Makineria topera jartzeko eguna

“Nire lehen urtea erotzekoa izan zen. Kursaalgo lehen Bertso Eguna antolatzea egokitu zitzaigun eta Txapelketa Nagusiaren urtea ere bazen. Oroitzen naiz gauez esnatzen nintzela eta koaderno batean apuntatzen nituela egiteko nituenak, oharrak, ideiak…”. Mikel Mariskal 2001. urtean hasi zen Bertsozale Elkartean lanean. Lehen urtea gogoratu eta estres maila handia datorkio azalera, baina, segidan, bere lanerako lelo bihurtu dena gogoratzen du: “Lasai, azkenean beti ondo ateratzen da”.

Euskal Herriko Txapelketa Nagusia Donostiako Belodromotik Barakaldoko BECera eraman zutenean, han zen Mikel Mariskal. Buru-belarri aritu zen trasteak batetik bestera eramaten. Baina buruko min handienak eragiten dituzten trasteak ez dira furgonetan edo kamioian kabitzen, buruan egiten dute gainezka.

Bertso Eguna Atanotik Kursaalera eraman zutenean ere, bertan zegoen. 2001. urtea zen eta, hasiera batean, Kursaalgo kubo txikia aukeratu zuten. Baina bi aste lehenago sarrera guztiak agortuta zeuden eta handira egin behar izan zuten salto; apustua, handira. “Lehen urtetik, jendeak oso ondo hartu zuen Kursaalgo espazioa”.

Antolatzaileentzat, baina, salto handia zen, eta berritasun ugari zekartzan. “Guretzat berria zen antzoki batean sartzea: argiztapena, oholtzaratzea, eszenografia… gauza asko kontrolatu beharra zegoen”.

Bertso Egunaren antolaketa Bertsozale Elkarteko Sustapena izeneko sailetik bideratu izan da. “Lanku 2003. urtean sortu zen enpresa bezala, baina, 2001-2002 urteetan barna, proiektua garatzen jardun ginen. Ikusten genuen Lankuk bertsolarien kontratazioaz arduratu behar zuela eta, gainera, Elkarteak behar zituen azpiegitura eta produkzio lanen pisua ere hartu behar zuela; tartean, Bertso Egunarena”.

Bertso Egunaren inguruan lantalde bat osatzen da beti. «Ideia baten inguruan osatzen da lantalde hori, eta, gero, eszenografikoki Lankuk garatzen du proposamen hori. Zenbait urtetan, arte eszenikoetan aritzen diren adituen laguntza ere izan dugu, baina, normalean, Lankuren lana da Bertso Egunari forma ematea: estetikoki eta azpiegitura aldetik”.

Lantaldeak emanaldia diseinatzen du, eta horren arabera sortzen diren behar teknikoak, estetikoak, azpiegiturei dagozkienak eta komunikatiboak Lankuren esku geratzen dira. Kartelak, esaterako, Lankuk egiten ditu.

Bertso Egunaren prestaketa lana oso garrantzitsua da, zorrotza eta zehatza izan behar du. “Lan handia egin behar da gidoiarekin. Muntatzen egun horretan bertan hasten gara, goizeko zortzietan. Eta eguerdirako denak prest egon behar du. Gainera, aurretik ez dugu muntaia probatzen, egun horretan bertan eramaten da prestaturikoa paperetik oholtzara. Erabat bat-batekoa da Bertso Eguna, inoiz ez da aurretik probatua egoten, ez eszenografia eta ez ezer. Eta, noski, bertsolarien jarduna beti da bat-batekoa. Pistaren bat izaten dute saioa nondik nora joango den, espazioa ezagutzen dute ordu pare bat lehenago, baina, hortik aurrera, bat-bateko saioa da”. Bertso Eguna laborategi bat da. Eszenografia, formatua, gaiak jartzeko moduak berriak izan daitezke, aurretik oso ondo hausnartuak eta prestatuak, baina, era berean, bat-bateko saio baten freskotasuna bere horretan mantentzen du. Eta inoiz ez da zehatz jakiten zer pasatuko den.

“Lasai, beti ondo ateratzen da”

Bertso Eguna egun estua izaten da Bertsozale Elkartearen bueltan lanean dabiltzanentzat: ordutegirik gabeko laneguna, lan ordu mordoa eta tentsio handia pilatzen dituena. Baina Mariskalek dioenez, eta hainbeste urteren ostean zerbait jakingo ote du, “lasai, beti ondo ateratzen da”.

“Goizeko zortzietan hasten gara Kursaalean muntaia egiten. Eguerdirako prest egon behar du, eta errepasoa egin behar da ETBrekin. Izan ere, Bertso Eguna telebistaz ematen da iluntzean eta telebistarekin koordinazioa oso garrantzitsua da. Eskaleta, eszenografia… denak parean joan behar du. Arratsaldean, saioa bukatzean hura guztia jaso eta, gauean, afaria. Afaria muntatu egin behar da, eta afal ostean ikuskizuna izaten da. Hori ere muntatu eta desmuntatu egin behar da… Bertso Eguna lanegun oso potentea izaten da. Pozgarria, azkenean beti ondo ateratzen delako, baina egun estua”. Bertso Egunean Bertsozale Elkartearen antolaketa-makineria guztia jartzen da martxan. Bada, beraz, makina ondo doan edo ez neurtzeko moduko eguna. “Aurretik, dena ondo prestatu behar da. Lan handia izaten da, erotuta ibiltzen gara, baina hainbeste urteren ondoren gauza bat ikasi dut: Beti ondo ateratzen da”.

Nahiz eta gidoia errepasatuta eta ondo errepasatuta egon, beti zerbait okertzen da bat-bateko saioan. “Urtero izaten dira krisi momentuak. Normalean gu, antolatzaileak, larritzen gara, baina publikoa ez da horiekin konturatzen. Hala ere, urtez urte lan gehiena denborak ematen digu. Bi orduren bueltako saioa aurreikusten da, baina, bat-batean denez, inoiz ez da jakiten denborarena nola joango den. Eta telebista hor egonda…. denboraren arazoak buruko min dezente sortzen dizkigu”.

Eta bukatzen da, biribil edo karratu, hainbeste denboran mimoz prestaturiko saioa, eta bertsozaleak zorrotz egiten du kritika Kursaalgo kubo handiko eserlekutik altxatu orduko. “Onartuta daukagu kritikak egongo direla, beti. Oso publiko anitza izaten da, eta, esperimentazio gune bat denez, aurrez badakigu arrisku horiek izango direla. Elementu audiobisualak sartzen ditugunean, batzuentzat gehiegi da; besteentzat, gutxitxo. Antzerkiko elementuak ere sartu izan ditugu, eta horrek askotariko iritziak sortu ditu. Hari batean aritzen gara, eta aurretik erabat onartuta daukagu kritikak izango direla”.

Batzuetan batzuen gustuko, besteetan besteena, Bertso Eguna bada “probokatzailea eta ausarta”. Hala izan behar du? “Baietz esango nuke. Esperimentazio gune bihurtu da eta, gainera, zenbaitetan plazetan egiten diren gauzak egiten dira beste baldintza batzuetan. Ez dakit, agian iritsiko da eguna Sustapenetik erabakiko dena aurrerantzean beste zerbait izan behar duela Bertso Egunak. Baina, gaur gaurkoz, osasuntsu ikusten dut esperimentazio gune bezala. Ikusiko da”.

Baina bateko eta besteko elementuak erabili arren, Bertso Egunaren mamia eta zutabea bertsoak dira. “Bat-bateko saioan bertsolariek asmatu egin behar dute. Batzuetan gehiago asmatzen dute eta besteetan, gutxiago. Baina bertsolarientzat arrisku handiko plaza dela esango nuke. Beren irudia jartzen dute, eta, beren bertsokera eta esperimentazio gunea denez, gerta daiteke gai batekin jokoz kanpo geratzea, espazioan eroso ez kokatzea… Gu antolaketa aldetik beti saiatu izan gara gehiegizko mugimendurik ez sortzen oholtza gainean, bertsolaritzatik antzerkitik baino gehiago izan dezala saioak. Oreka ez da erraza, eta bertsolariarentzat ez da plaza erraza. Beretik asko jartzen du, prest dago edozein gairi erantzuteko, edozein modutara jarrita ere”.

Bertso Egunean arituko diren bertsolariak lantalde antolatzaileak aukeratzen ditu. “Beti oso zaila izaten da aukeraketa. Saio duina egiteko moduko bertsolariak aukeratzen dira. Horretan ez da arazorik, maila handia baitago. Horrez gain, generoa kontuan hartzen da; lurraldetasuna eta adin espektro ahalik eta zabalena izatea ere bilatzen da. Ez da erraza izaten aukeratzea”.

Mariskalen iritziz, bertsolarientzat dei oso garrantzitsua da Bertso Egunekoa, “baina ez samurra. Garrantzi handiko plaza da, esperimentaziorako tokia, bertsozale asko bazkideak dira, telebista hor dago… erakusleiho oso handia da”.

2008. urteaz geroztik, Bertso Eguna goizera zabaldu zen, “ahalik eta egun osoena egin nahian”. Hartara, goiza aprobetxatzea erabaki zen, “bertsoa Alde Zaharrean ere ikus dadin, ahalik eta bertsolari gehienei aukera emateko eta egun osatua antolatzeko”.

Esperimentuak esperimentu, eta probak proba, Bertso Eguna “bertsozaleekin harreman estuko eguna da” nagusiki.

Mariskalek hitzordua Lankun egin du gurekin, nahiz eta joan zen urte amaieran utzi zuen Lankuko bere lana. “Hamabost urte oso indartsu izan dira, eta oso biziak; lan handikoak eta erronka handikoak. Proiektu honetan sinisten dut eta asko eman diot. Baina, era berean, proiektuak niri asko eman dit maila pertsonalean, profesionalean eta alor guztietan”. Izan ere, Bertsozale Elkartea hazten ikusi du lehen lerrotik. “Hiru langilerekin ezagutu dut elkartea, pentsa. Ikusi dut bertsolarien profesionalizazio prozesua; ezagutzen ditut antolatzaileak; transmisioaren proiektua hazten ikusi dut… proiektua hazten ikusi dut, eta asko hazi da, ikaragarri. Garapena ona izan da, indartsua. Horrelako proiektuetan belaunaldi aldaketak zailak izaten dira, eta proiektu honetan hori ematen ari da. Iruditzen zait tokatzen zela orain belaunaldi aldaketa egitea. Maila pertsonalean asko kostatu zait erabakia, proiektuarekiko konpromiso maila handia delako. Baina aldaketa tokatzen zen”.

Esandakoa, aurrerantzean Mikel Mariskalentzat oso desberdinak izango dira Bertso Egunak.