Aizarna bertsolariaren arrastoan

Joxean Agirre-(r)en argazkia Joxean Agirre 2023-11-13
Argazkiak: Conny Beyreuther

Aizarna bertsolariaren arrastoan –

Juan Inazio Odriozola Aizarna bertsolariak ez zuen suerte makala izan jaiotze lekuarekin, punta-puntako bertsolariak eman dituen auzo batean etorri baitzen mundura, Txillarramendin, Errezil, Aizarna eta Azpeitia elkartzen diren gunean, baina ez zuen hainbesteko suerterik izan, beharbada, egokitu zitzaion garaiarekin.

 

Gerra aurretik, Getxoko bi txapelketatan kantatu zuen Juan Inazio Odriozola Aizarnak Txirrita, Pello Errota, Frantsesa eta Kepa Enbeita Urretxindorrarekin, eta, 1933an, Areitioko Eusko Jaietan agertzen da (Mallabian izango zen seguru asko), Iurreta, Durango, Berriz, Zaldibar, Soraluze eta Eibartik joandako jendetzaren aurrean mahai baten gainera igota kantuan, Euzkadi egunkariak kronika baten esaten duenez. Gerraondoan, ordea, bere izena itzali egiten da.

1874an jaioa izaki, gerra etorri zenerako adinean aurrera zihoan. Donostian, 1935eko San Sebastian egunez antolatu zen lehen Bertso Gudua jokatu zenerako 61 zituen. Txirritak bai, “Laurogei urte gainean ditut, nago hanketako minez/ Donostiara etorria naiz herren handia eginez” kantatu zuen orduan, eta egia da laurogei ez baina 75 urte bazituela, baina Txirrita bakarra izan da munduan. Pizkunde garaiko bertso gudu horietan ez da bere izenik agertzen eta gutxiago 58tik aurrera Euskaltzaindia antolatzen hasi zen txapelketetan, Aizarna bertsolaria 1945ean hil baitzen.

 

Aizarna bertsolariaren arrastoan
Ilustrazioa: Unai Gaztelumendi

 

Jaiotetxe bila

Familiakook bagenekien gure arbola genealogikoan bagenuela bertsolari bat Bizkaian zehar ibili eta gerra aurretik Eibarren baserri bat erosi zuena, baina gauza gutxi gehiago. Gure kasuan, bertsolariaren anaia zaharrena, Nikolas, amaren aldeko aitona genuen, baina ez genuen ezagutu. 2016an artikulu bat atera zuen Zestoako Udaletxeko kultura teknikari Fernando Arzallusek herriko Danbolin aldizkarian Aizarna bertsolaria izenburuarekin eta bertan Indalezio Ojangurenek egin zion argazki bikainari buruzko komentario batekin hasten zen Historian lizentziatua den teknikaria. Argazki horretan Juan Odriozola (hala deitzen diote Juan Inaziori) Tutulu baserri atarian eserita ageri da pose nahikoa estudiatuan, mahai gainean botila bat anis edo uxual eta kopa txiki bat dituela, eta eskuin eskuan purua. Artikulu horretan, Eibarko Hauteskunde Erroldan egindako ikerketaren berri ematen du Fernando Arzallusek. Bildutako datuen arabera, zazpi senideko familia batean jaio zen Juan Inazio, Errezilen, eta aldatu ziren Aizarnako Anatxaran Berrira, lehenik, eta Itzira Zabalera, gero (gaur Itzira Haundi). Senideetatik gazteena, Petra, Anatxaranen jaio zen eta Itzira Haundin hil zen, hiru urterekin.

Errezil handia da, ordea, eta ez genekien bertsolaria non jaioa zen. Herri horretako udaletxean lan egiten duen Amaia saiatu zen datu horren bila eta bertsolariaren jaioturteko (1874) eta hurrengo urteko erregistro liburuak falta zirela esan zigun. Gotzaindegiko artxiboetan ere bataio urtea eta egunaren berri eman ziguten (1874-06-12), baina ez jaiotetxearenik. Bertsolaria umetatik soldaduska egin arte bizi izan zen Itzira Haundira jo genuen eta bertako gizonak, Luis Odriozolak, esan zigun ez zuela zalantzarik batere, ama Suitxo (Zubitxo) baserrikoa zutela, Txillarramendi auzokoa, beraz, eta etxean beti esan izan zutela Juan Inazio Odriozola Antxiturbi Azpikoa baserrikoa zela, handik pasatu zirela Anatxaran Berrira eta ondoren Itzira Haundira.

Antxiturbi Azpikoa bi bizitzako baserria zen. Biak daude erorita, baina alde batekoa eta inguruko lur sailak Premi Etxeberrikoek erosi zituzten, auzoko baserri batekoek alegia, eta beste aldean bizitoki berri bat eraiki dute, eta haren ondoan Bio-K markako sagar zuku ekologikoak egiteko lantegi txiki bat eraiki zuen orain urte batzuk Aizarnazabalgo familia batek.

Gogora dezagun Eusebio Eizmendi Txapel bertsolaria Antxiturbi Goikoan jaio zela, nahiz eta haren aitonaren garaitik baserri horri Txapel deitu zitzaion.

 

Juan ardiekin, atzean Valentina

 

Bertsolaritzaren talaia

Imanol Lazkanok modu oso grafikoan kontatu zigun Txillarramendiko bertso mikroklimaren berri. “Etumeta pasatu eta, Erdoizta eta Aizarna arteko bide-gurutzea baino lehen, pendizean gora igo eta badago puntu bat nondik bertsolarien jaiotetxe andana bat ikusten den. Behin Errezilgo alkateari esan nion hor harri edo monumentu bat jarri beharko litzatekeela. Panoramika horren lehen planoan Txapel eta Zepai (Zepadi) ikusten dira. Zuk diozun Juan Odriozolaren Antxiturbi Azpikoa ere hortxe da, eta Xegundo Etxeberria bertso jartzailearen Munoaundi ere bai. Azpeiti aldera bi Kostitak (Gorostieta) agertzen dira, batean Patxi Iturzeta bizi izan zen eta bestean zuen aita. Behean, Artainola gutxigatik ez da ikusten, baina han ere baziren hiru anaia bertso munduan asko mugitzen zirenak. Eskubitara eta oso gertu ikusten da Saberri ere, Joxe Lizasoren bizilekua, ezkondu eta Azpeitira jaitsi zen arte. Parez pare aurrean dagoen Izarraizko maldan, Oranda ikusten da, Joxe Agirreren bizilekua, eta begiak eskuin aldera eramanez gero, Endoia dago, Uztapideren jaiolekua. Talaia horretatik ez da ikusten, baina ez dago urruti Loidisaletxe ere, eta han baziren hiru anaia plazak egiteko gai zirenak. Etumetan bertan, Xaku esaten genion erdi bertsolari bat bazen, erromeria ondoren bertsotan egiten bazekiena. Zuen Juan Odrizola hori giro horretan hasiko zen, Kostitako Patxi Iturzetaren garaikidea dela esaten badidazu. Hor ikasiko zuen bertsotan. Basarri ere oso gertukoa da, Granada baserrikoa. Euskal Herrian ez dago beste leku bat bertsoaren panorama horren zabala erakusten duenik”, esan zigun.

Egia da Juan Odriozola hor jaio arren, Itzira Handira joan zela bizitzera, baina Itzira Haunditik ere Itumeta oso eskura geratzen da eta zer esanik ez Santa Engrazia. Azken leku horretan ere erromeriak egiten ziten eta baita Txillarramenditik Odria auzora bidean dagoen Orkazarren ere.

Orkazarreko erromeria horretako kontua izango da seguru asko Joxe Lizasok aipatu ohi zuen gure aitaren, Joxe Mari Agirreren, bertso eder bat, Joxin Iturriotzek Urolaldea bertsolari liburuan jaso zuena. Orkazarreko nagusia, itxura guztien arabera, tentatzen ari zitzaion eta gure aitak bota omen zion: “Bertso bat botatzeko arren eta arren/ guztiok adiskide gerade alkarren/ hanka bat okerra du, bestetikan herren/ gizon bat gauza denik ez da Orkazarren”. “Guztiok adiskide gerade elkarren” hori izugarri dotorea iruditu izan zait beti.

 

Edurne Lizarralde

 

Somorrostrora

Ez da batere erraza Aizarna bertsolariaren arrastoari jarraitzen. Bederatzi seme-alaba izan zituzten arren, gaur bi biloba bakarrik gelditzen dira bizirik, eta haiekin izan ginen hizketan, Jesusa Odriozola Agirrebeñarekin Eibarren eta Edurne Lizarralde Odriozolarekin Ermuan, nahiz eta bigarren honek ere bizitzaren zati nagusia Eibarren eman duen.

Edurne jaio zen urtean hil zen aitona bertsolaria, 1945ean, eta hari buruzko kontuak amonari entzundakoak dira gehienak. Jesusak bere haurtzaroan ezagutu zuen Juan Inazio bertsolaria, Eibarko Tutulu baserrian. Baina emakumeak 86 urte ditu, oraindik orain etxean istripu bat izan eta ospitalean egon berria zelako edo, buruz pitin bat moteldua aurkitu genuen.

Edurne izan zen bertsolariari buruzko lehen aztarna garrantzitsua eman ziguna. “Nik beti entzun dut Itzira Haunditik Somorrostrora joan zirela lanera hiru anaiak, eta, gero, poliki-poliki egin zuela gure aitonak Eibarko itzulera, 1925ean Tutulu baserria erosi zuten arte”, hasi zitzaigun.

Juan Inaziok 18 urte zituela hil zen aita, Joxe Domingo, 1892an, eta handik lau hilabetera ezkondu zen gero gure aitona izango zen Nikolas, anaia zaharrena, Astigarretako Sebastiana Osinalderekin, eta Juan Inazio eta beste bi anaiak (ordurako soldadutza egina zuten) Bizkai aldera abiatu ziren Somorrostroko meategietan lan egitera. Handik hiruzpalau urtera, 1896tik 1987ra bitartean ezkondu ziren hirurak. Bik Bilbon jarraitu zuten eta hirugarrena Arrazolara joan zen.

Edurne Lizarraldek uste duenez, Juan Inazioren lehen hiru umeak Bilbon jaioak dira. Valentina eta Jose Florentino behintzat seguru. Edurnek ez daki Bilbon bertan bizi ziren edo Bilbo Handiko herriren batean. “Dakidana da bertsolariaren emaztea, Hermenegilda Unzueta, Aramaiokoa zela eta Bilbon zegoela neskame elkar ezagutu zutenean”, esan zuen.

 

Jesusa Odriozola

 

“Nik bertsolaria ez nuen ezagutu, jaio nintzen urtean hil zelako, 1945ean, baina amonarekin, Hermenegildarekin, harreman estua nuen eta hark esanda dakit hamaika ume izan zituztela, hiru txikiak zirela hil baziren ere. Gure ama Arrazolan jaioa zen, baina lehen hirurak Bilbon jaioak zirela esaten zuen. Valentina, Jose Florentino eta Karmen izango ziren. Eta Arrazolan bizi zirela jaioko ziren Rafaela, Juanita, Timotea gure ama, Felipe eta Josefa. Eibarrera etorri aurretik Mallabiako Donai Etxebarri baserrian egon ziren, eta, ondoren, Eibarko Aginaga auzoan, 1925ean Tutulu baserria erosi zuten arte”, jarraitu zuen Edurnek.

Ez da harritzekoa garai horretan Aizarnako baserri batetik lan bila Somorrostrora jotzea, orduan baitzeuden indarrean Ezkerraldeko meategietan burdina atera eta Nerbioiraino trenez edo kablez garraiatzen aritzen ziren konpainia handiak, Franco-Belga de Minas, esaterako.

Txomin Agirrek urte batzuk geroago, 1912an atera zuen Garoa eleberria, euskal nobelagintzari ateak ireki zizkion lanetako bat, eta bertan meategi horien deskribapen apokaliptikoa egiten du Aloñako artzain giro idilikoaren antipodetan:

“Mendi aietan eztago zuaitzik, eztago lorerik, eztago belarrik ere. Mendi gorri aiek burniz urratu dituzte, izerdiz aña odolez intzatuak dirudite.

Gizon gorriak ostera izen gaiztoaren jabeak dira. Asko, geienak bear bada, guraso zintzoen semeak izatea baliteke; baño gizatxar, lagun oker biurrien artean gaiztakeriak kutsutu ditu. Ausardia dute nagusi, nasaikeria adiskide, indarra lege, añenekoa ziri ta zigor. Birao lurrunean, likiskeri zakarren lizundu zaiote anima; baño au negargarria! kalte orren ajolarik iñor eztauka. Somorrostroko langillien gurasoak eta toki artako arrobien jabeak gauza bat bakarrik nai luteke: dirua irabazi dezatela semeak, mia galanki atera dezatela arrobikoak. Otoitz egiñaz irabazi edo zatarkeriak esanaz atera, ezta batere arretazko gauza.

Enda, oitura ta izkera guztietakoak nastean dabiltz: ingeles, prantzes ta españatarrak, euskaldunak eta erdaldunak; arabar ta naparrak Galizia ta Asturiaskoen ondoan; Santander, Palenzia, Burgos, Balladolid, Soria, Logroño ta Zaragozakoak Zamudion edo Muxikan, Amoroton edo Errigoitin, Errezillen edo Asteasun, Amezketan edo Ataunen jaio diranakin batera; denak alkarren etsai, denak bata bestearen ezin ikusian, denak bakoitzaren sorterria bestienen gañetik jasotzen dutela garaietan, lagunai min emateagatik bada ere”. Ez da harritzekoa, beraz, Juan Inaziok langintza hain gogorretik alde egin izana.

 

Zer lanbide izan zituen?

Meategi horietan ibiliko ziren lanean, bada, Odriozolatar anaiak, baina ez denbora askoan, Arrazolara ezkondu zen anaiaren arrimuan edo, bailara horretara itzuli baitzen bertsolaria; garaiko argazki batean, Valentina alaba zaharrena ondoan eta inguruan ardiak dituela ageri baita.

Meatzari izatetik baserritar izatera itzuli ote zen? Ez dakigu. Valentinaren biloba Jon Mikel Milikuari telefonoz egin genion galdera hori, eta zalantzak erakutsi zituen. “Badakit bi semeak etxegintzan edo ibili zirela. Mallabiko gure jaiotetxea, Bitoita baserria, 1940an erre zenean, gure aitak kontatzen zuen bertsolaria etorri zitzaiola eta lasai egoteko esan omen zion, bere bi semeak bidaliko zizkiolako etxea eraikitzeko. Zaharrena, Jose, etxegintzan ibilia zen nonbait eta Felipe arotz. Gogoratzen dut gerora Felipe gure etxera bisitan etortzen zen bakoitzean eskailerei begira jartzen zela eta ‘hau nik egina da’ esaten zuela.

Edurne Lizarraldek (senarra Jose Antonio San Martin zuen) ere badu susmo hori, baina Jose etxeko tabernan ikusi zuen urte askoan lanean, eta Felipe tailer batean ibili zela gogoratzen du, eta aita, berriz, badirudi Tutulu baserriko lanarekin konformatu zela. Hiru bat behi eta txahal batzuk izango zituzten, eta emazteak, Edurneren amona Hermenegildak, baserriko jeneroa jaisten zuen kalera, eta horrekin aterako zuten familia aurrera. “Ez dakit oso seguru egunero jaisten zen, baina tarteka jaisten zela bai. Mallabiko izeba Valentina bai, amaren ahizpa, hura egunero etortzen zen Eibarko plazara. Orduan neskak oso azkar ateratzen ziren etxetik neskame lan egiteko, eta Tutulutik ere uste dut gehienak hala atera zirela. Rafaela eta Karmen, esate baterako, Bergarara joan ziren etxeren batera eta bertako mutilekin ezkondu ziren. Rafaelaren senarrak denda bat zuen eta lehen umea eduki zuenean gure ama joan zen Rafaelaren etxera, artean oso gaztea zelako laguntzera, eta ondoren Eibarko etxe batean egon zen lanean. Baina oraindik umeak zirenean, gerra ondoko lehen urteak, gose urteak izan ziren haiek. Gure amak kontatzen zuen pasadizo batek erakusten du garaiko giroa nolakoa zen. Janez oso urri zebiltzan batean, amona errukitu egin omen zen umearekin eta oilo batek goizero arrautza non jartzen zuen erakutsi omen zion, aitaren ezkutuan hara joan eta arrautza hori gordinik jan ahal izateko. Aitak, bertsolariak, arrautza horiek kalean saltzeko nahiko zituela pentsatzen dut”, kontatu zuen.

 

Tabernan kantuan

“Ez nituzke gauza hauek esan beharko, baina gure amak esaten zuen etxean aitarik gabe hazi zirela ia-ia, oso gutxi ikusten zutelako, bere lanak egiten zituenean Eibarko kalera jaisten baitzen, han tabernaz taberna ibiltzeko”, jarraitu zuen Edurnek.

Kantatzen ote zuten tabernan? “Nik baietz esango nuke, tarteka kantatuko zutela. Beti etxetik kanpo ibiltzen zela kexatzen zen amona”, erantsi zuen.

Ea plazarik egiten al zuen galdetuta, “ez dut uste. Kantuan egiten zuela bai, baina inguruko herriren batera bertsotara joaten zenik ez nion inoiz entzun amonari. Gainera, ni ume bat nintzen orduan galdera horiek egiteko. Eta beste gauza bat ere badago, ez dut uste amonak bertsolariak gehiegi maite zituenik. Gure etxean ez da izan bertso girorik. Gure amak ez zuen entzun ere egin nahi izaten. Gu Txantxa Zelain bizi ginen eta amona egunero etortzen zen. Igandetan aita-amak zazpietako zinera joaten ziren eta amonarekin gelditzen nintzen. Seme zaharrenak baserriko lurretan Aizarna izeneko etxea eraiki eta taberna jarri zuenean, gure amona ere haiekin jarri zen bizitzen, 57an hil zen arte. Oso emakume gogorra zen, asko pasatakoa, baina goxoa aldi berean”, esan zuen bilobak.

 

Hiru aipamen besterik ez

Garaiko bertsolariei buruzko irudirik ederrenetakoa da Juan Inazio Odriozolari Ojangurenek egin zion argazkia. Baserritarra. Aizarna bertsolari dio izenburuak. Baina haren bertso-emariaz ezer gutxi dakigu, ez bada gerra aurretik garaiko handienekin kantatu zuela. Lehen aipamena 1903koa da, Getxoko Areetan egin zen txapelketa batena. Egun horretan Balendin Enbeita Urretxindorra, Frantsesa, Pello Errota eta Txirritarekin kantatu zuen.

Balendinen semeak, Kepa Enbeitak, 1986an idatzi zuen Bizitzaren joanean liburuan aipatzen ditu txapelketa horretako zertzelada batzuk. Aita Santi Onaindiak, berriz,  Urretxindorrari buruzko biografian, txapelketa horretan zazpi gipuzkoar izan zirela dio. Pello Errotak 63 urte zituen, Txirritak 43, Enbeitak 25 eta Aizarnak 29.

Santi Onaindiaren kronika horretan Aizarna “zirilari” bezala aurkezten da: “Itxas-egaleko Santurtze ta Algorta bitartean, Ondarreta’n, bertsolari-sariketa antolatu zan; ain zuzen, lendik be adiskide eban Zelaya zan eratzalea. Gipuzkoarrak ziran etorteko, Txirrita tartean zala; eta, ziñuenez, arrosko samar etozan: Bizkaitik iñok baeban arpegirik ara urteteko, laster itxiko eben ring’etik kanpo. Zelaya’k Kepa’ri: ‘Ezagutzen al dok Txirrita?’ ‘Ez, ba; entzutez bez.’ ‘Orduan ez adi agertu; emen dituk Txirrita ta gipuzkoar onenak eta, eurak diñuenez, bizkaitarra mutu geldituko ei dok irugarren bertsorako’. ‘Bai, neure ustez be onenak dozak; baña mutu izte ori lartxu esatea dala deritzat’.

‘Zer, orduan?’ ‘Begira; nik beti nai ixan yoat neu baño geyago diranakaz neure indarrak neurtzea. Ikusi egingo yoagu’.

–Ta?

–Zazpi gipuzkoar ziran eta bizkaitar bat. Muxika’koak, [herri horretakoa zen Enbeita], asi aurretik, oitura eban lez, iru Agur Maria esan ebazan buruz. Ekin eutsoen, bai batzuk bai bestetzuk. Zazpiren artean ondo arakatu ta astindu eben bizkaitar bertsolari gaztea. An zan Aizarna zirilariak, batez be, gai aldrebes bat jarri gura izan eutson; seme bat ta eukon onek urte erdira eltzen etzana, ta Aizarna’k –bere semiantzat nobiya bear daula-ta– bertso batzuk eskatzen dautsoz. Kepa’k onela:

 

Zenbat persona dauzan

ainbeste jeniño,

Aizarna’n errazoya

aundi dok orraño:

semiantzat nobiya

bear daula diño;

urte bete ta erdi

ez ei dauz ondiño…

sopak oba leukezak

nobiyia baño.

 

Eta, txalo-zarta etenbagako ostean, bizkaitar gazteari, bertsolari naiz ostantzeko, txapelak erantsi bearrean aurkitu ziran.”

Lehen saria Kepa Enbeitari eman zioten eta Txirritari bigarrena.

Daturik ez dago, baina maila horretako bertsolariekin 1903an kantatu ahal izateko, badirudi plazaz plaza edo tabernaz taberna bertsotan ibilita egongo zela Juan Inazio Odriozola.

1930ean (dagoeneko Aizarna Eibarren bizi zela) beste txapelketa bat antolatu zuten Getxon, eta orduan ere txapeldun Kepa Enbeita izan zen eta bigarren Aizarna, Fredi Paiak 1974ko urtarrilaren 27an Argian argitaratu zuen Gerra garaiko Uribe Kostako bertsolariak artikuluaren arabera.

Aizarna bertsolariaz dagoen hirugarren aipamena Euzkadi egunkarikoa da. 1933ko abuztuaren 27an argitaratu zuen Areitioko Eusko Jaiei buruzko kronika. Egun zoragarria izan behar zuen: “Egunik ederrena Jaunak euskun egin/ Laño barik, ozkarbi, goyak urdin-urdin./ Mendi-ertzetik gorantz, igon zan eguzkijak/ Argituten ebazan inguru gustijak”. Iurreta, Durango, Berriz eta Zaldibar, Elgoibar, Soraluze, Mendaro, Eibar, Ermua… mila tokitatik joandako jendetza bildu omen zen. Dultzaina, ttun-ttun eta txistulariak izan ziren, baita dantzari “mutil bikain indartsu eder ikasiak” ere zelai zabalean. Bertsolariek bazkal aurretik eta ondoren kantatu omen zuten: “Batzarra be asi zan laurak inguruan/ zelaya euzkeldunez bete zan orduan./ Aizarna’k ta bestatek mai baten ganian,/ gitxienetik iru ordu laurenian,/ ekin eutsen neurtitzak egiten alkarri,/ entzuliak txalo joten eutsezala sarri”.

Hiru aipamen horien berri Fernando Arzallus Zestoako Udaletxeko kultura teknikariak eman zuen Danbolinen argitaratutako artikulu batean, eta Jesus Mari Etxezarretak burutu zuen Bertsolarien desafioak, guduak eta txapelketak liburu ederrean ere aipatzen dira horietatik bi.

 

Luis Odriozola eta Modesta Bereziartua, bi alabak alde banatara dituztela, Itzira Haundi baserrian.

 

Aizarna taberna

Eibarko adinekoen artean Aizarna izena aipatu eta seme zaharrenak Tutulu baserriko lurretan eraiki zituen etxea eta tabernarekin gogoratzen dira. Etxea oraindik zutik dago eta han bizi da Jesusa Odriozola Agirrebeña, bisitatu genuen bertsolariaren bigarren biloba. Haren senarrak, Julio Prietok, urte asko eman zituen Eibar futbol taldeko zuzendaritzan eta pertsona oso ezaguna izan zen herrian. Jesusak 86 urte ditu eta etxean izan duen istripu baten erruz, motel samar aurkitu genuen.

Jesusa Tutulu baserrian jaio eta bertan bizi izan zen ezkondu arte. Berak bederatzi-hamar urte zituela hil zen aitona, baina ez dauka hari buruzko oroitzapen garbirik. “Baserriko lanetan aritzen zela dakit, eta seguru nago aurretik ere, Axpen edo Mallabian, baserriko lanetan aritzen zela. Gero, gure aita ibili zen etxegintzan, baina aitona ez”, esan zigun.

“Bertsotan ibiltzen zela beti entzun izan dugu, eta ona zela ere bai, baina gure artean ez dugu bertso girorik izan. Kontu hori aitonarekin bukatu zela esango nuke. Herriz herri ez dut uste ibiltzen zenik, tabernako bertsolaria zen. Oso gizon dotorea zen eta bat-batean hil zela dakit”, dio.

Aizarna etxearen beheko solairuan lokal zabala dute hutsik, urteetan taberna izandakoa. Garai hartan inguruan ez zegoen tabernarik eta jende asko etortzen zen. Sostoa kaletik sartzen zen. Jendeak etxetik ekartzen zituen jakiak eta, bertan, prestatu egiten genituen. Gure amak eta nik neuk ere sukaldean lan asko egin genuen. Taberna itxi zenean, nire ahizpa Pakita gelditu zen behean eta ni goian. Orain Pakitaren iloba Mertxe bizi da behean”, kontatu zigun.

 

San Martinen “eztenkada”

1965ean argitaratu zuen Itxaropenak Juan San Martinen Eztenkadak liburua, Eibar edo inguruko pasadizo xelebreak biltzen dituena, urte batzuk lehenago Plaentxiko gertakari xelebreekin osatu zuen Zirikadaken bidetik. Eztenkada horietako bat Juan Inazio Odriozola Aizarna bertsolariari eskainia da, eta arreta eman digun lehen kontu bat badago bertan: bere denboran “astronomoa” deitzen ziotela dio San Martinen testuaren hasieran. “Astronomoa eguraldia igartzen deutsanari deitu izan deutse gure zarrak, meteorologoari, seguru asko aintziña bi ofizioak batek beteko zituelako”, dio San Martinek. Eta bitxia da gizonaren afizio hori, hamarkada batzuk geroago Joxe Landa Odriozolak heredatuko baitu iragarpenak egiteko dohain hori. Joxe Landa Gara egunkariko azken orriko eguraldi atalaz arduratzen da oraindik ere, eta bospasei irratitan ematen du eguraldiaren berri. Zaletasun horiek ere, beharbada, heredatu egiten dira.

Juan San Martinen testuak ez du beste interesik, ez bada Aizarna bertsolariari ezagutzen diogun bertso bakarra hortxe datorrela. Edan neurri gabeak ekartzen dituen kalteei buruz ari da.

 

Edan neurri gabeak

zer digu ekartzen?

asko konturatzeke

zentzua askatzen

amaika burumin

itzak naastutzen

gizon zuzenenari

bizkarra okertzen;

jarduna ugaritzen

bistia lausotzen

oinak trabatutzen,

lotsaria galtzen…

giza-lege guztiak

erruz ukatzen.

 

Errima aldetik ez da izango beste mundukoa, baina hauxe da geratzen zaigun Aizarnaren bertso bakarra. Beste bertso baten hasiera ere aipatzen omen du jendeak: Eibarren, 1913ko sanjoanetan, Mr. Marius Tercé hegazkinlari frantsesak erakustaldi bat eskaini omen zuela bere Deperdussin plano bakarrekoarekin. Eta erakustaldia Tutulu baserriko zelaietan egin omen zen. Gertakariari bertsoren batzuk jarriko zizkion.

 

 

Pare bat zertzelada bitxi

Estibalitz Odriozolak, Itzira Haundiko Luis Odriozolaren alabak, oso ondo kontrolatzen du familiaren historia eta bitxikeria batzuk kontatu dizkigu. Kontxu Odriozola azpeitiar aktorearen aitona, esaterako, gure bertsolariaren anaia zen.

Itzira Haundikoa da, halaber, Maritere Odriozola, gero Itziarko Albitzurira ezkondu eta han bizi dena. Bertsolari aldizkariko 2006ko udako zenbakian elkarrizketa bat egin genion. Maritere Odriozola: ‘Aldaretik bertsoak kantatu eta malkoak aterarazi ohi dizkiet’ zuen izenburua, eta Lasturren eta Endoian igandero ematen zituen mezaordeetan sermoiak egin ordez, tarteka, eliztarren urtebetetzeetan bereziki, bertso jarriak nola kantatzen zizkien kontatzen zuen. Esan digunez, dagoeneko 77 urte zituen eta gazteago bati utzi dio lekua, baina jarraitzen du elizan laguntzen.

 

Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan Aizarna bertsolariaren arrastoan