Hibridazioak eta esperimentuak

Testua: Antxoka Agirre

Argazkiak: Andoni Lubaki/Bostok

Dokumentazioa: Xenpelar Dokumentazio

Jokin Uranga autoa drogaz beteta daraman trafikatzailea da eta Iñigo Eizagirre kontrolean gelditu duen polizia. Uranga bertsotan ari dela, Andoni Egaña, aurpegia zuriz makilatua eta sudur gorria jarrita, lau hankatan, azpeitiarraren inguruan dabil usmaka; poliziaren zakurra da.

Azken hamabost urteetan bertsolarien eta beste alorretako artisten elkarlanetik, edo bertsolaritza beste alorrekin uztartzetik, sorturiko esperimentu eta hibridazioak bata bestearen atzetik joan dira sortzen: 7 eskale, Bertsotrama, Upeletan Erronka, Karidadeko Benta, Bertsomagia, Inaxito, Ornitorrinkus, Bertsokabareta, Errega eta Bufoia, Gu ta gutarrak, Bertsotramarraskiya, ‘MC Txirrita’, Hudaltzainak, Bertsojazza, ‘Errimak Oinetan’, Bertsomovieda, ‘Balitzen hioa’, ‘Bi arreba’, ‘Ez gara Palestinaz ari’ … Kasualitate bat da, noski, baina har genezake baita bide honek hartu duen zabaleraren neurri gisa ere: azken esperimentuetariko baten, Bertsoclownaren, sortzaileak, Mendaroko clown bat, Andoni Egaña du izena.

“Nik aurretik esperimentu inportante bat, eta segurki esperimentu guztien aitzinean egon zena, bizi izan nuen: Amuriza. Amurizarekin 80an hasi eta 82. urtera arte hainbat herritan bertso musikatuen ikuskizun bat eman genuen. Hasieran Gontzal Mendibilekin eta honen musikariekin abesten zituen bertso batzuk euren kontzertuetan, baina gerora bere taldetxoa osatu zuen, nirekin eta aldatuz joan ziren beste musikari batzuekin. Fernando Unzain eta Juan Karlos Irizar tartean izan ziren, besteak beste. Plaza asko egin genituen. Eta ni hor hasi nintzen jabetzen bertsolaritzaren indarraz eta eskaintzen zuen aukera izugarriaz”. Josu Zabalarenak dira hitzak, Hertzainak rock talde mitikoaren arima eta gerora Igor Elortza eta Unai Iturriagarekin batera 7 eskale eta Gu ta Gutarrak proiektuen sortzaile izandakoarenak. “Gauza askotan Amuriza lehena izan da eta honetan ere bai. Esango nuke bertso musikatuen lehen diskoa ere berea zela. Eta gurekin ere grabatu zuen diskoa. Agian pasa egingo zitzaizun, baina, nik uste, hau inportantea da. Bakoitzari berea”, dio.

Hasieratik hasi beharko dugu, bada, eta Xabier Amurizari deitu.

Lehenengo saioa 1978an egin zuela dio Etxanokoak, 1978ko irailean, Aulestian. “Garai nahasia zen hura, Trantsizioa; herrietan bolo-bolo zebiltzan hainbat kontu eta jendeak bazuen gai sozial eta politikoen egarria. Bururatu zitzaidan tokian tokirako bertso jarriak prestatu eta bertsook musikarekin jantzita plazak betetzeko formula polita izan zitekeela, bertso jarriei toki bat egiteko modu egokia izan zitekeela”, kontatzen du bertsolariak. Gontzal Mendibil laguna zuen, eta gustatu egin zitzaion ideia. Honela taldeak kontzertu bat zuen bakoitzean ikuskizunaren bigarren zati gisa Amurizaren bertso musikatuak eskaintzen hasi ziren. Ez zuen luze iraun, ordea, esperimentuak: “Laster konturatu ginen jaialdia askotxo luzatzen zela. Kantu zaleei bigarren zatia ez zitzaien hainbeste gustatuko eta bertsoa entzutera joan zirenei lehena egingo zitzaien astunagoa. Zortzi bat kontzertu egin genituenerako Josurengana jo nuen beste formatu bat proposatzeko asmotan”. Gernikan irakasle zebilen Josu Zabala, Amurizak bazekien soinua jotzen zuela, eta gitarristarena egingo zuen hirugarren batekin taldea osatzeko nahikoa zutela erabaki zuten. “Josuk beti bihotza eta burua jartzen du denean. ‘Joño, bai, bai, bai’ esan zidan hasieratik”, gogoratzen du.

Herri batetik deitzen zituztenean informazio bila bertara joaten zen kontzertua baina bizpahiru aste lehenago. Afaritxo bat egiten zuen antolatzaileek proposatzen zizkioten kontaktuekin edo berak herrian izan zitzakeen ezagunekin, eta hortik ateratako informazioa filtratu eta ordenatu ondoren zazpi sorta, 60 edo 70 bat bertso, prestatzen zituen hurrengo egunetan. “Kaleen izen frankistak zirela, herriko pertsonaia baten gora beherak zirela… Tokian tokirako propio prestatuak ziren bertsorik gehienak, baina tarteka orokorrago batzuk ere sartzen nituen. Gogoan dut Lemoizko zentral nuklearrari buruzko batzuk ia saio gehienetan abesten nituela”, kontatzen du.

Musikariekin egokitzeko ez zuen arazo handirik izan: “Doinu sinpleak erabiltzen genituen, garrantzitsuena edukia zenez musikarekin ez ginen asko konplikatu”. Eta jendeak oso ongi hartu zuen formula berria: “Oso txokaturik gelditzen zen jendea. ‘Nola arraio dakizki honek kontu horiek guztiak?’. Gainera bertso jarriak zirenez bat batekoek baina maila gehixeago zuten eta musikaz jantzita oso emaitza txukuna lortzen genuen”. Garai hartan baziren bertso zaharrak musikatzen zituzten abeslariak, Lete esaterako, baina Amuriza izan zen momentuko gaiei jarritako bertsoekin eta modu sistematiko batean aritu zen lehena. Zikloa bukatu zuenean, hiru bat urte iraun zuen guztira, 400 herri 1000 bertso berri liburuan jaso zituen bertso haiek gehienak. “Gauza diferentea, jantziagoa, berria eta sarkorra izan zen bere garaian. 40 bat herritan arituko nintzen. Nire ustez garai haren erradiografia nahikoa konpletoa osatzea lortu nuen, bertsotan gainera. Polita izan zen”, egiten du balorazioa.

Bertso & roll

Geroztik bertso musikatuen inguruko proiektu gehiago ere burutu izan zen. Sarasuatarrek atera zuten Fauna txiki bat, edo Egañaren Tximeletak Sabelean diskoak, esaterako. Baina bertso musikatuen bidean aitzindari Xabier Amuriza izan bazen, azken urteetan bertsoaren inguruko hibridazioek bizi izan duten boomaren abiapuntu gisa 7 eskale eta Bertsotrama seinalatu behar dira. Eta bietan protagonista izan zen Igor Elortza. “Biak etapa berekoak dira, Gasteizen ikasle pisuan bizi izandako garaikoak”, dio. Bertsolaritzaren barruan beste esparru batzuk esploratzeko grina eta gaztearen ausardia aipatzen ditu, eta Gasteizko taberna nahiz parrandak.

7 eskalek oihartzun handia izan zuen. Ez da hain ezaguna izango, akaso, ordea, ez zela Unai Iturriaga eta Igor Elortzak sorturiko lehen musika taldea: “Tira, musika munduan esperientziarik bagenuela esatea gehiegi esatea litzateke, baina oso gaztetxotan bageneukan rock talde txar bat… Baserri batean egiten genituen entseguak eta lagunen aurrean jo izan genuen kontzertu bat edo beste. Taldeari izena jartzera ere iritsi ginen. Lehenengo Niri bost eta gero Fraticelli. Fraticelliak Durango aldeko XV. mendeko mugimendu heretiko bat ziren…”

Taxuzko musikariak ez, baina musikazale bai baziren, eta Hertzainak taldearen jarraitzaile. “Asko ibiltzen ginen atzera eta aurrera kontzertuetan. Eta talderik gustukoenetariko bat Hertzainak ziren. Kontzertu baten ostean Josu ezagutu genuen, eta hurrena Igorren eman zuten kontzertu batetan oholtzara igotzera animatu gintuen” kontatzen du. Josu Zabalak ere gogoan du lehen hartu eman hura: “Ikusten duzu mutiko batzuk badatozela zure kontzertuetara. Gerora enteratu ginen bertsolariak zirela. Gure publikoarekin geneukan hartu emana oso naturala zen eta eurekin ere askotan hitz egin genuen, elkarrenganako sinpatia sortu zen. Gero, beti jendea liatzeko prest ere bageundenez hori zen gerta zitekeen errazena: liatzea”.

Hertzainaken agurrerako egin ziren lau kontzertuetatik hirutan bertsolariak egon ziren oholtza gainean: Igor Elortza, Unai Iturriaga, Xabier Amurtiza, Jon Lopategi, Haritz Lopategi, Jon Maia, Jon Sarasua eta Maialen Lujanbio. “Honekin taldekook adierazi nahi genuen bertsolariak eta gu oholtza bereko pertsonaiak ginela. Guretzat ohore bat izan zen euren parte hartzea. Bertso saio oso ona egiteko adinako plantela biltzea lortu genuen gainera”, dio Zabalak.

Enkarguz sortu zen 7 eskale, Basauriko Trintxera Elkarteak eskatuta. Pobreziaren kontrako aste bat antolatu zuten eta azken eguneko festa girotzeko bertso musikatuak eskatu zizkieten. “Uste dut lauzpabost bertso musikatzeko eskatu zigutela, baina, esan bezala, garai hartan dena konplikatzeko joera handia geneukan. Sei laguneko taldea osatu genuen, 6 eskale izan ginen hasieran, eta abesti batzuk sortu genituen bertsoa musika estilo ezberdinekin uztartuaz”, gogoratzen du musikariak. Eta behin hasiaz gero zergatik ez jarraitu. “Aukera ikusi genuen eta esploratzea erabaki genuen”, dio Zabalak. “Garai hartan Josuk Hertzainak utzita zeukan eta hasieratik ekitaldi bakarra baina zerbait anbiziosoagoa egiteko interesa erakutsi zuen. Unai eta bioi, hemeretzi hogei urterekin, Hertzainakeko Josurekin zerbait egiteko aukera izateak sekulako ilusioa egin zigun. Gainera, musikazaleak izanda, norberak idatzitako bertsoak musika talde batekin kantatu ahal izatea sekulako aukera zen”, esplikatzen du bertsolariak. Zabalarentzat ere, izandako ibilbide profesionalaren ondoren, polita zen hain jende gaztearekin lan egitea,eta uztarketari ere ikusten zion bidea: “Oro har bertsolariak oso jende alferra dira. Ohituta daude emanaldira eskuak poltsikoak dituztela joan, halaxe kantatu eta etxera halaxe bueltatzen, hori da euren ofizioa. Baina hemen teknika batzuk daude, entseguak egin beharra, soinu probak… Unai eta Igorrek, ordea, bazuten rockarekiko lilura eta lanerako gogoa. Momentu egokia zen eta bertsolari egokiak ziren horrelako zerbait egiteko”.

1994tik 1998ra aritu ziren taldearekin, eta bi disko atera zituzten: Bertso berriak, pobreziari jarriak (1995) eta Barrenkaleko bluesak (1997). Aurretik, 1991ean, Jon Maiak Negu Gorriak taldearentzat Gure Jarrera diskoan Lehenbiziko bala, Ez dezagun sal, Zipaioen matxinada, NG geurea da garaipena eta Gora Herria abestien letrak egin zituen. Edo Anmistiaren aldeko mugimenduak antolaturiko Azken Ziegaraino Zuzenean ikuskizunean ere Amuritzak, Sarasua anaiek, Maia berak, Iturriagak eta Elortzak bertsoa eta musika modernoa uztartu zituzten Anje Duhalde, Tapia eta Leturia, Mikel Irazoki eta hainbat musikarirekin batera. Baina esan daiteke uztarketa hori modu sistematiko batean garatzeko sorturiko lehen taldea 7 eskale izan zela. “Opera rock moduko zerbait izan zen” dio Zabalak, “hasiera, korapiloa eta amaieraren logika jarraitzen zuen ikuskizun bat. Bigarren diskoarekin egin genuen muntaian bertsolariak narratzaile gisa ere aritu ziren…”. Elortzak eszenaratzea aipatzen du, antzerkiaren elementuak hartu izana, jantziekin egindako jolasak, attrezzoa, ikuskizuna laguntzen zuen diapositiba emanaldia edo kantutik kantura istorio bat osatzen zuen hari narratiboa. “Ideien nahaspila bat izan zen 7 eskale. Ideien nahaspila oso interesgarria” laburbiltzen du Josu Zabalak.

Bertsotrama guztien ama

Bertsotrama ere Gasteizen sortu zen. Ikasle pisuko garaietan, Elortzak zioen moduan, edo Atxagak esango lukeenez “artean berde eta gazte ginela”. “Oso ongi gogoratzen dut lehenengoa” kontatzen du Josu Goikoetxeak: “1992an joan nintzen Gasteiza ikastera eta bertan zeuden Elortza eta Iturriaga, aspalditxotik ezagutzen nituenak, baita zeharka ezagutzen nuen Jon Maia ere”. Eurekin ibiltzen hasi zen eta pisukide izan ziren. Bodegoia, Bagare eta Parral tabernak ere aipatzen ditu. “Parral tabernan saioa zeukaten Igorrek eta Jonek, saio libre bat, eta hantxe zerbezatxo bat hartzen ari ginela Jonek komentatu zuen ea zergatik ez genuen zerbait berezia egiten, gai solteekin aritu beharrean istorio bat osa genezakela hasiera eta bukaerarekin”. Goikori berari tokatu zitzaion trama aurkeztu eta gidatzea: “Parraleta anaien istorioa osatu genuen, bide desberdinak egin zituzten bi anai…” Arrakasta izan zuen eta Gasteizko taberna ezberdinetan eskaini zituzten emanaldiak. “Genero zinematografiko desberdinak aukeratzen ziren: westerna, thrilerra, zientzia fikzioa… beraz, jaialdi normaletan sortzen ez ziren atmosferetan bertsotan egiteko aukera eskaintzen zuen”, dio Elortzak. “Ideia zen filmetan eta nobeletan oinarrituriko tramak zertzea, bat batekotasuna ez galtzea eta batez ere esperimentatzea. Horretarako toki egokia zen, gainera, Gasteiz: hiri zen, denetariko jendea bizi zen bertan, euskaldunberri asko, kanpotik etorritako ikasle ugari… Oso publiko heterogeneoa zen, buru oso irekia zuen jendea ”, gaineratzen du Goikok.

Urtea ez du ziur gogoratzen ez batak eta ez besteak. 93a edo 94a izan zitekeen. Baina Goikok ondo gogoan du Gasteiztik kanpo eginiko lehen saioa: Iruñean egin ziren UEUren jardunaldi batzuetan izan zela dio, goizean deitu zituztela arratsaldean bertan bertsotrama egiteko. “Gaur ezetz esango nuke, dena arrapaladan egin behar izan genuelako, baina garai hartan baietz esan genuen. Satira politiko bat egin genuen… “, kontatzen du. Eta horrela, pixkanaka-pixkanaka bidea egiten hasi ziren.

Kasu honetan ere badago aurrekaririk. Xabier Mendiguren idazlearekin izandako hizketaldi batean Tolosan 80ko hamarkadan antzeko zerbait, bertsoa eta antzerkiaren uztarketa, egina zutela deskubritu omen zuten. Tolosakoa jantziekin, attrezzo konplexu batekin eta antzerki obra baten parafernalia guztiarekin egiten zutela kontatu zien. Bertsotrama, aldiz, soilagoa izan ohi da normalean.

Tramagilearen lanak zertan datzan azaltzen digu Goikok: “Anbizio handirik gabeko istorioak izan behar dira eta pertsonaiek oinarrizko rolak bete behar dituzte: gaiztoa, zintzoa, despistatua… Izan ere publikoak pertsonaien nondik norakoa berehala harrapatzea komeni izaten da. Beraz, topikoekin asko jostatu ohi da”. Emakumeen rolak zaintzen saiatzen da, Gasteizko hasiera haietan, oinarritzat zituzten filmetan gertatu ohi denez, mujer florero delakoa maizegi azaltzen zela esan baitzioten hainbat emakume bertsolarik. “Saiatzen naiz baita txapa handirik ez sartzen ere, asko luzatuaz gero publikoa urduri jartzen hasten baita: ez baitoaz tramagileari entzutera bertsolariei entzutera baizik…” jarraitzen du. Bertsolariei pertsonai bana egokitzen zaie, edota pare bat, eta zertxobait lehenago esaten zaie zein den banaketa hori, taulatura pertsonaia pixka bat landuta igo ahal daitezen. Egoeren berri, aldiz, emanaldian bertan ematen zaie.

“Funtsezkoena pertsonaiaren barruan sartzea da, haren izaera, helburu eta abarrak eraikiz. Fikzio-errealitate jolas horretan, batzuetan oso eroso zaude fikzioan eta beste batzuetan nahiago zenuke saio normala zure iritzi propioak azaltzeko. Gerta daiteke baita, literaturan bezala, benetan norberaren interes eta pentsamenduak islatzea pertsonaiaren bidez, eta hori ere gozamen bat da, errealizatuta sentitzen zara autore bezala,” azaltzen du Elortzak bertsolariaren lana. Abantailarik handiena sakontasuna izan daitekeela diote, saio arruntean bertsoaldi bakarra dagoela pertsonaia edo egoera bat garatzeko, eta bertsotraman hainbat. “Ez diot inolaz ere Stanislavsky metodoarekin pertsonaian ez dakit nola barneratzen direnik, baina bai da egia zuku gehiago atera diezaioketela… Eta alderantziz ere gerta daiteke, alegia, bertsolaria pertsonaiaren azalean deseroso sentitzea. Holakoetan ez du saioari buelta emateko beste aukerarik, beste pertsonaiarik”, dio Goikok.

20ren bat urte beranduago martxan jarraitzen duen formatu bat da. Bertsolari asko eta askok hartu dute parte bertsotramaren batean, eta bidezidor desberdinak joan dira sortzen alde banatara. Sorrerako talde hark ere egiten ditu oraindik ere hainbat saio. Kilometro mordoa egin dute, bada, bide horretan, eta esperientzia ugari bizi izan dituzte. Gernikan egin zuten bat dauka Josu Goikoetxeak kutunena: “Gernikako Zineklubaren 25. urteurrenean Casablanca egin genuen pianista zoragarri batekin, Jon Artetxerekin. Pianoaz gain pelikularen irudi batzuk erabili genituen, bertsolariak ere oso ongi egon ziren, nire herrian zen…”. Igor Elortzari Gasteizko lehenengo saio haien nostalgia gailentzen zaio: “Maizpide euskaltegira urtero joaten ginen eta barre pila egiten genuen. Baina, agian, hasera haserakoak, Gasteizko tabernetan egin genituenak ditut batez ere gogoan: Bodegoian gangster estiloko bat egin genuen, Bagaren zientzia fikziozko bat, baserri giroan giroturiko komedia gore moduko bat ere izan zen tartean… Bagarekoan Anari izan zen gitarrista, artean diskorik atera gabea zela… Oraindik ere irribarrea sorrarazten dit Ermuan egin genuen beste batek: Lizarra-Garaziko su-etenaren garaia zen eta ezinezko maitasun istorio bat egin genuen Lizar izeneko Ertzain bat eta Garazi izeneko ezker abertzaleko militante baten artean”. Primeran pasatzen zuten. “Bai, de puta madre”, zehazten du Elortzak.

Adin guztietarako

Hurrengo urteetan ere sortu zen gauza interesgarririk. Upeletan erronka, esaterako. Sagardotegi batean girotua bertsolari bat eta bi dantzarik osaturiko bi taldek trikitiaren soinuak giroturiko erronka jotzen zioten elkarri. Laxok dantza taldekoak ziren dantzariak: Oier Imaz, Jon Maya, Iban Agote eta Kimetz Larrañaga, besteak beste: trikitia Ansorregi eta Larrañagak jotzen zuten, eta bertsolariak txandakatuaz joan ziren, lehen saioetan Andoni Egaña eta Anjel Mari Peñagarikano aritu baziren ere. 1999an estreinatu zen formatua eta saio dezente egin zuten.

Jon Maiaren Karidadeko Bentak ere ibilbide polita burutu zuen. Aran Santamariak ahotsa eta klarinetea jartzen zituen, Inaxio Tolosak klarinetea, tronpeta eta saxoak, Jon Mantzisidorrek lauda eta gitarrak, Imanol Manterolak perkusioak eta Dometx Uzinek helikoia eta bibolina. Horrela armaturik, eta Jon Maia abeslari eta letragile gisa buru zutela, Euskal Herriko bazter guztietan eman zituzten kontzertuak 2001etik 2007ra bitartean, hango nahiz hemengo ijitoen doinuak zabalduaz. Bertsolari batek sorturiko musika talde iraunkorrena izan zen, eta hiru disko atera zituzten: Karidadeko Benta (2003), Amore, amore (2004) eta San Quirico (2006).

Asko egin da azken urteetan. Denak ezin ditugu jaso, eta esanguratsuenak iruditu zaizkigunei erreparatu diegu batzuetan, deigarriak iruditu zaizkigunei besteetan. Horrela, jauzi bat eginaz, 2002. urtean paratu gara. Gasteiztik Bilbora aldatu gara, berriro ere ikasle garaiko giroan murgiltzeko. “Santutxu bertso eskolan nenbilen, eta han ezagutu nuen Jon Martin. Ikasle garaia zen eta parrandetan ere dezentetan ibiltzen ginen elkarrekin, hainbatetan lagun arteko bertso giroan. Ordurako mago bezala ere banituen emanalditxo batzuk, eta tarteka parranda horietan trukuren bat egiteko ere eskatzen zidaten”, kontatzen du Alain Urrutiak. “Alain artista da, esan nahi dut Arte Ederrak egin zituela eta horretatik bizi dela. Bestela ere artista da. Asko bidaiatutakoa, Txinan ere bizi izan zen, eta gauza berriak probatu zalea da. Oso ongi konektatu genuen ezagutu ginenetik”, aurkezten du Alain Jon Martinek. Bilboko Iturribideko Espuela tabernako nagusia ere laguna zuten, eta tabernarako elkarrekin ikuskizun bat antolatzeko eskatu zienean parrandetan egiten zuten uztarketa plazaratzea erabaki zuten. “Pare bat aldiz elkartu eta emanaldi bat egituratu genuen. Izatez emanaldi bakarrerako prestaturiko tramankulu bat zen, baina Espuelan eman genuen hartan Garako kazetari bat zegoen kasualitatez. Biharamunean bertsomagiari buruzko labur bat irten zen egunkarian, eta handik eta hemendik deika hasi zitzaizkigun emanaldi eske”, gogoratzen du Urrutiak. “Erdi intuitiboki eta asko pentsatu gabe sortu zen hori jendeari gustatu egin zitzaion. Forma zehatzagoa eman ondoren Lankuri produktu bezala eskaini eta batere espero gabean hiru urte egin genituen dezenteko martxarekin”, borobiltzen du Martinek.

Bertsolariak magoaren trikimailuak eta publikoarengan sortzen zituzten erreakzioak gai bezala erabiltzen zituen. Magoak, berriz, giroa berotzeko eta ikuskizunari hari narratibo bat emateko erabiltzen zituen bertsoak. “Bertsoa ere trikimailu bat da: bukaera bertsolariak bakarrik daki, ezkutatu egiten du, eta norberak nahi duen bidetik eraman ondoren publikoa bukaera horrekin txunditzea da helburua. Abandonua, tranpa aurkitzen saiatu beharrean errenditu eta disfrutatzea beharrezkoa da bai magian, bai bertsolaritzan”, dio bertsolariak. “Magian bertsotan bezala intuizio asko behar izaten da: publikotik zein atera asmatzeko adibidez. Eta inprobisaziotik ere asko dauka: ez dakizu jendeak nola erreakzionatuko duen; trikimailu berak ez du beti berdin funtzionatzen…”, gaineratzen du magoak. Urrutiak Martinek bertsotan esaten zituenen arabera inprobisatzen saiatzen zela ere kontatzen du, eta Martinek magoak txispa polita zeukala: “ behin norbaiti kristalezko basoa lurrera erorita puskatu eta ‘kontuz lentilekin!!’ esaka hasi zen Alain. Horrelako ateraldi asko zuen”.

Hibridazioetan gertatu ohi denez, zailtasunak ere izan zituzten. Magoaren trikimailuak errepikatu egiten zirenez, bertsolariak gai beraren bueltan egin behar zituen bertso asko. “Pentsatzeko ohikoa baina denbora gehiago nuen, baina ohikoa baino gai gutxiago. Eta hori ez da bertsotarako giro ideala”, dio Martinek. Gainera, magiak bertsoak baino pisu gehiago hartzen ote zuen errezeloa daukate: bien artean osaturiko bertsoaldiak tartekatzen saiatu arre,n magoari lan nekeza suertatzen zitzaion hori. “Ni beti izan naiz mago eta bertsozale, baina bertsolari inoiz ez. Ez behintzat Jonen mailakoa”, aitortu du Urrutiak. Bigarren bertsolari bat kontratatu gabe merkeagoa ateratzen zen saioa baina baita pobreago ere. Gabezia honek, ordea, arrakasta handiagoa ekarri zien euren ustez hain bertsozalea ez zen publikoarekin. “Gauza kurioso bat gertatu zitzaigun: badirudi kultura-teknikariek magia, zuzenean, haurrekin lotzen dutela, eta gu, asko espero gabe, haurren programazioetan sartu gintuzten. Batera eta bestera joan, eta harritu egiten ginen hainbeste haur ikusita. Bertsolariarentzat hori ere zailtasun bat gehiago zen, baina, dena dela, erronka polita izan zen”, kontatzen du Martinek.

Nolabait esan daiteke, beraz, nahigabe bada ere, haurrentzako egokia izan zitekeen bertso esperimentua sortu zutela. Eta esan daiteke baita, aitzindari izan zela, haurrei propio zuzenduriko gisa honetako lehen produktua, Inaxito, zerbait beranduago etorri baitzen. “Bertsolaritza hedatzen ari zela eta, umeengana nola hurbildu pentsatzen ari ginen zenbait lagun. Horretan ari ginela, Gorka Tolosa etorri zitzaigun antzerkia eta bertsoa uztartzearen proposamenarekin” azaldu digu proiektuaren sorrera Ibai Esoainek. 2003ko udaberrian Xabier Sukia, Gorka Tolosa eta hirurek Trikuharri antzerki taldea sortu zuten, gutxira Inaxitoren ametsak antzezlana taularatzeko. Elkarlan zabal baten emaitza izan zela antzezlan hura dio bertsolariak. Gidoia Joxe Luis Urdangarinekin batera egin zutela, taularatzea prestatzen Ixabel Agirresarobe ipuin kontalariak lagundu ziela, musikaren hautaketan Juan Mari Beltran eta Iñaki Eguren musikariak aritu zirela, eta attrezzoa, jantziak eta kudeaketa Lankuk jarri zituela. “Bazter denak nahastu genituen, baina berehala ikusi genuen pena merezi zuela, bazuela bidea”.

Geroztik Inaxitoren hiru antzezlan taularatu dituzte eta 150en bat emanaldi egingo zituztela kalkulatzen du oriotarrak. “Haurrentzako antzezlan bat da oinarria, baina beti egon ohi da tartean sasibertsolaria den pertsonaiaren bat, eta, gainera, bigarren mailako pertsonaiek ere tarteka bertsoren bat sartzen dute”. Ez da bertso saio bat, beraz: “Asmoa izaten da bertso betekadarik ez eragitea. Asko eta asko bertsoak entzuten lehen aldiz ari direnez, gozatzeko adinako dosi txikian sartzen ditugu. Gainera, haurrentzat ezagunak izan daitezkeen doinuak hautatu ditugu eta puntuei mugimenduaren bidez laguntzen diegu”.

Gustura dago egindako bidearekin: “Espektakulu handiaren kontzeptua oso barneratuta dago haurren munduan ere. Ikuskizun zaratatsu, argitsu eta konplikatuak kontsumitzen dituzte normalki. Bertsoa, ordea, oso ikuskizun soila da, arretaz eta isilik entzun behar den zerbait, eta uste dut asmatu dugula horren balorea transmititzen”. Arrakastaren adierazletzat har dezakegu atzetik etorri diren beste hainbat proiektu: “Lankuren katalogoa begiratu besterik ez dago adar horretatik zenbat adaska sortu diren ikusteko. Beste talde batzuetan aritu izan gara hirurok, eta gu tartean izan gabe ere sortu dira talde gehiago, batzuk Bertsozale Elkartearen inguruan dabiltzanak eta beste batzuk aparte dabiltzanak”

Honakoak topatu ditugu katalogoan, umeentzako ikuskizunei eskainiriko atalean: Ametsen fabrika (antzerkia), Bertsolharitza (ipun kontakizunak), Katillukadak (txotxongiloak), Bikokote (antzerkia eta txotxongiloak), Hiru, bi, zast… egizu jolas (Koplak, antzerkia eta txotxongiloak), Biolin magikoa (antzerki musikatua) eta Galtzagorriei to, Inaxito (Inaxitoren hirugarren antzezlana).

Espeziea eta generoa

Benetan espezie bitxia, berezia eta bakana da ornitorringoarena. Arrautzak jartzen dituen ugaztun bakarretarikoa da eta pozoia jaulkitzen duen bakarra. Eta uztarketa, hibridazioa, beste edozein espeziek baino hobeto sinbolizatu dezake: ahatearen mokoaren hantzeko muturra, kastorearen buztana eta urtxakurraren hankak dauzka.

Ornitorrinkus jarri zioten izena Maialen Lujanbiok, Judith Montero saxofonistak eta Xabier Erkizia musikariak 2006an martxan jarri zuten proiektuari. Musika garaikidea, elektronika eta bertsoa uztartzen zituen ikuskizuna zen hau. “Saxofoiak, elektronikak eta ahotsak –a priori elkarrengandik urrun leudekeen hiru jardunek-, bakoitzak bere alorra arakatzen du lehenik eta elkar eragiten ausartu ondoren. Hiru ahotsek hizkuntza berri trinko bat sortzeko ahalegin honek esperimentazioa du bide eta helburu” aurkezten du proiektua ornitorrinkus.org webguneak. Gehiago ere badio: “Ustez bateraezinak diren ezaugarriak bere dituen animalia irudi sinboliko bezala hartuta, sailkaezina denaz, izateaz eta izan ezinaz ari da Ornitorrinkus”.

Espeziea deskubritu zuten biologoek ornitorringoa sailkatzeko dezenteko lana izan zuten. Narrasti ileduntzat hartu zuten, gerora ugaztuna dela frogatu den arren. Eta ugaztuna dela frogatu ondoren narrastien genomak eta hegaztien kromosomak ere badituela deskubritu da.

Lujanbio eta Monteroren esperimentua ere ez da sailkatzen erreza: Performance-a, kontzertua eta happening-aren artean kokatzen du euren webguneak.

Milagrosa ermitan, Hernanin, egin zuten estreinekoa, eta lau urte beranduago toki berean itxi zuten zikloa besapean 25 emanaldi zituztela: UEUko Bertso-lantegiaren baitan San Agustin elizaren klaustroan, Anari eta Maddi Oihenartekin batera Zugarramurdiko Sorginen museoan, Donostiako Musika hamabostaldian San Bizente Elizatean, Veneziako bienalean eta Erromako Circolo Ginni Bosia di cultura popolare-an, Artelekun eta Gernikako Gaztetxean… Ikus daiteke espazio intimoetan mugitu den hibrido bat izan dela eta bertsoaren zirkuituaz haratago ere topatu ahal izan duela bere ekosistema. Bere izen bereko disko bat ere errun du bidean.

Ornitorringoak bere lehen pausuak ematen zituen garai berean sortu zuten bertsokabareta. Hibridazio guztiak bezala genero ezberdinak uztartzen zituen esperimentua zen. Generoari dagozkion gaiak jorratu nahia izan zuen berezitasuna.

Hitz frantsesa da Cabaret eta taberna esan nahi du jatorriz. Kabaretak politikoki nahiz sexualki ausartak ziren ikuskizunak eskaintzeko gune gisa egin ziren ezagun joan den mendearen hasieran. Osagai nagusiak musika, dantza eta kantua ziren, baina umorea, magia eta gisa guztietako ikuskizunek ere girotzen zituzten. Parisko Moulin Rouge izan zen kabaret ezagunena eta bertan ikusi ahal izan ziren trabesti, gay eta lesbianen lehen emanaldiak. Music hall britainiarra eta Vaudeville estatubatuarraren lehengusua, burlesque estiloan zuten hiruek oinarria, politikoki zuzena ez zenaren artean alegia.

Gustatzen zitzaien hitza Onintza Enbeita, Iratxe Ibarra eta Oihane Pereari, eta eurentzat hartu zuten. “2005eko txapelketaren bueltan elkartu ginen eta norberaren gogo eta interesen inguruan elkarrizketa politak sortu ziren. Zerbait ezberdina egiteko gogoa genuen, ohiko plazek eskaintzen ez zigutena probatzekoa, gai konkretu batzuk lantzekoa, ongi pasatzekoa… Apur bat saltserak gara…”, kontatzen du Oihane Pereak. Garai hartan generoaren inguruko gogoeta oso berde zegoela diote. ‘Zergatik deitu naute saio honetara, neska naizelako ote?’ zen ordura arte bertsolari emakumeen kezka, eta buelta eman nahi izan zioten: ‘beste neskekin kantatu nahi dut, ea zer gertatzen den’ planteatu zuten. “Beti naiz saioko neska eta ez dakit zer den beste neska batekin kantatzea. Berriketarako elkartzen garenean sekulako barreak egiten ditugu, gauza mordoa konpartitzen ditugu eta konplizitate berezi bat sortzen da; eta hau guztia oholtza gainera igoko bagenu?”, azaltzen du euren gogoeta bertsolari gasteiztarrak. “Taberna bateko berriketan sortu zen ideia. Bertsolari emakumeen topaketa batzuetatik gentozen eta zerbait geure ikuspegitik egiteko beharraz ari ginen. Argi geneukan librean nahi genuela, musika eta poesia ere sartuko genituzkeela, eta horrela ideiak botatzen eta zabaltzen ari ginela izen posibleak mahairatzen hasi ginen. Emetik etorri zitzaigun, emearen zentzua ez ezik Bizkaieraz hemendik esateko erabiltzen dena eta gustatu egin zitzaigun. Izenetik abizena atera zen, bertsokabareta, eta abizen horrek eman zigun formatua” erantsi du Iratxe Ibarrak.

Saio bakoitzean hiru egoera proposatzen zituzten: “Nola azaldu nahi genituen hausnartzen genuen aldez aurretik. Ze ikuspegi jorratu, ze doinu ekarri eta abar. Doinuen kasuan, adibidez, doinu jostariagoen bilketa lan bat egon zen, zurrunagoak, metrikoagoak zirenak alde batetara utziaz”, dio Pereak. Gero, tartean, pianoaren musikaz lagundurik, eurek sorturiko bertso sortak abestu edo emakumezkoen poesia errezitatzen zuten. Eta dena lumaz, gorputz espresio landuaz, janzkera egokiaz eta atrezzo bereziaz apaindu. Xabi Paiak asko lagundu omen zien ideiari forma ematen, eszena eratzen eta osagarriak aukeratzen. “Gure ideiaren aitajauna zela esan daiteke”, komentatzen du Pereak.

Eurak ere aipatzen dituzte doikuntza eta zailtasunak. “Ni saio arruntetan baino estuago joaten nintzen normalean. Bai lantzen ziren gaiengatik, bai formatuagatik… Ez gindoazen soilik bertsotan egitera, pixka bat adi egon beharra zegoen gero zer ote zetorren” kontatzen du Ibarrak. Irakurri beharreko paperak etxean ahaztuta utzi zituztenekoa edota antzezlan bat zelakoan publikoak amaiera iritsi arte txalorik jo ez zuenekoa ere aipatzen ditu. “Lan handia izan zen guretzat musikariarekin abestea eta inprobisatzea, ez baikaude tonua hartzen, erritmoa jarraitzen ohituta”, esan du Pereak. Baina gozamena gailentzen zitzaion zailtasunari. “Niretzat bertsokabareta guztiz askatzea zen, pozik, zapore gozoarekin itzultzen nintzen beti etxera. Nahi nuena nahi nuen moduan adierazteko aukera nuen. Neure buruarentzat ekarpen handia izan zen”, dio gasteiztarrak. “Bertso jarrien sortan ikaragarri disfrutatzen nuen. Norberak prestaturiko zerbait publikoak onartzea gauza polita da”, markinarrak.

Saioaren azken zatian oholtzatik jaitsi eta gai librean arituz publikoa zirikatzen saiatzen ziren. “Fisikoki ere zirikatzen genituen. Euren gainean eseri, lumazko boarekin jolas batzuk egin… deseroso sentiarazten saiatzen ginen baina irri batekin nolabait esateko”, azaltzen du Pereak. Kabaretera paper horretan eroso sentitu al ziren galdetuta ez dute zalantzarik. Baietz dio Oihanek: “Pertsonaren arabera izango da hori, baina nire kasuan bai. Azken batean ni horrelakoa naiz, bizitza arruntean ere gustatzen zait jolas hori eta antzezpena ere bai. Bertso saio konbentzional batek gure gaitasun horiek kanporatzeko modurik ez digu ematen, edo ateratzen badituzu pasatzeko arriskua dago, eta beti kontinentzia horretan ibili behar izaten duzu” . Baietz Iratxek ere: “Niretzat hori zen errazena, libreena”.

2006an hasita 69 saio egin zituzten. Formatu txikian hobeto funtzionatzen zuela ikusi zuten, eta gune euskaldunenetatik ateratzeko aukera eman ziela. “Normaletik kanpo zegoen, eta uste dut hori eskertu egiten dela. Ikuskizunaren izen abizenekin asmatu egin genuen eta kartela ere kuriosoa zen, gu hirurok kabareteraz jantzita. Araba aldean, gune erdaldunagoetan asko eskertu zuten musika, ikuskizuna…” esplikatzen du markinarrak.

Bufoia bertsotan

Burlesquearen arbasotzat har dezakegu bufoia. Erdi Aroko gorteetako entretenimendu bat zen eta bere txantxak bazain bat bere itxura eta jokabide xelebrea ziren barre eginarazten zutenak. Baina bufoiak bazuen tolesturarik ere: euren buruaz barre egitera eta herri xehearen errealitateari erreparatzera eramaten zituen boteretsuak txantxa eta txantxa artean. Politikoki zuzena ez denaren artea berriro ere.

2008an jarri zuten martxan Erregea eta Bufoia. Ander Lipusen proiektuak 80tik gora emanaldi ekarri zituen, eta hogeitik gora bertsolarirekin aritu zen, baina Andoni Egaña izan zuen bidelagun lehen pauso haietan. Bertsolaria hitzaren erregetzat hartuz honi erronka botatzen zion bufoiaren rola bereganatu zuen aktoreak. Baina erregea eta bufoia, bufoia eta erregea, saioan zehar paperak elkar trukatuz joaten ziren, bufoiaren bertsoak eta bertsolariaren bufoikeriak tartekatzen ziren bezala. Eta erraztasun harrigarria erakusten zuten jolas guzti honetarako. Aktorea bertsolari ibilitakoa delako agian, edota bertsolariak ere izan dezakeelako bufoi ukitu bat.

Aktore baino lehen bertsolari izan zen Lipus. “Markinan hiru bertsolari ginen: Aitor Elexpuru, Juanjo Elorduy eta ni. Gero Gernikan Haritz Lopategi zegoen. Eta gu ginen Bizkaian mugitzen ginen gazteak” kontatzen du. Jon Lopategi bertso eskolak antolatzen hasi aurretiko garaiaz ari da. “Gure entrenamendua Uztarrirekin egiten genuen, hamahiru hamalau nituenean, eta noizbehinka Trabakun ere gelditzen ginen Eibarko gazteekin, Elgetzu anaiekin, goizeko hirurak arte luzatzen ziren saioetan. Geroago hasi zen Jon Lopategi bertso eskolak muntatzen hara eta hona bere furgoneta hori zahar harekin”. Hasi berritan ezagutu zituen, bada, Unai Iturriaga eta Igor Elortza. “Bertsoa botatzeko ordu erdi behar zuten, eta nik ez nuen ulertzen. Guk Elgetzu eta horiekin, txarra edo ona, etortzen zen bezala tapata! botatzen genuen, ‘a la antigua usanza’”. Eskualdeko txapelketa bat irabazitakoa da eta Bizkaiko Loreetan finalista izandakoa.

Andoni Egaña, berriz, bertsolari baino lehen aktore izan zen. “Gaztetxotan egiten ziren teatro horietan, esango nuke, Patxi Santamariak gurekin batera debutatu zuela. Gertatzen dena da ni oso txarra nintzela, oso lotsatia”, kontatzen du. Eta pailazo ere bai: “Kakax, Kokox eta Kirriki sortu zituztenak nire koadrilakoak ziren. Manolo Urbietaren semea, Joxemi Lukas… oso gertuko jendea, eta sekundario bat egin nuen hemezortzi urterekin edo. Patateroarena egiten nuen”. Gernikan egin omen zuen debuta, eta Errenteria, Azpeitia eta beste dozena erdi bat emanalditan hartu omen zuen parte.

Bilbon egin zen Irudimenaren Merkatua deituriko ekitaldi batean ezagutu zuten elkar. Bertsolariak ziren tartean eta gai jartzaile jarri zuten Lipus. Urtebetera, 2006an, Algortan egin ohi den Umore Jardunaldietarako deia jaso zuen aktoreak eta bertsolariekin batera egitea proposatu zien antolatzaileei. Horrela sortu ziren bertsotranpak. “ Paiatarrak eta Andoni Egaña ziren bertsolariak eta nire pertsonaiak gai jartzaile nahiz aurkezle gisa jarrita Txapelketa Nagusiaren Parodia bat egin genuen”, dio Ander Lipusek. Hala mintzatu zen Zappatrusta laneko bakarrizketa inprobisatuetatik sorturikoak dira markinarraren pertsonaia horiek: Jerry Always Belfasteko showmana, Juan Junda potosikotiko depresiboa, Ignatius poeta mozkorra, Kamaleon Hermeneutikako katedradun argentinarra, Manex Dominitxine iparraldeko kantautorea edo Euxebio baserritar ehiztaria Egaña bertsolariaren anaia, besteak beste.

Bertsotranpekin emanaldi batzuk egin ondoren 2007ko Bertso Egunean aurkezle lanetan aritu zen Lipus. “Honen ondotik beste pausu bat eman nahi nuen aktore moduan eta uztartze horretan. Gai jartzaile eta aurkezle beharrean bertsolariekin erronkan, prosaz nahiz bertsotan, jarri nahi nituen nire pertsonaiak eta Erregea eta Bufoia proposatu nion Andoniri” jarraitzen du. Aulestin egin zuten lehenengoa, Amurizak bezala. “Bero handia egiten zuen egun hartan” gogoratzen du Egañak. “Beldur nintzen berari jarraitzeko gai izango ote nintzen” dio Lipusek. “Nik ere duda hori neukan” egiten du barre bertsolariak. Honela, badaezpada ere, Xabier Silveira ere gonbidatu zuten, Lipus Egañarekin dialektika bat sortzeko gai ez bazen bi bertsolarien artekoa egiteko. Baina Silveira despistatu egin zen eta ez zen agertu. “Biak bakarrik gelditu ginen sekulako jendetzaren aurrean. Eta egundoko beroa egiten zuen. Izerditan biak” deskribatzen du aktoreak Altunaren filmean ikus daitekeen amildegia. Ez ziren erori, ordea.

“Aktore bat pertsonai ezberdin mordo batekin eta gai ezberdinetan inprobisatzen aritzea oso gauza berria da. Gainera benetan inprobisatzen. Eta bertsolari bat aktoreari erantzuten oso zaila da baita” dio Egañak. Esplikatzen du bestearen bertsoa noiz hasiko den eta noiz bukatuko den badakiela berak, arreta noiz jarri behar duen ere bai, baina prosan ari den aktore batekin ez dagoela horrelakorik. “Gero emanaldiak egin ahala hobetuz joan zen dena. Hori asko gertatzen da teatroan. Nik bertsolarien bukaerako arrazoi hori topatu nahi izaten nuen, baina bila denbora larregi pasatzen nuen, topatu ezinda, alegia…”, kontatzen du Lipusek. “Eta guri apurua ematen zigun moztea bila zebilen bitartean. Azken batean bertsotan egiterakoan norberaren txanda zerbait sakratua da. Gero elkar hobeto ezagutu dugu, eta konturatzen naizenean topatu ezinik dabilela sartu egiten naiz tartean”, esanez osatzen du erantzuna zarauztarrak.

Gehienetan Egaña eta Sustrai Colina izan ditu bidelagun Lipusek, baina baita beste bertsolari mordo bat ere. Bertsolari batekin edo bestearekin lan egin alde handiak nabaritu daitezkeela dio: “Oso desberdina zen, adibidez, Viñasprerekin egin edo Fredirekin egin. Fredik oraindik ere geruza esperimental gehiago sartzen zituen. Musikariak ekartzen zituen batzuetan…”. “Azkoitiko Mataderoan egin genuen benetako esperimentua” sartzen da bertsolaria. Lau ordutako bertsotranpa bat egin omen zuten behin. “Inoiz ez dut hain saio luzerik egin, ez bada Txapelketako finala”, esanaz jarraitzen du. “Hainbeste luzatu zenez zerbeza dezente edan genuen eta bukaerarako pixka bat mozkortu ere bai denok. Eta pixalarritu”, dio barrez aktoreak. “Igande batean, gainera”, dio Egañak. “Inauteri igande bat. Gogoratzen dut Andoni mozorrotuta etorri zela…”, Lipusek. “Klaro, bi Paia anaiak, Lipus eta ni izanda ezin genuen oso normala egin”.

Asko dira gutarrak

7 eskaleri buruz berriketan utzi ditugu lehen Josu Zabala eta Igor Elortza. Garai honetarako 2008rako, ordea, euren bigarren proiektua ere jarria zuten martxan, Gu ta gutarrak, eta euren solasetara itzuliko gara ea honen inguruan zer kontatzen duten.

“Ideien nahaspila bat izan zen 7 eskale. Ideien nahaspila oso interesgarria” esanaz utzi dugu Josu Zabala. Gu ta gutarraki buruz kontatzen dituenak ere ez dabiltza oso aparte: “Mekoletako jaietan, bizi naizen auzoan, bertso kalejira bat egiten dugu urtero. Han egin genuen topo eta Unaik komentatu zidan zerbait egiteko gogoarekin zebiltzala. Astelehenero elkartzen hasi ginen eta egiten genuena zen ez bertsorik idatzi eta ez musikarik sortu baizik eta eztabaidatu ze cojones egin nahi genuen. Horrela joan ziren bi, hiru, bost, hamar eta baita dozena bat bilera, jira eta buelta kontzeptua argitu nahian. Hori bai, eztabaidatzeaz nekatu ginenean, behin parametroak finkatutakoan, sorkuntzak ikaragarrizko abiada hartu zuen: hilabete batean material guztia eginda zegoen”. Igor Elortzak honela gogoratzen du: “Bertso saio tradizionalaren estruktura, agenda eta abarretik haratago gure ekarpen pertsonalagoa egiteko gogoz ginen Unai eta biok. Bestalde, musikariekin berriro lan egiteko gogoa ere bagenuen, kamerinoa konpartitu, furgonetan atzera eta aurrera ibili eta kontu horiek. 2006ko Bizkaiko txapelketara ez joateko erabakia hartu genuen proiektua lasai eta denborarekin garatu ahal izateko, eta bidean sortzen zitzaizkigun ideia nahiz bertso solteak biltzen joan ginen. Azkenean, Josuri deitu genion, eta ezertan hasi aurretik asko hitz egin genuen. Asko”. Zertaz aritzen ziren galdetu diogu eta erantzuten du 7 eskaleren balorazio kritikoa egin zutela, eta zerbait soilagoa eta pertsonalagoa egin beharra ikusi zutela. “Hasieran nebulosa orokor bat zen guztia baina uda partean astean behin gelditzen hasi ginen. Paseo luze batzuk egiten genituen, zerbeza batzuk hartu eta pixkanaka, abiapuntu horretatik, barrutik ateratzen zen horretatik, puzzlea osatzen joan zen”.

7 eskale enkarguz sorturikoa zen, tematikoa eta fikzioan barneratzeko aukera eman zien bide bat. Gutarrakekin euren eta ingurukoen kezka eta bizipenak azaldu nahi zituzten, modu libreago batean. “20 urterekin gaien bila zabiltza eta 30ekin gaiek pertsegitu egiten zaituzte”, bota du Elortzak esaldi biribila. “7 eskalerekin ateratako biak enkarguak izan ziren. Bigarrena ere drogaren inguruan egindako jardunaldi batzuetatik sortu zen. Normalki bertsolaritzan agertzen ez ziren ideia batzuk jorratzeko aprobetxatu genuen. Oso ideologikoa zen. Gu ta gutarrak, aldiz, gure ekimena izan da. Beste gauza bat. Erabaki genuen gu geu izanda benetan gehiago esploratzea eta horrelako gauza batean bat-batekotasuna integratzea. Oso lan psikoanalitikoa eta sozioanalitikoa egin genuen hemen”, esplikatzen du Josu Zabalak.

Urte batzuk lehenago Tribuaren hitz galduak ikuskizuna eman zuten Pako Aristi idazlea eta Mikel Markez abeslariak. Emanaldi bakoitzera kolaboratzaile ezberdinak gonbidatzen zituzten eta, tartean, Unai Iturriaga eta Igor Elortzari ere tokatu zitzaien. Ideia polita iruditu zitzaien eta horrelako zerbait egiten saiatu ziren Gutarrakekin: emanaldi bakoitza izan zedila lagun arteko festa bat, eta lagun ezberdinak gonbidatuta emanaldi bakoitza izan zedila erabat ezberdina. 2007ko urtarrilean hasita 64 emanaldi egin zituzten urte eta erdian, eta gonbidaturiko artisten, gutarren, zerrenda amaiezin bat joan ziren osatzen: Bixente Martinez, Rafa Rueda, Xabier Amuriza, Niko Etxart, Mixel Etxekopar txirularia, Ander Lipus aktorea, Karidadeko Benta, Fredi eta Xabi Paia, Asisko Urmeneta, Javi Cepeda gitarrista, Ramon Agirre, Harkaitz Cano, Etxahun Lekue, Iker Goenaga soinujolea, Jon Benito poeta, Mattin marrazkilaria, Ubeda anaiak (Bide Ertzean, Deabruak Teilatuetan), Ornitorrinkus, Asier Arroitajauregi diseinatzailea, Manex Agirre, Bingen Mendizabal musikaria, Kirmen Uribe, Petti, Jon Maia, Aitor Txarterina, Errezilgo bertso eskolako kideak, Toño Muro eta Marino Goñi (Balerdi-balerdi), Ruper Ordorika, Iñaki Murua, Dr. Jaiki & Mr. Jai raperoak, Pako Pekau (Potato), Nerea Elustondo, Joseba Tapia, Katamalo, Gorka Urbizu (Berri Txarrak), Josu Goikoetxea, Ines Osinaga (Gose), Leire Bilbao idazlea, Iban Arantzabal kazetari eta blogaria, Zpeiz Mukaki… Hamaika lagun eta beste hainbeste esperimentu. Alor ezberdinen arteko etengabeko joan etorria.

“Musikarion artean komentatu izan dugu polita litzatekeela banda indartsu batek lagunduriko bertso saioa, goitik behera inprobisatua eta musika estilo ezberdinak jorratuko dituena. Oso artefaktu kultural potentea izango litzateke, orijinaltasun berezia izango zukeena. Iruditzen zait nonbait ematekotan hemen izango dela… Eta iruditzen zait baita Gu ta gutarrakekin aurreko proiektuetan baino zuzenago eta gehiago jo dugula horretara”, dio Josu Zabalak. Bertsokantaren kontzeptua aipatzen du Elortzak, eta dio 7 eskalerekin alderatuz gero musika soilagoa zela, bertso sorta egituratu ondoren sorturikoa. Inprobisazioari utzitako tartea ere biek azpimarratzen dute: ikuskizunak hezurdura bat zuen, baina bat batean sortuak joaten ziren tarte asko. “Hertzainakekin ere, kontzertuak zerbait mekanikoa bihur ez zitezen, saiatzen ginen kantu zerrendak ez errepikatzen. Baina kantuak itxita zeuden eta askotan deskonektatu egiten nuen Gari egiten ari zenetik. Gutarrakekin uneoro atentzio osoa eskatzen zuen partida bat zen: ‘ea zer sortzen den inguru honetan’… Nik uste dut hori oso oso magikoa dela”, dio Zabalak.

Aitzakiaren bat jartzekotan lurrartzea aipatzen du Elortzak. Lan asko eskatu arren emaitzak erabat ase zituela dio, euforikoak izaten zirela emanaldi gehienak, edo Zabalak ere esaten zuela Hertzainaken garaitik ez zuela hainbeste diana aldi berean jo. Kontatzen du kostatzen ari zaiela, oraindik ere, bertso saio arruntetara itzultzea: “Proiektuak iraun zuen bitartean oso plaza gutxi egin genuen, eta erabat geure kapritxora egindako saiotik ohikora itzultzea, garbi esanda, nahikoa gogorra izan zen. Ez dakit oraindik ere guztiz aterrizatu dugun”.

Musikari beteranoak aise ulertzen ditu bertsolariaren hitzak: “Bai, imajinatzen dut. Norberak antolatzen duenean guztia eta ez dagoenean ez gai jartzailerik eta ez ostiarik… Askozaz ere lan pertsonalagoa da eta beste intentsitate bat dauka. Seguru nago poz handiak hartu zituztela saio askotan. Gainera publikoak asko eskertu zigun egindako lan guztia. Benetan sentitzen genuen zerbaitetarako balio zuela gure lanak. Feedbacka izugarria zen emanaldien ostean”. Baina berak ere badauka bere kexa, ahosabaian gelditutako mingostasun puntua: “Egia esan garai batean iruditu zitzaidan gure esfortzu guztia alferrikakoa izan zela. Espero nuen batez ere gazteen aldetik horrelako joerak agertuko zirela. Gure ereduaren eztanda bat amestu nahi nuen eta egia da ez dela gertatu hori… Badira gauzak, eta egin dira, baina nik gehiago espero nuen”.

Bertsojazza eta beste

Egin dira bai gauzak. Eta batzuk oso interesgarriak. Esaterako, Gu ta gutarrak bukatu berritan, 2008ko udan, bertsojazza estreinatu zen. Letra doratuekin estreinatu ere: Donostiako Jazz Festibalean eta Victoria Eugenia antzokia leporaino beteta zela.

“Nik dakidanez lehenengo ideia Unai Elizasurena izan zen. Bururatu zitzaion bertsolarien inprobisazioa eta jazzarena elkarrekin uztartzeko modukoak izan zitezkeela, eta Donostiako Jazzaldiari proposatu zion. Haiei gustatu egin zitzaien eta Unai bera jarri zen gurekin harremanetan”, kontatu du Bixente Martinezek. “Gu, bertsolari asko, sarritan aritu gara Bixenterekin kolaborazio puntualetan. Maialen eta biok, adibidez, Igelaren Bandaren hastapenetan egin genuen kolaborazio batean ezagutu genuen, duela ia hamabost urte. Oraindik ere bertsoa eta musika uztartzea ez zen hain arrunta garai hartan” dio Jon Maiak. “Beraz, bazegoen aurretik elkarren ezagutza bat, elkarrekin egindako bide bat, bertsojazzarena sortu zenerako”, jarraitu du esaten.

Ideia planteatu zitzaienetik denek argi zuten ez zirela bertso jarriak izango. “Zeren bertso jarriak eta hauei egokituriko musika aspaldi asmatu zen” dio Martinezek. Hasieratik argi zuten beste puntu bat bertsolari eta musikarien sorkuntzen arteko orekarena zen: musika ez zen bertsoen lagungarri soila izango. “Gogoan dut lehen saioan nik banuela bidalita Victoria Eugeniara nola antolatu dena. Eta iritsi nintzenean audioko teknikariek bertsolarien mikrofonoak aurrean eta musikarienak atzean zituzten jarrita. Betiko eskema. Dena aldatu behar izan genuen eta U forman jarri” azaltzen du musikariak. “Ez ziren bi ikuskizun solte eman nahi eszenatoki berean, guztiok talde berean integraturik egon behar genuen”, gaineratzen du Maiak.

Ez zen lan erraza izan. Maiak azaltzen duen bezala “inork ezin du ziurtatu norbere burura ideiak ze erritmotan datozen”. Bost musikari ziren eta, beraz, dezenteko abilitatea behar zuten bertsolariak moteldu edo hanka sartu zuenean denek batera erreakzionatzeko. “Musikariok taldean lan egiteko ohitura gehiago dugu bertsolariek baino. Badakit horiek ere elkarri laguntzen diotela, baina aspektu musikalaz ari naiz. Bertsolari bakoitzak nahi duen tonua hartzen du, nahi duen abiada…” dio Martinezek. Maiak konpas librea aldarrikatzen du irtenbide gisa: “Konpas librea denean ez duzu egokitu behar hori. Bestela askotan martxan datorren tren bat ikusten duzu, laugarren konpasa da martxan doan tren horretan irekita dagoen ate bakarra, salto egin eta parean harrapatu behar duzu ate hori…”.

Horrelako esperimentu batetara zeren bila sartzen den bat galdetu diogu bertsolariari. Izan ere agobio puntua sartu zaigu trenaren kontu horrekin. “Esperientzia bat, eta erronka bat ere bai. Horrelako mailako musikariekin proiektu bat egitea oso interesgarria da norberarentzat. Igual pentsa dezakezu denboraz larri ibiliko zarela, agian sufritzea ere tokatuko zaizula moldatzen asmatzen ez duzulako… Baina gehiago tiratzen du grinak, esperientzia hori bizi nahiak eta beraiekin egoteko aukerak. Emanaldi berezi horietarako deitzen zaituztenean poza ematen dizu”

Bixente Martinezek gustuko du gaia, eta zirikatzen hasteko ez du askorik behar: “Hainbeste bertsojazz, bertsotrama, bertsotal… Kanpotik batzuetan inpresioa dut bertsolaritza eta beste alorra ura eta olioa bezala direla, elkarrekin egoten direla baina ez direla nahasten. Beharko litzateke bertsolaria gehiago pringatzea eta beste alorretako artistekin benetako hibridazioak egitea… Musikaren kasuan, adibidez, helburu berdinarekin ibiltzea eta bertsolariak zerbait ikastea musikarien lan egiteko manerarekin”. Maiak dio agian bertsolariak ez direla uste nahi den bezain polibalenteak: “Egia da gure jarduna kamaleoniko samarra dela, baina aitortu beharko da gutako asko nahikoa ortopedikoak ere garela zentzu askotan, musikari dagozkionetan adibidez” erantzuten du bertsolariak.

Hamarren bat emanaldi egin zituzten bertsojazzarekin. Baina bai musikariari, bai bertsolariari Victoria Eugeniako estreinaldi hark utzi zien arrastorik sakonena. “Urduritasuna, Jazzaldiaren markoa, Victoria Eugenian eta beteta, eta lehen inpresioak kantatzean, lehenengo inpresio handiak, bertsoak ze indar hartzen zuen momentu batzuetan musikarekin… Politena lehen hura” dio Maiak. “Hura oso berezia izan zen. Aurreko egunean gogor egin genuen lan baina apustu arriskutsua zen, eta ondo atera zela ikusi genuenean sekulako poza eman zigun… Gero, gogoratzen zait, agian kontzertu osoa ez baina egon direla momentu batzuk oso bereziak: Durangon egin genuen hartan, adibidez, kantu batzuk oso ondo atera ziren” kontatzen du Bixente Martinezek.

2009an, bertsojazza bukatu berritan, MC Txirrita, bertsoaren eta raparen maitasun istorioa izeneko dokumentala aurkeztu zuten Xabier Silveira eta Unai Muñoak. Anitzak Hitzak ekimena, Doka eta Loiolako gaztetxean egindako Bertsound Systemak, hainbat parte hartzaileren hitzak eta Muñoak Silveirari eginiko elkarrizketa jasotzen ziren bertan.

Bertsoa eta raparen arteko maitasun istorioa bertsoa eta jazzaren artekoa baino urrunagotik zetorren. Urte batzuk baziren bertsolari batek edo bestek euskarazko rap abeslariekin puntualki topo egiten zuela. Estiballes aritua zen Norte Apachekoekin, Silveira Maisha MCrekin, Muñoa Selektah Kolektiboko kide batzurekin… Selektahko Aritz Sound System izan zen ideia izan zuena: bertsolariak, rap abeslariak, graffiti margolariak, disko jartzaileak eta break dantzariak elkartzea emanaldi berean. Ordizian egin zuten lehenengoa, 2007an, oraindik izenik jarri gabe, eta 2008tik 2010era pare bat dozena gehiago Bertsound System bezala. Xabier Silveira eta Unai Muñoa izan ziren ohikoan bertsolariak, baina aritu ziren Iñaki Viñaspre eta beste ere. Rap abeslariak, berriz, Daddy Jeff, Norte Apache, 121 Crew, Maisha MC eta Rufo ziren gehienetan. Euskaraz aritzen ziren batzuek eta besteak, eta elkarren aurka desafioak ere egiten zituzten.

Anitzak Hitzak zerbait beranduago sortu zen, 2008an. Bunpada Sound musika taldeak eta etorkinen Anitzak kolektiboak jarri zuten martxan proiektu multikultural hau. Euskal Herriaren aniztasunaren isla izatea zen helburua eta rapa, rocka eta herrialde ezberdinetako folklorea fusionatu zituzten, hizkuntza ezberdinak (euskara, gaztelera, arabiarra, portugesa), ikuskizunean parte hartzen zuten jatorri ezberdineko jendearenak, erabiliaz. Bertsoundeko bertsolari eta rap abeslariek hemen ere hartu zuten parte. Anitzak Hitzak diskoa kaleratu zen 2010ean.

Egin dira gauzak musika eta bertsoa uztartuaz. Batzuk kuriosoak, gainera. Bertsojazza eta Bertsoundaren garai beretsuan Fredi Paia, Etxahun Lekue eta Arkaitz Estiballes hasiak ziren Hudaltzainak taldearekin emanaldiak eskaintzen. Film labur batekin hasi zen istorioa: Josu Martinez eta Txaber Larreategi zinegileek, bertsotan ibilitakoak, Santutxuko bertso eskolan hauek ere, euren Looking for Mister X lana promozionatzeko taldea sortzea proposatu zieten bertsolariei. Santutxuko gaztetxean bertsorastafariak, gitarraz lagunduta Bob Marleyren doinuekin buruturiko bertso saio espontaneoak, egitetik ezagutzen zuten elkar eta gustura eman zieten baiezkoa. Hiru bertsolariek lau musikarirekin egiten zuten saioa, abesti ezagunen (Bob Marley, The Police, Bob Dylan, Hertzainak…) gainean gai librean inprobisatuaz edota eurek sorturiko kantu satirikoak eskainiaz. Taldearen izenak berak Hertzainak taldeari egiten zion keinuak agerian uzten zuen bezala, txapel gorriarekin ateratzen ziren taulatu gainera zalantzarik izan zezakeenarentzat, umorea zen hibridoaren osagai nagusia. Eta arrakasta izan zuen formulak: film laburra promozionatzeari laster utzi zioten, baina taldeak 2011 arte egin zuen bidea, dozena pare bat emanaldirekin.

Tramarraskiya eta Movieda

Bertsoa eta musika edota bertsoa eta antzerkiaren arteko hibridazioak izan dira gehien egin direnak. Baina izan da bestelakorik ere.

Bat bateko bertso eta marrazki saio batzuk ere egin izan dira. Asisko Urmeneta eta Aitor Txarterina marrazkilariek, esaterako, egin dituzte horrelako emanaldi batzuk, tartean, Gu ta gutarrakekin eskainiriko pare bat.

Bertsotramarraskiyari erreparatu nahi izan diogu, ordea, gehixeago. Izenean hiru hitz elkartzen dituen lehenengoa izateaz gain aurretik aipaturiko bertsotramen eta bertso-marrazkien garapen gisa ere har daitekeelako nolabait. Bigarren belaunaldiko hibridazio bat, alegia, dotoreago esatearren.

“Aiora Azagirre dago hor hasieran. Bilboko Udalak euskara eta euskal kulturako ekintzen hilabete baten antolakuntza eskaini zion Topaguneari eta Topagunetik Aiora etorri zitzaidan esanez bertsoarekin zerbait berria, gaztetxoei zuzendurikoa, egin nahi zutela ”, kontatzen du Xabi Paiak, proiektuaren ideologoak. “XXI. mendean bizi gara eta gazteek jada ez dituzte liburuak irakurtzen, bideoak ikusten dituzte. Hitzaren indarra ezin zitzaion kendu, bertsoa hitza delako batez ere, baina elementu audiobisual gisa saldu beharra zegoela oso klaru izan nuen hasieratik. Beraz, bertsoa eta marrazkia, eta lotura egiteko eta gazteengana hurbiltzeko trama bat” jarraitzen du. Bi baldintza jarri zizkien Topagunekoei: batetik bertsolariak alboetara eta irudia erdian kokatzeko zine pantaila bat,eta, bestetik, Patxi Gallegok izan behar zuela marrazkilaria. “Ni garai hartan Xabinaitorren jarraitzaile itsua nintzen. Komiki horrek ekarri zuen aire berri postmoderno apurtzailea zoragarria iruditzen zitzaidan. Iruditzen zitzaidan sintonia ona izan genezakeela eta gaztetxoentzat oso egokia izan zitekeela”, dio Paiak.

Patxi Gallego ez da inoiz bertsozalea izan: “Xabinaitorrek omeopatari esaten zion bezala, ni euskalduna naiz betidanik eta bihotzez, Benito Lertxundiren Orreagak bere garaian erabat markatu ninduen, baina bertsozalea ez naiz izan. Badakit zein diren bertsolariak, eta prentsa arrosakoak baina gehiago jarraitzen ditut, baina bueno…” Baiezkoa eman zuen hala ere. Zergatik animatu zen galdetuta ez dauka oso garbi: “Hori ari nintzen ni pensatzen, zergatik esan nuen baietz. Galdera ona. Ezetz esaten ez jakiteagatik agian… Egia esan garai hartan beste gauza batzuei eman nien ezezkoa. Nik uste dut irudia zeukalako esan niola baietz. Xabinaitor bukatu eta lehen gauza ETBrako ekoiztetxe batek gidoilari bezala aritzeko proposatu zidan, baina nik komikia nahi dut egin. Gero ez naiz oso bertsozalea izan, baina euskal kulturaren baitako sentitzen naiz, eta inguru horretan zerbait berria egiteko proposatzen badidate interesgarria iruditzea ere litekeena da”.

Paiak trama bat prestatzen zuen, Gallegori pare bat egun lehenago pasatzen zion, eta saioan bertan bertsoak entzun ahala egiten zituen marrazkiak errenteriarrak. “Benetako hibridazioa izateko ezinbestekoa zen marrazkiak bertsoek egiten zuten bidearen arabera sortuak izatea, bat-batekoak izatea. Hori beretzat deserosoa zen, baina ez nuen nahi aldez aurretik egindako marrazkiak tartekatuko zituen norbait”, esplikatzen du Paiak. “Aberasgarria izan zen, noski. Baina botatzen nituen izerdiak… Ez dakit zenbat irauten zuen baina maratoi bat zen niretzat. Hauek, bertsolariak, inprobisaziotik bizi dira, eta nahikoa natural ateratzen zaie. Ni, ordea, justu kontrakoa naiz: probak egin, zuzendu, xehetasunak zaindu, etxean goxo-goxo. Eta erabat nekatuta bukatzen nuen, bai fisikoki, bai mentalki”, dio Gallegok. “Agure bat zarenean eta Altzeimerrik ez daukazunean eskertuko didazu” jotzen dio adarra bertsolariak.

Bertsotraman bezala pertsonai bana egokitzen zitzaion bertsolari bakoitzari. Eta agurretan bertsolariak zineko pantailan ikusten zuen nola Gallegok bere pertsonaia horren irudia osatzen zuen. Marrazkilariak bertsoari jarraitu behar zion, baina bertsolariek ere hitzetatik beharrean irudietatik abiatuta egin behar zuten beren lana. “Amaren poltsa ireki eta hau aurkitu duzu botatzen nuen gaia eta isildu egiten nintzen. Patxi marrazten hasten zen eta pantaila handian ikusten zen poltsa barruan esku-burdin batzuk zeudela. Bertsolaria hasten zen bertsotan eta marrazkiak aurrera jarraitzen zuen: dentadura postizo bat, labana handi bat… Horrek ikaragarri zabaltzen zuen espektroa”, kontatzen du Paiak. Lau bertsorekin koadro bat osatzen zuen marrazkilariak, eta osatutakoan berriro ekiten zion. “Bertsolariak konturatzen ziren ekintza gehiegi jarrita koadroa ezin zitekeela behar bezala osatu, eta deskribapenera jotzen zuten. Metodo deskriptiboa nagusitu zen…”, dio bertsolariaren gogoetak. “Arte guztiz iragankorra zen, berehala borratu berehala berria egiteko. Pantaila garbitu beharra nuen aurrera jarraitzeko”, dio marrazkilariarenak. “Bertsolaritza hori da” diotsa Paiak.

Publikoak saioa pantailari begira egiten zuela kontatzen dute. “Kuriosoa da bertsolarien alde kinesikoa nola hutseratu zen, ez ziren mugitu ere egiten. Ordainetan ahotsarekin, adibidez, gehiago jolasten zuten. Egia esan, banaketa nahiko modu naturalean gertatu zen: bertsolariek bazekiten informaziorik gehiena irudiek ematen zutela, eta marrazkietako pertsonaien pentsamendu hipotetiko batzuen bikoizketa moduko bat egiten zuten”, esplikatzen du Paiak. “Bat-bateko zinema existituko bada gure saio horietan nahikoa gertu ibili ginen”, borobiltzen du.

Beasaingo Arrano Kultur elkartekoek ere izen kuriosoa jarri zioten asmakuntzari: bertsomovieda. Eta hori ere, nolabait, bigarren belaunaldiko hibridazioa dela esan genezake. Aitor Sarriegik azaldu digu bilakaera: “Zortzi urte generamatzan bertsopaper lehiaketa antolatzen, saio musikatua ere egiten genuen bertsookin, baina bertso on asko atera arren belarri gutxitara iristen zirela konturatzen ginen. Geldialdia egin genuen, formatuari buelta batzuk eman genizkion, zerbait multimedia egiteko gogoa geneukan, eta Alaia Martinek Argentinatik bidali zuen bideoa ikusi genuenean pentsatu genuen horrelako zerbait izan zitekeela”.

Joan den urtean 26 bideo jaso zituzten eta aurten 33 izan dira. Gabiriako kuadrilla batek bertsoa eta bere inguruarekiko harremana aztertzen duen esperimentua bidali die: Burgosko plazan, Ikean, Mc Donals batean…. ezohiko tokietan bertsotan eginda sortu diren erreakzio ezberdinak jaso dituzte; bertsoa bota aurretik bertsolariari burutik pasatzen zaizkion ideiak azaltzen ditu irudietan beste lan batek; multak bertsotan jartzen dituen munizipalaren abenturak kontatzen ditu hurrengoak…

Bertsopaperetatik bertsomovietara parte hartzaileen profila erabat aldatu dela dio beasaindarrak: “Gutxik errepikatu dute batetik bestera. Oraingo formatuarekin normalean taldean egindako lanak izaten dira, eta tartean izango da bertso munduarekin zerikusirik duenen bat ere, baina gehienak inoiz bertsopaper lehiaketa batean parte hartu gabekoak direla esango nuke. Bestalde bertsopaper lehiaketa askotan ibili den jendea galdu dugu, hori ere esan behar egin behar da…” Denen gustua ezin egin. Kexarik ez dute, ordea, parte hartzaile kopuruarekin eta parte hartu duten lanen mailarekin. Epaile lana da kezka gehiago sortu diena: “Zalantza ere sortzen da batzuetan gauza batzuk baloratzeko prestatuta ote gauden. Ikus-entzunezkoen alorrean jantziagoa den jendeari ere zabalduko diogu agian hurrengoetan epaimahaia”.

Ikus-entzunezkoekin, beste alor batzuekin egindakoekin alderatuta behintzat, uztarketa gutxi eman da urte hauetan. “Bertsolari pelikula hor dago, noski, benetan lan bikaina da. Baina niri ere kuriosoa iruditzen zait alor honetan beste batzuetan baina askoz ere gutxiago esperimentatu izana. Gainera, kontutan hartu behar da ikus-entzunezko hainbat profesional eta bertsolariren artean aspaldidanik dagoela harremana, eta harreman estua dela. Badira bi hamarkada telebistan Hitzetik Hortzera daukagula”, dio beasaindarrak. Ez dio azalpenik topatzen hutsune honi. “Ez dira ahalegin asko egin”, errepikatu du.

Karteldegian

Xabier Lizaso piano-joleak eta Andoni Egañak Bi arreba ikuskizuna eskaintzen dute, Chopin eta Xenpelarren arteko ahaidetasunak bilatzen dituen proposamena. Antzerkia, poesia, musika eta bertsoa uztartzen dituen Ez gara Palestinaz ari jarri dute martxan Ander Lizarralde eta Unai Muñoak. Begiradak antzerki taldeak Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio eta Andoni Egañaren hitzetan oinarrituriko teatro eta dantza emanaldia sortu du. Oskar Estanga eta konpainia munduko musikekin bertsotan dabiltza…

Gehiago ere izango dira ziurrenik momentu honetan Euskal Herrian batetik bestera dabiltzan bertsoaren inguruko hibridoak, baina beste biren testigantzak jasotzearekin emango diogu amaiera errepaso moduko honi. Lehenengoa bertso mundutik irtendako ideia bat da eta bigarrena bertso mundura ekarritakoa. Lehengoak areto handiak eskatzen ditu eta bigarrena tabernatik gaztetxera ibili da orain artean. Lehenengoak baditu bere webgunea eta marketina, Lankuren azpiegitura, gogoeta burutsu baten aurrelana, hainbat kolaboratzaile eta entsegu lan gogor bat. Bigarrenak ez du horrelakorik. Esanguratsua iruditu zaigu, biek uztarketa berri bat proposatu arren, bi proposamenak elkarrengandik hain ezberdinak izatea.

Bertsolaritza oinarri duen dantza emanaldiaren ideia Unai Elizasuri bururatu zitzaion. Bertsoa eta dantza tartekatzen zituen Upeletan Erronkak ere, eta Errenteriako 2002 urteko Bertso Egunean egin zen tartekatzeaz haratago bi diziplinak uztartu zituen saio oso interesgarri bat, baina uztarketa planteatzen zuen proiektu jarraiturik ez da izan orain arte. Hortik bide bat egin zitekeela iruditu zitzaion eta Aiert Beobideri, ikaskide izana eta laguna, deitu zion. “Bertsoak erritmoa du, eta beraz, dantza daiteke. Unai bere ideiarekin etorri zitzaigunean Haatik Dantza Konpainian proiektu berrietan pentsatzen ari ginen eta ideia ona iruditu zitzaigun. Nola egin zen arazoa”, kontatzen du Beobidek. Sustrai Colinak egin zituen bertsoak eta, dantza garaikidea eta euskal dantzak nahasiaz, bertso horietan oinarrituriko koreografiak sortu zituzten, baina beti ere bertso saio baten egitura errespetatuaz. “Bertsolariak oholtzara ateratzen diren unetik hasten da. Bost aulki eta bost ur botila dira atrezzo guztia, eta pixkanaka saio bati dagozkion ariketak egiten dituzte: hasierako agurra, ofizioak, puntuka…” esplikatzen du Elizasuk. Aiert Beobideren ustez dantzaren ikuspegitik badaude berrikuntza interesgarriak: “Testuari dagokionez, normalki, dantza ikuskizunetan publikoak ez du azalpen labur bat baino jasotzen. Kasu honetan bertsoaren gainean ari gara: testua uneoro eskura daukate. Bestalde bertsolaritzarekin gertatu ohi den bezala, gaurkotasunezko gai oso zehatzei buruz aritu behar izaten dugu eta hori ere ez da hain ohikoa. Beraz, ikusteko oso erraza da, ez da batere anbiguoa, eta gertukoa da, gertuko gaiak ukitzen ditugulako”.

Errimak oinetan, dantza berriak bertsoei jarriak da ikuskizunaren izen osoa. Inprobisazioa dantzariek jartzen dute, bada. Eta emaitza, bertsolariekin gertatu ohi den bezala, momentuko inspirazioari bezainbeste aurretik egindako lanketari zor zaio. “Lan handia egin dute bertsolariek taulada gainean izan ohi dituzten jarrerak, keinuak, maniak barneratzen. Bertsolari batek baino gehiagok esan izan dit oso ongi egiten dutela euren parodia” dio Elizasuk. Beobidek gaineratzen du Sustrai Colinak euren izaeren eta interesen inguruan galdetu ziela bertsoak egin aurretik, eta eurentzat propio prestaturikoa dela testua: “Oso pertsonifikatua da. Esaten da: zatozte Onintza eta Aiert eta hau da zuen gaia. Gaia guk aukeratu dugu, ematen zaizkigun rolak ere bat datoz gure izaerekin, eta horrek sinesgarriago egiten du gure interpretazioa”. Isiltasunaren inguruan egin dituzten gogoetak eta, berebat, publikoari barre eginaraztea ere, berriak omen dira eurentzat.

Ohiko bertso saioetako publikoa ez dute hainbeste sumatu. Gehiago hurbildu omen dira dantzaren mundukoak. “Ez da erraza suertatzen ohiko bertsozaleei saioa esplikatzea bera ere”, dio Elizasuk. Ez dago bertsolaririk oholtza gainean baina Sustrairen bertsoak Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus, Olatz Prat eta Saroi Jauregiren ahotsean entzun daitezke. Igelaren Bandak, Bixente Martinez eta konpainiak, musikatu dituzte bertsook. Eta Mikel Urdangarin, Katamalo, Fauna txiki bat, Gu ta gutarrak eta Maddalen Arzallus eta Miren Amuritzaren kantuak ere tartekatzen dituzte.

Bertsoclownaren ideia Andoni Egañari bururatu zitzaion, Andoni Egaña clownari. “Urte mordo batean Mendarora bertsotara joan izan gara Motxail egunean. Azken urteetan Andonik bere clown ikuskizuna egiten zuen gu bertsopoteoarekin hasi aurretik. Behin, batere espero ez genuela, bertara iritsi eta ‘eh, ni gai-jartzaile izango naiz eta nire ikuskizunaren sartuko zaituztet, zer iruditzen zaizue?’ bota zigun. Saio informala da Mendaroko hori eta egokia iruditu zitzaigun” kontatzen du Jokin Urangak. Egañak honela gogoratzen du: “Ni bertakoa naiz eta Motxail egunean emanaldi bat egiteko eskatu zidaten 2010ean. Egin nuen eta bukatu zenean gehiago eskatzen zidan jendeak. ‘Bertsolariak etorri al dira?’ galdetu nien, eta hala Ministro eta Jokin Urangarekin batu nintzen, eurak gai librean ari zirela. Ongi funtzionatu zuen, buelta batzuk eman nizkion eta 2012an jada forma emanda joan nintzen, egitura bat eta gai batzuk prestatuta. Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Izagirre eta Jokin ziren bertsolariak eta ongi iruditu zitzaien”.

Bertsolariak ez dira errez kikiltzen: “Leku berri bat izan balitz, erreferentziarik gabekoa, seguruenik gehiago kezkatuko ginatekeen. Baina Motxail eguneko giroa ondo ezagutzen dugu, Andoni bera ere ikusita geneukan bere jardunean eta bagenekien gutxiago edo gehiago nolakoa izango zen”. Oso ongi irten zen eta clownak ikuskizunarekin aurrera jarraitzeko proposamena egin zien. Bertsolariak ez dira errez kikiltzekoak eta Itziar, Azpeiti, Plentzia, Oiartzun, Antzuola, Gernika eta Berriatua etorri dira Mendarokoaren ondotik.

Emanaldiaren hasieran librean aritzen dira hiru bertsolariak eta clowna. “Izena dela eta urteak daramatzat kalean ‘hi, bota bertsoa!’ entzuten, eta, halako batean, bertso eskolan apuntatzera ere iritsi nintzen”, kontatzen du Egañak. Bertsolari txarra omen da, baina clown bezala errazago egiten omen du: “Andoni bezala bertsoa eztarriraino bakarrik iristen zait, hortik aurrera ez zait ateratzen, ezta lagun artean ere. Baina sudur gorria janzten dudanean kristoren askatasuna sentitzen dut, eta orduan bai ateratzen zait, baita oholtza gainetik ere”. Gainera clownari dena barkatzen omen zaio: “bertso ona ateratzen bazait sekulako txaloak egiten ditu jendeak eta txarra ateratzen bazait, normalean horrela izaten da, grazia egiten die…”. Librekoa bukatu ondoren Txapelketarekin hasten dira. Publikotik hiru epaile eta idazkari bat aukeratzen ditu Egañak, mahaitxo batean jartzen ditu, eta jarraian Finalaren aurkezpena egiten du “Ruper Ordorikaren musika eta parafernalia guztiarekin”. Bera gai jartzaile aritzen da eta binaka, ofizioka eta kartzelako lanean jartzen ditu bertsolariak. “Hor jada ez dut bertsotan egiten. Gaia jarri eta pertsonaia bat hartzen dut, eurak bertsotan ari diren bitartean nik pertsonaia hori antzezteko. Adibidez, bata Infanta izan daiteke, bestea Urdangarin eta nik bizkarzainarena egin”, esplikatzen du Egañak. “Askotan clownak hartzen du protagonismo handiena eta, zenbaitetan, kontzentrazioari eusteko arazoren bat ere izan dut. Igual bertsotan ari zarela ondora etorri eta zerbait egin dizulako… Baina esan beharra dago konfiantza handia transmititzen digula eta ez gaituela hain bide estuetatik eramaten”, dio Urangak. “Haiek abesten ari diren bitartean nire fokua jaisten saiatzen naiz, oreka mantentzeko. Isiluneetan, pentsatzeko tarteetan, neureganatzen dut berriro” gaineratzen du Egañak. Bukatzeko epaimahaiak bere puntuazioak ematen ditu idazkariaren ahotik eta sari banaketa egiten dute: “Publikoko jende gehiago ateratzen dut paper horiek egitera ere. Lehen saria Diputazioko ez dakit zeinek ematen duela esaten dut eta publikoak txistuka hartzen du, bigarren saria Bertsozale Elkarteko norbaitek eta dena txaloa… Festa polita izaten da”.

Saioen aurretik ez da ezer prestatzen bertsolariekin. “Besarkada batzuk ematen dizkiet atera aurretik, eta kito. Urte batzuk daramatzat clown bezala, Oihulari Clownekin eta Birginia Imazekin ere egin ditut kolaborazio batzuk, badaukat pertsonaia bat landuta, eta emanaldiaren pisua, erritmo eta interpretazio aldetik, neuk eramaten dut”, dio Egañak. “Andonik berak eramaten ditu emanaldiaren bridak” aitortzen du Urangak.

Egañaren iritziz saio arrunt batekin alderatuta umore plus bat da bertsoclownak eskaintzen duena: “Saio arruntetan ere badago umorea, baina nire ustez dramatik gehiago jotzen da, oso serio aritzen dira normalean. Eta jendea umore gosez dagoela iruditzen zait”. Krisia aipatzen du, eta irriaren balio terapeutikoa. Erabat bokaziozkoa da haren jarduna: “Clownak bizitza aldatu zidan. Sudur gorria jarri nuenean nire barruan puzzlearen pieza guztiek bat egiten zutela sentitu nuen. Ez nekien nora eramango ninduen, baina argi neukan hau zela nire bidea”.

Boomaren atzean

“Bizkaian bere garaian bertsotan gurekin ibilitako hainbat jende gauza ezberdinetan dabil orain: Ander Lipus, Mikel Urdangarin, Unai Elorriaga, Leire Bilbao… Lopategiren eskoletan zaletasun artistiko ezberdinak genituen jendea batu ginen. Txirritari buruz baino gehiago hitz egiten genuen hitz Bruce Springsteeni buruz. Gogoan daukat Josu Goiko eta Xabi Ajuriarekin sutondoan Drakula irakurtzen egindako gaupasa bat… Giroa horrelakoa zen, bertsoak biltzen gintuen baina beste interes batzuk ere hor zeuden” kontatzen du Igor Elortzak.

90ko hamarkada bertsolaritzaren boomaren hamarkada gisa ezagutzen da. Hitzetik Hortzeraren eragina, elitera iritsitako belaunaldi berria eta bertso eskolen lehen emaitzak, Elkartearen sendotzea… arrazoi asko aipatu izan dira fenomeno hori azaltzeko. Aparrak behera egin beharko zuela ere aipatu zen bere garaian, baina ez da horrelakorik gertatu: geroz eta bertsolari eta bertsozale gehiago ikus daitezke saioetan, internetera ere iritsi dira aparrak, eredu horizontalago batean ari da zabaltzen mugimendua eta euskal kulturgintzaren abangoardian kokatu da. Bertsolaritzaren hibridazioen azken hamarkadako ugaritzea joera orokor honen adierazle gisa har genezake, baina honen inguruan ez da oraindik asko teorizatu. Zergatiez galdetu diegu, bada, bertsolaritzaren boomaren baitako hibridazioen boom berri honen atzean egon daitezkeen azalpenez.

Jon Maiak ere Elortzak aipaturiko arrazoibide berdinari heltzen dio: “Nik uste dut badagoela osagai kultural bat. Egungo bertsolarien garaiko kulturan normala da komikiak irakurtzea, edo kontzertu batera edo teatroa ikustera joatea. Garai batean hori pentsaezina zen. Eta iturri ezberdinetatik edaten ez bada ez dago hibridaziorik”. Aitor Sarriegik osagai kulturalaren argudioari harreman sare orotarikoarena gehitzen dio: “Pentsatzen dut bertsolaritzara hurbildu den jende berria geroz eta mundu ezberdinetakoagoa dela, harreman oso desberdinak dituena. Batzuek raparekin eta mundu horretako jendearekin izan dezakete harremana, beste batzuek dantzarekin eta dantza munduko jendearekin… bertso munduaren aniztasunaren ondorio da hibridazio guzti hau” . Bixente Martinezek beste aldetik osatzen du argudioa: “Duela hogei urte bertsolaritza ez zein hain ezaguna musikarien artean. Esperimentu arriskutsuak egiteko maila zuten musikari euskaldunak ere ez ziren hainbeste. Egun goi mailako musikari euskaldun asko dago bertsolaritza ongi ezagutzen duena”. Elkar ezagutza hori aipatzen dute Xabier Amurizak eta Andoni Egaña bertsolariak ere.

Bertsozaleen aniztasuna seinalatzen du Jokin Urangak. Eta bertsolaritzak hartu duen nolabaiteko prestigioa. Ibai Esoain bat dator prestigioaren arrazoiketarekin: “Gizarteak, komunikabideek espazio garrantzitsu bat eskaintzen diote bertsolaritzari. Agian baita gehiegi ere. Elkartearen eta mugimendu guztiaren lan handi bat dago horren atzetik. Eta beste alorretako artista batzuk espazio horretara hurbildu nahi izan dute”.

Ohiane Pereak bagajea aipatzen du: “Bertsoaren bidez bagaje bat pilatu dugu, sortzen ikasi dugu, nolabait esatearren, eta bagaje horrek beste alor batzuetan probatzeko beharrezkoa den ausardia puntua ematen digu. Sorkuntza ez baita zerbait estatikoa. Honela, beste alor batzuetan ere sartu irtenak egiten ditugu nahiz eta jakin ez direla gure espezialitatea”. Ohiko formatuen errutinatik irten nahia eta eskariaren zain egon beharrean eskaintza bereziak egiteko gogoa ere hainbatek aipatzen du. “Publiko ezberdinetara iristeko asmoa dago alde batetik eta egiten dizkiguten proposamenei ezetz esateko ezintasuna bestetik” zerrendatzen ditu beste bi arrazoi Jon Martinek. Eta publikoa zabaltzearena askok aipatzen dute, baina baita ezezkoa esateko ezintasunarena ere. “Eskola hori jaso dugu aurrekoengandik, denari baietz esaten diogu, eta batzuetan dezenteko saltsatan sartzen gara. Ofizioari dagokion zerbait da, lanerako deiaren menpe gaudelako agian”, dio Jon Maiak.

Balorazio bat ere eskatu diegu egin denaren inguruan. Hasteko gehien gustatu zaiena zer den galdetu diogu hainbat elkarrizketaturi.

Elkarrizketa guztian egin duen bezala, Xabier Amurizak bertso musikatuen bideari heltzen dio : “Sarasuatarren Fauna txiki bat asko gustatu zitzaidan. 7 eskale eta horiek ere bai”.

Igor Elortzak Ornitorrinkus aipatzen du: “Gustatu eta ez gustatu terminoak soberan daude horrelako zerbaiten aurrean, muturreko proposamena zen. Inplikazio eta lan handia ikus zitekeen horren guztiaren atzetik eta askotan hibridazioetan, edo kanpotik datorren proposamena delako edo ezberdinen arteko lankidetza konplikatua delako, bi elementu horiek faltan botatzen dira”.

“Oso interesgarria eta emankorra iruditu zitzaidan bertsojazzarena, eta Jon Maiaren ijito koadrila hori ere, Karidadeko Benta, oso oso ona. Jonen ijito izpiritua benetakoa da gainera”, esaten du Josu Zabalak.

Josu Goikoetxea ez da animatu gehien gustatu zaiona aipatzen, ongi eginak dauden guztiak gustatzen zaizkiola dio, baina gehien harritu duena Upeletan Erronka dela aitortzen du: “Euskal kich-a zen erabat, El Caserioren atmosfera zekarkidan gogora, eta hori ez da bereziki nire estilokoa, baina onartu beharra dago oso ongi egina zegoela. Dantzariak, musikariak eta bertsolariak oso onak ziren eta uztarketa ongi egina zegoen”.

Bertsojazza hainbatek seinalatzen du: “Dotorea izan zen, kalitatezko zerbait” dio Jon Martinek. “Hala ere formatu horretan garestiegia da funtzionatu ahal izateko”, gaineratzen du Pereak.

Baita 7 eskale ere: “Oroitzapen berezi bat da niretzat, ikasle garaiarekin lotzen dudalako agian. Oso zalea nintzen” dio Alain Urrutiak. “Musikalki ere berritzailea izan zela iruditzen zait. Garai hartan ez zen horrelako musika asko entzuten” Aitor Sarriegik.

Eta Gu ta gutarrak: “Musika estilo hori asko gustatzen zait eta bertsotan egindako letra onak ere bai”, aipatu du Iratxe Ibarrak. “Ez dakit zenbat daukan bertsotik eta zenbat musika taldetik, baina oso gustura entzuten dut”, Esoainek. Kuriosoa da Iratxe Ibarrak harritu duten saioez galdetuta emandako erantzuna ere: “Egia esanda, aspaldion ez dut bereziki deigarria edo arraroa iruditu zaidan saio esperimentalik ikusi. Gauza desberdin asko egin dira dagoeneko eta zaila da zerbaitekin harritzea”

“Asko gustatzen zait Erregea eta Bufoiarena. Gainera barrutik, bertsolari bezala, ezagutzeko aukera izan dut eta Lipusek egiten duen lana ikaragarria da. Ematen du bertsolariari lanak zailtzen ari dela baina alderantziz da, bide berriak irekitzen dizkizu… Ikaragarri polita iruditzen zait” ematen du bere iritzia Jokin Urangak. Andoni Egañari ere, Andoni Egaña clowna, Erregea eta Bufoia gustatu zaio gehien: “Asko gustatu zait. Gainera gure emanaldiaren lehengusua dela esan daiteke, zerikusi handia daukate”. Andoni Egaña bertsolariari ere bai: “Hainbat esperimentutan hartu dut parte eta, beharbada, hau izango da benetan mestizaia handiena zuena. Antzerkigile batek inprobisatzeko asko arriskatu behar du, ez dago euren ohituretan, eta Lipusek egin zuen”.

Gakoak eta ertzak

Balorazioarekin jarraituaz esperimentazioaren arriskuez galdetu diegu: dena libre al da?

“Ni ez naiz mugak jartzearen aldekoa. Arriskuak hartu egin behar dira beti. Ondo ateratzen dena errepikatu egingo da eta gaizki ateratzen dena ez da errepikatuko. Gainera, gaizki ateratzeak ez du esan nahi mundua bukatzen denik. Niretzat denak libre behar du, bakoitzak egin dezala sudur puntan jartzen zaiona eta esperientziak erakutsiko dio asmatu duen ala ez”, ematen du Jokin Urangak oinarrian guztiek defendatzen duten postura.

Oinarriko horri, ordea, hainbat ñabardura egiten zaizkio. “Nik uste dut esperimentu denak direla zilegi, baina ikuskizun bezala aurkeztu nahi baditugu exijentzia maila bat egon behar duela eta batzuetan ez dagoela” dio Maiak. “Arriskua esperimentatzeari baino gehiago esperimentatzeagatik esperimentatzeari ikusten diot” aipatzen du Elortzak. Eta ideia horri heltzen dio Sarriegik ere: “Kaltea izan daiteke nondik nora gabiltzan ez jakitea, bidean galtzea”.

Ibai Esoainek bestelako planteamendu bat egiten du: “Esperimentazioak mugimendua eragiten du eta mugimenduak bizia dakar. Sorkuntzak gure kultura elikatzen du, eta badago hor gogo bat sortzaile gisa inplikatzekoa. Baina sorkuntza grina hori kontsumo balioetan neurtzera iristearen arriskua ere ikusten dut. Alegia, norbaitek ‘nik ere atera behar dut zerbait, nik ere nire merkatua sortu behar dut’ pentsatzea. Bertsoaz asko gozatu daiteke bakoitza bere ingurutxoan mugituz eta besteak entzunez. Baina gerta daiteke norbait izan nahia zabaltzea, antsietatea sortzea, kontsumo gizartean dauden arazo orokorrak gureganatzea”.

Balizko arrisku hauen aurrean proiektuen sendotasuna aldarrikatzen du Amurizak. “Esperimentazioa gauza puntual bat egiteko baldin bada, ez zait oso interesgarria iruditzen. Kaltegarria ez da izango, agian, baina hobea da jarraibide bat ikusten zaien esperimentuei ekitea” dio bertsolari beteranoak. Eta Josu Goikoetxeak beharrezkotzat jotzen du kritikarako eskubidea: “Esperimentuekiko kritiko agertzen bazara erreakzionario gisa ikusia izateko arriskua dago, baina kritika beharrezkoa da gauzak ongi egiteko. Nik uste dut, tradizioa mantenduz ahalik eta heterodoxoena izatea dela formula egokia, oreka horri eutsi behar zaiola alegia”.

Fase berri bat aipatzen du Igor Elortzak: sakondu beharra. “Askotan lehen hurbilketa erraza da, zaila dena da sakontzea eta batuketa biderketa bihurtzea. Batzuetan iruditzen zait ez ote den agortzen ari guztiarekin probatzearen kontua. Agian, hurbilketa fase horretatik sakontzeko fasera pasatzea tokatzen zaigu hemendik aurrera, biren batura beharrean gauza berri bat lortzea izan behar du helburuak. Eta horretarako parte guztien benetako konpromisoa behar da, benetan elkar ezagutu eta elkarrengandik ikasteko prest egotea”, esplikatu du.

Sakontzeko bide horretarako interesgarria izan daitekeen gako bat ematen du Josu Zabalak. “Esperimentu hauen funtzio nagusiak izan behar du mundu propioei leku bat ematearena, balio behar dute norberak berea egiteko. Gainera bertsolariak behartuta daude askotan eurenak ez diren rolak eta paperak jokatzera, behar dute beste bide hau”, dio.

Eta Lipus eta Egañak nahikoa egoki ilustratzen dute Elortzak aipatzen duen benetako konpromisoaren kontu hori. Aktoreak dio Erregea eta Bufoiak bere lana soiltzera, hitzaren biluztasunera eraman duela: “Hasieran badaezpada ere sekulako attrezzoa eramaten nuen: telefono handi bat, bala gizonaren tresneria guztia… Irudiak ematen zizkidan errekurtsoekin armatuta joaten nintzen, zer gerta ere. Baina bertsolariari erantzun beharra neukan, eta horretarako baita entzun beharra ere. Eta pixkanaka konturatu nintzen tramankulu gehienak soberan neuzkala, hitzaren jolasa zela hura.Teatroan ekintzak ere pisu handia du, baina hemen azkenerako, ia hitzaz baino ez nintzen baliatzen”. Mikrofonoarekiko loturak sortzen dituen estatikotasuna eta nolabaiteko pulpitotasuna aipatzen ditu Egañak. Baina Lipusen taulatu gaineko trumoiek mugitu araztera eta lotsagabetzera eraman dituela bertsolariak. Aktorearen jardunak erakutsitako arketipoen bidea ere seinalatzen du: “Berak bere pertsonaiekin egiten duen bezala, gure baitan ditugun aurpegi ezberdinetatik abesten asmatzea baliabide oso interesgarria izan liteke”.

Gehien iraun duen formatu hibridoa bertsotramarena izanik arrakasta horren gakoez ere galdetu diegu Josu Goikoetxeari eta Igor Elortzari. “Uste dut gakoa pazientzia handia eta anbizio txikia izatea izan direla”, hasten da Goiko. “Fidelak izan gara bertsotramarekin baina ez diogu behar ez zuen neurririk eman. Musikariak eta atrezzoa gehituaz ikuskizun handiagoa bat izango litzateke baina behar bada soiltasun horrek eman dio urteetan aurrera jarraitzeko aukera”, jarraitzen du.

Soiltasun hori aipatzen zuen Oihane Pereak, eta baita Xabier Amurizak ere. “Formatu handiek, musikari asko eta attrezzo ugarikoek, lan eta gastu handia suposatzen dute. Egin daitezke horrelako gauza puntualak, baina formatu estandarizatu bezala ez dute funtzionatzen. Bizi dugun krisiarekin gainera horrelakorik ez dugu ikusiko datozen hamar-hamabost urtean”, dio Etxanokoak.

“Bestalde ez dugu inoiz pentsatu bertsotramak beste formatuen tokirik hartu behar zuenik. Beti izan dugu argi noizean behin egiteko formatu bat zela, askotan eskainiaz gero saturatzera irits gintezkeela”, gaineratzen du Josu Goikoetxeak.

Elortzak, bere aldetik, gernikarrak aparkatuta utzitako ideia garrantzitsu bat aipatu digu Gasteizko taberna hartan sortu zuten asmakizunaren inguruan: “Proiektu berri bat abiatzen den bakoitzean inportantea da inplikatuta dagoen jendearen gogoa eta determinazioa, eta jende horren afinitate pertsonala eta artistikoa. Esan nahi dut bertsotrama sortu genuenok formatua defenditu eta ezagun bihurtzeraino zabaldu bagenuen, artistikoki zerbait ezberdina egiteko gogoa genuelako izan zela, baina baita plazera ematen zigulako ere, elkarrekin herriz herri gustura ibiltzen ginelako”.

Gehiago ere badio Elortzak: “Niretzat, pertsonalki, beste aspektu hori, gauza berriak egiteko aukera edo horizonte hori, zehatzagoa batzuetan abstraktuago besteetan, bertsotan segitzeko faktore ezinbestekoa izan da”.

Igarle lanetan

“Nik uste dut 2000. urtetik aurrera bertsolaritza ekintzen deskribapen izatetik deskribapen soila izatera pasatu zela. 2001eko final hartan postala heldu zaizu Himalaiatik jarri ziotenean Maialenek egoeraren analisia egin beharrean play-ari eman zion: postala irakurri zigun lehenengoan, malkoei nola eusten zien ikusi genuen bigarrenean… Eta 2003ko Gipuzkoako finalean ere berdin: ospitale bateko itxaron gelan zegoela gela horretan bizitza eta heriotza elkartzen zirela esan zuen bukaeran, baina bertsoaren goiko parte guztia deskribapena zen… Orduan, horregatik, marrazkia eta bertsoaren arteko lotura oso iradokitzailea da: bertsolaria deskribatzera behartuta dago baina, gainera, deskribapenaren zati bat marrazkian eginda ematen zaio. Bertsolariaren sormenerako muskulua asko tenkatzen du horrek: ‘Zimurrak ditu begi azpian, begizulo handiekin…’ (abesten), ez da esan behar, jada marrazkian badaukazu hori. Zer narrazio mota berri sortzen da hortik? Etorkizuneko bertsolaritza hori izango da? Ez dakit. Musika ere falta zitzaion akaso…”. Xabi Paiarena baina etorri handiagoa duena ez da herrena.

Etorkizuna. Gero eta anitzagoak dira irekitzen diren aukerak, gero eta abiada handiagoan ematen dira aldaketak. Igarleak alferrikakoak izango dira laster. Hala ere hibridazioari ikusten dioten bideaz galdetu diegu, eurek nondik joko luketen, zer falta den asmatzeko.

Igor Elortzak ia dena ikusten du posible: “Posibilitateen mundua izugarria da. Bertso saio musikatua, gai-jartzaile gisa bideo DJ bat duena eta instalazioak egiten dituen artista batek girotua ez da imajinatu ezinezko zerbait. Eta gerta daiteke baita esperimentazioaren ziklo hau agortzea eta ohiko bertso saioetan zentratzea jendeak bere arreta guztia”.

Iratxe Ibarrak, aldiz, ideia zehatz bat aipatzen du, polita izan daitekeena. “Pertsonaia ezagun bat hartu eta saio monografiko bat egitea aukera interesgarria iruditzen zait. Mikel Laboa izan daiteke, edo Xabier Lete… Horrelako norbait, komunitatearentzat garrantzitsua izan den norbait”, dio. “Bertsolariek ongi ezagutu beharko lukete pertsonaia, noski, bere letra eta abestiak tartekatu, bideo eta irudiak proiektatu…”, jarraitzen du.

Eta Oihane Pereak nahiago du kontu hauek patuaren esku utzi: “Orain, karga familiarrak tarteko ez nago gauza askotarako. Baina saio eta plaza bakoitza bada esperimentatzeko lekua. Askotan jotan garen tokian badaude musikari batzuk zerbait probatzeko prest. Eta horrela sortzen denean zoragarria izaten da… Ni hor kokatuko nintzateke, eguneroko plazetan libre sortzen diren jolasetan”.

Hala ere, gehiago edo gutxiago, badirudi bertso musikatuarena dela argien ikusten den bidea. Horrela ikusten du Xabier Amurizak, eta norabide hori aipatzen du Jon Maiak ere. Bixente Martinezek dio euskal kulturaren baitan hizkuntzaren muga apurtzen duen kasik diziplina bakarra kantua dela, eta bertsolariek asko dutela kantaritik eta kantutik. “Lehen aldiz bertsolariak entzun nituenean ez nintzen euskalduna, ez nuen gauza handirik ulertzen, eta nire lehen inpresioa izan zen kantari batzuk zirela… Gaur ere ikusten dut musika bertsolaritzaren parte garrantzitsu bat dela eta horrek bere hedapenean erraztasunak ematen dizkiola, beste kultur adierazpide batzuk ez dituzten erraztasunak” esplikatzen du. Etorkizunera begira ameskeria moduko bat ere badu barruan gordea: “Esango nuke badagoela bide bat bertsolariek eta musikariok elkarrekin egin dezakeguna; modu grafiko batean esateko, nire ametsa izango litzateke egunen batean ikustea kristoren kontzertua, hainbat estilotakoa, non abeslariak momentuan inprobisatzen ari diren bertsolariak diren. Nik uste dut hori egingarria dela: BECeko finala baina musikarekin”.

Kuriosoa da elkarrizketatu dugun beste musikariak, Josu Zabalak, antzeko proiekzioa egin izana Gu ta gutarraki buruz ari zitzaigunean. “Seguru nago egunen batean egingo dela horrelako zerbait. Horretara emango diren bertsolari ez alfer batzuk sortzen badira behintzat”, dio zirikatzaile.

Jon Martinek ere alor horretan ikusten du bere burua, bertso musikatuekin esperimentatzen, Zabalak aipatzen zuen bezala proiektu pertsonalagoen bidea egin nahian. “Orain ez horrenbeste, baina nire bertso ibilbidean askotan sentitu dut nik nahi nuen bertsoak kantatzeko testuinguru aproposik ez nuela; nirea estandarra baina lirikoagoa da maiz, eta ohiko bertso saio batean, segun ze areto eta publikorekin, bertso horiek ez dira egokiak”, esplikatu du. “Bertso musikatuek, bai, eskaintzen didate testuinguru hori, eta mila ideia izan ditut hauen inguruan, baina ez da erraza. Adibidez, dezimagintzarako formatu bat sortu nahian ibili nintzen, baina azkenean ez nuen lortu. Bide berdina konpartitu nahi duten musikariak behar dituzu, entzutera joango zaizun publiko bat… Dena den, oraindik ere probatuko ditut gauza berriak”, esan du.

“Abentura grafikoetan pentsatzen aritu nintzen garai batean”, botatzen du Aitor Sarriegik ere berea, erabat bestelakoa. “Ni, bereziki bideo-jolas zalea ez banaiz ere, inguruan asko izan ditut, eta rol joko moduko haiek modan egon zirenean pentsatzen aritu nintzen estilo horretako zerbait egin zitekeela bertsolaritzarekin ere”. Bazterrean gelditu zen: “Gaur egun jolas mota horrek ez dauka batere arrakastarik; ez gara alferrik nekatuko”.

Teknologia berriak eta sare sozialak ere aipatzen dira. “Bilboko Alhondigan egin zen saio bat sare sozialekin eta bideo konferentziarekin… Bide hori oraindik garatzeke dago”, dio Josu Goikoetxeak.

Eta kontu prosaikoagoak ere bai. “Oraindik probatu ez den formula bat? Ez dakit ba… larrutan abestea! kar, kar, kar… bertsopornoa kar, kar, kar… hori bai ona! kar kar kar…” lehertzen da barrez Esoain. Zabalari ez zaio ideia txarra iruditu: “Bertsopornoa? Hori nik ere egin nezake. Normalean pornoan hitz gutxi behar izaten da…”

Iritsi da, bada, erretirorako garaia. Bertsopornoraino ailegatu bagara buelta nahikoa eman dugunaren seinale. Ez du zentzu handirik etorkizunari buruz askoz gehiago hitz egiteak. Azken batean berak esan beharko digu zer dakarren, nolakoak izango diren bertsolaritzaren hurrengo esperimentuak, nolakoak artista talde zabal honen burutazio eta jolas berriak.