BERTSO EGUNA URTEZ URTE

2015-03-21

BERTSOLARI EGUNA. 1968. urtean hasi zen antolatzen eta garaiko hainbat bertsolariren omenaldi eguna izaten zen. Jarraian, urtez urte omendu direnen zerrenda:

  • Manuel Olaizola Uztapide (1968)
  • Fernando Aire “Xalbador” (1969)
  • Manuel Lasarte (1971)
  • Mattin Treku (1972)
  • Iñaki Eizmendi “Baserri” (1973)
  • Balentin Enbeita (1974)
  • Pedro Ortuzar “Iturri” (1975)
  • Joxe Miel Iztueta “Lazkao Txiki” (1976)
  • Joxe Lizaso (1977)
  • Joxe Joakin Mitxelena (1978)
  • Joxe Agirre “Oranda” (1979)
  • Paulo Zubiarrain “Paulo Txikia”, Antonio Mari Eizmendi  “Loidisaletxe” (1981)
  • Jon Mugartegi (1982)
  • Manuel Sein “Xanpun” (1983)
  • Txomin Garmendia (1984)
  • Jesus Alberdi “Egileor” (1985)
  • Patxi Etxeberria (1986)
  • Jon Azpillaga (1987)

Bertsozale Elkarteak, bere sorreratik, (1987) bere gain hartu zuen Bertsolari Egunaren antolaketa. Hasierako urteetan aurreko bidea segitu zuen, omenaldien bidetik.

  • Bautista eta Xalbador Madariaga (1988)
  • Jose Luis Lekuona “Lexoti” (1989)
  • Jose Alberdi eta Basilio Pujana (1990)
  • Patxi Iraola eta Florentino Goiburu (1991)

1991n, omenduen alorra zabaltzea erabaki zen bertsolaritzaren alde lanean aritu zirenetara.

 

Emile Larre, Mariano Izeta eta Teodoro Hernandorena (1992), antolatzaileak.

Alfontso Irigoien antolatzailea eta Santi Onaindia (1993), eragilea eta ikerlaria, hurrenez hurren.

Jexux Lete “Ibaiertz”, Inozentzio Olea, Joxe Aierbe, Manuel Matxain, Luis Rezola “Tximela”, Jose Manuel Arriola, Xalbador Zapirain “Ataño” eta Sebastian Salaberri (1994), gerra osteko bertso-jartzaileak.

 

1995. urtean Bertsolari Eguna zena Bertso Eguna izatera pasatu zen. Omenaldien garaia itxi egin zen eta bertsolaritzan ematen ari ziren aldaketa sakonak jasotzera pasatu zen Bertso Eguna. Geroztik, gune irekia bihurtu da, bat-bateko sorkuntza eta esperimentazioaren arteko oreka bilatu nahi duen plaza berezia.

– 1995: Udarregiren mendeurrena: Andoni Egañaren eta Zazpi Eskaleen disko aurkeztu berriek, ikus-entzunezko osagarriak eta bat-bateko saioak izan zuten protagonismoa, Anoeta pilotalekuan izandako saioan. Bertsolariak: Ireneo Ajuria, Jon Azpillaga, Andoni Egaña, Bittor Elizagoien, Igor Elortza, Jon Enbeita, Iratxe Ibarra, Unai Iturriaga, Anjel Larrañaga, Jon Lopategi, Jon Maia, Iñaki Murua, Jon Sarasua, Manuel Sein “Xanpun”, Amaia Telletxea, Xabier “Euzkitze”.

 – 1996: Alpujarretako Troberoak, Balear uharteetako glosadoreak eta Kubako decimistak izan ziren gure artean. Bat-bateko bertsogintzak izan zuen bere lekua. Bertsolariak: Joxe Agirre, Miquel Ametller, Xabier Amuriza, Peru Aranburu, Manolo Arozena, Esteve Barceló “Verderoll”, Andoni Egaña, Bittor Elizagoien, Igor Elortza, Jon Enbeita, Miguel Garcia, Jexux Mari Irazu, Unai Iturriaga, Felix Iñurrategi, Manuel Lasarte, Jose Luis Lekunberri, Joxe Lizaso, Sebastian Lizaso, Aritz Lopategi, Maialen Lujanbio, Jon Martin, Aitor Mendiluze, Mikel Mendizabal, Anjel Mari Peñagarikano, Antonio Pons, Aitor Sarasua, Jon Sarasua.

 – 1997: “Katea ez da eten” lelopean hiru belaunalditako bertsolari-taldeen bat-bateko saioa osatu zuten. Bertsolariak: Joxe Agirre, Estitxu Arozena, Jon Azpillaga, Andoni Egaña, Igor Elortza, Jon Enbeita, Unai Iturriaga, Joxe Lizaso, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Anjel Mari Peñagarikano, Manuel Sein “Xanpun”.

 – 1998: Pedro Mari Otaño Ameriketara azken aldiz joan zeneko 100. urtemuga ospatuz antolatu zen. Bertsolariak: Joxe Agirre, Xabier Amuriza, Jon Enbeita, Oihane Enbeita, Unai Iturriaga, Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze, Jon Sarasua, Xabier “Euzkitze”.

– 1999: “Mende bi tarte” izan zuen leloa, eta bat-bateko saio berezia izan zuen oinarri. Saio amaieran dantza eta bertsoen arteko uztarketa entseatu zen. Bertsolariak: Joxe Agirre, Xabier Amuriza, Estitxu Arozena, Jon Azpillaga, Andoni Egaña, Igor Elortza, Jon Enbeita, Oihane Enbeita, Txomin Ezponda, Manuel Lasarte, Imanol Lazkano, Jon Maia, Anjel Mari Peñagarikano, Oihane Perea, Jon Sarasua.

– 2000: “Bertso Eguna 455. Jalgi adi plazara” zuen leloa Etxeparerena gogoan. Bat-bateko saioa oinarri, bertsolaritzaren historia islatzen zuen diaporama eta bertsolariaren “trantzearen” antzezpena jaso zituen. Bertsolariak: Joxe Agirre, Xabier Amuriza, Sustrai Colina, Andoni Egaña, Oihane Enbeita, Unai Iturriaga, Sebastian Lizaso, Jon Lopategi, Maialen Lujanbio, Leire Ostolaza, Asier Otamendi, Xabi Paya, Jon Sarasua, Manuel Sein “Xanpun”, Xabier Silveira, Arkaitz Ugartetxea.

– 2001: “Bertso Egunak… Bere Bidean” Bertso Tramaren proposamena ekarri zuen: gidoilari batek eratu eta proposatutako gidoi jarraituan bertsolarien bat-bateko sormena. Bertsolariak: Joxe Agirre, Xabier Amuriza, Jon Azpillaga, Andoni Egaña, Oihane Enbeita, Unai Iturriaga, Imanol Lazkano, Aritz Lopategi, Gregorio Larrañaga “Mañukorta”, Aitor Mendiluze, Anjel Mari Peñagarikano.

– 2002: Eneko Olasagastiren gidaritzapean, eszenografian egin zen ahalegina, baliabide desberdinak erabiliz gaiak emanez bertsolariei. Bat-bateko goi mailako bertsogintza eta eszenaratzea uztartzea izan zen jomuga. Bertsolariak: Sustrai Colina, Andoni Egaña, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Xabier Silveira.

– 2003: Gai-jartzaileek aurreko urtean zehar egindako lanaren isla izan nahi zuen, egungo bertsogintzan duten eragina eta beren sortzaile izaeraren aldarrikapenaren irudi. Bertsolarien sormena eta gai-jartzaileen eragina izango ziren nagusi. Bertsolariak: Xabier Amuriza, Andoni Egaña, Igor Elortza, Jexux Mari Irazu, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Fredi Paia, Anjel Mari Peñagarikano, Xabier Silveira, Jokin Sorozabal.

– 2004: Bertsogintzarentzat protagonismo osoa berreskuratzeaz gain, bersolarien kokapena eta espazioaren banaketa izan ziren bereizgarri nagusi. Bertsolarien posizioa eta oholtzaren banaketa bereziak bertsoan edo bertso-aldian izan dezakeen eragina azaleratu nahi izan zen. Bertsolariak: Andoni Egaña, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Iñaki Murua, Anjel Mari Peñagarikano.

– 2005: “Bertso Hutsik”. Bertsoa biluzik, zer ezkutaturik gabe bere neurriaren bila. Horretarako, zer hobe bertsolariak, oholtza gainean, bakarrik egotea baino? Historiari erreparatuz gero, argi dago ez dela formula berria bertsolariak bikoteka gai librean aritzea. Baina berdina al da gai librean herriko plazan edo Kursaal bezalako areto batean jardutea? Eta nolako bilakaera du bertsoaldiak bikotea hirukote bihurtuz gero? Bertsoaren egoerarik puruena ezagutu genuen. Bertsolariak: Xabier Amuriza, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Iñaki Gurrutxaga, Jexux Mari Irazu, Unai Iturriaga, Sebastian Lizaso, Jon Martin, Aitor Mendiluze.

– 2006 “Lehengo Lepotik” zen leloa. Txapelketa Nagusia 2005en arrakastaren zurrunbiloan murgilduta, nondik gatozen gogorarazi nahi izan zen, protagonismoa emanez bertsolari belaunaldi zaharrenei. Bertsolariak ez ezik, zer aldatu da bertsolaritzan? Bertsoa bizirik dago. Bertsolariak eta inguruak egiten dute bertsoa. Eta zertan aldatu da ingurua azken 40 urteetan? Nola ibiltzen ziren orduan? Zein gaiei kantatzen zitzaien eta nola jartzen ziren gaiok? 60ko hamarkadara jauzi egin eta orduko bertso-giroa bizitu nahi izan zen Kursaalen. Bertsolariak: Eñaut Agirre, Joxe Agirre, Jesus Alberdi “Egileor”, Jon Azpillaga, Patxi Etxeberria, Txomin Garmendia, Jose Luis Gorrotxategi, Manuel Lasarte, Imanol Lazkano, Koxme Lizaso, Jose Lizaso Peñagarikano “Olaberri”, Gregorio Larrañaga “Mañukorta”.

– 2007: Aho Zabalik Bat-bateko sorkuntza eta komunikazioa da bertsolaritza. Salbuespenak salbuespen, bertsolaria bere soilean kokatu ohi da ikus-entzulearen aurrean, eta hitza ez beste bitartekorik gabe liluratu ohi du: magia, oreka, emozioa, umorea, ironia… ikus-entzuleekin komunikazioa lortu eta konplizitate giroa sortzea da helburua. Bertsolariek, Txan magoaren kolaborazioarekin eta Ander Lipus aktorearen gidaritzapean, giro magikoa lortu zuten. Kursaalek eskaintzen dituen baliabideak baliatu ziren emaitzarik oparoena atera nahian. Bertsolariak: Amaia Agirre, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Xabi Paya, Xabier Silveira.

– 2008: Bertso-Bertsioa. Sorkuntza globalean eta bertsogintzan eztabaidagai diren kontzeptuak aireratzea zuen helburu 2008ko Bertso Egunak. Bertsoa/bertsioa, orijinala/kopia, autentikoa/imitazioa, erreproduziblea/irreproduziblea, autoretza/jabetza konpartitua (copyright/copyleft), plagioa, aipuak… Eszenaratzean egin zen ahalegina, bertsolari zein gai-jartzaileak itzaletan mantenduz mikro aurrera joan arte. Nortasunik ere ez zuten izan protagonistek, zenbakiz edo kolorez (barra-kode bat bailitzan) izan ziren deituak. Bertsolariak: Uxue Alberdi, Jon Barberena, Sustrai Colina, Andoni Egaña, Juan Jose Eizmendi “Loidisaletxe II”, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Arkaitz Estiballes, Beñat Gaztelumendi, Iratxe Ibarra, Jexux Mari Irazu, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Jon Martin, Fredi Paia, Anjel Mari Peñagarikano, Oihane Perea, Aitor Sarriegi, Iker Zubeldia.

– 2009: Joan-etorrian. Bertsolarien artean, gai-jartzailea eta bertsolariaren artean, baita bertsolariak eta publikoaren artean ere. Bertsoa komunikazioa den heinean, publikoa agente aktiboa da bertso-ekitaldian. Gaia edo bertsoa entzun osteko erreakzioak —isiltasuna, txaloa, keinua, algara— eragina du bertsolariarengan eta saioan, eta sormen prozesua baldintzatzen du. Hori erakusteko publikoa izan zen abiapuntu, Kursaaleko ekitaldiko gaiak jartzea eskatu zitzaion publikoari. Bertsolariak: Sustrai Colina, Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Jon Maia,

– 2010: Jorge Oteiza eskultore eta pentsalariaren inguruan ardaztu zuen ekitaldia Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak. Euskal kulturari egin zizkion ekarpenak balekoak izan direla sinistuta eta bertsolaritzari aitortu zion begiruneak bultzatuta. Bere ideiak eta ateraldiak oholtza gainean probak egiteko baliatu ziren: Oteizaren esaerak, izaera, esaldiak… gurera ekarri, moldatu eta probatu. Bertsolariak: Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Igor Elortza, Patxi Etxeberria, Txomin Garmendia, Iñaki Gurrutxaga, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Xabier Silveira, Jokin Sorozabal, Iker Zubeldia,

– 2011: Kameleoiek hartu zuten Kursaala Bertso Egunaren edizio ganberroenean. Bertsotan ari diren leku fisikora, entzulearengana eta gaiaren eskakizunetara moldatzeko erabiltzen dituzten baliabideak bistaratu zituen eszenatokian aurkeztu ziren pilotalekuak, gaztetxeak, elkarte gastronomikoan prestatutako otorduak eta Alde Zaharreko Rekalde tabernatik zuzenean egindako saioak. Bertsolariak: Miren Amuriza, Amets Arzallus, Aitzol Barandiaran, Sustrai Colina, Andoni Egaña, Igor Elortza, Arkaitz Estiballes, Beñat Gaztelumendi, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Alaia Martin, Julio Soto, Jone Uria, Iker Zubeldia.

– 2012: Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen hogeita bosgarren urteurrena ospatu zen. Elkarren segidan katean jarritako domino pieza erraldoiek markatu zuten saioaren estetika. Kantuan, zazpi probintzietako hogeita bost bertsolari, eta mende laurden lehenago Bertsolari Egunean omendua izan zen Jon Azpillaga bertsolariak abestu zituen agurreko bertsoak. Bertsolariak: Manex Agirre, Amets Arzallus, Jon Azpillaga, Aitzol Barandiaran, Odei Barroso, Oihana Bartra, Sustrai Colina, Andoni Egaña, Nerea Elustondo, Onintza Enbeita, Beñat Gaztelumendi, Jexux Mari Irazu, Unai Iturriaga, Aimar Karrika, Imanol Lazkano, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Anjel Mari Peñagarikano, Maddi Sarasua Laskarai, Aitor Sarriegi, Julio Soto, Iñaki Viñaspre.

– 2013: Gizakiak bizitzan zehar aurre egin beharreko krisiak izan zituen ardatz Kursaaleko ekitaldiak. Jakina baita zalantza egoeran areagotzen direla sormena, irudimena eta lanerako griña. Irudi gisa erabili zen sokak erakusten digu tentsio mementoa: “Soka etetera doa, honezkero eten ez bada. Hari bakarrean izanik bi aukera ditugu: soka tenkatu edo korapilo berriak asmatu. Dena ziztuan aldatzen da eta pentsatu gabe erabakitzen dugu. Estutasuna ez da sormenaren akuilurik txarrena, ordea”. Bertsolariak: Uxue Alberdi, Aitzol Barandiaran, Ramuntxo Christy, Andoni Egaña, Igor Elortza, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Gurrutxaga, Jexux Mari Irazu, Eneko Lazkoz, Etxahun Lekue, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Ander Solozabal, Jone Uria.

– 2014: “Azalera”. Bertsolaritzaren historiako zein gaurko emakumeak oholtzaren erdian jartzea eta generoa gai nagusi bihurtzea bilatu zuen Bertso Eguna izan zen. Emankizunaren antolaketan 37 emakumek hartu zuten parte (prozesua bera jabetze eskola bihurtuz), eta Kursaaleko oholtzan lehen aldiz bertsolarietan 8 emakume eta 4 gizonezko ikusi genituen bertsotan. Antzerkiak, oihal dantzak, musikak eta kantuak atondu zuten emanaldia, emakumeen presentziaz bete zena. Bertsolariak: Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Saioa Alkaiza, Amets Arzallus, Igor Elortza, Nerea Elustondo, Onintza Enbeita, Beñat Gaztelumendi, Iñigo Gurrutxaga, Rosi Lazkano, Maialen Lujanbio, Maddi Ane Txoperena.

– 2015 “Jolastu nahi?”. Hamabi aulki ikusten dira. Jolaserako jarrita daude aulkiak, bakoitza postura eta kolore batean. Bertsolariei jolaserako proposamena egin zaie, jolastea nahiko genuke, baina serio jolastea. Bertsotan egin dezatela. Jolasa aitzakia hartuta, denetariko gaiak landu zituzten bertsolariek bertso saiora gerturatutako proposamenean: Bertsolariak: Unai Iturriaga, Unai Agirre, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Nerea Elustondo, Eneko Lazkoz, Onintza Enbeita, Sustrai Colina, Andoni Egaña eta Amets Arzallus.