Bertsolaritza eta euskalkiaren auzia

2021-09-28

Bertsolaritza eta euskalkiaren auzia –

Testua: Elixabet Etxandi

Argazkiak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa

 

 

Bertsolaritza eta euskalkiaren auziaAuzi potentea da euskara batua eta euskalkien erabilpenarena bertsolaritzan, luzea bezain beharrezkoa. Bidea egin dugu Xalbadorrek txistuak jaso zituenetik, eta argi dago bertsolaritza ez zela gaur egun dagoen posturara iritsiko euskara batuak bateratu ez balu. Hala ere, euskalkiek beren lekua mantendu dute bertsolari gutxi batzuen ahotan oraindik. Batzuk ez dira lotsatzen, eta nonahi erabiltzen dute herrian ikasitako euskara, haien inguruko saioetan zein plaza ofizialagoetan. Besteek, aldiz, euskalkia etxe ondoko plazetan aterako dute, euskara batua lehenetsiz publiko zabalago bat ukituko dutenetan.

 

Amurizak berak halaxe dio Xalbador bertsolariaren omenez egin zen Sortetxeari dokumentalean: “Norberak bere burua txistukatu behar zuen Anoetan egun hartan, arazoa ez zelako Xalbadorren euskalkia, baizik eta batzuek euskalki horren ulertzeko indarrik ez egitea. Baliteke. Gipuzkoa erdialdeko euskara uniforme eta leunak dominatzen du bertso mundua, eta publikoa ere hau entzutera ohitu den heinean, zaila egiten zaigu euskalki berezi bat dugunoi gure etxeko euskararen eta ulergarria izateko beharrezkoa dugunaren arteko muga eta oreka aurkitzea”.

Bertsolari bakoitzak subjektiboki eta bere erara biziko du euskalkiaren auzia, bere burua eta entzulea erosoen sentiaraziko dituen hautua eginez. Noiz kantatu batuan, noiz euskalkian? Aitor Tatiegi eta Maddi Sarasua bertsolarien iritzia jakin nahi izan dut honen inguruan. Lehena oñatiarra da, eta batuan kantatzeko ohitura du. “Txikitan euskalkian idazten genituen sortak bertso eskolan, baina gerora batuan kantatzeko ohitura hartu dut, eta orain kosta egiten zait euskalkian idaztea edo kantatzea”. Maddik ere harreman berezi hori mantendu du euskalkiarekin, bi euskara mota nahasiz gainera. Itsasun bizi da, Lapurdin, baina Orioko euskara erabiltzea ere gertatzen zaio, familiaren eraginez. Iparraldeko plazetan ari zen hasieran, gehienbat, bertako euskalkia erabiliz naturalki. Baina Hego Euskal Herriko saioak ugariagoak egin zitzaikionean, Oriotik jasotako euskaraz kantatzea erabaki zuen. “Bitxi egingo zuen hegoaldean lapurtarrez kantatu izan banu, jakinez saioak hasi aurretik jendearekin gipuzkeraz hitz egiten nuela. Bertsoa ere komunikazioa da azkenean, eta irisgarrienak du gehien funtzionatzen”. Bietan eroso sentitzen da kantatzerakoan, eta bere iritziz, ez du euskalkiaren kalitateak erabilera influentziatuko, baizik eta bizitza ohiturak. “Gasteizen nintzenean, batuago kantatzen nuen, azkenean, ene egunerokotasuna ere hala zelako”.

Ehuneko ehunean euskalkian aritzen diren bertsolariak existitzen direla dioena purista litzateke. Askok gure baitan euskara nahasketa bat daramagu eta, azkenean, bertsotan ere eguneroko bizitzan jasotako nahasketa hori islatzea normalena da. Alta, oraindik gutxi dira euskalkia asumitzen dutenak, lotsa eta beldurrik gabe, izan etxe ondoko zein Euskal Herriko beste puntako plazaren batean. Erreferente falta aipatzen du Tatiegik. “Gutxi dira nire euskalkian bertsotan ari direnak publikoan. Horregatik, nik ere batuan kantatzeko joera dut. Erdialdeko gipuzkera jaso banu etxetik, seguru nago naturalagoa litzaidakeela plaza batzuetan euskalkia erabiltzea”. Egia da, erreferente baten izateak mugak hausten lagundu lezakeela. Azkenean, txikitatik entzuten ditugun bertsolari gehienek ere euskara neutro eta garbi bat darabilte, izan epai irizpideek sariztatzen dutelako zein bertso eskolek dakarten estandarizazio prozesuaren bidez eredu hori nagusitu delako. Eskolarteko finalean izan dute bertsolari askok euskalkien arteko lehen talka handienaren ezagutza. Tatiegik ere bertan kantatu izan du, Gipuzkoako eskolartekotik kalifikatuta. “Gipuzkoakoan ere, erdialdeko euskara zen nagusi: besteok batuan kantatu ohi genuen. Egia da Euskal Herriko finalean euskalki gehiago entzuten direla, baina ez dut sekula trabarik izan horrekin. uste dut bakoitzak bere berezitasun propioak adaptatzen zituela batura, eta oso aberasgarria iruditzen zait”.

 

  • Aitor Tatiegi: “Euskal Herrikoan uste dut batuan kantatzea komeni dela, bai entzulearen zein kideen errespetuz. Baina nire herriko gaztetxean nire euskalkia duen kide batekin batuaz aritzea tristea iruditzen zait”

 

Hala ere, euskalkiaren auzia ez zaio soilik bertsolariari aplikatzen, entzulea ere eskeman sartzen baita. Bertsolariak entzuleari kantatzen dion heinean, funtsezkoa da bien arteko harremana komunikazio baten baitan txertatzea. Erreakzio ezberdinak izatea gerta daiteke, maiz, euskalkian aritzeak sortutakoa. “Egia da irisgarriagoa sentitzen naizela ingurune hurbil batean euskalkian kantatuz”, dio Sarasuak, “Goierriko saio batean publikoak goierritar bat gehiago sustatuko duen bezala”. Dena dela, irisgarritasunaren kontuari ñabardura bat ekartzen dio: “Entzuleak sinpatia sendi dezake bertsolari batekiko ez baitezpada ber euskalkia baitu, baina bere giroa irisgarria egiten baitzaio. Adibidez, Nafarroa Behereko baserri giro batean, Hegoaldeko baserri girotik datorren bertsolari baten kantaerak funtziona dezake, ez euskalkiari esker, baizik eta haien eguneroko errealitateak bertsokera errealago eta irisgarriago bihurtzen baitu”. Irisgarritasuna, hori da gakoa. Ulermenak noski bere lekua duela entzulearen gozamenari doakionean, baina irisgarriagoa egiten ahal zaigu batzuetan gure euskalkian kantatua ez den bertso bat, hurbilekoa sentitzen dugun umore mota edo giro bati esker. Irisgarritasuna eta ulergarritasuna, beraz, antzeko bezain diferente dira: auzia ez da euskalkia ulertzea edo ez, baina honek transmitituko diguna, gugana iritsiko den sentsazio, emozio edo sentimendua.

Bertsolaria gure buruaren plazeren asetzeko bakarrik dabilela bertsotan esatera ez nintzateke arriskatuko, entzulearen erosotasuna ere bilatzen duelako. Horregatik gertatzen zaie askori euskalkia baztertzea, gehiengoak ulertu dezakeen batua erabiltzeko gisan. Egia da, azken urteetan, bertsolaritzak hartu duen bide formalari jarraiki, txapelketetako epai irizpideek ere euskararen erabilpena asko baldintzatu dutela. Zer puntutaraino antzeman daiteke bertsolari baten euskara erabilpena? Egia da, egindako akats lexikal edo gramatikako batzuk derrigorrez zuzendu behar dituela epaileak, helburua ez delako euskara trakestea. Baina azken urteetan, euskara joera konkretu bat bihurtu da nagusi plazetan, eta txapelketan gehien baloratua izan dena ere badela erran beharra dago. Kasualitate gutxi. “Azkenean, injustua ere izan daiteke euskalki ezberdina oinarritzat duen jendeari ber epai irizpide taula aplikatzea”, dio Sarasuak, “bakoitzak euskalki ezberdina jaso du etxetik, edo ez, batzuek batere ez dute. Bakoitza dituen baliabideekin ari da, eta ez dakit zein heinetaraino denak ber irizpideen baitan baloratuak izan gaitezkeen”.

Alta, ezin diogu euskara batuari muzin egin. Tresna izugarri aberasgarria bihurtu da denek elkar uler dezagun, Muskizetik Barkoxera, eta Tuteratik Ahurtira. Baina oraindik zaila egiten zaigu euskalkiari merezi duen lekua ematea bertsotan, edo hobeto esateko, merezi ez duen fama txarra ez ematea. Zaila egiten zaigu eguneroko ahozkotasuneko erabilpenetik erabilgarria eta oztopagarria dena bereiztea. Sarasuak berak, hala ere, uste du bertsoak ahozkotasunean gorpuztu behar lukeela, euskalkiaren edo batuaren erabilpena ahal bezain naturala izan dadin: “Ahozkotasunak hala eskatzen du azkenean: giro informaletan eta hurbilekoetan euskalkia erabiliko nuke, baina ene ingurunetik kanpo batua lehenetsiko nuke, beti ere, irisgarritasuna delako bertsolariak bilatzen duena”. Bide beretik doa Aitor ere bere erranetan: “Hizkerak duen leku berdina merezi du euskalkiak bertsotan. Euskal Herrikoan uste dut batuan kantatzea komeni dela, bai entzulearen zein kideen errespetuz. Baina nire herriko gaztetxean nire euskalkia duen kide batekin batuaz aritzea tristea iruditzen zait”.

Azken finean, bertsoa ere gure artean komunikatzeko dugun tresna bat da, elkarri gauzak esateko eta partekatzeko erabiltzen duguna. Ahozko tradizio luze baten ondare dugu gaur egun Euskal Herriko zoko batetik bestera erabili ohi dugun hau. Euskalki diferenteen ulertzea ez da beti sinplea, txikitatik belarria inguruan dugunari ohitua denean. Ez da beti sinplea ere erabili beharreko euskara hautatzea lekuaren arabera, jasotakoa desikasi eta aldatzea. Baina uste dut aldebiko indarrak eskatzen dituela euskalkiaren auziak oreka egokia atzemateko. Bai bertsolariarenak, beharrezkoa den leku eta momentuan egokiena den euskara erabiltzeko, baita entzulearenak, bertsolariarekiko errespetuz jokatu eta gure arteko diferentziak aberasgarriago egiteko.

Bertsolaritza eta euskalkiaren auzia Bertsolaritza eta euskalkiaren auzia Bertsolaritza eta euskalkiaren auzia Bertsolaritza eta euskalkiaren auzia Bertsolaritza eta euskalkiaren auzia Bertsolaritza eta euskalkiaren auzia Bertsolaritza eta euskalkiaren auzia