Eredu garatua irratian Loiolako Herri Irratiaren eskutik

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2026-01-07
Ilustrazioak: Patxi Gallego

Eredu garatua irratian Loiolako Herri Irratiaren eskutik –

Euskararen gutxikako bidea garaiko irrati uhinetan

1959an Eliza katolikoak, Estatuarekin konkordatua sinatu ostean, COPE (Cadena de Ondas Populares Españolas) irrati-katea jarri zuen martxan Espainiako irratigintzaren garapenean parte hartzeko asmoz. Sare horren baitan, herrialde bakoitzeko gotzaindegien ekimenez abiarazi ziren Iruñea (1959), Bilbo (1959) eta Donostia (1962) hiriburuetako Herri Irratiak. Baita Jesusen Lagundiak Alfaro izeneko emisora txiki baten jarraipen gisa Loiolako Santutegian sortu zuen Loiolako Herri Irratia ere (1961).

Hiriburuetako Herri Irratien artean Iruñekoa izan zen gotzaindegiarekin loturarik estuena zuena eta euskarari tarterik gutxien eskaini ziona (Patxi Zabaletak 1967tik 1975era eskaini zuen euskara ikasteko programa baino ez). Bilbokoak ere lotura estua izan zuen, eta euskarari programa bakarra eskaini zion (Irrintzi, 1964-1966), 1973an FMn lanean hastean kanal hori euskararentzat eta OMa gaztelaniarentzat gordetzea erabaki zen arte. Donostiakoa, aldiz, hasiera batean euskara nahikoa modu sinbolikoan erabiltzen bazuen ere, batez ere 1971tik aurrera, Loiolako Herri Irratiarekin bat egitean eskaintza garrantzitsu bat osatzera iritsi zen. Izan ere, lehen Loiolako Irratia izan zen, alde handiarekin, urte haietan uhinetara euskara gehien igorri zuen katea.

Elizaren babespean zerbait lehenago sortutako irrati parrokialak izango ziren euskararen beste aliatuak alor honetan: Arrate Irratia, Segura Irratia, Tolosa Irratia, Arrasateko Irratia, Irurita Irratia, Arantzako Irratia eta Berueteko Irratia. 1964an Frekuentzia Modulatura aldatzeko aginduak guztien itxiera ekarriko zuen, baina 1970eko hamarraldian Arratek eta Segurak berriro martxan jartzea lortu zuten. Oinarrizko programazioa baina euskaraz ematen zuten.

Gainerakoan, hauek ziren Euskal Herriko garaiko irratigintzaren mapa osatzen zutenak: SER katearen barnean kokatzen ziren Radio San Sebastián, Radio Bilbao, Radio Requeté de Pamplona eta Radio Vitoria; Estatu Frankistak Mugimenduko hedabide gisa sortutako La Voz de Guipúzcoa, Radio Juventud de Eibar, Radio Juventud de Bilbao, La Voz de Navarra eta La Voz de Alava, eta RTVEren baitako Donostiako eta Bilboko Radio Nacional de España. Emisora horietan guztietan ale solteak baino ez dira topatu ahalko euskaraz. Batzuk garrantzitsuak izango dira, ordea, esaterako, La Voz de Guipúzcoak, jada aipatu den gisan, 1957tik ostiral arratsaldero Basarri eta beste hainbat lagunen ahotik eskaintzen zuen ordubeteko saioa.

Eredu garatua irratian Loiolako Herri Irratiaren eskutik

Iriondo, aurkezle eta eragile (1938- )

Goiz zaletu zuen bertsoak azpeitiarra: “Bertsolariak lehenengoz Aratzerrekan ikusi nituen, San Isidrotan, zortzi-bederatzi urte nituela. Sakristiako bi balkoitan, Txapel eta Joxe Lizaso. Hango umeek hurrengo egunetan jolas hori egin genuen etxe batetik bestera, atetik atera. Handik aurrera beti izan dut bertsolaritzaren mirespen bete hori” (J.M. Iriondo, elkarrizketa pertsonala).

Koskortzen hasitakoan Basarriren irratsaio nahiz bertso-liburuek arrastoa utzi zioten:

“[…] Gabirian ikasle nerabe nintzela, irakasleen liburutegian Baserriren bertsoak topatu nituen, Kulixkak ateratakoak. Bere entzutea banuen Ameriketan geneukan osaba baten bidez. Liburu guztia eskuz kopiatu eta buruz ikasi nuen. Oraindik ere gai naiz bertso haietako batzuk buruz kantatzeko… Liburu hura deskubritu nuenetik Basarriren idatziak eta irratian egiten zuen lana oso-osorik jarraitzen nituen.”

Gabiriako pasiotarretan ikasle zela bertsoa jartzen irakatsi zioten, eta Afrikako Sidi-Ifnin soldaduska egiten ari zela dezente idatzi omen zituen.

Kazetaritzarako harra ere soldaduska egiten ari zela sartu zitzaion. Bertara joan aurretik Donostiako Aurrezki Munizipalean eta Banco Vizcayan oposizio bana egin, eta bi plazak atera zituen, baina irratia ezagutzea tokatu zitzaion Afrikako egonaldi behartuan: “Afrikan soldaduska egiten ari nintzela Radio Juventud de Sidi Ifni ezagutu nuen kasualitatez. Denbora-pasa joaten nintzen bertara, ez lanera. Baina irrati txiki baten “barrunbea” orduan ikusi/ezagutu nuen lehenengo aldiz, eta enamoratu egin nintzen lehenaz gainera”. Horrela, andregaiak Loiolako Herri Irratia irekitzekotan zirela eta jende bila zebiltzala kontatu zion eskutitz batean, eta soldaduskatik bueltatu bezain pronto, 1961eko abuztuan, bankura ez baizik eta irratira jo zuen lan eske.

Bertsolaritzaren inguruko irrati emanaldien eredu garatu bat gauzatu zuen Iriondok Loiolako Herri Irratian. Ez zen hori izan, ordea, bertsolaritzari egin zion ekarpen bakarra. Gai-jartzaile eta bertso-saioetako aurkezle gisa lan handia egin zuen, 1962an hasi eta batez ere hurrengo 20 urteetan, hainbatetan urtean 70 saiotik gora eginaz. Saio horiek guztiak eta gehiago irratian emateko grabatu egiten zituen gainera, bertsolaritzaren hamarkada haietako artxiborik oparoenetako bat osatzeraino. Bestalde, antolaketan ere murgildu zen, eta hurrengo zikloan Euskaltzaindiak antolatutako 1980ko eta 1982ko txapelketetan eragiletzaren buru ibili zen.

Ez Dok Amairuren sorreran ere hartu zuen parte. Irratian euskal kantari berriei eskaintzen zien tarteari erreparatu eta bere lehengusu Lourdes Iriondoren bidez deitu zuten taldearen lehen bilerara, eta aurrerantzean lan handia egin zuen taldearen kontzertuak antolatu nahiz aurkezten. Era berean, bultzada garrantzitsua eman zion trikitiari ere, irratian jarriaz, edo txapelketak antolatu nahiz aurkeztuz. Honezkero beste hainbat eragiletan ikusi ahal izan den lanerako eta saltsa guztietan sartzeko gaitasuna suma daiteke, bada, azpeitiarrarengan: “Jose Mari Iriondok Urola aldean entzun nuen esaera hura gogorarazten dit: lapiko guztietako burruntzalia” (Atxaga, 2008: 36).

Telebistan bertsolaritzarekin lehen pauso batzuk ematen ere aitzindari izango zen, 1975etik 1981era Herri Irratiko lanarekin batean RTVEren Telenorte programan gaiaren berri eman eta bertso-munduko jendea eraman baitzuen. Gerora, 1983an EiTBrako plaza bat oposizio bidez atera, eta ibilbide oso garrantzitsua burutu zuen bertan: 1983-1985 bitartean Euskal Telebistako informatiboetako arduradun eta kiroletako zuzendari; 1985-1987 bitartean ETBko zuzendari eta programazio buru; eta 1987tik 1996ra Radio Euskadiko, Radio Vitoriako eta Euskadi Irratiko zuzendari eta koordinatzaile.

 

Bertsolaritza prime timean eta txapelketen zuzeneko emanaldiak

Loiolako Herri Irratia martxan jarri eta hilabete gutxira sartu zen Iriondo lanera. Hasieran kontabilitatea eramaten eta fonoteka ordenatzen jarri zuten. Logroñoko aita Verdu jesuita kazetaria jarri zuten lehen zuzendari, eta hark inguruetako gazte euskaldunak hautatu zituen kolaboratzaile gisa aritzeko. 1962an, Juan Lekuona jesuita tolosarra zuzendari berri izendatzean, areagotu egin zen euskararekiko atxikimendu hori, eta Iriondori ere berehala sortu zitzaion bere aukera:

“Larunbat arratsaldetan (hori bai benetako prime time-a, izan ere, telebista gutxi zegoen garai hartan eta, gainera, telebistan kate bakarra) “Beti Jai” izeneko saioa ematen zen gazteleraz. Aita Lekuonak esan zidan ea ausartuko nintzen programa hura euskaraz egiten eta nik, bi aldiz pentsatu gabe, baietz erantzun nion, noski.” (Martinez, 2012: 65-66)

Euskal kanta berriak ematen zituzten astero, baita irrati-antzerkia ere, Iriondok idatzi eta irratiko langileek antzeztua, besteak beste. Bertsolaritzari ere eman nahi izan zion atala:

“Txapel zen ezagutzen nuen bertsolari bakarra eta haren bidez egin nituen lehen kontaktuak. Lehen bileratik hiru-lau egunera prest agertu zitzaidan bera kantatzeko, ‘Jarri alcahuetea martxan’ esan zidan, eta zazpi bertso kantatu zizkidan Gernikako arbola gai hartuta. Irratiz eman eta, badaezpada ere, zinta etxera eraman nuen. Denuntzia izan zen, baina zintarik ez zutenez topatu, libre.” (J.M. Iriondo, elkarrizketa pertsonala)

Txapelen bidez Azpeitiko Joxe Agirre, Joxe Lizaso edo Imanol Lazkano etorri ziren hurrena, eta haien atzetik beste mordo bat, astero gaia aurretik emandako sei-zazpi bertso eskainiz. Tarte horri bestelako aldaerak txertatu zizkioten dena den, entzuleek proposatutako gaiekin arituaz eta gai batek arrakasta zuela ikusiz gero, trama luzatu eta korapilatuaz, adibidez.

Esan bezala, Iriondo gai-jartzaile eta aurkezle ere ibiltzen zenean saioak grabatzeko aprobetxatzen zuen, eta grabatutako saio horietako bertsoaldi hautatuak ere emititzen zituzten, Beti-jai-en edo Herri Irratiko beste hainbat programatan. Baita saio haien bueltan bertsolariei egiten zizkien elkarrizketak ere:

“Elkarrizketak ia beti kanpoan, beren giroan. Asko. Urte batean Areatzako bertso-eskolakoekin: Enbeita aita eta hiru seme, Lopategi, Ireneo Ajuria, Sardui anaiak… Grundig handia hanka artean hartu eta haraino joan nintzen nire Vespan “Beti-jai”rako bertsoak jasotzera; baina argia joan eta bertsorik gabe gelditu nintzen; Enbeita eta Lopategiri elkarrizketa bana grabatuta itzuli nintzen etxera, ordea.”

Txapelketen jarraipena ere egiten zuten eta bertako hainbat saio zuzenean eman: 1962ko finala eta 1965eko nahiz 1967ko finalaurrekoak eta finala. Emanaldi horiek arrakasta handia izan ohi zutela gogoratzen du, baita 1967ko txapelketan Xalbadorri jo zitzaizkion txistuak zirela eta gelditu zitzaion arantza ere:

“‘Hamar urte Xalbadorren itzalean’ liburuan kontatzen dut, pena daukadala ez nintzelako ausartu Xalbador elkarrizketatzen. Ez nintzen kazetari bezala portatu egoera hartan. Hain egoera psikodelikoa zen hura, ikaragarri sufritu nuen… Ez nekien txistuak disimulatu… Erabaki nuen komentarioekin ateratzea, ‘ikaragarri gogorra da hau’… pena ez nintzela ausartu elkarrizketatzera […]”

Zentsurarekin izandako gorabeherak dakartza jarraian:

“1962koan baimena eskatu genion, zuzendariak esanda, Euskaltzaindiari. Inazio Maria Etxaide zan buru, integrista bat, Aste Santuan etxeko oilategian oiloak eta oilarrak aparte jartzen zituena, eta jokoz kanpo harrapatu genituen; ez zekiten zer erantzun. Ordurako justu ezagututa nengoen Antonio Zavala, banekien Arrue, Asteasu Beltza, ezagutzen zuela, eta harekin hitz egin ondoren baietz erantzun zidaten. Erregimeneko gizona zen Arrue baina sui generis samarra, karlista foruzalea zelako. Euskara eta bertsolaritza maite zituen eta oso hiztun ona zen… Información y Turismotik gai guztien zerrenda behar zutela etorri zitzaigun, ordea, hurrena. Jakina gairik ez geneukan, txapelketa Euskaltzaindiak antolatzen zuen… Berriro ere Arruek lortu zuen traba hori gainditzea.”

Eta konpetentziarekin izandako liskarren bat:

“1965ekoa lotsagarria izan zen. Donostiko Radio Popularrak Hernaniko Aitor Zineman egin zen saiora Luis Mari Bereziartua euskalduna eta Onofre Gomez Nisa izeneko galego bat, frankista totala, bidali zituen eta geuk hartuta geneukan tokian jarri nahi izan zuten. Bertsoen ondoren erderazko komentarioak egiten zituzten…”

Gorabehera hauek gorabehera, bertsolaritza irratiz emateko eredu garatu bat gauzatzea lortu zuten: zuzeneko emanaldiekin, grabatutako saioetako bertso hautatuekin, estudioan bertan sortutako bertsoaldiekin, informazioa nahiz elkarrizketak eskainiaz eta entzuleekin feedbacka landuaz.

Eredu garatua irratian Loiolako Herri Irratiaren eskutik  Eredu garatua irratian Loiolako Herri Irratiaren eskutik  Eredu garatua irratian Loiolako Herri Irratiaren eskutik  Eredu garatua irratian Loiolako Herri Irratiaren eskutik  Eredu garatua irratian Loiolako Herri Irratiaren eskutik  Eredu garatua irratian Loiolako Herri Irratiaren eskutik  Eredu garatua irratian Loiolako Herri Irratiaren eskutik  Eredu garatua irratian Loiolako Herri Irratiaren eskutik