LOPATEGI ETA AZPILLAGA, AITZINDARIAK

60 hamarkadan, Hegoaldea frankismoaren gau ilunean amildua zegoen bitartean, bi bertsolari gazte, bi Jon, herriz herri hasi ziren bertsotan. Gehienak esatera ausartzen ez ziren zenbait gauza, kantatu egiten zituzten beraiek. Euskal Herriaz garbiki mintzatzen ziren. Behin baino gehiagotan, horregatik ordaindu behar izan bazuten ere, haien adibideak bide bat zabaldu zuen. Azpillaga eta Lopategi ziren. Dira.

Testua eta argazkiak: Txaber Larreategi.

 

Herriz herri, nonahi, Lopategi eta Azpillaga bertsotan

60ko hamarkadak Beatlesen doinua izango du batzuentzat. Hamarkada hura izan zen Berlingo harresiarena, espazioko lasterketarena edo misilen krisiarena. Hippiena edo 68ko maiatzarena. Afroamerikarren eskubide zibilen aldeko mugimenduarena, Vietnamgo gerrarena edo nazio askapen-mugimenduena.

Askorentzat, Euskal Herrian Ez Dok Amairuren doinua izango du 60ko hamarkadak. Hura izan zen gurean ETAren finkatzearen hamarkada, langile mugimenduarena edo euskal apaizena. Ikastolena edo helduen euskalduntze-alfabetatzearena. Euskara batuarena, Durangoko azokarena edo euskal kantagintza berriarena.

Dudarik gabe, hamarkada bizia izan genuen. Arlo politikoan zein kulturalean –zaila litzateke banatzea, eskutik hartuta joan baitziren–, euskal kontzientziaren berpizkunde garaia izan zela esan ohi da. Ez da sarri aipatzen, ordea, bertsolaritzak testuinguru horretan bete zuen eginkizuna. Haatik, bertsoa ere izan zen kontzientzia astintzaile, kantaldiak mitin bihurtu ziren garaian. Lopategik eta Azpillagak osatutako bikotea dugu horren paradigma. Bi-biak elkarrekin 60ko hamarkadatik harago zenbat saio egin zituzten jakitea ez da erraza!

Jon Lopategi 1934ko martxoaren 17an jaio zen Muxikako Aldauri baserrian. Azpillaga 1935eko azaroaren 26an sortu zen Pasaia San Pedron, guraso bizkaitarrak bazituen ere. Handik laster lehertu zen 1936ko gerra; asmatuezina da nolakoa zatekeen horien bizitza uztailaren 18ko estatu kolpea gertatu ez balitz.

Azpillagaren aita, Itsasalde batailoiko gudaria, 1937ko maiatzaren 9an hil zen gerra frontean, semeak hamasei hilabete zituenean eta emaztea haurdun zuenean. Lopategiren aita, ostera, kartzelatu egin zuten bi lehengusu Artxandan galdu ondoren.

Gerra aurreko bizitza-simulakroaren ondoren, gerra ostean hasi ziren bizitzen Azpillaga eta Lopategi. Lehenengoaren ama Berriatuako Torre baserrira itzuli zen semearekin. Lopategiren amak baserria deseginda aurkitu zuen etxera bueltan, baina hiru alaba nagusiak Jatsuko Lurdes Euzko Aur-Etxetik itzuli zenean eta aita urte bi preso egon ostean, familia berriz elkartu zen Muxikan.

 

Gerra madarikatua bukatu ondoren

Azpillaga gazterik hasi zen lanean. Artean hamalau urte zituela, itsasontziak konpontzen zituzten lantegi batean hasi zen pintxe moduan. Lopategi, ostera, hamabi urterekin Tolosako Sakramentinoetara joan zen ikastera. Hamar urte geroago itzuli zen etxera, teologiako lehenengo ikasturtea amaituta.

Biek aitortzen dutenez, abertzaletasunetik bertsolaritzara hurbildu ziren. Santa-eskean zein Marijesietan, auzoren batek irakatsita edo familiartean, kopla zaharrak eta bertsoak buruz ikasiz eta horietan sumatzen zituzten teknikak eta sistemak kopiatuz hasi ziren euren lehenengo bertsoak josten. Hala, lehenengo plaza hamalau urterekin egin zuen Azpillagak, 1950eko ekainaren 21ean, Juan Mugartegirekin Amoroton kantatu zuenean. Lopategi Iturrirekin (Pedro Ortuzar) hasi zen plazak egiten, urte batzuk geroago.

Urte batzuk igaro ziren alabaina Azpillagak eta Lopategik bertso bikotea osatu arte. 1958an Bizkaiko Bertsolari Txapelketa antolatzeari ekin zion Euskaltzaindiak, eta 1961eko edizioan Azpillagak jantzi zuen txapela. Hurrengo urtean Lopategi izan zen irabazlea eta ordutik aurrera elkarrekin plazak egiteko deitzen hasi zitzaizkien. Bolibarren izan ziren lehenengoz elkarrekin eta lehendabiziko saioak Lea Artibain egin zituzten, baina laster Euskal Herri osotik deiak jasotzen hasi ziren.

Hasierako plaza haietan bi bertsolariek ezin zezaketen sumatu osatu berri zuten bikoteak izango zuen arrakasta. Hainbat urtetan, Lopategiren Citroën 2Cak Euskal Herriko txoko gehientsuenak ezagutu zituen bertsolariak hango eta hemengo saioetara eramanez. Baina, batez ere, Goierri aldean gastatu zituen neumatikoak. Honen adierazgarri hurrengo datua: urte berean sei aldiz izan ziren Zaldibian eta Ataunen.

 

Citroën zaharra zokoan utzi eta berria erosteko dirua behar

Urtebetean 150 saio kontatu zituen Lopategik. Ondo akordatzen da: «Citroën Dos Caballosa zahar-zahar eginda neukan eta auto berria behar nuen. Pentsatu nuen: “dirua aurreratzen hasi beharko dut ba”, eta saio bakoitzeko dirua gordetzen hasi nintzen. Horrela zenbatu omen zuen urte batez egindako saioen kopurua.

Azpillagak lantegi propioa zuenez eta Lopategi biajantea izanez –pentsua banatzen zuen–, lan ordutegiak nahierara molda zitzaketen. Osterantzean ezinezkoa izango zen zeramaten martxan jarraitzea. Izan ere, egun berean lau saio behin baino gehiagotan egin zituzten. Lopategik haietako egun bat gogoratzen du oraindik: 12:00etan Artean izan ziren, 14:00etan Miraballesen, Munitibarren 17:00etan eta Gizaburuagan 21:00etan.

«Sasoi ederra genuen orduan –dio Azpillagak–, saio bakarra geneukanean ere, askotan egun guztia egiten genuen etxetik kanpo». «Eguerdiko 12etarako plazara agertu eta hiru saio egiten genituen: eguerdian, bazkaritan eta arratsaldean; eta askotan barrabanek bertso afaria ere antolatzen ziguten ezer esan gabe», jarraitzen du Lopategik. Goizean goiz irteten zen halakoetan Gernikatik 2Ca hartuta, eta Mutrikun Azpillaga jaso eta goizaldeko seiak edo zazpiak arte ez omen ziren etxera itzultzen. «Askotan gosaldu eta zuzenean lanera joaten nintzen», gogoratzen du Azpillagak.

Gaur egun horrela ibiltzea ezinezkoa begitantzen zaigun arren, mugimendu orokorrago baten barruan ulertu behar da fenomeno hau. Izan ere, jende mordoa hurbiltzen zen haien saioetara, beste inon nekez entzun zezaketena entzuteko gosez. «Edadekoak ere izaten ziren, baina batez ere gazteak etortzen ziren; gazte mugimendua etortzen zen gugana, arduratzen ziren gazteak», dio Lopategik. Orduko bertsolari gehienak abertzaleak ziren arren, ez ziren sartzen politika gaietan oraindik: «Euskararen inguruan-eta aritzen ziren, baina ez ziren ausartzen politikan sartzen» Azpillagaren ustez, «Francoren inguruan-eta ez zuen inork kantatzen orduan». «Gu izan ginen lotsabakotzen hasi ginen lehenengoak», jarraitzen du Lopategik.

Dudarik gabe, jorratzen zituzten gaietan topatu behar dugu bikotearen arrakasta. Hain zuzen ere, Lopategik dioenez, «frankismoaren azken fasean herria burua erakutsi nahian hasi zenean, pregonero funtzioa edo betetzen genuen guk». Eguneroko bitzitzako kontuez, herrietako arazoez eta bestelako ohiko gaiez ere aritzen ziren bertsotan, baina biek aitortzen dutenez, publikoak zirikatzea eta egurra ematea exijitzen zien; politikaren alorrean gertatzen zirenei buruz abestea. Ildo horretatik, orain urte bi Zaldibian zela, garai hartako bertsozale batekin egin zuen topo Lopategik. Haien saioetara joaten zirenean egurraren esperoan egoten zirela konfesatu omen zion: «Horrek botako dik, horrek botako dik; ta sekula ez zuan fallatzen».

 

Esan beharrekoak esateko beldurrik gabe

Ekar dezagun gogora, esandakoaren argigarri, 1970eko uztailaren 12ko Belauntzako saioko bertso sorta bat. Bezperan hil zen Muñoz Grandes jenerala, Ejerzitoaren Ministro eta Francoren gobernuko lehendakariordea izan zena. Casimiro Morcillo ere aipatzen dute bertsootan, Bilboko gotzain eta Madrilgo artzapezpiku izan zena:

Azp:

Lehenago sarri entzuna

goian dago osasuna

aginteak’e behian beti du

egundoko erantzuna

zuk zein kaletan bilauko dezu

hemengo askatasuna.

Lop:

Bada hainbat gauza edar

zuen herri hontan zehar

baina euskaldunak aspaldi hontan

ez daukagu suerte lar

“Gora Euskadi” kantatutzera

mendira etorri behar.

Azp:

Lur hau behar da garbitu

nahi bada ongi segitu

Muñoz Grandes’e atzo gabean

hil zala degu aditu

nahiago nuen lagunak ere

batera eaman balitu.

Lop:

Bertso horren balioa

ta bere ondorioa

militar denak baldin badute

Muñozen kondizioa

beren trajetan jantzi liteke

Espainiko nazioa.
Azp:

Beti beren hitzekuak

arrazoia galtzekuak

hura hil dala ta notiziak

ziran zerbait poztekuak

baina oraindik mordo bat bada

hil danaren antzekuak.

Lop:

Hainbeste dira oindio

badute hainbat jenio

Muñoz Grandes-ek hemen utzi du

bere hainbat ondorio

baina San Pedron aurrekaldean

pistolak ez du balio.

Azp:

Ez zala izan umila

ezta gerrero debila

nik opa diot bihotz bihotzez

zeruan gerta dedila

baina handikan etorri bedi

bere lagun zaharren bila.

Lop:

Ez zuen ona bizitza

falta du zeruko giltza

militar jende zabar horiek

lagun baitzuten eliza

nahiago nuke Morcillo ere

berakin juan balitza.

Azp:

Izan gaituzte katian

euskal herrien kaltian

Morcillo juan izan balitza

Muñoz Grande-kin batian

sarrerarikan ez zedukaten

horiek zeruko atian.

Lop:

Horiek dirala bitarte

baditugu zenbait kate

gizon artean egin baitzuten

nik al dakit zenbat kalte?

Purgatoioan egongo dira

Euskadi Libratu arte.

Azp:

Ezagutu nuen hala

Bilbaon obispo zala

ijito baten antzekua du

arpegia ta azala

nik galdetzen det zer ote degun

obispo edo jenerala?

Lop:

Edozer gauz bihotzian

gabean eta goizian

Muñoz Grandes ta bere laguna

hil direla aditzian

sepultura bat eingo nieke

Gibraltarreko haitzian.

Goardiazibilak ere bertsozaletzen hasi ziren

Honezkero irakurleak izango du garaiko autoritateei saio hauek bat ere gustatzen ez zitzaizkien susmoa. Eta ez da okertuko. Bistakoa denez, halako saioak ez ziren debalde izan Azpillagarentzat eta Lopategirentzat. Izan ere, entzule andanaren artean lantzean behin suertatzen zen txibatoren bat edo, akaso, bertsozale frankistaren bat. Edozein kasutan, salatari profesional edo afizionaturen bat.

Botatako bertsoen desegokitasunarengatik lehenengo isuna Urnietako saio baten ostean heldu zitzaien. Antza denez, lehenengo saioa herriko plazan egin ostean, sagardotegi batean aritu ziren ondoren. Bertan, Azpillagak Franco gaixorik zegoela bota zuen eta Lopategik belar txarra minbiziak ere hiltzen ez duela erantzun. Muxikarrak dioenez salaketak halako zerbait zioen: «La actuación en la plaza de Urnieta fue correcta, pero no así en la sidrería de Cigulio». Orduko hartan, baina, multa bertako gazteek ordaindu zuten, diru bilketa egin ostean. Hala ere, hura ez zen izan beste askoren arteko lehenengoa baino. Honezkero kontua galdu duten arren, 7.500 eta 10.000 pezeta arteko bospasei multa behintzat jarri zizkieten hamarkada batean.

Aurrera jarraitu aurretik, egin dezagun parentesi txiki bat. Pezetaren eta, batez ere, 60ko hamarkadako pezetaren balioaz jakitun ez garenontzat, esan dezagun Kontsumoko Prezioen Indizearen bariazioari jaramon eginda hamarkada haren hasieran 10.000 pezetak gaur egungo 2.000 bat euroren balioa zutela. Atera kontuak.

Salaketak zirela eta ez zirela, hainbeste aldiz egin behar izan zieten bertsolariek Guardia Zibilen koartelei bisita. Ondorioak, ordea, ez ziren isun formakoak soilik izan. 1967tik 1970era eta 1972tik 1975era plazan aritzeko debekua izan zuen bikoteak, gobernadoaren idatziz notifikatua. Haatik, hau ez zen oztopo izan Azpillaga eta Lopategik bertsotan jarraitzeko, sarri hurbildu baitziren plazara kartelean beste bertsolari batzuen izenak jarrita.

Hain zuzen ere, azkeneko isuna halako amarru baten ostean heldu zitzaien. Beste batzuen izenak jarrita Azpillaga eta Lopategi joan ziren bertsotan Idiazabalera, baina han ere txibatoren batek salatu eta laster heldu zitzaien multa. Azpillagak bere lantegia ere bazeukan eta ordaindu egin zuen. Lopategik, ostera, ez zeukan ondasun bistakorik eta ez ordaintzeko erabakia hartu zuen. Berandu baino lehen Guardia Zibilen deia jaso zuen, ordaindu ezean hilabete kartzelan pasa beharko zuela esanez. Barre artean gogoratzen du ordukoa:

«Guardia Zibilak ordainarazteko ahaleginetan ibili zitzaizkidan:

–¿Sabe usted la deshonra que supone pasar un mes en una cárcel de ésas? –esaten zidaten.

–Pues será una deshonra, pero mayor deshonra es pagar por cantar –erantzun nien nik.

Hala ibili ginen eta, azkenean, arratsaldeko lauretan etxean egoteko esan zidaten, nire bila etorriko zirela eta. Ordurako damutuko zitzaidala pentsatuko zuten, eta lauretan Guardia Zibil bi etorri ziren Citroën batean, bata gidatzen eta bestea atzean metrailetarekin. Kotxera hurbildu eta azkenerako sartu nintzen barrura:

–¿Mucho amor propio, eh? –esan zidan batek.

–Lo que haga falta.

Haiek esaten zidaten hilabete bat pasatu beharko nuela kartzelan, baina Basaurira heldu eta hango patroiak:

–¿Éste es el que viene para seis días?

Klaro, 10.000 pezetako isuna zen, eta erreklamatu ostean 6.000tan geratu zen. Mila pezetako egun bat bete behar nuen, baina Guardia Zibilek, sei egunerako joan behar nuela eta lotsatu-edo egiten zirenez, ordaintzea nahi zuten eta hilabeterako nindoala esaten zidaten.

Sei egun egin nituen Basaurin, eta esperientzia interesgarria izan zen azkenean. Kartzelako bizimodua apur bat ezagutu nuen, preso zegoen ijito kuadrilla batekin ibili…»

Bistakoa da bertsolariek jasandako jazarpenak saio “subertsibo” haiek baldintzatzea zuela helburu, baina orduko errepresioak bestelako eraginik ere izan zuen bertsolaritzaren ibilbidean. Izan ere, ordu arte bertsolari bi bakarrik aritzen zirenean gai librean ibili ohi ziren arren, aginteak bertso saioak kontrolatu nahi izanak – bestelako arrazoiak ere tarteko zirela– sarritan gaiak emanda aritzea ekarri zuen: inprobisazioaren bide bihurriak zuzentzeko ahaleginean, saioen aurretik Gobernu Zibilari arituko ziren bertsolarien eta jorratuko ziren gaien berri emateko baldintza ezarri zuten.

Sarritan txosteneko gaiak eta ondoren jartzen zirenak bat etorri ez arren, neurri batean molde berri hark gure bertso bikotearen jarduna aldatu zuen. «Niri sekula ez zait gustatu bertsolari bik gaiak emanda kantatzea», aitortzen du Azpillagak. Ordu arte, berak betetzen zuen gai jartzailearen funtzioa, beti aurrelari ibiltzen zen eta. Lopategik dioenez, «beti eduki du bertute hori; lehenengo bertsoan zer edo zer garbia bota eta nondik jarraitu edukitzen zenuen, bidea egiten zuen». «Ni sekula Basarrirekin ibili gabe nengoen –gomutatzen da Azpillaga–, eta Mendexan tokatu zitzaidan harekin kantatzea. Han baino ez genuen kantatu biok bakarrik. Ni oraindik gazte-gaztea nintzen eta bertsotan hasteko ordua heldu zenean isilik gelditu nintzen, bera hasiko zelakoan… eta hark ere: “hasi, Azpillaga”».

Orduko bertsogintza geroztik asko aldatu da

Kontuak kontu, garai haietatik asko aldatu da bertsolaritza. Azpillagaren arabera, «orain batez ere gazteak ibiltzen dira bertsotan. Orduan ere ibiltzen ginen gazteak, baina zaharrak gehiago». «Ikastoletan eta eskoletan bertsolaritza emateak aldatu du tendentzia –jarraitzen du Lopategik–; bertsolaritza modernotu eta aberastu egin da. Gu zortziko txikitik hamarreko nagusira ibiltzen ginen; horiek ziren plazako neurriak. Txapelketetan bederatzi puntukoren bat ere bai, baina handik kanpo… Orain habanerak eta kristoak botatzen dituzte».

«Baina niri gure lehengo bertsoa ere gustatzen zait –dio Azpillagak–. Bertso piloa botatzen genuen eta erraztasun handia geneukan». «Gaur gaiak ere konplexuagoak eta zailagoak dira. Guk lehen ideia sinpleak eta naturalak, mundu guztiak ezagutzen zituenak, botatzen genituen. Herriko komentarioak bertsotan jartzen genituen, asuntoa konplikatu gabe: bertsoa beti senziloa», dio Lopategik.

Denboraren talaiatik atzera begiratuta, haien ekarpenaz galdetuta, arazo politiko eta sozialen aldagaia bertsolaritzan txertatu izana azpimarratzen dute. Ildo bertsutik, norabide bikoitzeko ekarria aipa daiteke: bertsozaleak abertzaletu eta abertzaleak bertsozaletzea.

Izan ere, Lopategik eta Azpillagak diotenaren arabera, euren garaia inflexio puntua izan zen bertsolaritzaren tendentzia ideologikoari dagokionez. «Gerra ostean esaten zenarekin kontu handiz ibili behar zen eta apurka hasi zen, adibidez, euskararen gaia bertsotan sartzen», uste du Lopategik. Baina 50eko hamarkada amaieran bertsolari belaunaldi berri bat agertu zen plazara eta haietako batzuk hasi ziren lotsak astintzen: «geu eta Garmendia hasi ginen politikan sartzen; besteak oraindik beldur ziren edo, ez dakit. Igual gure bertsoak ez ziren onenak izango, baina egia batzuk esaten genituen», gogoratzen du barre artean Azpillagak.

«Handik aurrera apurka-apurka aldatu da bertsolaritzaren joera ideologikoa uniformizaziorantz. Lehengo “hori abertzalea da eta beste hori ez” amaitu da; gaur egun bertsotan dabiltzan gehien-gehienak zentzu berean dabiltza», amaitzen du Lopategik.

Argi dago, edozein kasutan, bertsolaritza ezin dela garaiko kontestu politikotik at ulertu. Eta 60ko hamarkadak Beatlesen doinua izango badu batzuentzat eta “Ez dok amairu”rena beste hainbatentzat, agian, zenbaitentzat “uso zuriarena” izango du Lopategiren eta Azpillagaren ahoetan.