AHOTS MOREAK

2015-03-21

TESTUA: Jon Martin Etxebeste

Inprobisazioa inprobisazio da mundu guztian, baina kultura adina adierazpide topa ditzakegu. Azken urteetan Euskal Herrian generoaren gaiak indar handia hartu du, baina nola bizi da gai bera munduko beste adierazpideetan?

 

MARTA SCHWINDT (ARGENTINA)

“Ez diot inoiz inori nahi ez nuena sentiarazteko baimenik eman”

Marta Susana Schwindt Mar del Platan bizi da, Argentinan. Argentinako payadore ezagunenetarikoa da. Letratan lizentziatua da eta Psikologia ikaslea. Irratian eman zituen lehen urratsak. Payadore ugarirekin batera jardun du herrialde ugaritako antzokietan kantari. Kantua izan du bizibide gaztetatik.

Argentinako payadoreen artean zu izan zaitugu emakumezko bakarra, ezta?

Hala izan naiz urte askotan. Argentinan ez ezik, Uruguain ere ez zegoen emakumezko kantaririk. Duela urte asko Liliana Salvat eta Susana Repetto hasi ziren payadore lanean. Repetto haur zelarik hasi zen inprobisatzen, baina diskriminatua sentitzen zen eta utzi egin zuen. Gaur egun, lauzpabost emakume badira payadore izateko bidean eta Uruguain bada beste bat: Mariela Acevedo.

Eta zure aurretik ez al da inor izan?

Bai, ez naiz lehenengoa. Mende hasieran izan zen Aida Reina izeneko payadore bat, Gabino Ezeizaren ikaslea, eta baita Ruperta Fernandez ere. Hala ere, ez dago haiei buruzko grabaziorik ez idatzirik.

Bide urratzaile izan zarela sentitzen duzu?

Bai. Kantua lanbide duen lehenengo emakumea naiz. Dena asmatuta zegoela zirudienean, bizitza irabazteko modu berri bat asmatu nuen.

Eta diskriminaturik sentitu al zara sekula?

Ez, sekula ez. Seguruenik ez diodalako inori nahi ez nuena sentiarazteko baimenik eman. Beti jakin izan dut zer izan nahi nuen. Payadore artean jaio nintzen, payadore artean bizi izan naiz eta payadore artean hil nahiko nuke. Ama, amona eta artista moduan, beteta sentitzen naiz. Emakumearen rolak, nire ustez, osagarri izan behar du, ez konpetitiboa. Emakumezkoek gure ikuspuntua eman dezakegu, sentsibilitate berezi bat eransten diogu dezimari, samurtasuna… eta hori egin dezakegu beste generorik eraso gabe. Gizonezkoek kantatu diezaiokete amari, baina ama bezala kantatzea besterik da….

Gainontzeko payadoreek normaltzat hartzen zuten emakume bat izatea tartean?

Bai. Txikitatik murgidu nintzen giro honetan eta payadore zaharrak nire gurasoak bezalakoak izan dira, oraingo gazteak nire seme kontsideratzen ditudan bezala. Asko babestu ninduten, asko mimatu ninduten… neskatila bat nintzen gautxo artean.

Baina ez ote zen babes patriarkal bat?

Baliteke, baina errespetuz eta konfiantzaz tratatu ninduten beti. Carlos Molinak liburuak ematen zizkidan eta nik antsiaz irensten nituen. Oso pobrea nintzen, aita lanik gabe geratu zen, nik, baina, ikasteko gogo ikaragarria neukan. Txanpon pare baten truke kantatzeko prest nengoen edozein momentutan. Buenos Aireseko kartoizko gela batean bizi nintzen, egun batean jaten nuen eta hurrengoan ez, baina banekien nire mugak gaindi nitzakeela.

Medikuntza ikasketak egiten hasi zinen, baina ez zenituen bukatu. Zergatik?

1976an, Diktadura betean, Medikuntzako ikaslea nintzen. Hala ere, ezin izan nuen bukatu. Nire ikaskideak desagertzen hasi ziren hirugarren mailan nengoenean, eta bizi arriskuan nengoen.

Eta garai horietan, kantatzen zenuten politikari buruz?

Ez! Diktadura basatia izan zen, 30.000 pertsona baino gehiago hil zituzten. Medikuntzako fakultatean jarraitu izan banu, desagertutako bat gehiago izango nintzateke ziurrenik. Zure agendan zenbaki susmagarriren bat topatzen bazuten, bahitu eta akabatu egiten zintuzten. Asko, bizirik jaurti zituzten itsasora, eskuak lotuta. Zuek ere badakizue zer den hori. Mar de Platan badaukagu Gernikako arbolaren ernamuinetik jaiotako zuhaitz bat….

Feministatzat al duzu zure burua?

Femeninoa naiz, baina ez dut nire burua feminista kontsideratzen.

MARIA SUSANA REPETTO (ARGENTINA)

“Diskriminatua sentitzen nintzen, landa eremuko kantaria bainintzen ni”

Maria Susana Repetto Doloresen jaio zen, Buenos Airesetik ez hain urrun. Repettok irakaskuntza izan du bizibide. Gaur egun jubilatuta dago. Artean haur bat zela bat-batekotasunerako dohainak erakutsi zituen, baina urteak behar izan zituen oholtzaz oholtza ibiltzeko. Gaur egun, semearekin batera dabil Argentina eta Uruguaiko plazetan payadak kantari. Hiru liburu kaleratu ditu, hamar disko, eta irratiko programak gidatzen ditu. Kantuaren eta gitarraren bidez Jainkoarengana hurbiltzeko mezatan ere parte hartzen du.

Nola hasi zinen kantari?

Nire aita, Enrique Repetto , payadorea zen eta Susana Beatriz Velazquez izeneko beste neska batekin probak egiten hasi nintzen. Beatriz oso gazte hil zen, ordea, eta bakarrik jarraitu behar izan nuen.

Nekazaritza eremukoa zinen, ezta?

13 urte nituenean, landa lurretatik Dolores hirira joan nintzen bizitzera, irakasle izateko bokazioa sentitzen bainuen. Hirira iritsi nintzenean oholtza gainera igotzeari utzi nion. Diskriminatua sentitzen nintzen. Landa eremuko kantaria nintzen ni eta ohikoena payadoreak hiritarrak izatea zen. Berez geunden diskriminatuak nekazaritza eremukoak, baina, gainera, 13 urteko neska bat, gizonen alorra kontsideratua den batean zebilena… nahiago izan nuen ez saiatu. Hala ere, sekula ez diot utzi dezimak idazteari, eta lagunekin eta etxean kantari segitu dut beti.

Irakasle bokazioa indartsuagoa zen payadore bokazioa baino?

Baliteke. Bidea lauagoa zen behintzat. Nire bokazioari jarraituz irakasle bihurtu nintzen eta ogibide izan dut jubilatu naizen arte. 1990ean Doloreseko payadore gazte bat ezagutu nuen festa batean. Hark tentatu ninduen kantatzera eta nik erantzun egin nion. Geroztik kantari jarraitu dut. Seme bat ere badut, Jaunari eskerrak, payadorea dena; Emanuel Gabotto izena du. Gaur egun, jubilatuta nago, baina eszenatokitatik ibiltzen naiz.

Emakumeentzat zailagoa al da?

Nik uste baietz. Familiaren babesa sentitu izan dut beti; baina bidean ordu asko egin behar ditu inprobisatzaileak, desordutan jan, luxuzko hoteletan bezala edonoren etxe apalean lo egitera gelditu…. eta zenbait gauza errazagoak dira gizonentzat emakumezkoentzat baino.

 

LILIANA SALVAT (ARGENTINA)

Liliana Salvat Colonekoa da, Entre Riosekoa. Haur zela poesia lehiaketa bat irabazi zuen zortzi silabako bertsoekin, eta argi ikusi zuen gehien gustatzen zitzaiona inprobisatzea zela. Marta Schwindtekin batera zenbait dezima grabatu izan ditu. Senarra ere payadorea du, baina azken honek dagoeneko ez du inprobisatzen.

Inprobisadorez inguratuta egon zara beti, ezta?

Nire aitak eta amak baratzean egiten zuten lan. Payadoreei buruz maiz hitz egiten zen nire etxean. Haiek beti ziren jende langilearen ahotsa. Hamalau urterekin hasi nintzen bat-batean kantari. Manuel Ocañarekin inprobisatu nuen lehen aldiz eta nire bertsoei hegalak eman zizkien Ocañak. Gaur egun nire senarra da, eta nire seme-alaben aita. Payadoreari ezagutzak ematen dio oinarria, inprobisazioarako oinarria. Ez du ezertan espezialista izan beharrik, baina gai asko ezagutu behar ditu.

Zangotrabatu al zaituzte inoiz emakume izateagatik?

Nire kantukide guztiak oso atseginak izan dira beti nirekin. Izango zen nire bidean harriren bat jarri duen payadorerik, baina genero berekoekin ere berdin jokatzen zuenen bat izango zen, asko jota. Kantuan ari nintzela ezagutu nituen Marta Curbelo, Bares, Barrietos, Airala, Di Santo eta beste zenbait. Ni baino lehenagotik zebilen Curbelo kantari, eta horrek nire bidea erraztu zuen, beti babestu izan nau.

 

MARIELA ACEVEDO (URUGUAI)

Mariela Acevedo (1968, Las Piedras) Uruguaiko payadore ezagunenetakoa da. Flores Acevedo payadorea izan zen bere aita, eta, txikitatik, gertu izan zuen arte hau. 1994an hasi zen profesionalki bat-batekotasunera dedikatzen. Euskal Herrian ere izan da kantari, eta, bere esanetan, bere bizitzako bizipenik ederrenetakoa izan zen.

25 urte dira inprobisatzen ari naizela. Hasieran, gainontzekoek baino arazo gehiago izan nituen emakume nintzelako. Historikoki, Uruguain gizonezkoak jardun dira jendaurrean kantari, eta emakume bat agertzeak erresistentzia eragiten du. Ez zen erresistentzia jasanezina izan, gehiago iruditu zitzaidan ezustearekin zerikusia zuen zerbait. Baina lehen erresistentzia hori gaindituta, dena aldatzen da eta talentuak laguntzen dio edonori bide egiten, gizonezkoa edo emakumezkoa izan.

Ba al da zure bidea jarraitu duen inprobisatzaile gazterik?

Nire bidea jarraitu nahi duen norbait badenik pentsatzea gehiegi da, bakoitzak bere bidea egin behar du. Payadoreen artea ez dago publizitatua hemen, ez dago payadore gazterik eta, jakina, emakumerik izateko probabilitate txikiagoak daude. Nekazaritza eremutaeko ikastetxeetan payadoreen artea landu dezaten nahi nuke, nire proiektuetako bat da hori ahalbidetzea.

Zer aportatu dio emakume baten ahotsak zuen arteari?

Emakumezkoek eta gizonezkoak gauza bera aportaten dute. Nire ustez ez da maskulino eta femenino kontzeptuei dagokion zerbait. Payada bakoitzean, bakoitzak dena erakusten du: bere baloreak, bere indarguneak, bere sormena… generoarekiko independentea da hori.

 

LOLA DE LOS PARISES (ALPUJARRAK)

Arauak hautsi zituen emakumea

Emakumeen presentzia ez da ohikoa Alpujarrako troberoen artean, ezegokitzat zeukaten troberoen hizkera beraientzat. Gaur egun, emakumeen presentzia anekdotikoa da guztiz, baina ez da beti hala izan.

La Lola de los Parises izeneko emakume bat izan zen. Francisco Diaz El miopek deskubritu zuela jartzen du bertako liburuetan. Murtziako emakume hark fama txarra zuen, kaleko emakumearena, baina berak ere halakoxetzat zeukan bere burua. Bere espiritu librea aldarrikatzen zuen. Emakume ederra zen, inprobisatzaile bikaina. 70eko hamarkadan ibili zen puri-purian.

Garai guztietako trobero onena kontsideratua dagoen Candiotari erronka egin zion, eta irabazi ere egin zion, lehen aldian. Candiotak errebantxa eskatu behar izan zion Lolari. Dirudienez, garaiko inprobisatzaile asko armarik gabe sentitzen ziren emakume haren aurrean.

Apenas dagoen bere dezimarik jasota. Bere zaletu batek idatzitako gutun bati erantzunez kantatutako dezimak dira jaso ahal izan ditugun bakarrak:

Voy a escribirle a un amigo

al que nunca conocí

mas deseo verle felíz

y por eso yo le digo,

quiero que cuente conmigo

en lo que sea menester.

Se lo dice una mujer

que no tiene un enemigo,

que siempre lleva consigo

el deseo de aprender.

 

Y así, amigo, de momento

perdóneme si escribo mal;

sé que no tiene rival

por su finura y talento.

Ya puede escribir contento,

que nadie puede igualar

esa dulzura al hablar

su verso que sentimiento;

mientras su carta contesto,

yo no paro de pensar.

 

ERNESTINA REYES ETA PRISCILA FLORES (PUERTO RICO)

AEBetako belarriak konkistatu zituzten bi txori kantari

Puerto Ricoko jardunean ahotsak berebiziko garrantzia du, bat-batekotasuna baino garrantzitsuagoa da kasik. Robertso Silva repentistaren esanetan, historian emakume kantari ugari izan dira. Ernestina Reyes eta Priscila Flores izan dira nabarmenetako batzuk.

Ernestina Reyes La Calandria ezizenekoa, 1925ean jaio zen Puerto Rikon eta 1994an hil zen Bronxen (New York). Trobadorea eta konposatzailea izan zen, eta kantagintza jibaroaren ordezkari ezagunena. Pedro Reyes eta Eulalia Vazquez izan zituen guraso, eta arteari lotuta egon zen haur zenetik. 15 urterekin murgildu zen musika munduan, bere ahizpa zaharrenarekin, Carmenekin. Hermanitas Reyes izena zuen beraien taldeak, eta boleroak eta rantxerak egiten zituzten.

Gerora, trobadore bakarlari gisa hasi zen. Puerto Ricoko ikuskizunen merkatua garatua dago, eta kontratatuta lan egin zuen. Lan egiten zuen antzokira Piscila Flores eraman zuen, eta, orduz geroztik, kantagintzako izen handi bilakatu zuen bera ere.

Priscilla Flores 1927an jaio zen, San Lorenzon, eta herri berean hil zen, 1986an, minbiziaren ondorioz. Nekazaritza giroko musikako ahotsik onenetako bat kontsideratua dago. 7 urterekin hasi zen jendaurrean kantatzen. Nerabezaroaz geroztik, irratietan kolaboratzen hasi zen, eta Reyesek antzokia utzi zuenean, berak ordezkatu zuen. La Alondra ezizena eman zioten bere ahotsa zela eta. Hasieran, irakasle lana eta kantariarena batera egin behar izan zituen, baina, ondoren, irratiari eta telebistari esker, trobatzera soilik dedikatu zen. Hurrengo hamarkadatik aurrera New Yorkeko antzoki hispanoetan jira egin zuen. Nazioartean ere ibili zen (Kolonbian eta Perun, esaterako).

Ernestina Reyes izan zen New York, New Jersey, Chicago eta Filadelfian barrena urtero jirak egiten ibili zen lehena. Hori dela-eta amaitu zuen Bronxen bizitzen 1960an. AEBetan sekulako arrakasta lortu bazuen ere, Puerto Ricon sekula omenaldirik ez zioten egin. 1990eko hamarkadaren hasieran erretiratu zen, minbiziak hartara behartuta. Bere azken nahia betez, bere jaioterrian zabaldu zituzten bere errautsak. Bi alaba ditu, Perla eta Carmen Narvaez.

 

MIREIA MENA (KATALUNIA)

“Amatasuna eta bat-batekotasuna uztartzeak arazoak sortu dizkit”

Duela 15 urte inguru topo egin zuen lehen aldiz Mireiak inprobisadore batzuekin. Txundituta geratu zen, baina ez zen geratu. Tradizio hari buruz ahal zuen guztia ikasi eta berrinterpretatu zuen. Gaur egun, Kataluniako glosadorerik finenetakoa da.

Musika talde bat izan omen zen zu bat-batean hastearen errudun…

Bai. Figueresen genbiltzan bolada hartan, eta De Calaix izena zuen gure taldeak. Beste bi emakumek eta hirurok osatzen genuen taldea, eta gure emanaldiaren ondoren apur bat inprobisatzea ondo legokeela pentsatu genuen. Ikusia genuen Pomadaren kontzertuetan antzeko zeozer. Kontzertu guztietan, 10 minutuz-edo bat-batean jardutea erabaki genuen. ‘Nyacres’ izena zuen aukeratutako egiturak: zazpi silabako lau lerro zituen, eta lerro bikoitietan errimatzen zuen. Kopla doinu bat zen, bere estribillo eta guzti.

Kopla doinuetan jarduten zarete edo badituzue molde gehiago?

Egiturak lau lerrokoak izaten dira askotan, baina bost, sei, edo zortzikoak ere izaten dira. Badira bertso berean oin bat baino gehiago (ABBA) erabiltzen dituztenak, baina ohikoena (bertsotan bezala) lerro bat libre eta hurrengoa errimatua izatea da. Dena den, esperimentatzeko gogoa sumatzen da eta sortuko dira egitura berriak.

Hasierako garai haietan, beraz, bat-batean jardun nahi zenutela erabaki eta kontzertuetan inprobisatzen hasi zineten?

Hasieran, sekulako izua ematen zigun bat-batean jarduteak. Inprobisazioa beti da hutsera salto egitearen modukoa, baina huts hura handiegia zitzaigun eta, maiz, aurrez pentsatuta eramaten genituen.

Zertan oinarritu zinetan zuen arauak sortzeko?

Menorkan glosadoreen tradizioa bizirik zegoen, baina gure inguruan ia erabat desagertuta zegoen. Hala ere, zenbait pertsonak azaldu ziguten zekitena. Gure galera hark alde on bat zuen: edozer egin genezakeela. Gustatzen zitzaizkigun doinuak gure bihurtzen genituen, eta haien gainean inprobisatzen trebatu ginen. Beti ere, hemengo glosarako baliagarri suerta zekizkigukeenak aukeratzen genituen.

Baina ez zineten kantatzera mugatu, ezta?

Ez. Zenbait musika talde ekartzen genituen, glosa gizarteratzeko ekintzak antolatu… Indar handia hartu zuen mugimenduak eta glosaren bueltako taldetxo bat sortu zen. Cor de Carxofa glosadoreen elkartea sortu genuen 2002an. Hasiera hura eztanda bat izan zen.

Eta glosa gizarteratzeaz gain, zer egiten zenuten?

Txapelketa antolatzea erabaki genuen. Bagenekien Euskal Herrian ere egiten zenutela. Hasiera hartan asko entrenatu genuen eta, oso konpetentzia gutxi zegoenez, nik irabazten nuen. Gaur egun, oso ondo kantatzen duen jende dezente dago eta nekez irabazten dut.

Transmisioari dagokionez, zer egin duzue?

Gaur egun haurrak glosagintzan hezteko proiektua darabilgu, eta 10 urte inguruko haurrekin lantzen dugu. Mugimendua oso berria da. Guri oinarriak finkatzea egokitu zaigu, haziak landatzea, eta gerora sortuko dira izarrak.

Plazaz plaza ibiltzen al zara?

Tarteka deitzen didate kantatzeko, eta neronek ere bilatzen ditut emanaldiak.

Beraz, glosagintza ez da ogibide bat?

Ez. Katalunian oso ertzeko mugimendua da glosarena. Jendearen gehiengoak ez daki badenik ere; beraz, errekonozimendurik ere ez du. Irletan badira horretara dedikatzen diren batzuk. Ni biologoa naiz. Ingurumenarekin lotutako zenbait lan eta musika ditut bizibide. Tarteka, glosa klaseak ere ematen ditut.

Ohikoa al da emakumeak oholtza gainean ikustea?

Katalunian beste lurralde batzuetan baino berdintasun handiagoa dago gizon-emakume binomioari dagokionez. Azkeneko txapelketan, lau finalistetatik bi emakumezkoak ginen (Maria Cervera eta biok). Txapelketatik kanpo, gure inguruan, %60tik gora da gizonezkoa. Tradizioa apur bat gehiago mantendu den guneetan (Ebro inguruan), are handiagoa da desoreka: %20 baino gutxiago dira emakumezkoak. Eta erreferente gehienak maskulinoak direnean, zailagoa da emakume batentzat hori egiten saiatzea.

Zergatik?

Nik uste emakumezkook dugun rol kulturalagatik dela. Emakumezkoei ederrak eta diskretuak izatea eskatzen zaigu. Lotsa garatuago daukagula iruditzen zait. Ez da kontu ikusgarri bat, inkontzientean iltzatuta daukagun zerbait dela uste dut. Ez da bat-batekotasunari lotutako zerbait; musika taldeak aztertuta ere, gizonezko gehiago topatzen dira.

Baina, hala ere, zuk egin zenuen zure lekua…

Zorionez, nabilen ingurua berezia da. Giro errebindikatibo batean bizi naiz, kultura alternatiboari lotua, giro independentista batean, eta besteekin harremanetan egoteko moduak ezbaian jarri eta gauza berriak probatzen saiatzen den giro batean. Patroiak hausten saiatzen gara.

Orduan, zuretzat ez da sekula deserosoa izan?

Oso pertsona irekia naiz eta niretzat ez da deserosoa izan gizonezkoen giroan jardutea. Bide urratzaile izanik, ez zegoen tradizioaren presiorik. Hala ere, amatasuna eta bat-batekotasuna uztartzeak, bai, sortu dizkit arazoak. Gogoratzen dut txapelketa bat haurdun jokatu nuela, eta haurrik zaharrena hankatik zintzilik nuela. Hori nekez gertatuko zaio gizonezko bati, aita konprometitua ez bada behintzat. Guraso zarenean, glosadore eta ama ordutegiak koordinatzea zaila da.

Eta sumatzen duzu gizonezko eta emakumezkoen arteko alderik?

Gaiei dagokienean, akaso… Gizonezkoek gai politikoak, datuekin konprometituak daudenak eskatzen dituzte. Nik nahiago du filosofatzea, egunerokotasuneko gauzei kantatzea, hausnartzea. Apur bat nekatzen nau aldiro manifestu bat kantatu beharrak. Dena den, glosadorea naiz eta badakit gogoko ez ditudan gaiak saihesten.

Zenbat emakume zarete bat-batean jarduten zaretenak?

Ez dakit zehazki, baina emakumeen topaketa bat egin genuen Espollan, duela gutxi, eta dozena bat emakume bildu ginen; zenbait inprobisatzaile onek ez zuten joaterik izan, beraz, batzuk bagara… Gogoa genuen halako topaketa bat egiteko, eta hautatu genuen doinua pandero kutsukoa zenez (emakumezkoei lerratua normalean), erabaki genuen emakumezkoek soilik kantatu ahal izango genuela.

 

ANA ZARINA (MEXIKO)

Nire koplak intimoegiak iruditen zitzaizkidan beste inorekin partekatzeko

Guillermo Velazquezek dio Mexikon ez dela ohikoa emakumeek inprobisatzea. Zenbait zonaldetan izan omen dira salbuespen batzuk, baina Sor Juana Ines de la Cruz izan omen da musika tradizionalaren eta herri poesiaren alorrean memoria kolektiboan leku egin duen bakarra. Hala ere, gaur egun, badira bat-batean jarduten diren emakumeak. Velazquezek hala gomendatuta, Ana Zarina Palafox elkarrizketatu dugu. 1965ean jaio zen, Mexik Hirian, eta Mexiko DFn bizi da gaur egun.

Mexikoko emakume inprobisatzaileek topaketak egiten dituzue tarteka. Zer dira topaketa horiek?

Iaz, Emakumea eta dezima: barrura begirakoa, autoezagutza eta sonoritatea izenekoa izan zen. Dezimagintzan jarduten dugun emakumeak bildu ginen egonaldi harietan. Mexikoko txoko ugaritako eta ikasketa maila oso ezberdineko emakumeak bildu ginen. Bakoitzak bere kasa egin izan dugu, baina denek dugu komunean ezohiko bide bat egiten ari garenaren sentsazioa.

Zer da sonoritatea?

Sonoritateak egungo feminismoaren dimentsio etiko eta politikoa aintzat hartzen du. Emakumeen arteko berdintasunezko harremana sustatzen du sonoritateak, konfiantza eta babeste giroan, elkarren autoritatea onartuz. Emakumeen arteko harreman positiboak, eta aliantza existentzial eta politikoak sustatzen ditu, eta zapalkuntza egoerei aurre egiteko enpoderatzea. Momentu eta leku jakin batean zenbait gauza adostean datza, eta, urtero, emakume gero eta gehiagorengana iristen saiatzen gara. Norbanako bakoitzaren katebegi izatea onartzen da bertan, eta etorkizunera begirako helburuak zehazten dira denboran.

Aspalditik inprobisatzen duzu?

1987. urtean hasi nintzen. Garai hartan, sentitzen nuen armairuaren barruan inprobisatzen nuela. Nire seikoek eta koplak intimoegiak iruditzen zitzaizkidan beste inorekin partekatzeko. Nire egunerokoan idazten nituen letra horiek guztiak, eta paper mendiak pilatzen zitzaizkidan. 1994an, Claudia Silva Agirre dantzari eta musikaria ezagutu nuen, eta bere dezima batzuk irakurri nituen. Urte hartan, lagun bat eta biok konposizio bana egitera animatu ginen. Emakumeen presentzia urria hartu nuen gaitzat orduko hartan. Kritikek beldurtzen ninduten, baina leku hartan seguru sentitzen nintzen. Urtebete geroago, zezenketen inguruko dezimak idatzi nituen eta inprobisatzaileen bilkuran kantatzeko txanda eskatu nuen. Garai hartan, ez nekien bazela beste emakume dezimista bat: Francisca Gutierrez Delfin Panchita. Bera berdinetik berdinera bizi zen gizonezkoekin.

Eta zu ez? Zer sentitzen zenuen?

Bakarrik sentitzen nintzen nire ofizioan. Hitz egiteko emakume bat ondo etorriko zitzaidan garai hartan. Arraroa nintzela pentsatzen nuen.

Baina, aldi berean, kantatzen jarraitzen zenuen…

Bai. Ikaragarri gozatzen nuen dezimak sortzen ari nintzenean. 2000. urtean, Tlacotalpanera itzuli nintzenean, Marconio eta Raul Eduardo Gonzalezekin taldea osatu nuen. Bestalde, argitaratzen ziren dezima gehienak gizonezkoenak zirela ikusita, neuregain hartu nuen emakumezkoen ahotsa biltzeko ardura. Horretarako, emakumeen topaketak antolatu genituen 2003an. 10 partaide besterik ez giren izan lehenengo edizioan, baina hurrengo urtean 14 bildu ginen, eta hurrengoan 32…

Zertarako hasi zineten biltzen?

Gure artekoen antzerakotasunak detektatzen hasi ginen, eta dezima maskulinoekiko ezberdintasun nabarmenak zeudela konturatu ginin. Emakumezkoen lanetan oso aipagarria da barnera begirako sorkuntza. Salbuespenak badaude, baina, normalean, emozionalki, dezima sakonak izaten dira. Gizonezkoek inguruari kantatzen diote, deskribatu egiten dute, aztertu eta besteei ikusarazi. Emakumeok, ordea, barrutik kanporakoa, gure esentzia dugu oinarri. Bihotza da, ez garuna, arkatza daramana.

Topaketek funtzio terapeutikoa zuten, beraz?

Baietz esan daiteke. Hasieran, arrarotzat nituen ñabardura horiek nigan, eta, taldeka aztertu ondoren, ez zirela hain arraroak deskubritu nuen. Emakumeok elkarrekin egonda, giro ludiko batean, dezimak kantatzeko giro gozo bat sortzen zen. Bat-batean, konturatu ginen ez geundela bakarrik. Sorgin asko ginen, bakoitza bere eltzean egosten ohituak, pozima magikoak egiten; orain sukaldean denak batera jardun gintezkeenak. Hala ere, ezer terapeutikorik badago, hori bat-batekotasuna bera da: jardutean, ezkerreko hemisferioa egiturarekin lanpetuta dago, eta eskuinekoa, ideiak barne epaiketarik gabe sortzen dituena, ere bai. Horregatik, norbere burua ezagutzeko lanabes garrantzitsua da dezimagintza.

Etorkizunean ere biltzen jarraitzeko asmoa duzue?

Jakina! Emakume sortzaileen konfiantza eta sormena hobetzeko lanabesak sortzen ari gara, eta emakume bakoitzak bere testuinguruan egin ditzakeen ezarpenak bistaratzeko balio baitigu batzeak. Honako hau idatzi genuen bildu ginen lehen aldian:

Denen artean mezu bat idatzi dugu eta botila batean sartu, unibertso femeninoaren itsasora bota dugu. Estrofa hauek indarkeriarik gabeko bizitza bat eraikitzeko beharra azpimarratzen dute, gizonezkoen eta emakumezkoen artean berdintasuna. Mundu ideal batean kooperatu nahi dugu. Denen artean sortu dugun konjuru hau sortu dugu, zu irakurle, ziur identifikatuta sentitzen zarela gure lanetakoren batekin. Izan zaitez, zu ere, gure lagun eta konplize.

Hace treinta años queríamos crear

un nuevo individuo que poblara el mundo,

consciente, amoroso, de pensar profundo

que un nuevo planeta ayudara a fundar.

Aquel Hombre Nuevo debía diseñar

el mundo perfecto, la era socialista;

con cerebro claro y mente de artista

el género humano podía cambiar.

Hicimos canciones, mítines, panfletos,

poesías y libros, también elecciones,

conciertos en parques, nuevas comisiones

y brigadas contra los analfabetos.

Con fe y esperanza fuimos los sujetos

del cambio tendiente a la Revolución;

el Che, Víctor Jara y un líder barbón

se volvieron héroes en nuestros libretos.

Con sus estandartes gustosos marchamos:

“¡Pueblo! ¡Venceremos!” eran las consignas,

“¡Vivan, estudiantes!” y otras frases dignas

“Teniendo la tierra” nos ilusionamos.

Ahora me pregunto: -¿en dónde fallamos?

¿Habrá sido el triunfo del “Tío Caimán”?-.

El siglo veintiuno es un pelafustán

y a nuestro Hombre Nuevo, ayer lo enterramos.

Ana Zarina Palafox