Euxebio Mugertza, "Mendaro Txirristaka"

Entzutea bai, banuen. Izena ez da aise ahanzten den horietakoa. Mendaro Txirristaka. Hortik aurrerako ezer gutxi nekien. Mendaron urtero aritu izan gara Santa Ana jaietan Txirristaka tabernan, eguerdiko poteo luze baten amaiera aldera. Arratsaldeko hiruretan edo goizaldeko lauretan zabiltzan zail izaten da antzematen han. Hango horma batean bada Mendaro Txirristakaren argazki bat… Emozionalki banuen loturarik Txirristakarekin, Mendaroko Udaletik etorri zitzaizkidanean. 2024. urtea Txirristakaren figura gogora ekartzeko baliatu nahi zuten. Ez zen bertsolariaren jaiotzaren urteurren borobil-borobila. Ehun eta berrogeita hamar urte ziren jaio zela.  Zergatik 2024. urtea orduan?

Euxebio Mugertza Mendaro Txirristaka –

Euxebio Mugertza Mendaro Txirristaka

AITA ZAVALA

Aita Zavala aipatu zidaten hasiera-hasieratik. 2024an berrogeita hamar urte ziren Antonio Zavala Mendaron azaldu zela. Biltzaile lanetan aritu ondoren, Mendaro Txirristakari buruz liburu bat argitaratu zuen. Dagoen bakarra. Auspoa saileko 120, 121 eta 122 zenbakiak harrapatzen ditu.

Txirristakari buruzko liburu bat —eta mardula gainera— atera izanak  adierazten du, aurkitu zuela aski material. Bestela, ordurako behin baino gehiagotan egin zuena egingo zukeen. Liburu bakarra eskaini hainbat bertsolariren lanak biltzeko. Motza, Zulaika eta Ugalde bertsolariak edota Larraburu, Lexoti eta Balentin bertsolariak dira adibideetariko batzuk.

Ez zen Txirristakaren kasua. Honen bertsopaperak bildu ahal izan zituen liburuki bat eta bi eta hiru ere osatzeraino.

Aita Zavalak egindako lan eskergak badu ezaugarri bat. Datuak eta bertsoak ematen ditu, ongi bai ongi zedarrituak batzuk zein besteak. Ez du ordea inoiz iritzirik ematen. Hori onerako den edo kalterako, beste norbaitek erabaki beharko du. Baina bere lanaren handiaz konturatzeko, aski da onartzea 2024. urteak Txirristakarekin adinako lotura duela Antonio Zavalarekin.

Euxebio Mugertza Mendaro Txirristaka

EUXEBIO MUGERTZA AZPIAZU (1874-1955)

Mendaro Txirristaka Mendaron jaio zen, Barberokoa zeritzon errotan, garai hartan Elgoibarrena zen Garagartzako partean. Aita, Mendaroko beste auzokoa zuen Azpilgoetakoa, eta ama, azpeitiarra. Hamaika senideko familia batean, gazteena zen Euxebio.

Errota ez ezik, okindegia ere ba omen zuen familiak. Eta denda txiki bat ere bai. Elizkoiak omen ziren oso. Eta Euxebio, zazpi urte egin gabe artean, meza laguntzaile hasi zen San Agustin moja komentuan. Zoriak hala agintzen zuen nonbait, eta bertako apaiz Pedro Miguel Urruzuno idazlea zen. Hala idatzi zuen –gazteleraz zein euskaraz— urte asko gerora Txirristakak egokitu zitzaion zorteaz:

 

Yo cacé un gavilán cuando era monaguillo;

Me decía el capellán: “¡Eusebio, tú eres un pillo!”.

Hura zen Pedro Migel Urruzuno jauna,

bertsotan sermoia egiten zuana.

 

Euxebio Mugertza Mendaro Txirristaka
Azpilgoeta, Mednaro (1940). Pascual Marin, Kutxa Fototeka.

Egun idazle eta bertsolari gazteentzako sariari izena ematen dion Urruzuno hura bera izan zuen Euxebio mutikoak bertsozaletzeko arrazoi nagusi.

Ez zuen bizimodu erraza izan Euxebio Mugertzak. Bi urte egin zituen morroi Mendaron bertan, Irabaneta baserrian. Errotatik zihoan mutikoarentzat ez zen goxoa izango aldaketa. Hala dio berak:

 

Ogi zuria jaten ohitua, gero artoa lizuina

ahuntza larrian ohi den bezala ni ere aspertu baina.

Eskarmentua komeni zaio duenari buru arina

ez dut damurik baserri hartan bi urte morroi egina

 

Berak emango digu bere ibileren berri, bertsotan:

 

Hamasei urte nitunerako Irurtzungo arkaitz tartera.

Soldata gabe han zen olara, ofizioa ikastera.

 

Hurrengo urratsean berriz, Bizkai aldera joko du:

 

Arkaitz arteko pertz-olatxuan ni aprendiz nintzanian

bostetan hasi eta gaueko zortziak arte lanian.

Lujo handirik ez genuela izaten jan-edanian

aspertu eta gero ibili nintzen Somorrostro aldian.

 

Bi urte morroi Mendaroko baserri batean. Handik Irurtzuna ofizioa ikastera. Eta han ere aspertu eta Somorrostrora. Txirristaka ez zen nonbait geldirik egotekoa. Eta hogei urterekin…

 

Urteak hogei nituenean, kontseju onei algara

nere aita triste, ama negarrez, nintzen Cubako gerrara;

Goseak eta alkondarik ez, zorriz betea gerrera…

ez nintzen mutil bikaina etorri, Kilimon errekaldera

 

Mendarora itzuli zen beraz, Cubako gerran parte hartu ondoren. Gerora, Juana Iraregi Sansinenea donostiarrarekin ezkondu zen, eta Donostian egin zuen bizitzaren zatirik handiena. Honela kontatu zigun Antonio Zavalak: “Euxebio eta Juanak Donostiako Loiolan ezagutu zuten elkar, erromeria-arratsalde batean. Euxebio maiteminduta gelditu zen. Den dena, Bilintxen bertsotan bezala. Baina oraingo honetan erremate hoberik izan zen: ez zen neskatxaren ja-jairik edo ezezkorik izan”:

1905ean ezkondu ziren. Eta hiru alaba izan zituzten, Engrazia, Karmen eta Maria. Alabarik gazteena, Maria, hogeita bat urterekin hil zen, 1930ean. Sekulako pena omen zuen aitak. Ez omen zuen gorpurik ikusi nahi izan. Gela batean sartu eta egunak eman omen zituen handik atera nahi ez-ta.

Bere bizitzako gorabehera gehiagoren berri ere badugu, sarritan berak bertsotan aipatzen dituelako. Ameriketan izan zen bolada luzez batez. Noiz eta non zehatz ez dakigu. Non ibili izan zen bertso honetan ematen digu aditzera:

 

Alemania ta Frantzian,

eta Inglaterran,

Italia, Portugal

eta Afrikan.

Los Estados Unidos

Norte-Amerikan

Mejiko ta Panama

Brasil ta Uruguayan

aitua lanian

Chile ta Argentinan

baita ere parrandan;

Ta Patagonian

Kuterkobe deitzeien

mina batian.

 

Ez dakigu zenbateraino duen egiatik eta zenbateraino irudimenetik. Mehatzen izena ere ematen du eta hori behintzat egia izango da…

Esan bezala, Donostiako Alde Zaharrean bizi izan zen urterik gehienetan. Badakigu urte asko eman zituela berak jarritako bertsoak festaz festa eta feriaz feria salduz. Hori zuen ogibide nagusi urte askoan. Badakigu baita ere, Errenteriako Makazagaren moldiztegian inprimatzen zituela paperak. Eta 1955ean, ezkontzaren 50. urteurrenean, bere gutizia izan zela Deban handikiro bazkaldu ondoren Mendaroko senitartekoei bisitaldi bat egitea.

Urte hartan bertan hil zen, laurogei zituela, Pasai San Pedron. Honela kontatu zigun Antonio Zavalak: “Pasai San Pedrora joan zen eta inork ez daki han zer gertatu zitzaion. Edo bista galduxea zuelako edo ilunpetan zebilelako, Jaungoikoak bakarrik daki nola, erori egin zen eta bertan geratu”.

 

Euxebio Mugertza Mendaro Txirristaka
Mendaro Txirristaka bertso-jartzaile eta saltzailearen errepresentazioa. Arg: Barren

 

ZENBAIT KONTU…

Beñat Gaztelumendi eta biok ekainean Txirristakaren bertso sail batzuk kantatu genituen Mendaron. Horretarako liburua irakurri eta sailak hautatze lanaren ondoren, hala aitortu zidan bertsolari añorgarrak:

—Aurrez espero nuena baino gehiago aurkitu dut Txirristakarengan.

Zerabiltzan bertsoen gaitegiaz eta bertsoen mailaz ari zen. Niri ere oso maila oneko bertsoak iruditu zaizkit Mendaro Txirristakaren asko eta asko.

Hona hemen bere gaztaroko pasarte gogor bat:

 

Mendian ikazgintzan

Ibili izandu naiz

talua eta baba

janaz bi aldiz

Birigarroak txirt-txirt

deitzean jaiki goiz

“Aitaren” eginda ekin,

txabolara ilargiz…

ta kamaina berriz

txilar, garo, almitz…

betiak txingurriz

ta arkakuso gorriz

mantan ordez hoiekin

gorputza estaliz.

 

Eta hona hemen beste bertso bat, bere garaiko Donostiari buruzkoa, baina gaur egungorako ere pare-parean letorkeena:

 

Zazpi pezta eiten du

zaku egur-ikatzak

Donostian bizitzen

daude lan gaitzak.

Sukaldean surik ez,

lapikoak hutsak

katua umeekin

ia hil da hotzak.

Eta etxe-bizitzak

bilatzen ekaitzak,

ate hoien giltzak

jabeak arrotzak…

ni beldurtzen nau hoien

kopeta beltzak.

 

Mendaro Txirristaka bertso-jartzaile eta saltzailearen errepresentazioa. Arg: Barren

 

Neurri eta doinu askotan jarri zituen bertsoak Txirristakak. Zortziko handi eta txikiaz gain, koplak idatzi zituen. Bederatzi puntukoak sail dexente. Beste sail batzuk Ikusten duzu goizean doinuan. Besteak Ezkondu eta ezkongai airearekin. Iztuetaren Kontxesirenean ere bai.

Baina gaur egunera arte eta indarrean iritsi den bere bertso sailik bada, hori Quisiera ser alcalde… da. Bertsio asko egin zituen, behin saila jarri eta gero. Quisiera ser alcalde Donostiakua da egun gehien kantatzen dena. Begiak farrez-farrez, bihotza negarrez doinu zaharra hartu eta berak letra berria erantsi zion. Ez zuen segur aski pentsatuko zenbat urtez eta zenbat tokitan kantatuko zen gerora.

Bestalde, oso aintzat hartzekoa da bat-bateko bertsolari izan ez, eta bertsopaperen bidez bizimodua ateratzen asmatu zuen mendaroar haren lana. Badakigu, bere bertsoak birziklatu ere egiten zituela. Sorta bat egin. Festaren baterako argitaratu eta kantatu, eta funtzionatzen zuena mantendu eta funtzionatzen ez zuena aldatu egiten zituen.

Marketinean ere aitzindari izan zela pentsa genezake. Bertsopaperak sortu eta saltzetik bizi zen. Pentsatzekoa da enkarguzko lanak ere egiten zituela. Eta egiteko prest azaltzen zen beti. Horregatik, bere paperen behealdean, beti jarriko zuen bere izena eta helbidea. Eusebio Muguerza, calle Calbetón 9, 3. Izq./ San Sebastián.

Bazekien zerbait! Bere presentzia zenbatekoa zen, honela adierazi zuen idatziz Elgoibarko Jose María Etxaniz Urruzuno jaunak 1959an: “Me acuerdo muy bien que en Elgoibar, los días de feria, su presencia era imprescindible. Podría haber más o menos gente. Podría llover o hacer buen tiempo. Podría coincidir el día con cualquier acontecimiento. Pero lo que no podía faltar era Don Eusebio Muguerza, con sus geniales creaciones y excelente buen humor que nunca variaba”.

JAKIN-MINEZ

Bada zerbait Euxebio Muguertzari buruz dakiguna. Gehiago  jakiteko grina piztu zait ordea. Badira bere bizitzako eta jarduerari buruzko ertzak oso itzalean geratu direnak.

Zergatik nahasten ditu hainbat sailetan euskara-gaztelerak? Horrek jendeari aparteko grazia egiten ziola konturatu eta amor eman zion tentazioari? Garai hartan oso zabalduriko moda zen?

Nolanahi ere, bi hizkuntzak ongi menderatzen zituen. Artean ezkongabea zen emakume baten ahotan jartzen duen bertso batean ongi sumatzen da. Hona ezkongabe egotearen arrazoia:

 

Ditudalako ikusten makina bat ero

sartu behar lirake, dauden bero bero,

-neskatilen ondoren ezkondu ta gero-

dentro de la caldera de Pedro Botero.

 

Izengoitiak ere ematen dit zer pentsatua. Beste norbaitek jarri zion, ala bere buruari jarritako izengoitia da Mendaro Txirristaka? Bere buruari jarria izango da segur aski, bere lanak askotan izengoiti hori erabiliz sinatzen baitzituen. Eta zergatik Txirristaka? Xelebretzat zeukan bere burua?

Argi dagoena da, Mendarotik Donostiara joan arren, ez zeukala saltzeko bere jaioterria. Mendaro Txirristakaz gain, tarteka erabiltzen baitzituen beste izengoiti batzuk ere. Sarrien, Duque de Kilimón —sortu zen etxeko errotari eragiten zion erreka da Kilimon— eta Conde de Mendaro. Harrokeria baino, bere buruarekiko burlaizea sumatzen da bi izengoiti horietan…

Nire jakin-mina pizten duen beste kontu batek Kubako Gerratearekin du zerikusia. Hango aipamenak egiten ditu bere sorta batzuetan. Baina axaletik. Badakigu, berak hala dioelako, joatea egokitu zitzaion oñatiar batek dirua ordaindu eta haren lekuan joan zela. Bidaian ez zuela atarramentu onik izan eta ia hilean egon zela, hogei urte zituela, Puerto Ricon. Baina ez du gerrari buruzko sorta osorik. Penagarria da…

Berak ezagutu zituela zioen herrialde haietan denetan izan al zen benetan? Hiru kontinentetako hamabi-hamahiru herrialde aipatzen ditu… Eta noiz joan zen, ezkondu aurretik guztietara ala ezkondu ondoren ere egin zuen txangoren bat? Emazteak, Juanak, Donostiako Tabakaleran egiten zuela lan badakigu. Ez zen bada Euxebio, tabako bila jaitsi Parte Zaharrean eta Ameriketan bueltaxka bat eginda itzuliko?

 

Zergatik hogeita bat urte zituela hildako alaba Mariari buruzko bertsorik ez zuen idatzi? Horiek, garai hartan, bertsotarako gaiak ez zirelako?

Eta azkenik, nola hil zen Euxebio gurea? Aita Zavalak dio, “Jaungoikoak bakarrik daki nola”. Zer zebilen laurogei urte soinean zituela Pasai San Pedron? Nola erori zen? Nora? Penagarria iruditzen zait Jainkoa soilik izatea sekretutxo horien jakitun. Nik ere izan nahi nuke.

Dugunarekin askietsi beharko dugu honezkero. Nire jakin-mina gera bedi egunen batean Mendaro Txirristakaren mundualdia zinemara, literaturara edo antzerkira eraman nahi duenaren akuilu.

Euxebio Mugertza Mendaro Txirristaka  Euxebio Mugertza Mendaro Txirristaka  Euxebio Mugertza Mendaro Txirristaka  Euxebio Mugertza Mendaro Txirristaka  Euxebio Mugertza Mendaro Txirristaka  Euxebio Mugertza Mendaro Txirristaka  Euxebio Mugertza Mendaro Txirristaka  Euxebio Mugertza Mendaro Txirristaka  Euxebio Mugertza Mendaro Txirristaka  Euxebio Mugertza Mendaro Txirristaka  Euxebio Mugertza Mendaro Txirristaka