik-bat zure lanaren mende dagoelako bertsolari askoren “etorkizuna” edo “bidea”. Txapelketako gai-jartzailetzan kontzientzia hori hartu behar da, oso serio. Eta serio hartzeko modu bakarra lanean jartzea da.
Uste dut gertatzen dela batzuen buruan esatea: “Urtean lau saio besterik ez izanda, zer esango dut ba?”. Ez zara urtean ehun eta piku saio dituen Maialen bat, mugimenduan oso sartua dena. Ni ez nago mugimenduan, egon nahi nuke, baina lau saiorekin ezin naiz egon eta nahiko nukeen moduan eragiten.
Ez dut esango kontu honekin etsita nagoenik, baina etsitzen nau gauza askoz ere gehiago egin nahi nituzkeela, eta ez didate uzten.
“Gai-jartzaileak sukaldariari produktuak ematen dizkiogun pertsonak gara, guk jakin behar dugu zer produktu den freskoa, egokia leku horretarako, bertsolari horrentzako, eta zer momentutan egon behar den zer”
Errimak bi oinetan emanaldiarekin makina bat plaza egin dituzue. Ekimen honen azken saioa iragan otsailaren 27an egin zenuten. Zer eman du eta zer utzi du sorkuntza honek?
Dantzariengana hurbildu nintzen, Haatik konpainiarengana. Esan niena izan zen: zuek zerbaiti dantza egiten badiozue, zergatik ez diozue bertso bati dantza egingo? Niri pertsonalki plazak eman dizkit. Gai-jartzaile bezala ez dut lan berezirik egin. Emanaldietan jartzen nituen gaiak antzekoak ziren, eta gauza ezberdinak egiten joan nintzen, ez emanaldiak eskatzen zuelako, bestela aspertu egiten nintzelako baizik. Baina bai eman didala, bestelako gai-jartzaile lanak eman ez didan bezala (ez ditudalako plazak izan), aurkezle izateko paper bat. Oholtzan egoteko, aurkezteko, hitz egiteko paper bat. Ez dut problemarik izan, baina mikro aurrean jarri gabe denboraldi luze bat daramazunean amildegi bat sortzen da, herdoilak eragindakoa. Bertsoaren bidez iritsi ez naizen herri eta antzoki askotara iristeko aukera eman dit, dantza munduko jendearekin elkartu eta sormena eta ikuskizuna ulertzeko daukaten modua ezagutzeko aukera, ulertzea zenbat gauza ekar daitezkeen bertsotara eta gero bertsoetatik zenbat gauza jar ditzakegun dantzan… Emanaldiro eragiten jarraitzeko gogoa eman dit.
Horregatik Errimak hiru oinetan emanaldia ere bidean da, lanean hasiko gara. Hirugarren emanaldiak izango duen ildoa zehaztu dugu gutxi gorabehera, zer berritasun izango dituen. Ondo pasatzen dugu eta zerbait polita eskaini, beraz, jarraituko dugu.
“Esaten didatenean gaiak jartzeko bertso eskolako batzuk badaudela esan ohi izan diet: ‘Bertsotara joan daitezela’. —Ez, baina bertsotarako ez dira kapaz—. Eta nork esan die badirela kapaz gaiak jartzeko?”
Amaitu zaizkit galderak, Unai. Zerbait gehitu nahiko zenuke?
Lehen emanaldi bereziak baziren, eta gai-jartzaile bezala asko sortu eta askotan hartu dut parte: Barkatu, Erregea eta Bufoia, Bertso Jazza, Bertso Txanpa, Bertsolaria bere bakardadean, Bertso Txiki Infernu Handi… emanaldi pilo bat sortu ditut. Egia da Lankun nengoenean antolatzaileekin feedback hurbilagoa neukala, eta zerbait berezia eskatzen bazuten proposamenak egiten nituela, eta horretarako gai-jartzailerik ez bazegoen ni jartzen nintzela askotan; edo baita asko nik sortutakoak zirelako, eta ez diot horren marroia beste gai-jartzaile bati pasako. Ez dakit Lankuk nire zenbat proiektu izango dituen kaxoian, baina irizpideetan sartzen ez naizelako ez dira egiten. Hitz egin dut horri buruz elkartearekin, eta nik mugitzeko gonbita jaso izan dut, baina ez zait iruditzen nire papera denik. Uste dut gai-jartzaile askorentzat plaza egoki bat dela norberak sortutako zerbait. Orain arte beti sortu izan da bertsolarien eskaeratik, baina ez gai-jartzaileengandik. Baditut zenbait emanaldi, salgarriak direnak edozein udaletxerentzat, non bertsolariek ez duten ezer berezirik jakin behar tematika ikuspegitik.
Bere garaian bertso-tramak oso modan egon ziren, orain desagertu egin dira. Bertso trametan bi, hiru, lau gai-jartzaile bazebiltzan plazara iristen zara, lana eskaintzen duzu, lan horretatik plaza gehiago datoz… Bazegoen gai-jartzaileentzako zirkuitu on bat, gaur egun ez dagoena, eta ez da aukerarik ematen. Nik behintzat ez dut aukerarik jaso, eta ez da nire kontua bakarrik, gai-jartzaile askorena baizik. Egungo gai-jartzailetzaren egoeraren ispilua da.
“Txapelketarekin irizpide bat dago eta ez da aldatuko, baina zortzi aurkezle egon beharrean, edo zortzi lagun gaiak jartzen, hiru egon beharko lirateke, lanean. Eta lanean ez da nire lana bukatu eta nire nekeekin tokatzen den tokira joan…”
Ideiak nahi beste ditut, eta gogoa izugarria. Baina, pareta bat dut parez pare. Hasiko nintzateke komertzial lanetan , saioen sortzen, lotzen… baina egungo nire egoerak ez dit hor apustua egiteko aukerarik ematen. Baina ez dut baztertzen, egunen batean, lan hau sortu eta honetan hastea. Akaso, Puntutan bertso zerbitzuak izango da Puntutanen hurrengo urratsa?





