BERTSO EGUNA – ARRATSALDEA

2015-03-21

JOLASTU NAHI?

Teloia gora. Hamabi aulki. Hamabiak lerroz lerro. Oholtzaren bi aldetatik sartu dira kantuan jardungo dutenak. Lerro ordenatuan. Eskola askotan horrela irteten dira umeak jolastokira. Atzetik Josu Goikoetxea, hau kantura ez. Baina, sarri, jolasaren arauak proposatzen dituenik ere egoten da.

Egia esan, urduri jartzen naute zotz egiteko jolas guztiek. Noiz edo zertarako tokatuko zaidan ez jakiteak badu beldurtzen duen zerbait.

Dona dona katona, sutondoan amona…

Oraingoan lau irtengo dira. Nerea, Aitor, Amets eta Unai Agirre.

Lehenengo, beroketa jolasa. Hasierako agurra.

 

Kubo bat dado bat baldin bada

Eta tabladua partxis

Onena inork inor jan gabe

Jolasa bakarrik balitz

 

Mendiluzek….

 

Jolasteko eskatzen

Nuenetan baimena

Hautatu ohi ninduten

Sarritan azkena

Harrapaketa ez da

Zorionez dena

Hau gure olgeta da

Ta baita zuena

Entzute hutsaz parte

hartu daitekena

Galtzaile edo irabazle

Bat ez dagoena

Bertso saioek izan

Behar luketena

 

Oilo ipurdi berezia jarri dit Nerearen agurrak. Iruditzen zait gaur entzutera etorri garen askoren ahotik kantatu duela. Telefono puskatuan bezala. Belarriz belarri elkarri esan beharrekoa bota eta berak altu kantatu du. Ez da hitz batean ere erratu, gainera. Ez delako jende guzti honen aurrean beldurtu.

Edo agian, bai. Proposamen bat bota baitie Goikoetxeak. Mahai batean arrautza laranja pila bat. Nereak bi laranjarekin malabareak egiten dituen bitartean, Aitorrek segidillan erantzun beharko dio. Baina badute beste aukera bat ere, egia esatea. Nik ere egia esango dut. EGIN DEZATELA MALABAREENA. Baina ez. Nahiago izan dute bertsolari bezala euren beldur handienak zein diren azaldu. Pena! Argazki ona litzateke laranjak lurrean, Nerea deskojonatzen eta Aitor kantuan. Beldur dira bertsoa aspergarri bihurtzeaz, beldur dira norbere burua epaitzeaz, merezi gabeko txaloez… promesa izan eta bete ezinak ere beldurtzen ditu.

Eta abar, eta abar, eta abar…

Nik kaxarik ez nuen jolasteko. Baina gurasoek soka bat eta telak erabiliz etxe bat egin ohi zidaten, eta bertan joastu ohi nuen. Etxea bihur zitekeen… gaztelu, txalupa, espaziontzi…

Baina Amets eta Unai Agirreri kaxa huts bat ekarri diete. Ametsek edozertarako erabil daitekeela uste du, baina Unaik kaxa soil bat besterik ez du ikusten. Umore onez ari dira kantuan eta jendeak barre egiten du, nola ez. Kaxa batekin jolastu daitekeela argi geratu da behintzat.

Askok ez dute korrika, saltoka jolastea maite, eta, batzuetan, antzerkia edo rol olgetak egiten dituzte. Horretan jarri dituzte Unai Agirre eta Mendiluze, orain. Unai Agirre Txirritaren rolean. Mendiluze Bilintxenean. Paper horiek hartzeaz gain doinuekin nola jolastu duten…

Aita ama zenbat urtekin ezkonduko naiz? Bat, bi, hiru…

Soka saltoan zenbat min

ta batzutan zenbat arte

Ni ere enintzen ibiltzen

jolas hortatik aparte,

beti aguantatzen nuen

hirurogei saltorarte.

 

Nerea. Ni ezkonduko naiz zurekin. Zenbait galdera utzi ditu entzulearen belarrietan. Txaloak merezita jaso ditu. Ezkutaketan ibiltzen omen da Nerea gusturen orain, eta ondo. Jolas horretan jarri baititu Josuk laurak orain. Unai, Aitor eta Nerea bilatzeko agindua emanaz Ametsi. Bilatu ditu hirurak. Azkar gainera.

Eta txandapasa. Josu Goikoetxea nekatu egingo zen, agian, eta Eñaut Agirren irten da gai-jartzaile lanetara. Egaña eta Alaia aukeratu ditu xakean jolasteko. Ahalmena batetik eta garrantzia bestetik. Erreginak du ahalmena, baina pieza klabea erregea da. Ez dute elkar jan behintzat.

Onintza pelutxezko hartza eta Heiperman soldadua irten dira mikrofono aurrera. Biak, apal batean ahaztutako jostailuak.

Zazpi diferentzienak nahiko harritu gaitu. Andonik bi argazkiren arteko ezberdintasunak bilatu behar izan dituelako. Argazkietan Madrilgo Sol plaza agertzen zen. Bat goian goizeko argazkia da eta bestea eguerdi aldekoa. Podemosek deituriko manifaren amaierakoa da eguerdikoa. Jendez lepo agertzen da. Goizean, berriz, ez da inor ageri. Espainiar estatuari begirako gaia… mugaz gaindi agian?

Ez gaude ziur gaiak ondo enkajatu duen. Hurrengo lanean bezala. Sustrai eta Andoni. Puzzle batean bezala enkajatzen ez duten bi koinatuak. Zer astakeria esaten dizkiogun elkarri horrelako gaietan, ezta? Batak handia, hurrengoan handiagoa. Ona doa saioa, baina.

Jolasak baditu arriskuak ere. Dena ez baita erraza, eta Onintza eta Alaia partxisean jarri dituzte. Bi lagun, lagunak baino zerbait gehiago bihurtzen ari direnak. Sexua eta tableroarekin olgetan ibili dira biak. Tranparik egin gabe. Dotore.

Eta Ainhoa Aranburu irten da oholtzara. Beraz, orain, geratzen diren beste laurek kantatu beharko dute. Maialen, Unai Iturriaga, Eneko eta Nerea Elustondok.

Imajinazio josteta bat oraingoan. Txikitan nolakoak ziren imajinatu behar zuten. Uste dut Unai Iturriaga inteligente eta sentsiblearen irudia ez dudala burutik kenduko. Bere belarri handi eta pito ahotsarekin.

Askotan joaten nintzen amarengana negarrez, lagunek eurekin jolasten uzten ez zidatenean. Eta Maialenek ederki erantzun zion ezezko horri.

 

Ikastolako jolastokiak

Behar gintun aberastu

Baina askota justizitik ta

Legetik horrek eskas du

Baldin bazera neskato edo

Dohain fisikoz eskastu

Herren bazabiltz edo ez bazera

Lider txikiekin nahastu

Baloi jabeak maite ez duna

Ezin liteke jolastu

Beraz jabea bakarra da ta

Berak nahi duen bezela

Antolatzen da jolastokia

Ta antolatzen da gela

Besteak dira bere meneko

Ta bera da erregela

Gizarte hontan gertatzen zaigu

Jolastokian bezela

Zeinek esan zun umeek helduak

imitatzen dituztela

Espazioa eta jokoa

Nahi degu geureganatu

Ta beste gisaz eta justiziz

Gure erara banatu

Baloi jabe den agintariak

Ez gaitzala gu manatu

Baloia ostu beharko zaio

Eta besteontzat hartu

Edo bestela baloirik gabe

Beste joko bat asmatu

Eta orain onena. Eskerrak bukaerarako gorde duten. Unai eta Maialen Asisko Umeneta eta Marko. Marrazkia deskribatzen jarri ditu Ainhoak kantuan, eta beste biek marrazki hori denen aurrean egin beharko dute. Barre egin dugu, hanka sartu dute, baserria mila aldiz marraztu, zuhaitzari forma eman, gaua ia ahaztu dute, baina ez!, eta mutilari begiak ehun aldiz egin dizkiote, baina listo!

Marrazki txukuna eta saioa bikaina.

Aulki jokoa. Gehien gustatzen zaidan jolasetako bat. Ia altxatu eta ni ere oholtzara igotzekotan egon naiz. Tentazioari eutsi behar. Saioa amaitzeko horretan jarri baitira bertsolariak. Urrenez urren oholtzatik jaisten direnak. Euren agurra kantatuz. Batzuek eszenatokiko lurra ere probatu dute. Erortzearen arriskua…

Teloia jaitsi da. Bukatu da arratsaldeko saioa. Orain iritziak, kritikak eta txutxu-mutxuak kupel artean gertatuko dira.

Baina badakizue, kupel artean esaten dena bertan geratzen da.