[PERLAK] Basarriri VS Aresti: poesiarekiko harremanaz eta gorbataduna VS sagardotegikoa II (1963)

2022-02-08

Basarriri VS Aresti –

Gabriel Arestirekin izandako eztabaida ezagunena beste ardatz baten bueltan ematen da. Gabilondok azaltzen duen bezala (2009: 16-17)[1], Arestik euskal poesia ahozko tradizioarekin uztartu nahi izan zuen, ahozkoa kultura idatzia baino askoz ere errotuagoa zuen herriarekin konektatu nahian. Eta ildo horretatik bertsolariak herri-poetak zirela defendatzen zuen. Basarrik, aldiz, bertsolaritzarentzat marko propioa aldarrikatzen zuen, poesiarekiko autonomoa, Garziaren tesiaren argitara (2000b)[2] egokia zen planteamendutik.

Arestik hasten du xextra, ustez zuzenean argitaratzeko ez baizik eta Basarriri gaia jarri nahian honi eta Argiako zuzendariari bidalitako gutunean. Ez da badaezpadakoa bertsolariaren erantzuna ere, eta poetak, beste bi gutun bidaliko ditu, oraingoan bai, bere planteamenduak behar besteko zabaltasunez azalduz. Bigarren txanda honen inguruan bi xehetasun esanguratsu: batetik, Basarriren Nire bordatxotik famatuari erreferentzia eginez tituluari gehitzen dion Nire oficinatik maleziatsua; bestetik, eztabaidan Txirritaren figura txertatu izana.

 

Basarri bertsolariari, Gabriel Aresti, Zeruko Argia. 1963ko azaroaren 17an.

 

Zeruko Argia astekariaren zuzendari jaunari errespeto guztiekin eta Basarri bertsolariari edo Eizmendi jaunari errespeto eta giza lege guztiarekin, nik, orain, Gabriel Aresti poeta txar honek esan nahi diet, azken aspaldi honetan aurrenak argitaratu dituela besteak eskribitu dituen artikulu batzuk, niri gustatzen etzaizkidanak. Oraindik gehiago, nik uste dut, nire iritzi apal, leial eta zintzoa da, artikulu hoek euskal literaturaren kaltetan datortzala.

Basarrik gauza askoren gainean hitzegin du, eta nik erantzun labur batean ezin eman dezaieket guztieri arrapostua. Artikulu labur honetan gauza bakar bat esan dezaioket Basarriri, bertsolariak ere poetak direla, poeta baserritarrak, (nire lagun on batek dio bertsolariak direla egiazko poeta sozial bakarrak), eskolarik gabeko poetak, baina nire iritzian euskaldun poetarik hoberenak, olerkari guztiak baino hobeak (…)

Nik eztut Basarri gorrotatzen, baina uste dut ‘emplio txar batetan dala metitu’. Olerkaria naiz; euskeraz mintzatzeko erraztasunik ezpaitaukat, bertsolaria ez naiz. Baina Basarrik diona legezkoa eztela uste dut. Zeruko Argia astekariaren zuzendari jaunak bere paperean leku gehiago eskaintzen badit, nire gaurko esan hau probatuko dut. Eizmendi jauna nirekin horregatik hasarratzen ezpada, alegia.

 

Basarriri VS Aresti

 

Gabriel Aresti jaunari, Iñaki Eizmendi ‘Basarri’, Zeruko Argia, 1963ko abenduaren 1ean.

 

(…) Gure artikulu batzuk etzaizko atsegin izan Aresti jaunari. Ezta batere arritzeko. Guri ere etzaizkigu irakurtzen ditugun guziak izaten (…) Euskaltzale sailean gauden guzion gustorik egingo duenik ez da jaio ta ezta jaioko, noski.

Bertsolariak ere poetak dirala dio Gabriel Aresti’k. Ba-du goralpenik asko bertsolarientzat; goi gallurrean jartzen ditu. Jorge Oteizak ‘Quousque Tamden’ liburu sonatuan bezalatsu.

(…) Etziran alperrik alegindu ‘Lizardi’ bat, ‘Orixe’ bat, ‘Loramendi’ bat, Emeterio Arrese, Jauregi, Jakakortajarena, Loidi ta abar.

Aiek erabili zuten euskera ta bertso moldatzeko tankera etzaizkizula gogozko esatea barkagarri da, baña, aien lanetan erri bertsolarien bertsotan baño poesi gutxiago dagoela esatea, illargiak eguzkiak baño argi gehiago dula esatea bezela da (…)

Ortan etzuaz ondo, ta ezta urre eman ere. Gauzak bere mallan ezartzen ikasi bear degu lenengo; bakoitzari berea ematen: argiña ta arotza berezten.

(…) Bertsolaria errian sartuago dagola; euskerarentzat, gaur bezela onurakorrago izan ditekeela. Au ta olatsuko beste milla argumento erabili ditezke, baña poetarik onenak bertsolariak dirala eztiteke esan iñolako moduz. Arrantzalerik onenak mineroak dirala esatea añakoa da ori.

Gure artikuluak euskal literaturaren kaltean datozela idatzi dezu baitere.

¡Bejondeizula! ¡Zuk atera dituzu babak lapikotik! Betoz ugari ta ordu onean, euskal literaturaren onerako izango diran Gabriel Aresti’ren artikulu giartsuak. Gauden ixil eta mutu kaltea egiten ari geranok. Emengo bertsolariak puntu legera lotuegi gaudela esatea euskal literaturaren kaltegarri, beraz.

¡Sekula olakorik!

(…) Ta bera lasai gelditzen da oraiñarteko euskal olerkari danak aintzakoz ez artuz eta baserritar bertsolarien azpitik daudela esanaz.

Bertsoak tajutzen egon ditezke azpitik, baña ez poesi erabiltzen. Bertso askotan oso poesi gutxi egon diteke, ta bertso gutxitan poesi asko ere bai.

Ala ikusi izan dugu guk, eta ala ikusi izan dute munduko izkuntz guzitako literaturetan. Bear bada, Gabriel Aresti bakarrik degu au aitortu nai eztuna ta iritzi berezi bat daukana.

(…) Ondo pentsatzen jarrita, xelebrea da gure arteko auzia. ‘Bi premio irabazitako poeta bat’, bertsolariak bezelako poetarik eztagola esaten, eta iñoiz poeta izan eztan eta izango eztan bertsolari apal bat, euskal poetak beren tokian jarri asmoz (…)

Gaurko gizon batzuntzat, orain arte egindako guziak ezer eztu balio. Lurra bota bear zaio estalgarri oraiñarteko guztiari; xistima berri batzuk jarri bear dira martxan (…)

 

 

Nire oficinatik: Basarri bertsolariari, Gabriel Aresti, Zeruko Argia, 1963ko abenduaren 22an.

 

(…) Nik karta bat bigaldi nien Basarriri eta Zeruko Argiaren zuzendariari. Onek argitaratu egin zuen. Karta aretan lekua eskatzen nion, nire arrazoiak emateko (…) Zeruko Argiaren 40. Zenbakia jaso detanean, eta nire arritzapena ezta txikia izan, Basarri jaunaren niri zuzendutako karta bat ikusi detanean.

Bai, franko arritu naiz, Basarrik ezpaitzedukan niri esateko ezer, oraindik. ORAINDIK NIRE ARRAZOIRIK ENTZUN EZTUELAKO. Nik eznuke olakorik egingo.

(…) zertarako dio… gaurko gizon batzuntzat… xistima berri batzuk jarri bear direla martxan, ezpada ni oietako bat naizela pentsatzen duelako? Baña… zuzen dago, hala da, aietako bat naiz. Eta oietako bi dira Joane XXIII eta Paulo VI Aita Santuak ere. Xistima batzuk, berriak jarri bear dira martxan, ori nai det, bai. Eta eztakizu zergatik? Nire aurzaroan ukatu zitzaidan guztia, ezdetelako nai nire alaberi iñork uka dezaiela (…)

Beste bat: …aien (gerraurreko olerkarian) lanetan eguzkiak erribertsolarien bertsotan baño poesia gutxiago dagoela esatea, eguzkiak illargiak baño argi gutxiago dula esatea bezela da. Baña, gabean, gaberdiko amabietan, illargiak eguzkiak baño argi gehiago du. Ezta Basarri konturatu? Baña gehiago esango det: Erri-bertsolari bat dago, guzti oek baño obea. Nor? Bilintx (…) Bilintxek Becquer ematen zuen euskeraz (…) Bilintx Bequer baño poetagoa da. Rosalia de Castrok ejenplutzat artzen zuen (…) gure Trueba. Pentsa zazu! Trueba Rosaliaren ejenplua!

Bai, Basarri, poesiaren sentidua aldatu egin da, eta eztirudi zu konturatu zeranik. Txirritaren eskola mezprezatzen dezu, eta bertatik aldentzen zera. Olerkariakana jodezu, eta oiek eztaukate zuri ezer erakusteko. Trukean eztezu ezer irabazi. Baña etorkizunak juzgatuko du (…)

Nik uste det artistaren aurreneko ogligazioa ori dala, lengo bide zarrak obetu, eta bide berriak billatu. Bestela artistaren inspirazioa modu ezagunetan itoko da.

Ala gertatzen da bertsolaritzan ere (…)

 

Nire oficinatik: Basarri bertsolariari (jarraipena), Gabriel Aresti, Zeruko Argia, 1963ko abenduaren 29an.

 

(…) iru dozena bertsolari daude Bizkaian, eta, laupabost daude (Mugartegi, Azpillaga, Arregi, Lopategi…), oso onak, Gipuzkoako bertsolariekin itano itzegiten dutenak. Urte batzuren buruan arriskuan jarriko dute Uztapideren txapela… Zergatik? Basarriren eskolari jarraitu gabe, Txirritarenari segitzen diotelako.

(…) Gipuzkoan bertsolari-eskola bat izan da, guk Txirritarena deitzen dioguna, ez ura fundatzailea izan zalako, ez, ezpada ura eskola orretan gallen izan dalako. Eskola orretako bertsolari on eta trebe guztiak estetika batez baliatu dira bertsogintzan. Prezeptiba bat kreatu dute, ez oso zeatza, erregela idatzirik ezpaita egon, baña bai oso fuertea (…) nire iritzian, bertsolaria izatea, eskola orretakoa izan bear da. Eskola orretakoa ezpaldin bada, izango da koplakaria edo beste edozer gauza. Euskalerriak ala eman du sententzia azken berreun urte onetan, uste det nik. Eta, mundu onetan azken itza eztu apaizak, erriak baño.

Basarri ere eskola orretakoa da, eta ez apurrena. Eztakit nik orain ze aize biurrik itzuli duen pauso oker orretara, baña Basarrik Txirritaren eskola ukatzen badu, bere burua ere ukatuko du. Eskola orretako bi portaera konbatitzen ditu: Bertsoaren batasuna eta puntuaren aberastasuna.

Bertso batean gauza bat esan bear da, ez bi edo iru (…) Beraz, bertsoaren puntu batean, munduko zorakeriarik aundiena esan liteke, baldin bertsoaren ideia bakar orri mesedea egiten badio, entzulearen adimentua ideia orretara eramaten baldin badu. Beraz, bertso batean ezin trata liteke bi gai (…)

Basarriren bigarren kezkarekin sartu baño len, aurpegia presentatuko diogu beste asunto bati: Arek bederatzi puntuko bertso txikiari dion ezin ikusia. Sobera probaturik dago galleneko bertsolariak galleneko okasioetan bertso orretara jotzen dutela. Ala irakatsi digu Aita Zabalak ‘Azpeitiako Premioaren bertsoak’ liburuan. Konforme nago Basarri jaunarekin oso gaitza dala bertso ori, baña gaiztasunean ezagutzen da trebetasuna, ez erraztasunean. Ori baita trebetasuna: Gaiztasunak erraz egiteko birtutea (…) Eta nik emendik, Euskalerri guztiko bertsolari guztieri au eskatuko nieke: Eztitezela erraztasun trankil orretan gelditu, bertso klase berriak asma ditzatela, bestela bertsolaritza gelditasun orretan ito eta galduko da.

Eta orain goazen gure azken puntura: Bertsoaren puntuak nola akabatu bear duten (…)

Itz batean euskararen estetika eta erderarena oso desberdiñak dira. Euskerazko bertsoetan rima consonante eta rima asonantedelakoen gañean mintzatzen entzuten detanean, tripak erretzen zaizkit, erderatik kanpo oiek eztaukatelako iñolako esan-nahirik.

(…) Baña bukatu baño len, azken gauza bat. Dio Basarri jaunak, olerkariek beren bidea aurkitu dutela, eta lasai dabiltzala bertatik (…) Zuzen dago Basarri, baña oker olerkariak. Askotan iruditzen zait OLERKARIA izena txarki jarrita dagoala, eta OKERLARIA izan bear lukeala. Lasai dabiltza, bai, eta ori da iñora ez eltzeko bidea. Proba da, iruzpalau izen kenduta, gañerako guztiak berdin izango litzakeala ezer ere eskribitu ezpalute (…) Iruzpalau oek dira: Orixe, Lizardi, Lauaxeta (ordena onetan), bear-bada Loramendi eta besteren bat.

Eta orregatik au esan bear det gaur: Olerkariak orain artean bezala aurrerantzean ere bertsolariak mezprezatzen jarraitzen badute, eztute gallur aundietara allegatuko. Batzuk onak izango dira (iruzpalau), arrazoi bategatik: Formaren kontrako burrukak eztielako poetatza itoko.

Eta naiko gaurko. Jainkoak daki nik eztudala Basarri jauna mindu nai izan. Bera mintzen baldin bada, Jainkoarekin konpondu bearko du.


[1] Ik. GABILONDO, J. (2009): Euskal poesiaren historia postmoderno baterantz: ahozkotasunaz eta performantzeaz. Egan: Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Boletinaren Euskarazko Gehigarria, 3-4. zk., 5-52 or

[2] Ik. GARZIA, J. R. (2000b): Gaur egungo bertsolarien baliapide poetiko erretorikoak. Marko teorikoa eta aplikazio didaktikoa. Bilbo: EHU

Basarriri VS Aresti Basarriri VS Aresti Basarriri VS Aresti Basarriri VS Aresti Basarriri VS Aresti Basarriri VS Aresti Basarriri VS Aresti Basarriri VS Aresti Basarriri VS Aresti Basarriri VS Aresti Basarriri VS Aresti Basarriri VS Aresti Basarriri VS Aresti Basarriri VS Aresti Basarriri VS Aresti Basarriri VS ArestiBasarriri VS Aresti Basarriri VS Aresti Basarriri VS Aresti